Gizarte eta Ekonomia Eztabaidak: Erretiroa, Tabakoa eta Etxebizitza
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,87 KB
Erretiroa 67 Urtera Atzeratzea: Kezkak eta Proposamenak
Bakoitza bere neurrian, baina azkenaldian denok gaude kezkatuta ekonomiaren egoeragatik. Krisian gaude eta langabezia, diru-laguntzen eta zerbitzuen murrizketak, eta abar mehatxu egiten gaituzte. Gainera, Gobernuak beste mehatxu bat jarri du mahai gainean: erretiratzeko adina aldatzea.
Diotenez, gaur egungo erretiro-sistema ez da bideragarria eta urte batzuk barru ez da iritsiko erretiro guztiak ordaintzeko. Izan ere, egoera ekonomikoaren eta gure gizarte-ereduaren ondorioz, gero eta jende gehiago dago kobratzeko eta gutxiago kotizatzeko. Beraz, Gobernuaren proposamena arazoa konpontzeko erretiratzeko adina 65 urtetik 67ra aldatzea da.
Zer egin arazoa konpontzeko?
Kezkatuta gaude, bai, gero eta gehiago. Orain, beste arazo batzuk sumatzen dira. Hori da, bai gazteen, bai langabezian daudenen lan egiteko aukerak gutxitu egingo direla eta, gainera, gaixotasun-baja tasa handituko dela. Orduan, zer egin arazoa konpontzeko? Agian, beste gastu batzuk murriztu beharko lirateke? Esate baterako, armagintza edo politikoen soldatak eta pribilegioak?
Gehienok irrikan gaude erretiro-adinera ondo iristea eta gure bizi-kalitatea mantentzea. Gehienok, noizean behin, pentsatu dugu zer egin, nora bidaiatu, zer ikasi edo bizitza erraz eta lasaiaz gozatzea lanik egin gabe, eta orain hori dena kolokan dago.
Gehienok kezkatuta gaude. Zorte on denontzat!
Auto Barruan Erretzea Debekatzea: Askatasuna ala Osasuna?
Atzo, gidatzen ari nintzela, irratian albiste bat entzun nuen eta harritu egin ninduen. Irratsaioan, zera esaten zuten: Gobernuak erretzea gidatzean debekatu nahi du. Emandako arrazoiak hauek ziren, besteak beste:
- Osasunagatik.
- Ingurumenagatik.
- Despisteak saihesteagatik.
Egia da gidatzean arreta mantentzea beharrezkoa dela, baina, kotxea hain arlo pribatua denez, gobernua sartu beharko litzateke, ala beste asmo bat izango du?
Orain dela urte pare bat, Gobernuak esan zigun leku publikoetan ez geneukala erretzerik. Beraz, tabernek eta jatetxeek beren jangelak erretzaileentzat eta erretzen ez dutenentzat egokitu behar izan zituzten, bestela, isunak jarriko zizkieten-eta. Duela gutxi, elkarteetan ere erretzea debekatu dute. Nik, neure buruari galdetzen diot: kotxean erretzea debekatzen hasten badira, laster, etxean ere erretzea debekatuz bukatuko dute?
Debekuaren atzean dagoen hipokresia
Ministroek diotenez, gidatzeko orduan erretzen baduzu arreta galtzen duzu; esate baterako, zigarroak piztu edo itzaltzean, begiak errepidetik kentzen dituzu. Zera ere diote, leihotik botatzen ditugun zigarrokinak direla eta, suteak maiz gertatzen direla. Eta halaber diote, oso leku txikietan erretzea kaltegarria dela guretzat eta ondokoentzat, jakina da-eta tabakoaren osagaiak ez direla bakarrik tabako-belarrak, baizik eta produktu kimikoak ere bai.
Goian esandakoaren iritzi berekoa naiz, salbuespen garrantzitsu batekin, gainera: Gobernua gure ardura eta askatasunean sartzen da. Mugatzen gaituzte eta umetzat hartzen gaituzte; hau da, suposatzen dute ez dugula arreta mantentzen, ez ditugula ondokoak kontuan hartzen eta ingurumena bost axola zaigula. Gainera, debekatzea ez da izango isunen bidez dirua lortzeko modu erraz bat? Eta hain zuzen ere, zergatik ez dute debekatzen tabakoa saltzea? Zalantzarik gabe, zergen bidez egundoko dirua lortzen dutelako eta tabakoa drogarekin parekatuko luketelako.
Nik esan behar dut ez naizela erretzailea eta kotxez ibiltzen naizenean inork ez du erretzen. Beraz, erretzerena niri ez dagokidan arren, ministroak ez dira inor arduragabeak garela esateko eta nire eremu pribatuan sartzeko. Gure osasunak hainbeste kezkatuko balitu, tabakoaren ekoizleak behartuko lituzkete produktu kimikoak ez gaineratzera, adibidez, adikzioa sortzen dutenak. Funtsean, albiste honetan ikusten den gauza bakarra da Gobernuaren hipokresia, alegia, behin erretzea debekatzen hasten direnean dirua lortzen hasten direla.
Etxebizitza: Erosi ala Alokatu? Abantailak eta Desabantailak
Gaur egun, etxebizitza bat erostea klase ertainarentzat oso zaila da. Beraz, alokairua aukera interesgarri bihurtzen ari da. Duela hogei urte, gutxi gorabehera, Europako hainbat herrialdetan alokairua bihurtu zen aukera gogokoena. Baina, alokairuak baditu hainbat alde on eta txar, jarraian ikusiko dugun moduan.
Alokairuaren alde onak
Alokairuaren alde onak erakargarriak dira oso eta diruarekin lotuta daude. Etxebizitza bat itxita badaukagu, alokairuan eman dezakegu. Horrela, erabiltzen ez den etxebizitzari etekina aterako diogu eta hilero diru kopuru gehigarria lortuko dugu gastuetarako edo nahi dugun eran xahutzeko. Alokairuak beste alde on batzuk ere baditu:
- Etxebizitza erabiltzen ari den heinean ez da hondatuko eta egoera onean mantenduko da.
- Ez dira okupak sartuko familia bat bizi den lekuan.
Alokairuaren alde txarrak eta arriskuak
Alokairuak noski, alde txarrak ere baditu. Gaur egungo krisia dela medio, etxebizitza alokatzen zaion familiari hainbat baldintza eskatzen zaizkio alokairua lortzeko. Horrek mesfidantza eragiten du. Bestalde, etxebizitza itxita edukitzea ez da komenigarria, zeren okupak sartzeko arriskua dago, edota denboraren poderioz hondatzeko. Gainera, gaur egungo krisiarekin, beste egoera batzuk ere eman daitezke, adibidez:
- Maizterrak etxebizitzaren hilerokoa ez ordaintzea.
- Hilerokoa adostutako egunean ez ordaintzea.
- Adostutako diru kopurua ez ordaintzea.
Hau guztia esan eta gero, ondo pentsatu behar da etxebizitza bat alokairuan eman baino lehen. Arazo larriak eduki ditzakegu hilerokoa ordaintzen ez duen familia bat etxebizitzatik botatzeko, eta etxebizitza berreskuratzea salaketaren bidez bakarrik lortuko dugu. Kasu horretan, irabazi dugun dirua ez da nahikoa izango eragindako buruhausteen aldean.