Gizarte Teoria Klasikoak: Marx, Alienazioa eta Emakume Soziologoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 12,23 KB
Karl Marx (1818-1883)
Marxen pentsamenduaren oinarria kapitalismoan sortzen den desberdintasuna aztertzea eta hura nola eraldatu da.
Dialektika
Marxen pentsamenduak Hegel filosofoaren ideietan du abiapuntua. Beste egile batzuentzat kontraesanak akatsak diren bitartean, egile dialektikoentzat kontraesan horiek aztertzea da tresnarik hoberena errealitatea ulertzeko. Marxek uste zuen kontraesan horiek ez zirela gure buruan edo ideien munduan ematen, baizik eta errealitatean. Marxek kapitalismoan azpimarratzen duen kontraesan nagusiena langile eta kapitalisten artean ematen dena da. Kapitalistak langileak esplotatu behar ditu bere esku-lanaren bidezko mozkina lortzeko; eta langileak, mozkin horien zati bat gutxienez mantendu behar du. Kapitalismoak aurrera egin ahala, langileen esplotazioa handitzen da eta, noski, hori ezin da filosofiaren bidez konpondu, baizik eta gizarte-aldaketaren bidez.
Materialismo Historikoa
Marxek historiarekiko duen ikuspuntua materialista da eta etorkizuna aurreikusi daitekeela uste du. Ikuspuntu horren arabera, pertsonek euren beharrizan materialak asetzen dituzten moduaren arabera emango dira giza-harremanak, instituzioak edota gizarte batean nagusi diren ideiak. Bere ustez, beharrizan horiek nola ase eta bertan sortzen diren harreman ekonomikoak izango dira oinarria.
Historian zehar, garai bakoitzean sortzen diren ekoizpen-indar ezberdinen eta bertan dauden harremanen bidez, ekoizpen-moduak sortzen dira. Zehazki, lau ekoizpen-modu bereizten ditu:
Ekoizpen Moduak
- Jatorrizko komunismoa eta gizarte tribalak: Gizarte-egitura oso mugatua da eta familiarekin oso lotuta dago. Gizarte horietan jabetza komunalak dira nagusi.
- Gizarte asiatikoa: Marxen ustez, ezin da feudalismoaren barruan kokatu, ezaugarri bereziak erakusten dituelako gizarte horrek. Horietan gobernu zentral indartsu bat dago, burokrazia handiarekin. India edo Txina jartzen ditu adibide moduan.
- Antzinako gizarte klasikoa: Esklabotza da ekonomiaren ardatza. Lana esklaboek egiten dute eta hiritarrek ez dute lanik egiten. Bertan, gure gizartearen ezaugarri diren merkataritza, nekazal-hiri bereizketa edota estatuaren egitura sortzen dira.
- Gizarte feudala: Basailuek lurrak dituzte, baina emaitzen zati bat jauntxoari eman behar diote, plusbaliaren adibide argia azalduz.
Bere ustez, ekoizpen-modu bakoitzean barne-kontraesanak eta gatazkak sortzen direnean, beste ekoizpen-modu bat sortzen da. Horrela, feudalismoaren inguruko krisiek kapitalismoa ahalbidetuko dute eta kapitalismoaren kontraesanek komunismoa ekarriko dute.
Gizakiaren Izaera eta Giza-Natura: Lana eta Alienazioa
Marxen ustez, giza-naturaren ardatza lana da. Bere ustez, lana da beste animaliengandik bereizten gaituena, gure izaeraren esentzia:
- Lanaren bidez, irudimenean soilik dagoen gauza bat erreal bilakatzen da; horri objektibazioa deitzen zaio.
- Lan hori materiala da eta gure beharrizan materialak asetzeko egiten da.
- Lanak natura aldatzen du, baina baita ere gizakiak, gure beharrizanak, kontzientzia eta giza-natura aldatzen ditu.
- Lanaren bidez egiten den eraldaketak gure beharren eraldaketa ere sorrarazten du, beste beharrizan batzuk sortzen direlarik. Ikusten denez, lanaren interpretazioan ere ikuspegi dialektikoa nabaria da. Adibidez, autoak sortzeak autopistak behar izatea ekartzen du, eta hasieran batzuk bakarrik uste bazuten autoa beharko zutela, gaur egun denok argi dugu autoaren beharrizana dugula. Ordenagailuarekin edo sakelako mugikorrekin antzeko gauza gertatu da. Lanaren bidez ematen den beharrizanen eraldaketa hori da gizateriaren historiaren motorra; beraz, lana da historiaren motorra.
Lanarengandik alienatuta gaude eta, beraz, gure benetako giza-izaeragandik ere alienatuta gaude. Alienazioaren ardatza bi klase sozialen existentzia da: kapitalistak produkzio-bitartekoen eta horien emaitzen jabeak dira, eta langileek bizirauteko euren lan-denbora saldu behar diete lehenengoei.
Alienazioaren kontzeptuak lau ezaugarri nagusi azaltzen ditu:
Alienazioaren Ezaugarriak
- Alienazioa ekoizpen-prozesuan: Gizarte kapitalistetan langileen lana ez da euren ideietatik edo euren beharrizanengandik sortzen; kapitalistak dira lanaren helburuak zehazten dituztenak.
- Alienazioa ekoitzitako produktuarekiko: Alienazioa ez da soilik ekoizpen-prozesuan ematen, baizik eta emaitzetan ere, produktuarekiko.
- Alienazioa beste lankideekiko: Marxentzat, gizakiok besteekin lan egitea nahi dugu eta gustatu egiten zaigu, baina kapitalismoak kooperazio natural hori apurtzen du.
- Alienazioa langilearen giza-esentziarekiko: Kapitalismoan, lana eraldaketarako eta norbanakoaren esentzia garatzeko bidea izan beharrean, lana okerren sentitzen garen lekua da, langileak makina izatera pasatzen direlarik.
Laburbilduz, alienazioa dialektikaren kontraesan nabarietako bat da: lanaren baldintza errealen eta lanaren bidez definitzen den pertsonen giza-naturaren arteko kontraesana, hain zuzen ere. Eta kontraesan horri aurre egiteko aukera bakarra gizarte-aldaketa da Marxentzat.
Gizarte Kapitalistaren Egiturak
Marxentzat, kapitalismoa sistema ekonomikoa baino askoz gehiago da; botere-sistema bat ere bada, eta botere politikoa harreman ekonomikoen barnean kokatzen da. Beraz, sistema politiko bat da, eta kapitalismoaren bidez kapitalistek boterea egikaritzen dute eta langileak esplotatu ditzakete.
Marxen Kontzeptu Nagusiak
Marxen helburua kapitalismoan dauden barne-kontraesanak azaleratzea da; horretarako, hainbat kontzeptu lantzen ditu:
Merkantzia
Saltzeko lanaren bidez egiten den produktua izango litzateke merkantzia.
Kapitala, Kapitalistak eta Proletalgoa
Merkantzia da proletalgoaren eta kapitalistaren artean kokatzen dena. Proletalgoak euren lan-eskua saldu egiten du eta jabetza edota ekoizpen-bitartekorik ez du. Kapitalistak dira soldatak ordaintzen dituztenak eta ekoizpen-bitartekoen jabetza dutenak. Kapitalaren bidez, kapitalistak diru gehiago lortzen du eta mozkina lortzeko erabiltzen da, eta ez giza-beharrizanak asetzeko.
Esplotazioa
Kapitala handitzeko, langileen esplotazioa eman behar da; horrela, kapitalistek ekoizpen-bitartekoen jabetzaren bidez langileen esplotazioa gauzatzen dute. Marxentzat, esplotazioa gizarte guztietan ematen da. Esplotazioaren oinarria honako hau da: kapitalistak langileari ekoizten duena baino gutxiago ordaintzen dio eta bera mozkinarekin gelditzen da. Langilearen soldataren eta produktuaren prezioaren (balioaren) artean dagoen tartea plusbalioa izango litzateke.
Klase Borroka
Marxentzat, kapitalistek plusbalio handiena lortzea dute helburu, eta horrek klase-borrokara daramatza. Kapitalismoan klase-borroka dago langile eta kapitalisten artean; batentzat ona dena, bestearentzat ez da.
Askatasuna, Berdintasuna eta Ideologia
Marxentzat, askatasuna eta berdintasuna ideologia burgesaren barruan kokatzen dira. Bere ustez, benetakoa ez den askatasuna da, langileak menperatuta baitaude eta benetan askea dena kapitala baita.
Gizarte Komunista
Iraultzaren bidez sistema sozialista ezarri behar zen eta gizarte komunista eratu, non gizaki guztiak euren lanaren emaitzen jabe izango liratekeen.
Emakume Soziologo Klasikoak
Sarrera
Kasu honetan, emakumeek seigarren ezaugarri bat gehituko diote soziologiari, eta ikuspuntu feminista ikuspuntu soziologikoan barneratuko dute; hau da, genero-ikuspegia txertatuko dute. Honako hauek dira errepikatuko diren ezaugarriak:
- Teoria soziologikoan teoria kontuan hartzea.
- Errealitate sozialean ematen diren prozesu eta egitura guztietan gizon eta emakumeen egoera kontuan hartzea.
- Gizartean ematen diren gizarte-desberdintasunei arreta jarriko diete. Desorekak eta diskriminazioak landuko dituzte. Nolabait ere, baztertuen taldeak kontuan hartuko dituzte, eta haientzat interesgarriak izango dira.
- Ikerketa eta lan-gaiak emakumeen egoera aztertzea izango dira: bikote-harremanetan, lan-esparruan…
- Teoria eta praktika askotan lotu eta aztertu egingo dituzte, akademiatik irten egingo dira. Baina soziologiaren eta Gizarte Langintzaren mugak ez dituzte oso argi izango. Hala ere, soziologiak gure bizitzan hobekuntzak izateko balio duela aipatuko dute.
Harriet Martineau (1802-1876)
Harriet Martineau soziologiaren fundatzaileen artean kokatu daiteke; era honetan, gizartea modu sistematiko eta zientifikoan aztertzen saiatuko den lehenetariko gizarte-zientzialaria izango da, Comte, Marx edo Spencerrekin batera.
Harriet Martineauren kezka nagusia gizartean ematen den gizarte-bizitza aztertzea izango da: haren arauak, arrazoiak, ondorioak eta arazoak. Bere ustez, edozein gizarteren bizitza arau orokorren arabera gauzatzen da; haren ustez, arau horien azken helburua gizakien zoriontasuna bilatzea da, eta horretarako gizaki bakoitzaren autonomia bilatu behar da, dominazioa alde batera utzita.
Morala eta ohituren arteko bereizketa egiten du. Morala gizarte batek dituen ideia orokorrak edo goi-ideiak izango lirateke, eta ohiturak ekintzak arautzen dituzten arauak. Morala eta ohituren arteko gatazka ematen bada, anomalia baten aurrean topatuko gara. Beste era batera esanda, ohiturek ez badute bat egiten berdintasuna eta zoriontasuna lortzeko goi-helburuekin, anomaliak sortu daitezke. Besteak beste, esklabotza, emakumeen desberdintasun-egoera, aberastasuna lortzeko nahia eta iritzi publikoak norbanakoan sortzen duen beldurra azpimarratzen ditu garai horietan anomalia nagusi gisa.
Emakumeen bizi-baldintzen azterketa Harriet Martineauren ardatzetako bat izango da; besteak beste, ezkontzak eta emakumeek pairatzen duten indarkeria landuko ditu.
Charlotte Perkins Gilman (1860-1935)
Bere ustez, gizartea sortzen duten bi instituzio funtsezkoak —familia eta ekonomia— ulertzeko, genero-desberdintasunak kontuan hartu behar dira. Gilmanek ezaugarri biologiko eta sozialak batera aztertzen dituen arren, argi uzten du ekonomian ematen den arazo larriena generoaren estratifikazioa dela. Horren bidez, gizonek pribilegioak dituzte eta emakumeak azpiratuta gelditzen dira.
Marx bezala, Gilmanek uste du ekonomiaren eta gizakiaren eta lanaren arteko lotura dela oinarria; horregatik, emakumeak lan-merkatutik kanpo uztea arazo oso larritzat jotzen du. Guzti horri aurre egiteko, Gilmanek emakumeen emantzipazio ekonomikoa lortzea planteatzen du; horretarako, hezkuntzan eta sozializazioan aldaketak eman behar dira, eta etxea eta familiaren erabateko eraldaketa ere eman behar da, horren bidez emakumeak egin nahi duen lana aukeratu ahal izateko. Besteak beste, etxeko lanak profesionalak izatea eta horretarako langileak egotea planteatzen du.
Jane Addams
Addamsentzat, erreforma eta gizartearen hobekuntza lortzeko gizarte-etika bat sortu behar da. Gizarte-etika horrek gizarte demokratiko baten helburuak eta gizarte horretan ematen diren ekintza praktiko guztiak batzen ditu. Bere ustez, gizartean ematen diren harreman guztien ardatza gizarte-etika izan behar da, eta horrek hainbat elementu izan behar ditu:
- Talde eta pertsona guztiek balio bera dute.
- Pertsona guztiak agente aktiboak izan daitezke.
- Aktiboak diren heinean, ontasunaren bila dihardute eta aukerak bilatzen dituzte ontasun hori aurrera eramateko.
- Gizarte baten kideen segurtasuna bakoitzaren segurtasuna bermatuz ematen da.
Chicagoko Eskola
Eskola honetako kideak Jane Addamsen jarraitzaileak dira, eta 'Hull House' (zentro zibikoa) izeneko egoitzetan antolatuko dira. Hots, langile-familientzat sortutako egoitzetan. Horien helburua erreformaren bidez bizi-baldintzen hobekuntzak lortzea litzateke.
Anna Julia Cooper eta Ida Wells-Barnett
Bi egile horien helburua boterea aztertzea da, eta boterearen bidez dominazioa lortzen dela aipatzen dute. Hemendik abiatuta, emakume afroamerikarren inguruko ikerketak egingo dituzte, eta klase-banaketari garrantzia emango diote.
Beatrice Potter Webb (1858-1943)
Pobreziaren arrazoiak, desberdintasun ekonomikoak edota kapitalismoa erreformatzeko planteamenduak izan zituen ikergai.