Giza Gorputzaren Zentzumenak eta Nerbio Sistema
Enviado por Chuletator online y clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,21 KB
Giza Gorputzaren Errezeptoreak eta Nerbio Sistema
Errezeptore motak
Giza gorputzak hainbat errezeptore mota ditu, kanpoko eta barneko estimuluak hautemateko:
- Fotorrezeptoreak: Argia hautematen dute, eta haiei esker, koloreak bereiz ditzakegu. Begietako erretinan daude.
- Termorrezeptoreak: Tenperatura-aldaketak hautematen dituzte, eta larruazal osoan daude.
- Mekanorrezeptoreak: Estimulu fisikoak hautematen dituzte, hala nola presioa, soinu-uhinak eta grabitatea. Larruazalean eta belarrietan daude.
- Kimiorrezeptoreak: Substantzia kimikoak hautematen dituzte, likidoetan disolbatuta edo airearekin nahastuta. Funtsean, sudurrean eta mihian daude.
- Nozizeptoreak: Presio altuak eta kalte egin diezaguketen beste estimulu batzuk hautematen dituzte. Haien bidez hartzen dugu mina, eta gorputz osoan daude.
Belarriaren funtzionamendua
Belarrian, soinuak entzuten ditugu entzumenaren bidez. Era berean, gorputzaren jarrera-aldaketak hautematen ditugu, eta horri esker orekari euts diezaiokegu.
- Entzumenari dagokionez: Belarri-pabiloiak soinuak hartu eta kanpo-entzunbidean zehar tinpanora transmititzen ditu. Tinpanoak bibratu egiten du orduan, eta bibrazioak mailura transmititzen ditu. Ingudean eta estribuan zehar, estribua barakuiluarekin lotuta dago. Barakuiluan zelula ziliatu izeneko mekanorrezeptore batzuk daude, eta endolinfa izeneko jariakin bati esker iristen dira bibrazioak haietaraino. Zelula ziliatuek nerbio-bulkada bihurtzen dituzte bibrazioak, eta entzumen-nerbioan zehar garunera transmititzen dituzte.
- Orekari dagokionez: Kanal erdizirkularrak hiru hodi dira. Hiru ardatz espazialen arabera orientatuta daude, eta haien barruan ere badaude zelula ziliatuak eta endolinfa. Burua mugitzen dugunean, endolinfak zelula ziliatuak ukitzen ditu, eta zelula horiek buruaren jarrerari buruzko informazioa transmititzen dute garunera.
Begiaren funtzionamendua
Argia korneatik sartzen da begian, eta hark toki bakar baterantz desbideratzen ditu argi-izpiak. Objektuek islatzen dituzten argi-izpiek kornea zeharkatzen dute, eta humore urtsuan zehar kristalinora iristen dira. Kristalinoak kurbadura egokitzen du irudiak enfokatzeko: egokitzapena deritzo. Hartara, irudi alderantzikatu bat eratzen da erretinan, objektua baino txikiagoa.
Erretinan eratzen den irudia hartu, eta fotorrezeptoreek nerbio-bulkada bihurtzen dute. Ikusmen-nerbioak garun-azaleraino garraiatzen ditu bulkadak, eta han interpretatu eta irudia hautematen dugu.
Glia-zelulak eta Nerbio Sistemaren Egitura
Glia-zelulak neuronen artean dauden eta horiek elikatzen dituzten zelulak dira. Mota nagusiak:
- Astrozitoak: Izar itxura dute eta neuronak elikatzen dituzte.
- Mikrogliak: Babesaz arduratzen dira.
- Oligodendrozitoak eta Schwann-en zelulak: Hauek estalki bat sortzen dute neurona batzuen axoian, mielina izeneko substantzia bat erabiliz. Mielina isolatzailea da, eta hari esker, nerbio-bulkada azkarragoa da.
Substantzia zuria mielinaz estalitako axoiek osatzen dute, eta grisa, neuronen zelula-gorputzek, mielinarik gabeko axoiek eta dendritek.
Garunean substantzia grisa azalekoena da, eta bizkar-muinean alderantziz: substantzia zuria kanpoaldean eta grisa barnealdean.
Nerbio Sistema Zentralaren Babesa
Nerbio sistema zentrala hainbat egiturek babesten dute:
- Hiru mintz babesgarri daude, meninge izenekoak.
- Gainera, funtzio nagusitzat kolpeak arintzea duen likido bat dago: likido zefalorrakideoa.
- Hortaz aparte, entzefaloa burezurrak babesten du, eta bizkarrezurrak bizkarrezur-muina babesten du.
Arku eta Ekintza Erreflexua
Arku erreflexua osagaiek osatzen duten bidea edo egitura da, eta ekintza erreflexua ahalbidetzen du.
Arku erreflexuaren ibilbidea:
- Estimulua
- Errezeptorea (adibidez, eskua)
- Zentzumen-neurona
- Interneurona
- Neurona motorra
- Besoko giharra (efektorea)