Gizarte Antolaketa eta Estatuaren Zilegitasuna
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,66 KB
Gizartea antolatzeko moduak
Gizarte orok antolaketa jakin bat du. Antolaketa hori ez du naturak ezartzen, gizakiok baizik. Gizarte bakoitzak hainbat arazori egin behar izan die aurre, eta, arazo horiek gero eta konplexuagoak izan diren heinean, gizartea antolatzeko moduak ere konplexuago bilakatu dira. Funtsean, historian zehar honako antolaketa modu hauek egon dira:
- Tribala: Talde tribalak komunitate txikiak dira. Familia-loturetatik abiatuta egituratuak, eta iraupeneko ekonomia izan ohi dute.
- Esklabista: Gizarte esklabistak komunitate tribalak baino askoz handiagoak dira (hiriak eta inperioak), eta, haietan, funtsezko ekoizpena esklaboen esku egon ohi da.
- Feudala: Gizarte feudalak ordena politikoa eta babes militarra ezartzeaz arduratutako jauntxo feudalen eta buruzagi militar eta politikoen inguruan egituratutako gizarteak dira. Ekonomia nekazaritzakoa du funtsean, eta morrontza-harremanetan oinarritzen da.
- Modernoa: Gizarte modernoek industria eta merkataritza garatuak dituzte, eta estatu nazionala da haien antolaketa politikoaren muina.
Gaur egun, estatu modernoa da gizartea antolatzeko modu nagusia.
Estatu modernoaren ezaugarriak
Estatua lurralde jakin batean gizarte-bizitza arautzeko eta antolatzeko ahalmena duten erakundeen multzoa da.
Estatua egitate politiko subiranoa da, eta gehienetan, bere lurraldean, estatuak soilik du legeak eta zergak ezartzeko eskumena.
Estatua egitate inpertsonala da, hau da, estatuak bere horretan irauten du gobernariak edo gobernatuak aldatu arren.
Estatuaren boterea burokraziaren bidez gauzatzen da, hau da, berariaz gai publikoak kudeatzeko sortutako erakunde hierarkikoan lan egiten duten funtzionarioen bitartez.
Estatuak indar armatuak, administrazio publikoa, justizia-sistema eta polizia biltzen ditu bere barnean. Horregatik, Max Weberren arabera, estatua bortxa legitimoaren erabileraren monopolioa duen egitatea da.
Estatuaren edota agintearen zilegitasuna
Edozein dela ere estatuaren jatorria eta egitura, estatua herritarren bizitza arautzen duen egitatea da. Estatuak, legeen bidez, herritarren bizimodua antolatzen du, herritarrei zenbait jokabide inposatzen dizkielako.
Filosofo askoren ustez hori egokia da. Beharrezkoa da aginteren bat egotea, eta aginte horrek gai izan behar du herritarren jokabidearen gain eragiteko.
Horrek ez du esan nahi botere guztia onargarria denik. Botere politikoa zilegia izan behar da, baina botere politiko guztiak ez dira zilegiak. Gizarteak onartu egin behar du estatuaren agintea.
Boterea edo agintea zilegi egiten duen prozesuari legitimazio esaten zaio. Historian zehar, boterea legitimatzeko asmoz, era desberdinetako argudioak erabili dira.
Argudio horiek hiru taldetan sailka daitezke:
- Argudio teologikoak: Zenbaiten arabera, Jainkoak hala nahi izan zuelako sortu zen botere politikoa. Argudio teologikoak ohikoak ziren Erdi Aroan.
- Argudio naturalistak: Zenbaiten arabera, gizakiak berezkoa du botere politiko baten menpe bizi beharra. Komunitateak ongi funtziona dezaten, ezinbestekoa da agintariak izatea eta herritarrek agintarien esanak betetzea.
- Argudio funtzionalistak: Thomas Hobbesek eta Max Weberrek argudiatu dute botere politikoa gizarte gehienetan edo guztietan dagoela, gizarteko kideentzat erabilgarria eta onuragarria delako agintari politiko bat ordena sozialaz eta bizikidetza baketsuaz arduratzea.
Anarkisten ustez, herritarren batzarrak botere politikoa noren esku egongo den aukeratu behar du.