Giza Ugalketa eta Sexualitatea: Funtzioak eta Aparatuak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,35 KB

1. Ugalketa Funtzioa

Gizakion ugalketa sexu bidezkoa da. Horretarako, sexu desberdinetako bi banako egotea beharrezkoa da.

Ugalketa Prozesuaren Etapak

  • Gametogenesia: Gametoak (zelula sexualak) eratzeko prozesua da, eta gonadetan gertatzen da.
  • Ernalketa: Bi gametoak elkartzeko eta zigotoa eratzeko prozesua da. Barneko prozesua da, emakumezkoaren ugaltze-aparatuan gertatzen baita.
  • Enbrioiaren Garapena: Zelula zatitzeko eta zigotoko zelula kopurua handitzeko prozesua da, eta horren ondorioz, enbrioia sortzen da. Gero, enbrioia fetu bihurtzen da, eta emakumezkoaren gorputzaren barnean garatzen da.
  • Erditzea: Haurra jaiotzeko prozesua da. Gizakiok bibiparoak gara: fetua amaren sabelean hazten da, eta jaioberria bizirik eta guztiz formatuta sortzen da.
  • Garapena: Gorputza handitzeko prozesua da, eta zenbait etapak osatzen dute, haurtzarotik helduarora bitartean.

Heldutasun Sexualeranzko Aldaketak

Jaiotzen denerako, haurrak formatuta ditu sexu organoak. Sexu organoak, hain zuzen ere, karaktere sexual primarioak dira. Gizakiok ugalduko bagara, gure sexu organoek heldu eta gai izan behar dute zelula sexualak sortzeko. Ugaltze-organoak sexu-hormonak sortzen hasten dira, eta horrek karaktere sexual sekundarioak eragiten ditu:

  • Neskei: Bularrak eta kanpoko genitalak hazten zaizkie, aldakak zabaltzen zaizkie, eta ilea ateratzen zaie pubisean eta galtzarbeetan.
  • Mutilei: Hezurrak loditzen zaizkie, muskulu-masa handitzen zaie, ilea ateratzen zaie aurpegian, bularrean, galtzarbeetan eta pubisean, eta ahotsa loditzen zaie.

Nerabezaroa

Gizakion pubertarotik helduarora bitarteko garaia da. Sexu-grina agertzen hasten da, gure gorputza miatzeko beharra dugu, adiskideen babesa behar dugu, eta inguruko helduek hartzen dituzten erabakiak auzitan jartzen eta kritikatzen hasten gara.

2. Giza Erantzun Sexuala

Pertsona guztiok izaki sexudunak gara, hau da, sexua dugu.

Sexualitatea eta Ugalketa

Sexualitatea norbera pertsona sexudun gisa sentitzeko modua da, eta sexuarekin lotutako emozioak, pentsamenduak eta portaerak hartzen ditu barnean.

Ugalketa eta sexualitatea kontzeptu desberdinak dira. Ugalketa, oro har, sexualitatearen bidez gertatzen da, eta seme-alabak izatea du helburu. Giza sexualitatea, berriz, afektibitatea adierazteko baliabide bat da, oso garrantzitsua dena pertsona gisa garatzeko eta behar bezalako oreka eta heldutasuna lortzeko.

Sexu-Harreman Motak

Sexu-harreman esaten diogu bi pertsonaren arteko sexu bidezko erlazioari. Bikotekideen sexuaren arabera, harreman mota hauek bereizten ditugu:

  • Heterosexualak: Sexu desberdinetako pertsonen artekoak direnean (emakumea eta gizona).
  • Homosexualak: Sexu bereko bi pertsonen artekoak direnean (bi emakume edo bi gizon).

3. Gizonezkoen Ugaltze Aparatua eta Gametoak

Gizonezkoen Ugaltze Aparatuaren Osagaiak

  • Barrabilak (Gonadak): Gizonezkoen gonadak dira, eta espermatozoideak eta hormona sexualak sortzen dituzte. Abdomeneko barrunbearen kanpoaldean daude, eskroto izeneko azal-poltsa batean. Han tenperatura gorputzean baino 2ºC baxuagoa da, espermatozoideak sortzeko beharrezkoa dena.
  • Zakila: Organo kopulatzailea da. Aurrealdea zabalagoa da (glande atala), eta prepuzio izeneko azal-tolestura batek estaltzen du. Barnealdea egitura arolek osatzen dute: odol-hodiak dilatatzen direnean, odolez betetzen dira, eta zakila zut jartzen da (erektatzen da).
  • Ugaltze Bideak: Espermatozoideek gorputzetik ateratzeko bidean ibiltzen dituzten hodiak dira: epididimoak, hodi deferenteak eta uretra.
  • Guruin Erantsiak: Substantziak jariatzen dituzte ugaltze-aparatuaren barruan. Hauek dira: besikula seminalak, prostata eta Cowperen guruinak.

Gizonezkoen Gametoak (Esperma)

Gizonezkoen gametoak (esperma) zelula txikiak dira, espezializatuak eta mugikortasuna dutenak.

Espermatozoidearen Egitura

  • Burua: Nukleoak eta akrosomak osatzen dute.
  • Lepoa: Zentriolo bat du.
  • Isatsa: Bultza egiten du (mugimendua ahalbidetzen du).

Espermatozoideen Sorrera (Espermatogenesia)

Espermatogenesia du izena espermatozoideak sortzeko prozesuak, eta tubulu seminiferoetan gertatzen da. Barrabiletan sortzen dira espermatozoideak, epididimoetan heltzen dira, eta hodi deferenteetan gelditzen dira. Handik, uretran barrena ateratzen dira kanpoaldera, gizonezkoak hazia isurtzen duenean.

Semen edo esperma esaten diogu isurtzen den likido zurixkari, eta espermatozoideek eta guruin erantsietako jariakinek osatzen dute.

4. Emakumezkoen Ugaltze Aparatua eta Gametoak

Kanpoko Organo Genitalak (Bulba)

Bulba baginako zuloak, ezpain handiek, ezpain txikiek eta klitoriak osatzen dute:

  • Ezpain Handiak: Bi azal-tolestura iletsu dira, eta kanpoko gainerako genitalak estaltzen dituzte.
  • Ezpain Txikiak: Ezpain handien barruan dauden bi azal-tolestura dira.
  • Klitoria: Organo zutikor txiki bat da, eta oso sentikorra da, nerbio-bukaera asko dituelako.

Barneko Organo Genitalak

Barneko organo genitalak obulutegiak eta ugaltze-bideak dira (Falopioren tronpak, umetokia eta bagina).

  • Obulutegiak (Gonadak): Emakumezkoen gonadak dira (bi), eta obuluak eta hormona sexualak sortzen dituzte. Pelbis barrunbean daude.
  • Bagina: Mukosa batez estalitako gihar-paretak dituen hodi bat da. Zulo bat du kanpoaldean (irekigune baginala), uretraren atzean eta uzkiaren aurrean. Organo kopulatzailea da, eta erditzean fetua kanpora ateratzeko bidea.
  • Falopioren Tronpak: Inbutu formako bi hodi dira, obulutegiak eta umetokia lotzen dituztenak.
  • Umetokia: Izaki berria hartzen du barnean. Organo huts bat da, gihar-pareta lodikoa. Paretari miometrioa esaten diogu, eta mukosa batek estaltzen du: endometrioak. Behealdea, umetoki-lepoa, baginari lotuta dago.

Ugatzak

Ugatzek ere emakumezkoen ugaltze-aparatua osatzen dute, bi guruin baitira, haurra jaiotzen denean esnea sortzen dutenak.

Emakumezkoen Gametoak (Obuluak)

Obulu esaten diegu emakumezkoen gameto edo zelula sexualei. Neskato jaioberri batek 400.000 bat zelula ditu obulu bihurtzeko prest, baina azkenean, 450 bat bakarrik heltzen dira ugalkorra den bitartean. Obulua zelula esferiko bat da, oso handia, bere kabuz mugitu ezin dena.

Obuluaren Egitura

  • Bilkinak: Obulutegietatik ateratzen denean, babestu egiten duten zelulak ditu obuluak inguruan: koroa erradiatua. Mintz peluzidoak bereizten ditu obulua eta koroa erradiatua.
  • Zitoplasma: Organuluak ditu barnean, eta mintz plasmatikoak inguratzen du.
  • Nukleoa: Esferikoa da, eta nukleolo handi bat du barnean.

Obuluen Sorrera (Obogenesia)

Obogenesi esaten diogu obulutegietan obuluak sortzeko prozesuari. Pubertarotik aurrera, hilero, folikulu bat hazten eta heltzen da, hipofisiaren hormonen eraginez.

5. Emakumezkoen Ugaltze Zikloak

Emakumezkoen ziklo sexualak 28 bat egun irauten du, eta aldian-aldian aldaketak izaten dira sexu-organoetan, hormonen eraginez. Hipofisiak FSH eta LH sortzen ditu, eta obulutegiek, berriz, estrogenoak eta progesterona.

Zikloaren Osagaiak

  • Obulutegietako Zikloa: Obulutegietan gertatzen diren aldaketak dira. Hipofisiaren hormonek eragiten dituzte aldaketa horiek.
  • Umetokiko Zikloa: Umetokiko paretan gertatzen diren aldaketak dira, eta estrogenoekin eta progesteronarekin lotuta daude. Obulua ernaldutakoan, umetokia enbrioia barnean hartzeko prestatzen da. Ziklo baten barruan ernalketarik ez badago, hilekoa sortzen da.

Oharra: Haurdunaldiko Bikiak

  • Biki Berdinak (Gemeloak): Obulu edo zigoto bakar batetik sortuak.
  • Biki Desberdinak (Mellizoak): Zigoto desberdinetatik sortuak (bereizita daude).

6. Ernalketa

Ernalketa espermatozoide batek eta obulu batek bat egitea eta obozelula edo zigoto bat sortzea da.

7. Haurdunaldiaren Garapena

Haurdunaldia blastozistoa endometrioan ezartzen edo habiaratzen denean hasten da. Blastozistoko zelula batzuek enbrioia sortzen dute.

Egitura Osagarriak

  • Plazenta: Odol-hodi ugariko organo bat da. Hari esker, amak eta fetuak substantziak trukatzen dituzte. Mantenugaiak amaren odoletik fetuaren odolera pasatzen dira, eta fetuak sortzen dituen hondakinek alderantzizko bidea egiten dute.
  • Zilbor-hesteak: Enbrioia eta plazenta lotzen ditu.
  • Amnios edo Zorro Amniotikoa: Likido amniotikoa du barnean, enbrioia babesteko.

Haurdunaldiak bederatzi hilabete irauten du, hiru hiruhilekotan banatuta. Bitarte horretan, enbrioia asko eraldatzen da.

8. Erditzea

Erditzea haurra jaiotzeko prozesua da. Hiru fase daude:

  1. Dilatazioa: Umetokia uzkurtzen hasten da.
  2. Egozpena: Umetokia gero eta maizago eta indar handiagoz uzkurtzen da, haurra kanporatzeko.
  3. Haurlaguna Botatzea: Haurra jaio eta 10-45 minutura, umetokia uzkurtu egiten da berriro ere, plazenta askatzeko eta amaren gorputzetik kanpora botatzeko.

9. Antzutasuna

Antzutasuna seme-alabarik izateko berezko ezintasuna da.

Antzutasunaren Kausak

Emakumezkoen Antzutasuna

  • Ez obulatzea.
  • Enbrioia ezartzea galarazten duten arazoak izatea umetokian.
  • Falopioren tronpak buxatzen dituzten anomaliak izatea.

Gizonezkoen Antzutasuna

  • Espermatozoide kopuru nahikoa ez sortzea.
  • Espermatozoideak heldugabeak edo malformazioak izatea.
  • Espermatozoideak eta baginako mukia bateraezinak izatea.
  • Hodi deferenteak buxatuta egotea, eta horren ondorioz espermatozoideak ezin irtetea.

Laguntza Bidezko Ugalketako Teknikak

  • Intseminazio Artifiziala: Gizonezkoaren semena artifizialki sartzen dute emakumezkoaren umetokian, obulatzen ari denean.
  • In Vitro Ernalketa: Emakumezkoak hormona bidezko tratamendu bat egiten du, hainbat obulu sortzeko. Gero, atera egiten dizkiote, eta laborategian ernaltzen dituzte, gizonezkoaren espermatozoideak erabiliz. Azkenik, horrela sortzen diren enbrioi batzuk emakumezkoaren umetokian ezartzen dituzte.

10. Metodo Antikontzeptiboak

Metodo Naturalak

  • Sintotermikoa: Eguneko tenperatura basala neurtzen da.
  • Ogino Metodoa: Obulazioa noiz izango den kalkulatzea da.
  • Coitus Interruptus: Hazia baginatik kanpo isurtzea da.

Metodo Artifizialak

Hesi Bidezko Gailuak

  • Gizonezkoen preserbatiboa edo kondoia.
  • Emakumezkoen preserbatiboa.
  • Diafragma.
  • Umetoki Barneko Gailua (UBG).

Kimikoak

  • Pilula antikontzeptiboak.
  • Larruazalean zeharreko partxeak.
  • Baginako eraztunak.
  • UBG hormonalak.
  • Espermizidak.

Kirurgikoak

  • Tronpen lotura (ligadura).
  • Basektomia (ebaketa).

11. Sexu Transmisioko Gaixotasunak (STG)

Sexu Transmisioko Gaixotasunak (STG) infekziosoak dira, eta hainbat eragilek sortzen dituzte:

  • Bakterioek eragindakoak: Sifilisa eta gonorrea.
  • Birusek eragindakoak: Herpes genitala, papilomabirusaren infekzioa, hepatitisa eta HIESa.
  • Onddoek eragindakoak: Kandidiasia.

Prebentzioa

Sexu Transmisioko Gaixotasunen prebentzioari dagokionez, sintoma edo seinalerik badugu, oso garrantzitsua da medikuarenera joatea, tratamendu egokia agin dezan. Izan ere, infekzio askok ez dute sintomarik, eta sintomarik gabeko eramaile izan gaitezkeelako.

Entradas relacionadas: