Gizakiaren Izaera, Balioak eta Gizartearen Bilakaera

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,59 KB

Gizakiaren Izaera: Soziala ala Artifiziala?

1. Gizakia izatez da gizartekoia (Aristoteles)

Aristotelesen arabera, gizakia izatez da gizartekoia. Izan ere, animalia politikoa da. Behar-beharrezkoak ditu bai gizartea bai gizartearen bidez jasotzen duen kultura, berezkoak dituen gaitasunen arabera garatu ahal izateko. Gai da perfekzioa eta zoriona lortzeko, hala eskatzen baitio bere izaerak, baina gizartean soilik lor ditzake.

Morala eta Arrazoimena

Morala da gizartearen oinarria eta baldintza, eta ez dago beste izakirik izaera morala duenik. Ongia eta gaizkia bereizteko ezinbestekoa da arrazoimena izatea. Eta gizakiak baino ez du arrazoimenik; gizakiak baino ez du haiek adierazteko moduko hizkuntzarik.

2. Gizartea antolamendu artifiziala da

Gizartea antolamendu artifiziala da, gizakion arteko kontratu baten emaitza.

Thomas Hobbes: "Gizakia otsoa da gizakiarentzat"

Hobbesek gizakiari buruzko ikuspegi txarra du: "gizakia otsoa da gizakiarentzat" (Homo homini lupus). Berekoikeriak bultzatuta, borroka etengabean dabil. Arrazoimenak agintaritza irmo bat sortzeko moduko hitzarmen bat hartzera bultzatzen ditu. Elkarrekin bakean bizitzeko modu bakarra, gizartearen buru agintari irmo eta absolutu bat izatea da.

Jean-Jacques Rousseau: Xalotasun naturala

Rousseauk uste du gizakia xaloa eta bakartia dela eta berezko errukia duela. Habitataren bizi-baldintzak ikaragarri aldatu izanaren ondorioz bizi da gizakia gizartean. Rousseauren ustez, betiere baldintza hauek bete behar dira:

  • Gizarte antolamendua berdintasunezkoa izatea.
  • Ez oso jendetsua izatea.

Baina, jabetza pribatuak, gizakia gizartekoi bihurtutakoan, gaizto bilakatzen du.

Balioak eta Kulturen arteko Elkarrizketa

Erlatibismoa vs. Unibertsalismoa

Kulturen arteko elkarrizketa ezinbestekoa da garai hauetan, premiazkoa baitzaigu gizadiak aurrean dituen erronkei erantzuteko. Baina gerta al daiteke egiazko elkarrizketa?

  • Erlatibismoaren arabera, erabat ezinezkoa da, eta ez genuke halakorik nahi izan behar ere.
  • Unibertsalismoak, aldiz, kultura guztiek jada hainbat balio berdin dituztela agertzen du.

Unibertsalismoak kulturartekotasunaren aldeko jarrerara garamatza, eta jarrera honek bidea ematen du kulturen artean egiazko elkarrizketa egon dadin.

Balio Unibertsalen Oinarriak

Balio unibertsalak izatea ezinbestekoa da:

  • Giza eskubideak bete-betean errespetatzea.
  • Askatasuna, berdintasuna, elkartasuna eta beste zenbait balio onartzea.
  • Elkarrizketaren aldeko jarrera izatea.

Gizartearen Bilakaera Historikoa

1. Lehenengo Gizarteak (Goi Paleolitoa)

Goi Paleolitoan, berdintasunezko gizarteak zeuden, ehiztariak eta biltzaileak. Trukea eta elkarrekikotasuna ziren ekonomiaren oinarri. Eskarmentu handiko gizonezko bat izaten zen buruzagia. Nomadak ziren, eta arte adierazpenak egin zituzten bizitzari eta naturari buruzko ikuspegi magikoak islatzeko. Kultura sinbolikoa zuten.

2. Nekazaritza-Gizarteak

Duela 10.000 urte inguru hasi ziren nekazaritza-gizarteak. Garatu gabeko nekazaritza zen. Baliabideak aurkitu behar izan zituzten, eta laborantzara eta zenbait animalia-espezie heztera jo zuten. Giza taldeak erabat aldatu ziren:

  • Sedentarioak ziren.
  • Ekonomia mota berria sortu zen: ondasunak pilatzean eta kontrolpean birbanatzean oinarritutakoa.
  • Produkzioa areagotu zen, eta soberakinak pila zitezkeen lehen aldiz.

Buruzagitza tribu buruaren esku zegoen, elikagaiak eta ondasunak biltzeko eta gordetzeko boterea zuena. Batzuk buruzagi gerrariak ziren, inguruko herrixkak menderatu eta zerga-sisteman sartzen zituztenak.

3. Estatu Sortu Berriak

Estatu izatera iristeko, lehen ez zeuden hainbat ezaugarri behar izan ziren:

  • Boterea zentralizatuta egotea.
  • Gizartea are maila gehiagotan banatuta egotea.
  • Funtzioak argi eta garbi banatuta egotea.
  • Ondasunak batere berdintasunik gabe banatuta egotea.
  • Hiri garapena egotea.
  • Kultura garapen handia egotea.

Estatua sortu zen lekuetan, aldaketa handiak izan ziren: nekazaritza intentsiboa hasi zen, eta horri esker, produkzioak gora egin zuen. Bizi-baldintzak hobetu egin ziren hirietan eta gizarte-bizitza aberastu egin zen. Ekonomia hazkundearen ondorioz, merkataritza sortu zen. Gizarte antolamendu berri hau Ekialde Hurbilean agertu zen beste inon baino lehen, K.a. 3500 urte inguruan, Sumerren.

Entradas relacionadas: