Gizartearen Egitura, Dinamika eta Kultura: Oinarrizko Kontzeptuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,05 KB
Gizartearen Antolakuntza eta Egitura
Gizakiak, Gizarteko Izakiak
Pertsonak gizartean bizi dira beren beharrak errazago betetzeko. Horrek abantaila ugari dakarzkie:
- Bizirik irauteko erraztasuna (janaria lortzea, norbere burua babestea, taldeko kiderik ahulenak zaintzea...).
- Ezagutza eta esperientziak transmititzea.
- Pertsonen arteko harremanek norbere garapena ahalbidetzen dute.
- Gizarteko bizitzak sozializazioa bultzatzen du.
Antolakuntza: Familia eta Arauak
Familia ahaidetasunak elkartutako pertsona multzoa da. Familiako kide gehienak etxe berean bizi dira.
- Familia nuklearrak: Gurasoek eta seme-alabek osatuta.
- Familia zabalak: Aitona-amonek, osaba-izebek eta abarrek osatuta.
Gizarte-arauak pertsonek gizartean bizitzeko bete behar dituzten erregelak dira. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira.
Gizarte Egitura eta Desberdintasunak
Nolabaiteko konplexutasuna dago gizarte guztietan. Ospearen, boterearen edo aberastasunaren araberako desberdintasunak sortzen dira gizartea osatzen duten taldeen artean. Talde batzuek beste batzuek baino botere handiagoa dute.
Gizarte Estatikoak
Pertsonek ezin dute taldez aldatu, eta ezartzen den hierarkiak bere horretan iraun dezake hainbat belaunaldiz. Jendea jaiotzez da gizarteko talde bateko edo besteko kidea.
Gizarte Dinamikoak
Pertsonak gizarteko talde batetik beste talde batera alda daitezke: horri mugikortasun soziala deritzo. Klase-gizartea, adibidez, dinamikoa da, klase bateko edo besteko kidea izateko irizpidea ekonomikoa baita.
Gizarteen Dinamika
Gizarte Aldaketa
Gizarteak antolakunde dinamikoak dira: etengabe aldatzen dira. Aldaketen erritmoa ez da beti bera.
- Apurka-apurka gertatzen denean, gizarteak eboluzionatu egiten duela esaten da.
- Aldaketa bat-batekoa eta bortitza denean, iraultza terminoa erabiltzen da.
Gizarte Aldaketak Bultzatzen Dituzten Faktoreak
Gizarteetan gertatzen diren aldaketak faktore askoren ondorio dira:
- Ingurune fisikoaren aldaketak (adibidez, lehorte luzeak).
- Gizartearen parte bat mobilizatzeko gai den buruzagi bat edo ideologia berri bat agertzea.
- Migrazio handi baten edo konkista baten ondorioz atzerriko talde bat iristea eta gizartean txertatzea.
- Botere handiagoa duen beste gizarte baten presioa.
- Gizarteko desberdintasun sozioekonomikoak.
- Aldaketa teknologikoak, pertsonen arteko harremanak aldatzeko aukera ematen dutenak.
Gatazkak
Gizarte guztietan daude gatazkak. Gatazka guztiak ez dira berez kaltegarriak; aitzitik, batzuek garrantzi handiko aldaketak ekartzen dituzte.
Adibideak: Iritzien edo interesen arteko aurkakotasuna, belaunaldien arteko gatazkak, auzoko gatazkak, laneko gatazkak.
Gerra gizarte-gatazkarik larriena da.
Gizartea eta Lana
Lana gizakiak bere beharrak asetzeko ondasunak edo zerbitzuak lortzeko egiten duen jarduera fisikoa edo buru-jarduera da. Gaur egungo kontsumoan oinarritutako gizarteetan, lana oso garrantzitsua da. Haren inguruan ezartzen dira harremanak eta lanarengatik lortzen dira ordainsariak. Langileen espezializazio handia lortu da.
Gaur egungoaren moduko gizarte globalizatuan, elkarren mendekotasun ekonomikoa hain da handia, non lan-malgutasuna ere oinarrizko beste aldaketa bat izan den. Horrek lanbide berrietarako egokitzapena, mugikortasuna eta etengabeko prestakuntza eskatzen ditu.
Lanaren Balioa eta Funtzioak
Lanak garrantzi handia du pertsonentzat, hainbat funtzio betetzen baititu:
- Soldata ematen du, premiak betetzeko beharrezkoa den dirua.
- Ezagutzak eta gaitasunak lortzeko eta praktikan jartzeko aukera ematen du.
- Etxetik kanpoko pertsonekin harremana izateko modua da.
- Denbora antolatzen laguntzen du.
- Lana nortasunaren funtsezko elementua da. Autoestimua handitzen du eta gizarteko kide sentiarazten du.
Lana funtsezkoa da pertsonen estatusa definitzeko eta gizarte-klase batetik beste batera pasatzeko.
Lan Munduko Arazo Nagusiak
- Lanik eza edo langabezia.
- Enplegu prekarioa: Iraupen laburreko enpleguak, soldata urriak eta lan-baldintza gogorrak. Lan batzuk kontraturik gabe egiten dira (ezkutuko ekonomia).
- Osasun-arazoak: Arriskuen prebentziorik ezak lan-istripu eta gaixotasun ugari eragiten ditu.
- Mobbinga edo laneko jazarpena, osasun-arazoak eragiten dituena.
- Genero-desberdintasuna: Emakumeek soldata urriagoko eta erantzukizun apalagoko enpleguak izan ohi dituzte.
- Lan-baldintza oso gogorrak langile guztientzat, eta langabezia handiagoa.
- Beste arazo batzuk, hala nola haurren lana.
Gizartea eta Kultura
Zer da Kultura?
Kulturak hainbat esanahi ditu. Pertsona batek kultura duela esaten denean, irakurtzen eta idazten dakiela, hainbat hizkuntza dakizkiela edo goi mailako ikasketak dituela esan nahi da. Hala ere, kultura askoz kontzeptu zabalagoa da.
Herri edo gizatalde bakoitzak bere kultura du, eta kultura-aniztasun hori iraunarazi beharreko ondasun bat da. Eremu urriko kulturak babestu behar dira. Mendebaldeko kultura globalizatzen ari da, eta uniformetasuna areagotzen.
Kulturaren Osagaiak
- Hizkuntza: Funtsezko osagaia da, ahoz nahiz idatziz gizartearen tradizioak, balioak eta ezagutzak transmititzeko bidea.
- Sinesmenak: Gizarte bakoitzak bizitza nola ulertzen duen eta bizitzarekin zerikusia duten alderdi asko (bizitzaren jatorria, heriotza, etab.) biltzen ditu. Erlijioek sinesmenak jasotzen/sortzen dituzte.
- Tradizioak: Gizarteko kide guztien iragan komuna azaleratzen dute, eta haien sinesmenak eta balioak erakusten dituzte (adibidez, herri-dantzak, jantzi tradizionalak).
Gizarteen Bilakaera eta Aldaketa Kulturala
Gizarteen bilakaera etengabea da, eta kultura-elementuak ere aldatu egiten dira.
- Kultura-hedapena: Kultura-ezaugarriak gizarte batetik bestera hedatzen dira. Kultura bakoitza besteetatik elementuak hartuz eratzen da.
- Kultura-mendekotasuna: Gizarte sendo edo handi batek bere kultura inposatzen dio gizarte ahulago edo txikiago bati, batzuetan indarkeriarekin. Adibidez, Mendebaldeko kulturak planeta osora hedatu ditu bere bizimodua eta balioak, botere ekonomiko handia eta teknologia berriak erabiliz.
Kultura-Aniztasuna
Arrazoiak
Kultura-aniztasuna (gizarte berean askotariko kulturak egotea) gaur egungo gizarteen bereizgarrietako bat da. Arrazoi nagusia migrazio-fluxu handiak dira.
Ondorioak eta Eztabaidak
Kulturen aniztasuna aberastasun iturria da gizarteentzat, baina arazoak ere sortzen ditu. Eztabaida sakon eta korapilatsua dago kultura desberdina duten taldeak elkarrekin bizitzeko moduari buruz.
Gehiengoaren kulturako kideek beti esaten dute gutxiengoen kulturak dituztenak harrera-gizartean integratzea dela irtenbiderik onena (kultura-integrazioa). Hala ere, emigratzaile askoren ikuspegitik, integrazioak akulturazioa dakar: beren nortasunari uko egin beharra.
Multikulturalitatea eta Kultura Arteko Harremanak
Gizarte multikulturala hainbat kulturako jendea bizi den eta inolako bazterketarik ez dagoen gizartea da, kultura-aniztasuna errespetatuz.
Gaur Egungo Gizartea
Gizarte Garatuaren Ezaugarriak
Gaur egungo gizarte garatuek ezaugarri hauek dituzte:
- Oso ekonomia garatua.
- Gobernuek gizarte-neurriak hartzen dituzte herritarren bizi-kalitatea hobetzeko (Ongizate-Estatua).
- Kontsumo handia.
- Hiriko gizartea.
- Gizarte konplexua: Familiako harremanak eta beste harreman tradizionalak aldatu dira. Balio berriak sortu dira: baketasuna, ekologismoa, giza eskubideen eta balio demokratikoen aldeko errespetua.
- Informazioaren Gizartea, non teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa duten.
Desoreka eta Desberdintasunak
Europako gizarteetan desberdintasun handiak daude.
- Herrialdeen arteko desorekak: Biztanleriaren bizi-mailan desorekak daude herrialdeen artean. Iparraldeko herrialdeetan bizi-maila altuagoa da (Suedia, Norvegia), eta Ekialdekoetan baxuagoa (Errumania, Bulgaria).
- Gazteen arazoak: Gazteentzat oso zaila da lan-baldintza egokiak (ordutegia, soldata) dituzten lanpostuak lortzea eta etxebizitza edukitzea.
Aniztasun Kulturala eta Erronkak
Europa kontinentean, hainbat hizkuntza, kultura eta erlijio daude batera. Europarrek erronka handi bat dute: nola lortu beren kultura-nortasunari eustea eta beste kulturak integratzea.