Globalizazioa, Populismoa, Konstituzioa eta Estatu Liberala

Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,37 KB

1. Globalizazioa eta Populismoa

Globalizazioa edo mundializazioa, gaur egun komunikazio eta garraio erraztasunak direla eta, merkatuen arteko batasuna eta kultura eta gizarteen arteko hurbilketa bultzatzen duen prozesua da. Globalizazioa gerta zedin, hainbat aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko gertatu behar izan dira. Hainbat parametro planeta osorako neurtzen dira Lurra unitate bakar bat balitz bezala; produkzio moduak eta kapital mugimenduak mundu mailan ematen dira. Aldi berean, estatuko gobernuek euren eragina galtzen ari dira, eta gizarte zibiletik hainbat mugimendu sortu dira globalizazio prozesuaren kalteen kontra.

Gaur egun bizi dugun globalizazioa kapitalismo basatiaren zabalkuntza dela salatzen du Globalizazioaren Aurkako Mugimenduak (altermundialista izenez ezaguna Ipar Euskal Herrian). Ekonomia gizakiaren gainetik jartzen duela diote, eta globalizazioaren ondorioz ez direla konpontzen aberatsen eta pobreen arteko aldeak.

Globalizazioaren 4 ezaugarri nagusiak

  • Nazioarteko merkataritza hazkundea: Nazioarteko merkataritza izugarri hazi da, garraiobideek izandako hobekuntzaren eta prezioak jaistearen ondorioz. 1970. urtean, adibidez, salgaien nazioarteko merkataritzaren bolumena 300 mila milioi dolarrekoa izan zen, eta 2005. urtean, berriz, 10 bilioitik gorakoa.
  • Ekoizpenaren antolaketa berria: Ekoizpena beste modu batean antolatu da, hainbat herrialderen artean banatuz. Enpresa multinazionalek kontrolatzen dute, adibidez, denda bateko arropak herrialde desberdinetan eginak egotea.
  • Finantza-fluxu biziak: Nazioarteko finantza-fluxuak gero eta biziagoak dira, ondasunak eta zerbitzuak ordaintzeko. Adibidez, bilioi bat dolarretik gora mugitzen dira egunero munduan, baina diru hori finantza-eragiketa espekulatzaileak egiteko erabiltzen da bereziki.
  • Merkataritza itunen ugaritzea: Gero eta ugariagoak dira merkataritzari buruzko itunak herrialdeen artean. Horren ondorioz, produktu asko askatasunez saltzen dira beste herrialde batzuetan, eta horrela, mundu merkatu bakarrera goaz pixkanaka-pixkanaka. Adibidez, ordenagailu gehienak Asian egiten dira.

Ezinezkoa izango litzateke globalizazioari bide ematea komunikazioen iraultzarik gabe eta, batez ere, Internet gabe.

Dani Rodriken Trilema

Rodriken trilemak, edo ezinezkoa den trilemak, adierazten du ezinezkoa dela aldi berean lortzea globalizazio ekonomikoa, demokrazia politikoa eta estatuaren subiranotasuna. Aldi berean dauden hiru aukerak bateraezinak dira; beraz, horietako bi soilik aukeratzera behartuta egongo gara:

  1. Globalizazioa lortzen bada, demokrazia lor daiteke, baina estatuaren subiranotasuna ez.
  2. Demokrazia lortzen bada, estatuaren subiranotasuna lor daiteke, baina globalizazioa ez.
  3. Estatuaren subiranotasuna lortzen bada, globalizazioa lor daiteke, baina demokrazia ez.

Populismoa: Definizioa eta Ezaugarriak

Populismoa herritarren ongizatea eta interesak Estatuak bermatzea baieztatzen duen ideologia eta gobernatzeko modua da.

Ikuspuntu baikor batetik, gizarte klase xume eta apalen aldeko politika lehenesten duen gobernua da. Baina era gaitzesgarrian ere erabili da, gizarte-klase dirudun eta aberatsak arazo sozioekonomikoen erruduntzat jotzen dituen jarrera politikoa adierazteko.

Era gaitzesgarrian erabiltzen denean, demokraziaren azaleko molde batzuei eusten dion arren, egiatan erregimen autoritarioa da. Herriaren gehiengoaren babesa duen buruzagi karismatiko bat izan ohi du. Politikaren arloan, modu demagogikoan interes nazionalak eta herri-klaseen interesak defendatzeko joera du.

Populismoaren Jatorri Historikoa

"Populismoa" XIX. mendearen amaieran Errusiako Inperioan sortu zen mugimendu errepublikano baten izena zen, monarkia demokraziaz ordezkatzeko asmoz. Ez aurretik, ez ondoren, munduko beste mugimendurik ere ez zen bere burua populista gisa definitu.

Hala eta guztiz ere, jakintsu batzuek argudiatu dute, aurretik eta ondoren, beste mugimendu "populista" eta alderdi politiko batzuk agertu zirela, beraiek horrela aitortu gabe. Beste jakintsu batzuek nahiago dute "popular" hitza erabili, herriak bizitza politikoaren subjektu nagusi gisa kokatzen dituzten mugimenduak eta alderdi politikoak definitzeko, "populista" ezizena erabiltzen duen ohiko esanahi peioratiboa zalantzan jartzeko.

2. Konstituzioa eta Estatu Liberala

Konstituzioa: Definizioa eta Egitura

Konstituzioa estatu independente baten arauak eta oinarriak zehazten dituen idatzia da. Bertan arautzen dira estatuko botereen antolaketa eta banaketa, oinarrizko eskubide eta betebeharrak eta politikarako oinarrizko prozedurak.

Estatu horren antolaketa juridikoaren gailurra izan ohi da Konstituzioa, lege nagusien artean nagusia. Berak zehazten ditu beste legeek bete behar dituzten oinarrizko prozedurak.

Estatu baten ekintza politiko, sozial, ekonomiko eta abar erregulatzen duen arau nagusia denez, idatzia izan ohi da. Bi zati nagusiz osatu ohi da:

  • Organikoa: Botereen arteko harremanak erregulatzen dituena.
  • Dogmatikoa: Herritarren eskubide eta betebeharrak finkatzen dituena.

Konstituzioaren Ereduak

Konstituzioaren inguruko teoriaren bilakaeran erabili izan diren eredu nagusiak azaltzeko, bereziki egokia da García Pelayoren interpretazio-tipologia:

Eredu Arrazional-Arautzailea

Ikuspuntu horretatik begiratuta, Konstituzioa behin betiko (botere konstituziogilearen sormen-egintzaz) finkatutako arau-multzotzat hartzen da, eta hark zehazten ditu estatuaren organo eta egitekoak. Konstituzioa, bada, arau juridiko sistema batekin berdintzen du irizpide horrek, eta zuzenbidea berez arrazionala delako ustea du oinarrian. Jakintzat ematen da Konstituzioa dela ordena jakin bat sortzen duena, eta hura dela botere- eta zilegiztze-iturri bakarra.

Eredu Historiko-Tradizionala

Aurreko irizpideari buruzko jarrera polemikoa du bigarren honek. Historikotasun mugiezin batetik abiatuta, iraganeko ustezko balioak eta herriaren “esentzia” iraunkorrak goraipatzen ditu, eta Konstituzioa arrazoiketaren eta bermatze politiko subirano baten behin-behineko ekintza erabatekoaren emaitza izan daitekeela ukatzen du. Oinarrizko arauak mendetako bilakaera eta eraldatzearen ondorio dira, oharkabean bada ere askotarikoak diren zatikako egitate, ohitura eta usadioen ondorio, alegia.

Eredu Soziologikoa

Joera honek formalismo juridikoa eta tradizionaltasun historikoa, biak, kritikatzen ditu, argudiatuz konstituzioa ez dela ez zuzenbidearen berezko gehientasun baten ondorio, ez eta urrutiko sustraien oihartzuna ere, gizarte jakin baten emaitza baizik.

Estatu Liberala

Estatu Liberala XVIII. mendearen bukaeran eman ziren hainbat iraultzaren ondorioz sortutako estatu-mota edo botere-antolaketarako forma da. Iraultza horien artean daude Ipar Amerikako zein mugimendu hispanoamerikarren iraultza independentistak eta Frantziako Iraultza (azken honek garrantzia handiagoa duelarik).

Iraultza hauen ondorioz, Antzinako Erregimeneko Estatu absolutistarekin betiko bukatzea lortu zen. Horren ordez, Estatu Liberala ezarri zen, oinarrian doktrina liberala duelarik. Gizartea eta Estatuaren arteko harremana legearen bitartez kudeatuko zen, eta sufragioaren bitartez izango zuten aukera gizabanakoek Estatura heltzeko. Estatuaren kudeaketa eta legegintza berri honetan, askatasuna eta berdintasunaren alde egin zuten.

Gaur egun arte iraun duela uler daiteke, edo bi mundu-gerren arteko tartean amaitu zela uler daiteke (1918 eta 1939 bitartean, alegia), non krisialdian sartu zen.

Estatu Liberalaren Ezaugarriak

Afiliazio marxistako idazleen arabera, sistema politiko berri honen ezaugarririk nagusiena Estatu liberalaren papera prozesu hirukoitz baten emaitza da: Iraultza Burgesa, Iraultza Industriala eta Iraultza Liberala deituriko prozesuak. Prozesu hauek eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa dakartenak dira, klase burges berri baten onurarako eta kapitalismoa produkzio modu bezala hartuz, liberalismoaren ideologia menderatzailea izanez. Interpretazio marxistak liberalek ez dituzte onartzen.

Halaber, baieztatu daiteke estatu liberalaren ezaugarriak hurrengo hauek direla:

Politikoki
  • Estatu liberalak demokraziaren ordezkaritza gizonezkoen sufragio unibertsalaren bitartez bermatzen du, botere administratibo eta legislatiboen integraziorako.
  • Botere judiziala Konstituzioaren bidez Administrazio justiziatik guztiz independente izatea.
  • Pluripartidismoa hautazko karguak sustatzeko hauteskunde erregularretan, eta hauek modu berdinean txandakatzea bermatuz boterearen jardueran.
Sozialki
  • Guztizko baliozkotasuna eta mugarik gabeko errespetua askatasun indibidualarekiko, Giza Eskubide Unibertsalak lortuz.
Ekonomikoki
  • Jabetza pribatuarekiko eta komunitatearekiko errespetu osoa, baita produkzio moduan ere.
  • Merkatu askearen ekonomia sistemaren ezarpena, eskari eta eskaintza librearen bitartez.
  • Iturrien pribatizazioa joera nagusi bezala hartuz eta produkzio bideak estatuaren esku-hartze gutxirekin.

Entradas relacionadas: