Gerrarteko Ekonomia eta 1929ko Depresio Handia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,5 KB

Gerrarteko Ekonomia: Mundu Gerraren Ondorioak

Gerraren Ondorio Ekonomiko Sakonak

Lehen Mundu Gerrak oso ondorio sakonak utzi zituen mundu mailan, bereziki Europako herrialdeetan. Gerraren ondorioz, hainbat erronkari aurre egin behar izan zieten:

  • Gerran aritu ziren herrialdeek hartutako zorra ordaindu behar zuten.
  • Garaituek garaileei gerra-ordainak ordaindu behar zizkieten.
  • Gatazkaren ondorioz sortutako lurralde-aldaketak kudeatu behar zituzten.

Gerra amaitzean, herrialde mailako egitura ekonomikoak suntsituta zeuden. Gainera, gerrak finantza-kostu handia suposatu zuen herrialdeentzat. Horiei aurre egiteko diru gehiegi sortu zenez, diruak balioa galdu eta inflazioa sortu zen.

Bestetik, kanpo zorraren arazoa zegoen, bai aliatuen arteko zorraren ondorioz (bereziki AEBek mailegu handiak eman zizkien Mundu Gerran zehar bere aliatuak ziren herrialdeei gerrako kostuei aurre egiteko eta, orain, horiek bueltatu beharra zeukaten); bai herrialde galtzaileek ordaindu beharreko gerrako kalte-ordainen ondorioz ere (bereziki Alemaniaren kasuan).

Nazioarteko ekonomian AEBen nagusitasuna agerian geratu zen: dolarra nazioarteko moneta nagusi bihurtu zen libraren kaltean; New Yorkeko Wall Streeteko burtsa munduko finantzen erdigune bihurtu zen Londresen kaltean.

Gerraosteko Susperraldia eta Inflazioaren Muga

1920ko hamarkadako lehen erdiko arazo ekonomikorik larriena inflazioa izan zen. Garaiko mailegu merkeen, gerraosteko hazkunde ekonomikoaren eta zorraren hedapenaren ondorioz, prezioak gora egiten hasi ziren, inflazioaren arazoa mundu osora zabalduz.

Egoera honen aurrean, herrialdeek ez zuten politika bateratu bat jarraitu arazoari aurre egiteko, eta hartu beharreko neurrien inguruko desadostasunak agerian geratu ziren:

  • Zenbait herrialdek, hala nola, AEBek edo Erresuma Batuak, politika deflazionistak jarri zituzten martxan. Gastu publikoa murriztu zuten, zergak igo zituzten eta zirkulazioan zegoen dirua eta maileguak murriztu zituzten. Helburua: prezioen gorakadari eustea.
  • Beste zenbait herrialdek, bereziki Alemaniak, inflazioa areagotu zuten neurriak hartu zituzten. Gerraosteko gastuei aurre egin ahal izateko (gerrako kalteordainak, herrialdearen berreraikitzea...), diru kantitate handiak jaulki zituen Alemaniako gobernuak. Berehala, prezioen gorakada are gehiago areagotu zen eta alemaniar txanponak (markoak) ondoa jo zuen. Alemania bere zorra ordaindu ezinda geratu zenez, Frantziak Alemaniako Ruhr eskualdea okupatu zuen, bertako meategien eta industriaren kontrola hartuz.

Ekonomiaren Berrezarpena: Dawes Plana eta Urre-Patroia

Europako ekonomia egonkortzeko, 1922an trukerako urre patroia ezarri zen. Honen bidez, urrea ez ezik, beste herrialdeetako txanpon erreserbak erabil zitezkeen norberaren txanpona babestu eta egonkortzeko.

1924an Dawes Plana onartu zuten. Honen helburua zen, batetik, alemaniar ekonomia egonkortzea eta, bigarrenik, nazioarteko tentsioa baretzea. Honen ondorioz, AEBek mailegu handi bat eman zioten Alemaniari, honek bere zorrak ordaindu ahal izateko bere hartzekodunei (bereziki, Frantziari eta Erresuma Batuari). Era berean, bi herrialde horiek, modu honetan, beraien zorra ordaindu ahalko zioten AEBei.

Azkenik, Alemaniak txanpon berri bat sortu zuen, reichsmarka, marko zaharra ordezkatu zuena. Egonkorra zen.

1920ko Hamarkada Zoriontsutik 1929ko Crackera

Munduko ekonomiak hedapen handia izan zuen 1920ko hamarkadaren bigarren erdian, bereziki, AEBetakoak. Industria berriak garatu ziren (automobilgintza, etxetresna elektrikoak, industria kimikoa...), energia iturri berriak zabaldu (elektrizitatea eta petrolioa), lan-eredu berriak (fordismoa eta taylorismoa) orokortu. Publizitatearen erabilera zabaldu zen eta epeka erosteko sistemak erabili ziren. Masa-kontsumoaren hasiera izan zen.

Baina hazkunde horrek bazituen ere bere mugak. Ekoizpena kontsumoa bera baino azkarrago hasi zen eta, bereziki, hainbat faktoreren ondorioz eskaria murriztean, gainprodukzio krisia sortu zen.

Honekin batera, inbertsio espekulatiboen arazoa zegoen. Hamarkadako azken urteetan orokortu egin ziren burtsan inbertitzeko banku maileguak. Burtsak ematen zituen irabaziak maileguek zituzten interesak baino handiagoak ziren eta, ondorioz, milaka estatubatuarrek eurena ez zen diruarekin jokatzen zuten burtsan. Baina burtsaren egoera oso ahula zen, desoreka handia baitzegoen ekonomia errealaren eta akzioen prezioaren hazkunde izugarriaren artean. Ekonomiaren geldialdiari buruzko zurrumurruak zabaltzearen ondorioz inbertitzaileek atzera egin zutenean, akzioen kotizazioak bat-batean jaitsi ziren eta izua nagusitu zen. 1929ko urriaren 24an, Ostegun Beltza izenez ezaguna den egunean, 13 milioi akzio jarri ziren salgai. Hurrengo asteartean beste horrenbeste gertatu zen. Merkatua kolapsatu zen eta gainbeherak 1933ra arte jarraitu zuen.

Depresio Handia: Krisiaren Hedapena

Burtsak behea jotzeak kate-erreakzioa sortu zuen. Burtsaren atzetik AEBetako ekonomia guztiak hondoa jo zuen:

  • Aurrezleen aurrezkia desagertu zen eta maileguak, kontsumoa eta inbertsioa murriztu ziren.
  • Bankuek ondoa jo zuten jendeak ez zituelako maileguak itzultzen eta beste askok aurrezkiak atera zituztelako.
  • Kontsumo pribatua jaistearen ondorioz, krisia industriara zabaldu zen eta langabezia asko hazi zen.
  • Langabezia-laguntzarik ez zegoenez, miseria langileen artean zabaldu zen.
  • Prezioek behea jo zutelako krisia nekazaritzara zabaldu zen.

Krisia sorreraz amerikarra bazen ere, berehala zabaldu zen Europara ere, bereziki AEBetako ekonomiarekiko menpekotasun handia zuten herrialdeetara. Europara krisia nagusiki bi bidetatik zabaldu zen:

  • AEBek Europan eginda zeuzkaten inbertsio eta maileguak aberriratu zituzten. Honek zenbait bankuk porrot egitea eragin zuen.
  • Gainera, AEBek ikaragarri murriztu zituen atzerrian egiten zituen erosketak eta, ondorioz, Europako ekonomia merkaturik gabe geratu zen.

Horrela, ekonomia- eta finantza-krisia Europara zabaldu zen eta langabezia-tasa Europan ere nabarmen hazi zen.

Depresio Handiari Amaiera: New Deal-a

AEBetan, Franklin D. Rooseveltek hartu zuen presidentetza 1933an. Rooseveltek ekonomia onbideratzeko programa keynesiar bat proposatu zuen, hau da, estatuak ekonomian esku hartzeko programa bat: New Deal-a. Plan honek ekonomia suspertu asmoz ekonomiaren sektore desberdinetan esku hartzea proposatzen zuen:

  • Banku sistemari laguntzak eskaini zitzaizkion, bankuek segurtasuna lortu eta berriro ere maileguak ematen has zitezen.
  • Lan publikoetan (errepide, trenbide...) inbertsio handiak egin ziren, ekonomia suspertu eta enplegua bultzatzeko.
  • Nekazaritza ekoizpena murriztu zuten, produktuen prezioak igo eta berriro nekazaritza errentagarri bihurtzeko.
  • Enpresa handien alde egin zuten, lehiakortasuna ezabatuz, krisi garaian egonkorragoak zirelakoan.
  • Langileen aldeko hobekuntza sozialak onartu ziren: sindikatzeko askatasuna, 40 orduko lan-astea.
  • Ongizate Estatuaren oinarriak ezarri ziren: erretiro-pentsioak, langabezia-prestazioak.

Programa honek ez zuen lortu ekonomia 1929ko krisiaren aurreko egoerara kolpetik itzultzea, baina krisiaren ondorio bortitzenak arintzea ahalbidetu zuen.

Entradas relacionadas: