Gerra Zibila Euskal Autonomia Erkidegoan (1936-1937)

Enviado por Aitortxu y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,43 KB

Gerra Zibila Euskal Autonomia Erkidegoan: 1936ko Uztaila

1936ko uztailaren 18an, gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) bi zona geografikotan zatituta gelditu zen:

  • Araba: Aiarako harana izan ezik, indar nazionalean gelditu zen, Gaztela-Leonekin eta Nafarroarekin batera. Araban eta Nafarroan erreketeen ekintza masiboa erabakigarria izan zen.
  • Bizkaia eta Gipuzkoa: Errepublikari leial mantendu ziren, Santanderrekin eta Asturiasekin batera.

Gipuzkoan, eskuineko militar batzuk eta Loiolako kuarteletako tropak altxatu egin ziren, baina ezkerreko miliziek eta Guardia Zibilak altxamendua mendean hartu zuten. Bizkaian, Echevarría Novoa gobernadore zibilak probintzia lasai mantendu zuen, eta ez zen istilurik egon. Abertzaletasunaren zatirik handiena, Nafarroako eta Arabako Batzetako kide batzuk izan ezik, leialak izan ziren Errepublikarekin.

Defentsa Batzak eta Gipuzkoaren Erorialdia

Batzarren tradizioari jarraituz, Gipuzkoako Defentsa Batza sortu zen. Hori Fronte Popularreko, EAJko eta CNTko indar guztiek osatu zuten. Hala eta guztiz ere, haien arteko desadostasunek eztabaidak eragin zituzten, batez ere anarkisten eta abertzaleen artean, ez baitzuten modu berean ulertzen orientazio politikoa eta presoekin egin beharrekoa.

Irunen eta Donostiaren galera

Abuztuaren amaieran, Beorlegui koronelak, nafar boluntarioak eta iheslari gipuzkoarrak agindupean hartuta, erasoari ekin eta Irun hartu zuen, irailaren 4an. Hiri horren konkistaren ondorioz, iparraldeko zona errepublikanoa Frantziatik bakartuta gelditu zen. Irun erre egin zuten, nazionalek ez erabiltzeko.

Donostian, anarkistek etxez etxe defendatu nahi izan zuten hiria; baina abertzaleak hiria uztearen aldekoak ziren, defendatzeko aukerarik ez zegoela ikusita. Azkenean, nafarrek irailaren 13an hiriburua konkistatu ondoren, Gipuzkoa nazionalen mende gelditu zen. Hilabete horren amaieran, frontea Debaren haranean egonkortu zen. Hala ere, berrogeita hamar mila errefuxiatuk Bizkaira ihes egin behar izan zuten.

Abuztuaren 12an Bizkaiko Defentsa Batza eratu zen, eta, bertan, abertzaleek Gipuzkoan baino parte-hartze handiagoa izan zuten.

Eusko Jaurlaritza eta Euzko Gudarostea

Urriaren 7an, eskumen nagusiak Eusko Jaurlaritza sorberriaren esku gelditu ziren, Gorteek estatutua onetsi ondoren. Horrela, Manuel de Irujo Espainiako gobernuko lehen abertzalea izan zen.

José Antonio Agirre abertzalea lehendakari hautatu zuten, abertzaleen eta ezkerreko errepublikanoen arteko gobernu misto batean. Agirrek Euskal Herriaren ezaugarri nazionalak zaintzeko konpromisoa hartu zuen.

Bien bitartean, lurraldearen isolamenduak nolabaiteko independentzia ahalbidetu zuen. Eusko Jaurlaritzak hori aprobetxatu zuen zenbait gauza sortzeko:

  • EAEko dirua
  • Ertzaintza
  • Ikurrina
  • Nazioarteko politika
  • Euzko Gudarostea

Armada horrek hogeita bost batailoi izan zituen Fronte Popularrekoak (anarkistak barne) eta hogei batailoi abertzale.

Villarrealeko (Legutio) Erasoaldia

Azaroan, Eusko Jaurlaritzak Villarrealen aurkako erasoaldia abiatu zuen. Hori Arabako defentsa-sistemaren giltza baitzen; izan ere, bertan garaipena lortuz gero, Gasteiz erori egingo zen. Baina bertako defendatzaile urrien erresistentzia gogorra izatearen eta kanpo laguntza iristearen ondorioz, hasierako aurrerakuntza porrot bihurtu zen.

Entradas relacionadas: