Gizakia, Kultura eta Gizartea: Oinarrizko Kontzeptuak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Matemáticas
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,6 KB
Animalia Kulturala
Gizakia animalia bitxia da, haren izaera biologikoak kulturari ireki baitio bidea: hizkuntzari, teknikari, moralari, zuzenbideari... Gizakia, beraz, animalia kulturala da.
Kultura, berez, moldatzeko modu eraginkorra ere bada. Kulturaren mundua gizakiak sortu du, gauzak asmatzeko eta gauzei aurrea hartzeko gaitasunari esker.
Sozialak, Izatez?
Gizakia gizartekoia da izatez.
Aristoteles
Aristoteles dugu jarrera honen defendatzaile nagusia eta lehena. Haren ustez, gizakia animalia politikoa da; hots, gizartekoia da izatez. Behar-beharrezkoak ditu bai gizartea bai gizartearen bidez jasotzen duen kultura, berezkoak dituen gaitasunen arabera garatu ahal izateko.
Thomas Hobbes
Gizakia otsoa da gizakiarentzat. Gizabanako bakoitza, berekoikeriak bultzatuta, borroka etengabean ari da besteekin. Izan ere, elkarrekin bakean bizitzeko modu bakarra dago: gizartearen buru agintari bat izatea, legeak ezartzeko ahalmena duena.
Jean-Jacques Rousseau
Bere ustez, gizakia xaloa eta bakartia da, baina aldi berean berezko errukia ere badu. Bizi-baldintzak ikaragarri aldatu izanaren ondorioz bizi da gizakia gizartean. Haren ustez, gizarte-antolamenduak berdintasunezkoa izan behar du, eta, bestetik, oso jendetsua ez izatea. Irtenbidea bidezko gizartea litzateke: denon adostasuna izango luke oinarri.
Sozializazioa
Sozializazioaren bidez, gizabanako bakoitzak bere gizarteko kultura bereganatzen du, norberaren identitatea garatzen du, eta pertsona egiten da.
Lehen Mailako Sozializazioa
Etaparik garrantzitsuena da. Gizabanakoa gizartean sartzea du helburu, eta haurtzaroan gertatzen da, familiaren baitan. Haurra gutxika-gutxika rolak eta arauak barneratuz joaten da, orokortze-prozesuaren bidez.
Bigarren Mailako Sozializazioa
Prozesu honetan mundu instituzionalak barneratzen ditugu. Beste sozializazio-eragile batzuk sartuko dira, oraingoan, tartean: lan-erakundeak, erakunde politikoak eta erlijio-erakundeak, besteak beste. Bigarren etapa honetan, aldiz, zer gizarte-esparrutan sartu nahi duen erabaki ahal izango du. Etapa horretan, gizarte-elkarreraginak ez du hainbesterainoko garrantzia afektibitatearen aldetik, eta gizarte-rolak nahiko anonimoak izaten dira.
Birsozializazioa
Birsozializazio-prozesuetan subjektuak bi eduki mota barneratzen ditu: sozializatu den gizarteaz bestelako gizarte bateko kultura-edukiak (rolak, jarrerak, balioak...). Horren ondorioz, batetik, birsozializazio-prozesuetan ordura arteko ikuspegiak (errealitateari buruzkoak) bertan behera geratzen dira, eta, bestetik, bestelako identifikazio bat sortzen da, indar afektibo handikoa. Birsozializazioa krisi sakonen ondorioz gertatu ohi da.
Kulturaren Ezaugarri Antropologikoak
Kultura materiala eta kultura mentala.
Kultura bakoitzean hainbat azpikultura izaten dira: adina, maila sozioekonomikoa, gizarte-klasea, jatorri etnikoa...
Kultura nagusiaren kontrako mugimenduei kontrakultura esaten zaie.
Adibideak:
- Hiri tribuak: rockerrak, punkak, skinak...
- Gizarteari erasotzen dioten taldeak: legearen kontrako ekintzak egiten dituztenak.
- Gizarte-talde alternatiboak: Gizarte materialistaren kontrako jarrera izaten dute (hippiak, ekologistak...).
Etnozentrismoa
Etnozentrismoa beste kulturak norberaren kulturaren arabera neurtzea da. Alde batetik, beste kulturetako bizimoduak ulertzeko gaitasunik eza, eta, bestetik, norberaren taldearekiko kohesio-sentimendua gogortzea.
Etnozentrismo batzuek jarrera hauek sentitzen dituzte:
- Xenofobia (atzerrienganako gorrotoa)
- Arrazakeria
- Chauvinismoa (abertzaletasun itsua)
- Jarrerarik hedatuena aporofobia da (pobreenganako gorrotoa)
Kultura-Erlatibismoa
Kultura-erlatibismoa: Kultura bakoitza bertako balioak oinarri hartuz aztertu behar da, eta ez beste kultura bateko balioen arabera.
Jarrera honen ondorio edo adibide gisa:
- Arrazakeria: zenbaiten ustez, izan ere, kultura bakoitzaren ezaugarriei bere horretan iraunarazteko modurik onena kulturak ez nahastea da, nor bere herrian geratzea eta bere kulturaren arabera bizitzea.
- Kulturak elkarrengandik banatzea: Jarrera horri jarraiki, izan ere, erraza da kulturek elkar onartu arren ere harremanik izan nahi ez izatea.