Gizarte-psikologia: Jokabidea, Taldeak eta Harremanak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,44 KB
Gizartearen eragina gure jokabidean
Gizarte-psikologiaren arabera, sekulako eragina du gizarteak gure jarreretan, sinesmenetan, erabakietan eta ekintzetan. Uste duguna baino gehiago eragiten digu. Zer eragin dute gizarte-lotura horiek? Nola funtzionatzen dute?
Adostasuna eta obedientzia
Jokabidea ere kutsatu egiten da. Zenbait kasutan, sugestioaren ondorioak larriagoak izaten dira. Suizidio-kasuak nabarmen ugaltzen dira hedabideetan nork bere buruaz beste egiten duen pertsona batez asko hitz egitearen ondorioz.
Taldearen presioa eta adostasuna
Sugestibilitatea adostasun mota sotil bat da: “geure jokabidea edo pentsamoldea doitzea talde baten arauekin berdintzeko”. Adostasuna, berriz, jokabidea eta pentsamoldea doitzea talde baten arauekin bat egitearren.
Adostasuna indartzen duten baldintzak
Taldearekiko adostasuna sendotu egiten dela honako baldintza hauen pean:
- Taldekideek ezgai eta ziurtasunik gabeak garela sentiarazten gaituztenean.
- Taldea, gutxienez, hiru pertsonak osatzen dutenean (taldekide kopurua handixeagoa izateak ez du asko handitzen adostasun maila).
- Talde oso bat datorrenean (disidente bakar bat dagoenean, berriz, harekin bat egiteak nabarmen handitzen du norberaren gizarte-kemena).
- Taldearen estatusa eta erakarritasuna miresten dugunean.
- Aldez aurretik erantzun jakin bat ematera konprometitu ez garenean.
- Taldekide batzuk gure jokabidea aztertzen ari direnean.
- Gure kulturak gizarte-arauak errespetatzera eramaten gaituenean.
Adostasuna erakusteko arrazoiak
Normalean, baztertuak ez izateko eta gizarteak gu onartzeko adierazten dugu adostasuna. Desberdina izateak kalte larriak ekar ditzakeela hartzen dugu kontuan. Gizarte-arauak errespetatzeaz gain ere, badaude beste arrazoi batzuk adostasuna agertzeko; adibidez, informazioaren gizarte-eragina, hau da, taldeak eskaintzen duen errealitateari buruzko informazioa oso baliagarria gerta dakiguke. Horrez gain, adostasuna areagotu egiten da arrazoia garrantzitsua denean, eta erantzun egokiaren inguruan zalantzak ditugunean; asmatzea garrantzitsua denean, besteen iritziek eragin handiagoa dute gugan. Horrekin lotuta, kulturak bereizteko irizpide bat hau da: zerk duen balio handiagoa, indibidualismoak edo kolektibismoak eragina du.
Taldearen eragina eta norberaren jokabidea
Norberaren jokabidea besteen presentzian
- Gizarte-erraztasuna: besteen aurrean, geure jarduna hobetu egiten da, baina eginkizun errazetan edo oso ondo ikasitakoetan bakarrik, eta ez zailetan edo oraindik menderatzen ez direnetan.
- Gizarte-alferkeria: helburu komuna lortzeko, talde bateko kideek ahalegin txikiagoa egiteko duten joera hori, bakarrik egiten dutenean baino.
- Desindibidualizazioa: taldean gaudenean (hau da, asaldura eta anonimotasuna sustatzen diren egoeretan) norberaren kontzientziari eta buruari jartzen dizkiogun trabak galtzea.
Taldeen arteko interakzioen ondorioak
Ikerketek diotenez, taldeen arteko elkarreraginak ere ondorio positiboak edo negatiboak izan ditzake.
- Taldearen polarizazioa: talde-eztabaidaren bitartez, talde bateko joera nagusiaren indartzea.
- Talde-pentsamendua: pentsatzeko modu bat da, erabakiak hartzeko orduan gertatzen dena, non taldeak harmoniaren desioa lehenesten baitu, aukera guztien balorazio errealistaren gainetik.
- Bera bakarrik betetzen den profezia: geroago eragingo diguten egoerak guk geuk sortuak dira batzuetan. Pentsamendu bat izatean, horren arabera jokatuko dugu, eta jarrera eta jokabide horiekin bat datozen jarrera eta jokabideak sorraraziko ditugu.
Gutxiengoaren eragina
Pertsona konprometituek ere nabarmen eragin dezakete kide garen taldeengan. Sarri askotan, historian, gehiengoa menderatzea lortu du gutxiengo batek.
Kulturaren eragina eta gizarte-arauak
Kulturek, oro har, eragin handia eta iraunkorra dute pertsonen jokabideetan, ideietan, jarreretan eta tradizioetan.
Arau kulturalak eta genero-rolak
Kultura guztiek garatzen dituzte beren arauak, onartzen dituzten eta besteengandik itxaroten dituzten portaera-arauak. Harremanetan jartzeko barneratzen ditugu arau horiek. Kultura bakoitzak definitzen du zein diren genero bakoitzaren rolak (hau da, arauen bitartez definitzen dituzte emakumeek eta gizonezkoek izan beharreko portaerak), eta kultura horretako partaide bakoitzak badaki zer espero behar duten emakumezkoek edo gizonezkoek izan beharreko portaerei buruz.
Gizarte-erlazioak: Aurreiritziak eta desberdintasunak
Aurreiritziak: aurrez dugun iritzia esan nahi du; talde bati buruzko jarrera bat da, justifikaziorik ez duena eta oro har negatiboa izaten dena.
Gizarte-desberdintasunak eta talde-identitatea
Eman dezagun gizarte batean batzuek dirua, boterea eta prestigioa dutela, eta beste batzuk, berriz, deus ere. Horrelakoetan, gauzak diren bezalakoak justifikatzeko jarrerak garatzen dituzte lehenengoek. Talde baten parte izateak (etniari, sexuari, erlijioari eta ikasketa mailari dagokienez) definitzen gaitu.
- Partaide garen taldearekiko isuria: gure taldekideei mesede egiteko joera.
Pagaburuak bilatzea eta sustrai kognitiboak
Aurreiritzia ez da gizartearen banaketarengatik soilik sortzen, bihotzaren pasioengatik ere bai.
- Pagaburuak bilatzearen teoria: teoria bat da, zeinaren arabera aurreiritziak, errudun bat bilatuta, ihesbide bat eskaintzen dion haserreari.
Aurreiritziak gizarte-banaketatik eta bihotzaren pasioetatik sortzen dira, baina baita garunaren funtzionamendu naturaletik ere. Taldeka sailkatzea mundua sinplifikatzeko modu bat da (kategoriak sortzea).
Erasoa: Biologia eta psikologia
Gure harreman sozialetan joera suntsitzaileena da, eta psikologian, eraso hitza ez da minarekin erlazionatu behar, kaltearekin baizik.
Erasoaren biologia
Freudek esaten zuen gizakiok badaukagula, biziraupen-senaz gain, sen autosuntsitzailea ere. Oro har, sen auto-suntsitzailea besteenganako eraso modura gauzatzen dugu, edo gizarteak onartzen dituen jardueretan askatzen dugu (margotu, kirol egin…).
- Geneen eragina: geneek eragina dute gizakiaren agresibitatean.
- Neuronen eragina: burmuinean ez dago puntu edo gune berezirik agresibitatea kontrolatzen duenik, zenbait testuingurutan gertatzen den jokabide konplexua baita.
- Eragin biokimikoa: hormonek, alkoholak eta odolean dauden beste sustantzia batzuek eragina dute agresibitatea kontrolatzen duten sistema neuronaletan.
Erasoen psikologia eta komunikabideak
Gertaera higuingarriak: animaliekin eta gizakiekin egindako ikerketetan, argi ikusten da ezen, animalia edo gizaki bati gaizki sentiarazten bazaio, berak ere gaizki sentiaraziko dituela besteak.
Agresibitatea adierazten eta inhibitzen ikastea: agresibitatea erantzun naturala izan daiteke estimulu higuingarrien aurrean, baina beste era batean jokatzen ikasteak alda dezake erreakzio natural hori.
Telebista eta agresibitatea: gurasoak ez dira jokabide agresiboaren eredu bakarrak. Gure gizartean, lehenengo 18 urteetan, haur gehienek denbora gehiago pasatzen dute telebistaren aurrean eskolan baino.
Sexu-erasoak eta komunikabideak: emakumeak bortxatuak izateko arriskua egon da hainbat kulturatan. 1979etik 2000ra, laukoiztu egin ziren bortxaketa-salaketak; baina salatu gabe geratzen diren kasuak salatzen direnak baino gehiago dira.
Bortizkeria telebistan, pornografian eta gizartean: oro har, asko dira jokabide bortitzak izateko joeran eragin dezaketen faktoreak; komunikabideez gain, badira beste batzuk: besteak beste, adin txikikoen aurkako abusu sexualak, menderatze-harremanak eta alkoholak eragindako desinhibizioa.
Gatazka, erakarpena eta altruismoa
Gatazka: ekintzen, helburuen eta ideien arteko itxurazko bateraezintasun bat da.
- Gizarte-tranpak: egoera batzuetan, taldearen ongizatea hobetu egin dezakegu, berez gure interes pertsonalaren bila baino ez gabiltzala.
- Etsaiaren pertzepzioa: talde batzuen artean gatazka piztu bada, talde batek bestearekiko dituen pertzepzioak negatiboak izango dira.
Erakarpenaren psikologia
- Hurbiltasuna: geografikoki gertu egotea da faktorerik garrantzitsuena. Estimuluak atseginago bihurtzen zaizkigu behin eta berriro ikusten baditugu (esposizio hutsaren efektua).
- Erakarpen fisikoa: edertasuna da erakarpenean garrantzitsuena eta gehien hunkitzen gaituena.
- Antzekotasuna: gu bezalakoak ez diren pertsonak gustukoak ez izateko joera dugu. Lagunek eta bikotekideek berdintasunak izan ohi dituzte adinean, erlijioan, arrazan, heziketan eta maila ekonomikoan.
Maitemintzea eta maitasun motak
Maitasun sutsua: emozioaren teoria bifaktorialak dio emozioek bi osagai dituztela: kitzikatze fisikoa eta ebaluazio kognitiboa. Pertsona bat edozein faktorerengatik egon daiteke kitzikatuta, eta horrek emozio bat edo beste indartzea ekar dezake, kitzikadura hori nola interpretatzen dugun arabera.
Adiskidetasunezko maitasuna: maitasun sutsuaren denbora hain motza dela kontuan izanik, maitasuna heldutasunera heltzen bada, adiskidetasunezko maitasun bihurtzen da.
Altruismoa eta laguntzaren psikologia
Altruismoa besteen ongizatea inongo interes pertsonalik jaso gabe bermatzeko joera da. Lekukoen esku-hartzea: laguntzeko, egoera ikusi behar dugu, larrialdi kasutzat interpretatu eta erantzukizuna hartu. Beste lekuko batzuk bertan badaude, jendeak ez du hain erraz bere burua eskaintzen laguntza emateko.
Bakegintza eta teoria psikologikoak
Antagonismoak bakea sustatzen duten jarrera eraikitzaile bilaka ditzakegu lankidetza, komunikazioa eta kontziliazioa batzen diren egoeretan.
- Lankidetza: kontaktu soila ez da nahikoa izaten, segregaziorako joera dagoelako.
- Komunikazioa: norberaren interesen alde egiteko ohiturak arazoak sor ditzake talde-lanetan.
- Kontziliazioa: alde batek tentsioak gutxitzeko ahalegina egiten duenean gertatzen da.
Gizarte-psikologiaren funtsezko kontzeptuak
- Egozpenaren teoria: pertsona baten jokabidearen gaineko kausazko azalpenak ematen ditugu, kausa egoerari edo pertsonaren joerari egozten diogularik.
- Egozpen funtsezko errorea: beste pertsona baten jokabidea aztertzean, egoeraren eragina gutxietsi eta joera pertsonala neurriz kanpo hartzea.
- Oina atean fenomenoa: hasieran garrantzirik gabeko eskaerak onartzeak gero garrantzitsuagoak onartzera eramaten gaituen joera.
- Rola: gizarte-posizio batekin erlazionatutako itxaropen-multzoa, pertsona batek nola jokatu behar duen definitzen duena.
- Disonantzia kognitiboaren teoria: gure bi pentsamendu inkoherenteak direnean sentitzen dugun larritasuna (disonantzia) gutxitzeko jarduten dugu, adibidez, jarrerak aldatuz.