Globalizazioa, Ezaugarriak eta Munduko Potentzia Nagusiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,48 KB
Globalizazioa eta Mundualizazioa
Globalizazioa edo mundualizazioa, gaur egun dagoen komunikatzeko eta garraiatzeko erraztasuna dela eta, merkatuen arteko batasuna eta kultura eta gizarteen arteko hurbilketa bultzatzen dituen prozesua da.
Ikuspuntu desberdinak globalizazioaren inguruan
- Zenbaiten ikuspuntutik, gaur egun bizi dugun globalizazioa kapitalismo basatiaren zabalkuntza dela salatzen dute. Globalizazioaren aurkako mugimenduek ekonomia gizakiaren gainean jartzen duela diote, eta globalizazioaren ondorioz ez direla konpontzen aberatsen eta pobreen arteko aldeak.
- Beste askoren ikuspuntutik, globalizazioak mundu mailako kontzientzia indartu du eta elkarlana aro berri batean sartu gaitu, aukeraz eta erronkaz beteriko aro batean.
Globalizazioaren bilakaera historikoa
Ikuspuntu ekonomiko batetik, merkataritzaren liberalizazioa aipatzen da globalizazioari buruz hitz egiten denean.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, nazioarteko erakunde ekonomikoak sortu ziren gerrak suntsitutako hainbat herri berreraikitzeko, eta nazioarteko merkataritzak gora egin zuen. Europako ekialdeko komunismoaren gainbeherak prozesu hau zabaldu eta areagotu du. 1989ko azaroan bota zuten Berlingo Harresia, eta horrela, Europatik komunismoa desagertzean, nazioarteko harremanetan garai berri bat hasi zen.
Momentuz, egoera berri honen funtsezko elementuak zeintzuk diren besterik ezin daiteke aurreratu.
Globalizazioaren Ezaugarriak
Mundua multipolarra da
Lehen, munduan bi potentzia nagusi zeuden: Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna. Gaur egun, erabaki garrantzitsuetan estatu gehiagok parte hartzen dute (Txina, Alemania, Japonia, Erresuma Batua eta Frantzia, besteak beste). Azken urte hauetan Txinaren garrantzia gero eta handiagoa da, eta aldi berean Errusiak garai bateko SESBen tokia berreskuratzen saiatzen ari da. Aldi berean, Iran, Turkia edo Saudi Arabia bezalako nazioek gero eta pisu gehiago dute, eta Indiak, modu apalago batean baina, kontuan hartzeko potentzia ekonomikoa eta militarra da. Europako Batasuna modu bateratuan hartuta, potentzia demografiko eta ekonomiko izugarria da. 450 milioi biztanle ditu eta bere BPGa izugarria da, baina gauza askotan ez du modu bateratuan funtzionatzen. Beste zenbait nazioek beraien inguruko eskualdeetan eta arrazoi desberdinetatik pisua izan dezakete, Australia, Hego-Afrika, Brasil, Kanada edo Mexiko adibidez.
Estatu Batuen nagusitasun nabaria
Munduko arazo eta leku guztietan esku hartzeko gai den potentzia bakarra Estatu Batuak dira, arrazoi politiko, ekonomiko eta militarrak direla medio. Txina itzala egiten hasi zaie Estatu Batuei, eta seguraski etorkizunean bi potentzia hauek talka egingo dute.
Mundu mailako erabakiak hartzeko orduan
Estatu gehienek oso indar urria dute. Batzuetan txikiak direlako eta beste batzuetan ekonomikoki garapen maila eskasa dutelako.
Ekonomia globala eta kapitalismoaren nagusitasuna
Ekonomia mundu mailakoa bihurtu da eta kapitalismoa nagusi dugu. Bestalde, pertsonen ideien, kapitalen eta ondasunen joan-etorriek globalizazioa ekarri dute. Horrek ondorio desberdinak sortu ditu ekonomian. Nazioarteko merkataritza izugarri handitu da, ekoizpena herrialde desberdinetan antolatzen da eta, azkenik, multinazionalen eragina izugarria da mundu osoan.
Ardatz ekonomikoaren aldaketa: Atlantikotik Ozeano Barera
Munduko ardatz ekonomikoa Atlantikotik Ozeano Barera aldatu egin da. Ozeano Barearen ertzetan munduko biztanleriaren zatirik handiena bizi da, eta bertan, beste toki batzuetan parekorik ez duten garapen prozesu berriak gertatzen ari dira, adibidez, Hong Kong, India eta Txina.
Komunikabide sozialen garrantzia
Komunikabide sozialen garrantzia izugarria da gaur egun (prentsa, zinema, telebista, Internet, etab.). Hauei esker, masa-gizartea eta kontsumo-gizartea, mundu garatuaren ezaugarri nagusiak bihurtu dira. Komunikabideek eta Internetek mundu osoko pertsonak eta enpresak beraien artean erlazionatzeko aukera ematen dute. Horri esker, informazioa trukatu, saldu edo ondasunak eros ditzakete.
Integrazio prozesuen indartzea
Integrazio prozesuak gero eta indartsuagoak dira, ezagunena Europako Batasuna izanik.
Teknologia eta zientziaren garapena
Teknologiaren eta zientziaren garapen izugarriarekin gizakiaren bizitza errotik aldatu duten aurrerapenak gertatu dira. Herrialde garatuetan bereziki, baina ez bakarrik, mugimendu sozial berriak sortu dira (ekologismoa, antiglobalizazio mugimendua, GKEak, besteak beste).
Ingurumen arazoak eta klima-aldaketa
Ingurumen arazoak eta, azken urteotan, klima-aldaketa bereziki, baliabide naturalen defentsaren inguruko kontzientzia kolektiboa sortu dute, hau da, ekologismoa. Bestalde, giza eskubideen aldeko borroka gero eta unibertsalagoa da, nahiz eta puntu honetan urraketak nonahi aurkitu.
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desorekak eta migrazioak
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desorekek migrazio korronte handiak sortu dituzte. Afrikako eta Hego Amerikako milioika pertsonen ametsa mendebaldera bizitzera joatea da, bizitza berri eta hobe baten bila.
Hirien garapena eta protagonismoa
Hirien hazkundea izugarria izan da azken hamarkadetan. Biztanleriaren gehiengoa hirietan bizi da eta hiriek gero eta protagonismo handiagoa dute. Produkzio gune garrantzitsuak dira. Gainera, erakunde politiko eta ekonomikoak, enpresa handienak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak, erakunde eta azpiegitura kulturalak eta kirol arlokoak bertan kokatzen dira. Ohitura berriak, modak eta aldaketa teknologikoak hirietan sortzen dira. Mundu mailako hiri garrantzitsuenak hauek dira: New York, Londres, Paris, Tokio, Singapur, Los Angeles, Toronto, Berlin, Beijing, Sydney, Shanghai, Dubai, Chicago, Hong Kong eta Donostia.
Munduaren uniformetasuna eta hizkuntza aniztasuna
Mendebaldeko kultura hedatu den neurrian, kultura eta hizkuntza gutxiengoak desagertzeko zorian daude. Gutxi gorabeherako kalkulu baten arabera, 6.000 eta 7.000 hizkuntza artean daude gaur egun, eta horietatik %50-90 desagertuta egongo dira 2100. urterako. Bestalde, munduko jende gehienak hizkuntza bat baino gehiago egiten du. Hizkuntza kontaktuak gertatzen dira, maileguen bidez, esate baterako. Emaitza ohikoenak pidginak, kreolerak eta bestelako nahasketak dira. Hizkuntza aniztasuna fenomeno sozial bihurtzen ari da, globalizazioak eta kultura irekitasunak bultzatuta. Informaziora iristeko erraztasunari esker, Interneten bidez nagusiki, hizkuntza askorekin harremana edukitzea gero eta maizago gertatzen da. Horrela, ingelesa da gaur egun mundu mailako lingua franca.
Munduko Potentzia Nagusiak
Estatu Batuak
Estatu Batuak gaur egun munduko potentziarik nagusiena da. Bere nagusitasuna arlo desberdinetara hedatzen da:
Politika arloa
Eragin handia dute nazioarteko erakundeetan (NBE, NMF, besteak beste). Gainera, munduko eskualde guztietako politikan pisu handia du. Edozein tokiko gatazkatan bitartekaritza-lanak egin ditzakeen potentzia bakarra da.
Arlo militarra
Munduko armadarik boteretsuena du eta bere teknologia aurreratuena da. Urteetan zehar egindako itunei esker, bere armadak kontinente guztietan zabaldu du bere presentzia.
Ekonomia arloa
Estatu Batuek munduko ondasunen %20 baino gehiago ekoizten dute. Bertako multinazionalek munduko ekoizpenaren eta merkataritzaren zatirik handiena kontrolatzen dute. Enpresa ezagun batzuk: Google, Apple, Amazon, etab. Dolarra munduko dibisen erreferentzia nagusia da.
Kultura arloa
Anglo-saxoia mundu mailako kulturarik ezagunena da. Zinemaren eta telebistaren eraginari esker, bere bizimodua mundu guztira zabaldu da, eredu bihurtuz. Hor ditugu, adibidez, “Super Bowl” edo “Halloween” bezalako festak. Munduan 400 milioi pertsonak ingelesa dute lehen hizkuntza gisa, eta 70 herrialdetan hizkuntza ofiziala da. 1.000 milioi pertsona inguru gai dira ingelesez hitz egiteko. Interneten dauden orrialde guztien %57 ingelesez daude.
Hezkuntza eta Ikerketa
Munduko unibertsitate eta ikerketa-zentro ezagunenak eta aurreratuenak ditu (besteak beste, MIT, Harvard edo Yale). Bertako enpresek eta unibertsitateen ikerketek jarduera zientifikoen nondik norakoak burutzen dituzte. Azken urteotan, Estatu Batuek hainbat arazoei aurre egin behar izan diete, adibidez, Asiatik (Japonia, Txina eta Asiako tigreak eta dragoiak) egiten dieten lehia ekonomikoa. Gainera, bere kanpo-zorra munduko handiena da, eta Trumpen presidentetzan gizarte barneko istiluak ugaritu dira. AEBetako gizartea hautsita dirudi, eta Kongresuaren aurkako erasoa egoera honen adierazgarri gisa uler daiteke.
Errusia
Munduko estaturik handiena da, 17 milioi km²-rekin eta 140 milioi biztanle inguru ditu. Komunismoaren gainbeheraren ostean, aldaketa prozesu handi batean murgilduta dago une honetan, kapitalismorantz eta demokraziarantz doan bidean. Dena den, bere egoera nahiko zalantzagarria da, arazo ekonomiko, sozial eta politiko larriak dituelako (demokrazia ahula, askatasunen falta, krisi ekonomikoa, Txetxeniako gerra, besteak beste). Politikoki, nahiz eta formalki sistema demokratiko bat izan, giza eskubideen urraketa ugari salatzen dira. Tortura eta berme judizialen eza endemikoak dira, oposizioak errepresio gogorra eta jazarpenak jasaten ditu, gobernuaren aurkako kazetariak eta prentsa mehatxupean bizi dira, sindikatu libreak lana egiteko zailtasunak dituzte, LGTBIQ+ pertsonek diskriminazioa eta abusuak jasaten dituzte, eta ez dute erakundeen babesik. Ekonomia ahula duen arren, nazioartean eragin handia du, batez ere bere armadaren boterearengatik eta lurralde eslaviarretan duen eragin politiko handiagatik. Mundu mailan, bere BPGari dagokionez 12. herrialdea da, eta BPG per capita-ri dagokionez 65.a. Bere ekonomia gasaren eta petrolioaren esportazioan oinarritzen da.
Elektronikan, telekomunikabideetan edo industria kimikoan nazio boteretsua da. Lehengaietan aberatsa da, eta bertako enpresa ospetsuena “Gazprom” gas konpainia dugu. Gainera, potentzia espaziala izaten jarraitzen du, eta azken urteotan “Gerra Hotza” garaietan izan zuen indarra eta tokia berreskuratzen saiatzen ari da. Horrela, Putinen eskutik armada indarberritu dute, eta bere inguruko espazioan operazio militar desberdinetan sartu da: Txetxenian, Georgian edo Ukrainako azken inbasioan, adibidez.
Japonia
Gaur egun munduko bigarren potentzia ekonomikoa da Estatu Batuen atzetik, nahiz eta Txinarekin lehia gogorra izan postu hau mantentzeko. Japoniak, Bigarren Mundu Gerraren ostean, itzelezko aldaketa izan zuen, “Japoniar miraria” izenaz ezagutzen dena. Garapen izugarri honen arrazoiak hauek dira: aurrezki tasa altua, hezkuntza ona, japoniarren lanerako gogoa eta industriaren eta teknologiaren aurrerapenak. Teknologia arloan oso herrialde aurreratua da, eta bertan hasten dira gero mundu osora zabalduko diren aurrerapenak. Bestalde, beraien tradizioak izugarri errespetatzen dituen nazioa da. Ikebana, tearen zeremonia, Origamia, Kabuki dantza, Taiko danborrak edo arte martzialak gaur egun arte bizi-bizirik mantendu direlarik. Punta-puntako teknologietan, robotikan edo bioteknologian, adibidez, munduko herri aurreratuena da, eta Japoniako enpresa handiak munduko garrantzitsuenak dira Estatu Batuetako enpresekin batera. Politikan, Japoniak gero eta pisu handiagoa du Asian. Enpresa ezagunenak Toyota, Nintendo, Sony, Nissan edo Honda ditugu. Bestalde, esparru militarrean, armada txikia du, defentsarako soilik, baina oso ondo prestatua. Japoniar kultura berezia da mendebaldeko ikuspuntutik. Nahiz eta japoniar gehienak budistak eta xintoistak izan, erlijio tolerantzia handia dago. Bertako hezkuntza sistema ere berezia da, eta txikitatik elkarlana eta errespetuan hezten dituzte bertako haurrak.
Bertan 123 milioi biztanle bizi dira, eta hiri nagusiena eta populatuena Tokio da, 13 milioi biztanlerekin.
Txina
Munduko estaturik jendetsuena da (1.300 milioi biztanlerekin). Munduko armadarik handiena dauka, eta indar militarraz gain, arma nuklearrak ditu. Eragin politiko eta kulturala izugarria du Asian, eta nazioartean gero eta gehiago. Txinako ekonomiaren hazkundea izugarria izan da azken urteotan. Merkatua handia izanik, munduko enpresa guztiak bertan kokatu nahi dira, eta bere ekonomiaren esportatzeko gaitasuna izugarria da. Agentzia espaziala dauka, eta teknologian gero eta aurreratuagoak doaz. Hezkuntzan ere bultzada handia sumatu dute, eta alde batetik, bere unibertsitateek hobekuntza nabarmena izan dute, eta bestalde, txinatarrak munduko unibertsitate onenetan ikasten dute. Txinako enpresa nagusienen artean, China Mobile, PetroChina, Huawei, Lenovo, Guangzhou Autoak eta Alibaba ditugu.
Politika arloan, nahiz eta giza eskubideen defentsan zenbait aurrerapauso eman, Txina alderdi komunistaren diktadura da, eta demokraziarantz ez du pauso handirik eman. Nazioarte mailan, Txinak izan dezakeen eragina areagotzeko bi erronka nagusi gelditzen zaizkio: gizabanakoen errespetu falta eta Tibeteko okupazioa. Gainera, azken urteotan lurralde eta gizarte gatazkak bizi izan dira Txinan, eta nahiz eta errepresioa oso gogorra izan, langile mugimenduak sortzen hasi dira. 2014. urtetik, Txinako gobernuak “Kreditu Sozialaren Sistema” martxan jartzen ari da gizartea kontrolatzeko. Ikaragarrizko esperimentua da, ekonomia kapitalistaren alderik basatiena eta sistema komunistaren kontrol soziala nahasten baititu. Kreditu Sozialaren Sistema horrek giza harremanak, autoritatea eta, batez ere, gizakiaren arteko harremanak merkantzia bihurtu, balioa ezarri eta kreditu bihurtuko ditu. Txinako Gobernua zerrendak sortzen ari da, eta zerrenda horietan daudenek krediturik ez dutenez izango, ezin izango dute hegazkinik hartu, esaterako, edo eskola pribatuetan seme-alabak matrikulatu; edo, kreditua bera erabili ahal izango da estatus soziala markatzeko, maileguak lortzeko, eta abar. Bestalde, Txinak bere eragin geopolitikoa handitzeko “Zetaren Bide Berria” delakoa sortzen ari da. Zetaren Bide Berriak 68 estatu zeharkatu nahi ditu. Horietan 4.400 milioi biztanle bizi dira, eta munduko barne produktu gordinaren %40 hartzen dute. Proiektuaren aterkipean geratuko diren zenbait azpiegituraren eraikuntza dagoeneko abian da. Logistika gune erraldoi bat egiten ari dira Khorgos hirian (Kazakhstan), trenbide bat Karakorum mendiak zeharkatzeko edo 1.800 kilometroko autobide bat Kunming hiritik (Txina) Bangkokera (Thailandia).