Gerraurreko Euskal Poesia: Olerkarien Belaunaldia eta Bere Egileak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,14 KB

Gerraurreko Euskal Poesiaren Hastapenak

XIX. mendetik datorren poesia motak ez du aldaketa sakonik jasango gizaldi berriaren lehenengo urteetan. Lore Jokoetan nagusitu zen bertsokerak eragin handia izaten jarraituko du Euskal Herri bietako idazleen artean.

Olerkarien Belaunaldia eta Berrikuntza

Espainiako eraketa monarkikoa kendu eta II. Errepublika ezarri zutenean, berrikuntza grina hori areagotu egin zen. Aitzolek eratutako ekintzen artetik Olerti Egunak nabarmentzen dira. Une horretan sortutako poeta taldeari Olerkarien Belaunaldia deitzen zaio. Mugimendu honen barruan, poesia minoritarioa eta zail samarra landuko dute hasiera batean, baina segituan ohartuko dira ez dela egokiena helburutzat daukaten herrigintzarako. Ez dugu pentsatu behar olerkariek talde homogeneoa osatzen zutenik. Belaunaldi honetako kide nagusiak hauek dira:

  • Lizardi
  • Lauaxeta
  • Orixe

Lizardi: Poeta eta Euskaltzalea (1896-1933)

Jose Maria Agirre, Lizardi, Zarautzen jaio arren, Tolosan igaro zuen bizitza. Legegizona eta Tolosako lantegi bateko gerente izan zen hil arte. Bere garaiko talde euskaltzaleetako langilerik saiatuenetakoa izan zen, propaganda eta antolamendurako aparteko dohainak erakutsiz. Hizlari gisa ere merezitako ospea bereganatu zuen. 37 urterekin hil zen. Prosaz luma dotorea zuen (Itz Lauz antologian) eta antzerkian ere aritua zen. Baina olerkian gailendu zen kritikoen iritziei esker. Biotz-begietan olerki liburua bakarrik argitaratu zuen bizirik zela; hil ondoren, Umezurtz olerkiak Euskaltzaleak elkartekoek argitaratu zioten. Izadia askotan azaltzen da Lizardiren bertsoetan. Beste batzuetan maitasunak, adiskidetasunak eta abarrek hartzen dute protagonismoa. Herria eta hizkuntza ere askotan aipatzen ditu.

Lauaxeta: Kazetari eta Olerkaria (1905-1937)

Esteban Urkiaga, Lauaxeta, Bizkaian, Laukizen jaio zen. Bilbora joan zen Orixerekin batera Euzkadi egunkariko euskal orrian lan egitera. Asko nabarmendu zen Errepublika aldian kazetari eta hizlari legez. Horregatik, Gerra Zibila etorri zenean, komisario politiko izendatu zuten eta frontean jardun zuen zegozkion lanak betez. Horretantxe ziharduela atxilotu zuten erre berria zen Gernikan 1937ko apirilaren bukaeran, eta ekainaren 26an fusilatu zuten Gasteizen. Olerkigintzari esker egin zen ezaguna. Bide Barrijak poema bilduma argitaratu zuen Lehen Olerti Eguneko zilarrezko abarra irabazi ondoren. Beranduago, Arrats Beran argitaratu zuen.

Orixe: Idazle Oparo eta Eztabaidatua (1888-1961)

Nikolas Ormaetxea, Orixe, gipuzkoarra zen jaiotzez. Jesuita-ikasketak egiten igaro zuen denbora zenbait kolegiotan. Ikasketa guztiak amaitu arren, ordena barruan izan zituen arazo batzuengatik ez zen apaiztu. Bilbon aritu zen lanean sortu berria zen Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, atxilotu eta Iruñean eduki zuten preso hilabete batzuetan; gero Iparraldera eta Biarno aldera ihes egin zuen. Amerikan zehar ibili zen, 1961ean Donostiako Añorga auzoan hil zen arte. Bizitza guztian ia etengabe idatzi zuen Orixek. Prosaz lan anitz utzi zigun: Santa Cruz apaiza, Jainkoaren billa, besteak beste. Itzulpenetan maisu izan zen, euskalki ezberdinetan. Baina poesian ere bere garaiko sortzailerik oparoenetakoa dugu: Barne-muinetan liburutxo mistikoa eta Euskaldunak poema epiko erraldoia. Lehen eta orain, pertsona eta idazle eztabaidatua izan da Orixe euskaldunen artean. Askok euskarak eman duen idazle bikainenatzat jo zuten; hurrengo hamarkadetan, ostera, ia zeharo baztertu eta ahaztuta egon zen. Lauaxeta bezala, gizon jantzia zen Orixe letra kontuetan, nahiz eta gustu eta joera aski kontrajarriak izan sarritan. Bere obra zabala hainbat eratan eta hainbat euskalkitan egin zuen. Herri baten arnasa mamitu nahi izan zuen Euskaldunak liburuarekin, euskal poema nazionala sortu nahian; askoren ustez, ez zuen helburu hori lortu. Badirudi, ordea, Orixeren poesia mistiko eta barnekoia gero eta estimatuagoa dela.

Entradas relacionadas: