Globalizazioa eta Gizarte Mugimenduak: Estatuaren Eraldaketa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,82 KB
Estatua eta Globalizazioa
Gaur egungo prozesu globalek eraldaketa nabarmenak eragiten dituzte:
- Nazio-estatuan oinarrituriko eskalen hierarkia aldarazten dute (estatuak bere garaian inperioak eta Erdi Aroko hiriak ezegonkortu zituen moduan). Iraganeko errealitate inperialak gogora dakarzkiguten aktore ekonomiko garrantzitsuak daude gaur egun ere: merkataritzaren erregimen mundiala, produkzio industrialaren internazionalizazioa...
- Dinamika globalarekin artikulatzen diren egoera lokalekin batera existitzen dira, gune lokalen arteko mugaz haraindiko konexioak daude, non izaera globaleko praktikak gauzatzen diren: ingurumenari buruzko arazoak, giza eskubideak...
- Estatuaren politiken desnazionalizazioa dakarte eta arauen produkzioaren pribatizazioa (arauen produkzioa entitate ez-publikoen eskuetan gelditzen da).
- Hiri globalen mugaz haraindiko sarea osatzen laguntzen dute. Estatuaren desartikulazio partzialak beste eskala batzuen sorrera errazten du kapitalen merkatuentzat, merkataritzarentzat edo inbertsioarentzat.
Estatuek modu aktiboan parte hartu dute sistema ekonomiko globalaren ezarpenean, baina 1990ean, enpresa multinazionalen eskubideen instituzionalizazioa gertatu zen, eta, horrekin batera, estatuaren rolaren berregituraketa:
- Estatuak bere ekonomia erregulatzeko duen gaitasuna murriztu egiten da.
- Bestetik, boterearen eremua zabaldu egiten da.
Hipotesi sinplea izango litzateke baieztatzea estatuaren agintea murriztu egiten dela. Saskia Sassen-en hipotesia, adibidez, hurrengoa da: estatuaren instituzio batzuek (banku zentralak, adibidez) euren izaera nazionala mantentzen dute formalki, baina estatuaren parte izateari utzi diote, kontzeptu horrek orain arte izan duen adiera historikoan. Horrela, aginte estatalaren osagai batzuk pribatizatu eta desnazionalizatu egin dira.
Estatuaren Rol Paradoxikoa Aro Globalean
Estatuak parte hartzen du proiektu globalean, bere eremuan gauzatzen diren transakzio ekonomikoetako erregulazioetan parte-hartzea murrizten du eta ia erabat pribatua den nazioarteko ordena instituzional berriaren berme bihurtzen da:
- Orain arte publikoa zena pribatizatu egiten du.
- Esparru pribatutik datozen arau berriak sortzen ditu eta esparru publikoan ezartzen ditu.
- Estatuaren osagai nazional batzuk ekonomia globalaren eskakizunetara makurtzen dituzte beraien jardunak.
Gizarte Mugimendu Berrien Azalpen Teoriak
1. Teoria Objektiboak edo Egiturazkoak
Gizartean (beranduko sistema kapitalistan edo post-industrialean) gertatu diren egiturazko aldaketak hartzen dituzte aintzat (Touraine, Beck...).
Touraine
Gizarte post-industriala informazioaren gizartea da, eta ikerketak, informatizazioa, zientzia... garrantzitsuak dira berarentzat. Ezagutzaren kontrolak garrantzi handia dauka, horrek bideratzen baititu gaur egun dauden eredu kultural nagusiak: nola ulertzen den bizitza soziala, identitatea, sexuen arteko harremanak, gizakiaren eta naturaren artekoak...
Beck
Bere kasuan, hasierako modernizazio industriala gaindituta dago, eta beste modernizazio fase batean gaudela uste du, "arriskuaren modernizazioa" bezala ezaugarritzen duena. Gizateriak sortutako instituzioek eta mekanismoek kontrolaezin bihurtu direnak sortu dituzte (mesfidantza instituzioekiko, etab.).
Bi autore hauek erreflexibitate praktika egin behar dela uste dute, garapena nora doan jakiteko.
2. Teoria Subjektiboak edo Aktore Sozialarenak
Aktore sozialak aintzat hartzen dituzte, alegia, aktoreen kontzientziaren alderdi eta motibazio subjektiboak. Tesi honen autore nagusia Inglehart da.
Inglehart
Planteatzen du XX. mendean, hau da, lehen fase modernoan, balio kultural batzuk nagusitu zirela, eta segurtasun materialei lotuta zeudela (bizitza materiala, segurtasun materiala...). "Balio materialistak" deitzen die, eta nagusi izan dira XX. mende amaierara arte. Ongizatearen gizartearen testuinguruan beste balio batzuk sortzen dira: "postmaterialistak" (indibidualizazio prozesuari lotuta daudenak), hau da, autoerrealizazioa, autoidentitatea... Balio aldaketa funtsezkoa da mugimendu sozialen arrazoiak ulertzeko.
Inglehart-entzat, pertsonen kontzientzian emandako aldaketak dira garrantzitsuenak. "Mobilizazio kognitiboa" kontzeptua azpimarratzen da, hau da, kapital kulturala dagoen gizarterako arazoak identifikatzeko eta horien inguruko gogoeta egiteko gaitasuna. Mugimendu sozialen sorrera horren araberakoa izango litzateke.
Offe
Offe-k bi teoria horiei kritika egiten die esanez, balio postmaterialista horiek modernitatearen hasieran definituta zeudela, baina gizartea konturatu egin dela gaur egungo baldintzekin ezin direla gauzatu. Modernitateak ere badu bere alde iluna, eta ondorio oso latzak sortu ditu: horien salaketa egingo lukete mugimendu sozialek.