Gerra Zibila Euskal Herrian: Autonomiaren Amaiera eta Bilboren Erorialdia
Gerra Zibila Euskal Herrian: Autonomiaren Amaiera
Burdin Hesia eta Bizkaiaren Konkista
Porrotaren eraginez, defentsako posizioak hartu eta defentsa-gerrikoa prestatu behar izan zen, Burdin Hesia, Bizkaia babesteko. Hala eta guztiz ere, baliabiderik ez zegoenez, sistema horrek industrialdearen zatirik handiena eta, azkenik, Bilbo babestu behar zuela pentsatu zen.
Bien bitartean, Mola jeneralak iparraldeko armada gidatzen jarraitu zuen, eta Bizkaia konkistatzea erabaki zuen, Espainia nazionalak gerrarekin jarraitzeko behar zuen industria-aberastasuna lortzeko. Gipuzkoako konkistan hiru mila gizonek hartu zuten parte, eta oraingoan berrogei mila bildu ziren: aurrealdean nafarrak eta atzealdean italiarrak, Kondor Legioko alemanen hegazkinekin babestuta.
Bonbardaketak eta Gernikaren Tragedia
Aurrerakuntza nazionala gogorra izan zen, Bizkaiko orografia zailaren eraginez, eta hegazkinek lan handia egin behar izan zuten frontea apurtzeko Otxandion, Durangon eta Gernikan. Azken herri horretan, 1937ko apirilaren 26an, alemanen bonbardaketak ehun eta berrogeita hamar hildakotik gora eragin zituen; propaganda errepublikanoak oso ondo erabili zuen hori, gerrako izugarrikeriak agerian jartzeko. Picassok, margolan ospetsua eginez, biktima-hiri nagusi bihurtu zuen Gernika.
Burdin Hesiaren Erorialdia eta Bilboren Galera
Mola jenerala hegazkin-istripuz hil zen, baina horrek ez zituen talde nazionalen planak aldatu. Dávilak, Mola ordeztuta, Burdin Hesiaren aurkako erasoari ekin zion; gerriko hori ez zen pentsatu bezain eraginkorra izan. Egoera hori larritu egin zen nazionalek gotorlekuko gune ahulak zein ziren jakin zutenean; gerrikoa egin zuen ingeniari nagusia eta eskuineko klandestinoa zen Alejandro Goikoetxea ingeniariaren bidez jakin zuten hori.
Fronteko lerroa apurtuta, nazionalak Bilbora hurbildu eta, Artxandatik, portuko hiri garrantzitsu horretara heldu ziren, 1937ko ekainaren 19an. Bien bitartean, euskal armadako hondar adoregabeak Bizkaitik joan eta Santoñan instalatu ziren. Bertan egoera zaila sortu zen: ezkerrekoak borrokan jarraitu nahi zuten, Errepublikaren mendeko gainerako lurretan; baina abertzaleak hondatuta zeuden EAEko azken probintzia galduta, eta boluntario italiarrei armak ematea erabaki zuten, Santoñako Ituna izenekoan.
Gerra Zibilaren Eragina Euskal Herrian
Gerra Zibila laburra izan zen gaurko EAEn, eta ez zen beste probintzia batzuetan bezain gogorra izan. Hala ere, Errepublikaren porrota agerikoa zen, horren mendeko gainerako lurrak isolatuta zeudelako, Frantziarekiko lotura galduta zegoelako, nazionalek itsas blokeoa ezarri ziotelako eta barne-gatazka politikoak izan zituztelako. Zapalkuntzari dagokionez, tokiko eskuinak bostehun kide galdu zituen, gehienak karlistak, eta kleroak berrogeita hamar elizgizon baino gehixeago galdu zituen. Hala ere, EAEko industria-ahalmena elementu erabakigarria izan zen nazionalek gerra irabazi ahal izateko.
Errepublikaren Bilakaera Politikoa eta Soziala
Gobernu Aldaketak eta Armagabetzea
Altxamenduaren ondorioz, Santiago Casares Quirogaren Gobernuak dimititu egin zuen berehala, eta Manuel Azañak gobernu berria eratzeko esan zion Diego Martínez Barriori. Horrek ezin izan zituen aurrera atera altxamendua geldiarazteko kudeaketak, eta, gainera, ez zion herriari armarik eman nahi; horrenbestez, uztailaren 19an dimititu egin zuen.