Giza Gorputzaren Sistemak eta Aparatuak: Funtzioak eta Egitura
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,9 KB
Organoak, Sistemak eta Aparatuak
Funtzio jakin bat betetzeko bata besteari lotzen zaizkion hainbat ehunen multzoa dira organoak. Funtzio horri ekintza deritzo. Organoak aparatuen eta sistemen zati dira. Aparatuek eta sistemek, berriz, giza gorputza osatzen dute. Organoen egitura eta morfologia aztertzen duen zientziari organografia deritzo. Haien funtzioak ikertzen dituen zientzia, berriz, fisiologia da.
Sistemak
Mota berekoak izanik, antzeko funtzioa betetzen duten hainbat organok osatzen dituzte sistemak.
Gihar Sistema
Lokomozio-aparatuaren atal aktiboa da. Lokomozioaz, mimikaz eta gorputzaren jarrerari eusteaz arduratzen da.
Eskeleto-Sistema
Lokomozio-aparatuaren atal pasiboa da. Mota eta forma askotako hezurrek osatzen dute. Lokomozioaz arduratzen da, baita organoak eta egiturak babesteaz ere.
Nerbio-Sistema
Nerbio-ehunez osatua dago. Organo hauek ditu:
- Entzefaloa
- Bizkarrezur-muina
- Nerbioak
Nerbio-sistemaren bitartez, kanpo eta barne inguruneko informazioa biltzen da, nerbio-bulkada hedatzen dira, eta aginduak itzultzen, erantzunak emateko.
Sistema Endokrinoa
Guruin-ehun epitelialez osatuta dago. Bertako organoek, guruin endokrinoek, hormonak sortzen dituzte. Hormonak substantzia kimikoak dira, odolaren bidez garraiatzen dira, eta zeluletan gertatzen diren erreakzioetan, hazkundean eta abarretan eragiten dute.
Aparatuak
Bata bestearekin lan eginez, funtzio goren bat edo batzuk betetzen dituzten hainbat organok osatzen dituzte aparatuak.
Digestio Aparatua
Digestio-hodiak eta guruin erantsiek osatzen dute. Aparatu horretan lortzen dira elikagaietatik lehen printzipioak.
Arnas Aparatua
Arnasbideek eta birikek osatuta dago. Odolarekin egiten den gas-trukea han gertatzen da; hala, organismoa oxigenoz hornitzen du eta zelulek sortutako karbono dioxidoa kanporatzen du.
Iraitz-Aparatua
Giltzurrunek, gernu-bideek eta beste organo batzuek osatzen dute. Aparatu horri esker, zelulako erreakzio kimikoetatik sortutako hondakin-substantziak kanporatu egiten dira, iraizketa deritzon prozesuaren bidez.
Ugaltze-Aparatua
Kanpoko nahiz barruko hainbat organok osatzen dute. Arra edo emea izan daiteke. Aparatu horietan eratzen dira ugaltze-zelulak edo gametoak. Ernalketaren ostean, zelula horiek gizabanako bat sorraraziko dute, amaren barruan.
Zirkulazio Aparatua
Bihotzak, odol-hodiek eta odolak osatzen dute. Odola organismo osoan zehar banatzea du funtzioa, mantenugaiak zelula guztietara banatzeko. Aldi berean, iraiz-produktuak eta karbono dioxidoa biltzen ditu zeluletatik.
Lokomozio Aparatua
Gihar-sistemak eta eskeleto-sistemak osatzen dute. Lokomozioaz eta gorputzaren borondatezko mugimenduez arduratzen da.