Gizarte-trebetasunak, Familia-estiloak eta Haurren Jolasa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,45 KB

Gizarte-trebetasunak eta asertibitatea

Gizarte-trebetasunak norberarekin elkarreraginean dauden pertsonekin harreman positiboak ezartzeko jokabideak dira. Ikasitako jokabideak dira eta ez dira gizakiaren nortasunaren berezko ezaugarriak.

Hala ere, gizarte-jokabide trebea edo aditua ez da unitarioa eta zurruna, egoeraren eta harremanetan dauden pertsonen araberakoa baizik. Adibidez, haurrek zerbait baliagarritzat eta trebetzat jo dezakete, baina helduek ez.

Gizakiak denbora asko ematen du besteekin harremanetan, eta, gizarte-harremanen, gizarte-egokitzapenaren eta autoestimuaren artean dagoen lotura kontuan hartuta, ukaezina da gizarte-trebetasunen garrantzia gizakiaren ongizateari dagokionez.

Jokabide asertiboa eta gatazken ebazpena

Asertibitatea norberaren eta besteen eskubideak jokoan jartzen diren egoerei aurre egiteko era da. Asertiboa izatea norberaren sentimenduak adieraztea, norberaren eta besteen eskubideak defendatzea eta errespetatzea, eta norbera finkatzeko jokabideak izatea da.

Pertsonen arteko harremanetan sortzen diren arazoetako asko, izan ere, gatazkak era asertiboan konpondu ezin izatearen ondoriozkoak izan ohi dira. Gatazkak jokabide asertiboen bidez konpontzeko gaitasuna duten pertsonek harreman atseginagoak eta lasaiagoak izan ohi dituzte.

Jokabide asertiboa, beraz, ez da bakarrik haurrei irakatsi behar zaien zerbait. Trebetasun mota hauek gizakiak ezartzen dituen harreman guztietan erabili behar izaten dira eta, beraz, gurasoak eta hezitzaileak dira alderdi hauek argi izan behar dituzten lehenbizikoak.

Familiako sozializazio-estiloak

Darling-ek eta Steinberg-ek (1993) diotenez, familia-hezkuntzaren estiloak aztertzeko ereduetan oinarrizko bi dimentsio aztertu ohi dira:

  • Afektuaren eta komunikazioaren dimentsioa: Harremanari eta komunikazioari dagokien alderdi emozionala.
  • Kontrolaren eta diziplinaren dimentsioa: Haurraren portaera kontrolatzeko eta bideratzeko erabiltzen diren jokabideak eta horien sistematikotasuna.

Lau hezkuntza-estilo nagusiak

  • Estilo demokratikoa: Afektua adierazi ohi da eta haurraren gauzez interesa erakusten da. Kontrolari dagokionez, haurraren gaitasunetara egokitutako arau argiak eta arrazonatuak erabiltzen dira, tinko baina jarrera zurrunik gabe.
  • Estilo permisiboa: Afektu eta komunikazio maila handiak dira, baina eskakizun maila txikia da. Ondorioz, ez da kontrolatzen arauak betetzen diren ala ez.
  • Estilo autoritarioa: Gurasoek ez dute afektu askorik adierazten eta ez dituzte haurren nahiak elkarrizketaren bidez aztertzen. Arau zorrotzak ezartzen dituzte eta autoritatea erabili ohi dute kontrolerako.
  • Guraso arduragabeak: Hezkuntza-harremanetan gutxien parte hartzen dutenak dira. Ez dute afekturik adierazten eta ez dira haurren interesez arduratzen (ezta oinarrizkoenez ere); kontrolari dagokionez, inolako araurik ez erabiltzetik gehiegi kontrolatzera pasa daitezke.

Haurren jolas-jardueren bilakaera

M. Parten-ek, 1933an egin zuen ikerketan, haurrek jolas-jardueretan nola parte hartzen duten aztertu zuen. Kategoria hauek ezarri zituen:

  • Zereginik gabeko jarduera: Haurrek beren gorputzekin jolas egiten dute edo noraezean ibiltzen dira.
  • Banakako jarduerak: Haurrek bakarrik jolas egiten dute, besteek zer egiten duten axola gabe.
  • Jokabide behatzailea: Beste haurrek nola jolas egiten duten begiratzen dute, baina ez dute parte hartzen.
  • Jarduera paraleloa: Beste haurren alboan jolas egiten dute, eremua eta materiala konpartituz, baina ez elkarrekin.
  • Asoziazio-jolasa: Materiala konpartitzen dute, baina bakoitzak bere erara jolas egiten du, helburu komunik gabe.
  • Lankidetza-jolasa: Taldeak egiten duen jolas antolatua da, kideetako batek zuzenduta. Zereginak banatu egiten dira helburu komuna lortzeko (eraikinen adibidean bezala).

Jolas mota behatutako haurren adinarekin lotuta dago. Haur txikienek parte hartzeko era ez-sozialak dituzte, eta nagusiagoak direnean, jolas sozialagoak eta antolatuak nahiago izaten dituzte. Adin zehatz batean jolas mota jakin batek lehentasuna izateak ez du esan nahi beste erak albo batera uzten direnik; aitzitik, parte hartzeko erak erantsi egiten dira.

Entradas relacionadas: