Giza Begia: Funtzionamendua, Akatsak eta Zuzenketa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,55 KB
Giza Begia: Sistema Optiko Garrantzitsuena
Giza begia sistema optikorik garrantzitsuena da; ia forma esferikoa dauka (2,5 cm inguruko erradioa), esklerotika deritzon mintzaz inguratuta. Hau gardena da aurrealdean eta kornea deitzen zaio. Argiaren sarrera begian iris deritzon diafragmak erregulatzen du, eta honek irekidura zirkularra dauka, begi-ninia (pupila) deritzona. Irisaren atzean eta berau ukitzen duela, lente konbergente bat dago, kristalinoa, eta konbergentzia aldakorra dauka muskulu ziliarrari esker. Horiek kristalinoren aurpegien kurbadura handiagotzea edo txikiagotzea eragiten dute.
Kornearen eta kristalinoaren artean likido bat dago, humore urtsua deritzona. Kristalinoaren atzean, begi-globoa betez, beste likido bat dago, humore beirakara deritzona.
Argi izpiek, kornea, humore urtsua, kristalinoa eta humore beirakara zeharkatu eta erretinan erasotzen dute, konoak eta bastoiak deritzen zelula hartzaileak, argiarekiko sentikorrak, daudeneko lekuan. Zelula hauek nerbio optikoari konektatuak daude eta horrek garunera bidaltzen du nerbio-seinalea.
Begiko erretinan objektuen irudi erreal eta alderantzikatuak eratzen dira.
Ingurune garden horiek osatzen duten multzoak lente konbergente bezala jokatzen du, begi normal erlaxatuan izpiek irudia erretinan eratzen duelarik, objektua infinitu optikoan (distantzia handi batean) dagoenean.
Hurbilagoko objektuak garbi ikusteko, kristalinoak bere konbergentzia zilio-muskuluen bidez handiagotu eta irudia berriro erretinan kokatzea lortzen du; eragiketa horri egokipena deitzen zaio, eta badu muga bat, begitik 25 bat cm-ra, puntu hurbila deritzona, eta begi normal baten ikusmenerako distantzia minimoa adierazten duena.
Ikusmen Akatsak
Hona hemen ikusmen akats ohikoenak:
Presbizia
Adinarekin azaltzen den gaitz honetan murriztuta dago kristalinoaren egokitzapen ahalmena. Urruneko puntua ez da aldatzen baina hurbileko puntua zerbait urrutiago kokatzen da. Beraz, presbizia duten pertsonek ondo ikusten dute, gertura begiratzen dutenean ezik. Akats hau lente konbergenteen bitartez konpontzen da.
Miopia
Begi miopeak ondo enfokatzen ditu hurbileko gauzak baina ezin ditu enfokatu urruneko objektuak. Efektu hori begi globo luzatu batek edota sistema optikoaren gehiegizko konbergentziak sor dezake. Hau dela eta, urrutiko objektuak kristalinoa eta erretinaren artean enfokatzen dira eta, ondorioz, ez da irudi garbia jasotzen. Miopia lente dibergenteen bitartez zuzentzen da.
Hipermetropia
Alderantzizko gaitza da. Begi hipermetropeak ezin ditu hurbileko gauzak enfokatu, hurbileko puntua 25 cm-tik gora duelako. Akats hau begi globo laburregiak sortzen du gehienetan baina kornearen kurbadura txikiegiak ere sor dezake. Hau dela eta, irudia erretinaren atzean sortuko litzateke, bai gertuko baita urrutiko objektuentzat ere. Urrutiko objektuak ondo enfokatzeko begia egokitu egin behar da baina hurbileko objektuak enfokatzeko lente konbergenteen laguntza behar du, presbiziarekin gertatzen den bezala.
Astigmatismoa
Akats hau agertzen da kristalinoa edo kornea erabat esferikoak ez direnean. Horrelakoetan objektu puntualen irudiak lerro laburrak bihurtzen dira. Horregatik begi astigmatiko batek ezin ditu garbi bereizi zuzen paraleloak. Akatsa zuzentzeko diseinu zilindrikoa duten lente zuzentzaileak erabiltzea eskatzen da.