Gerra Karlistak: Arrazoiak eta Ondorioak Euskal Herrian
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,99 KB
Lehen Gerra Karlista (1833-1839)
Arrazoiak: Lehen Gerra Karlista 1833an hasi zen, koroaren oinordetzagatik eta arazo ideologikoengatik. 1832an ondorengotza arazoak sortu zirenean eta hurrengo urtean Fernando VII.a hil zenean hedatu zen karlismoa. Karlistak, Karlos IV.aren (Fernando VII.aren anaia) alde zeudenak ziren (foruzaleak). Fernandok hil baino lehen Lege Salikoa aldatu egin zuenez, Karlosi tronua tokatu beharrean Isabeli egokitu zitzaion erreginaren kargua. Hau dela eta, liberalak eta foruzaleak aurrez aurre egongo dira, Karlos errege kargua borrokatuko duelako eta horregatik 1. Karlistada gertatuko da.
Ondorioak: Don Karlos eta haren milaka jarraitzailek erbesteratu egin behar izan zuten eta Frantziara joan ziren. Gatazkak euskal lurraldea suntsituta utzi zuen. Esparterok foruak mantentzeko hartutako konpromisoa izan zen Bergarako Besarkada posible egin zuena. 1839ko urriaren 25eko legeak euskal foruak onartu zituen, baina monarkiaren batasun konstituzionalari uko egin gabe. Batzuk ulertu zuten foruak batasun konstituzionalean sartzen zirela eta pentsatu zuten 1837ko konstituzioaren eranskin bat zela, bai eta foru erregimenerako lege-babes egokia ere. Uste zuten, legeak, berezitasun instituzionalari eta juridikoari eusten utziko ziela, esparru konstituzionalaren barnean. Beste batzuk lege indargabetzaile bezala ikusi zuten.
Lege hori aplikatzeko, Gobernuak errege-dekretu bat argitaratu zuen (Arrazola dekretua) eta batzar nagusiak eta foru-diputazioak berrezarri ziren. Foruak errealitate konstituzional berrira egokitzeko eta “foru-konponbidea” lortzeko batzordeak (lurraldeetako ordezkariak) eratu zituzten. Negoziazioak luzeegi jotzen ari zirela eta Madrilgo gobernuak Nafarroako ordezkariekin bat egin zuten eta 1841ean, Espartero jenerala erreginaorde zela, Nafarroako foruak aldatu zituen, Lege Hitzartua izenekoaren bidez. Urte berean, urrian eman zen lege berri baten bitartez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan foruak abolitu zituen (ordezkariekin negoziatu gabe). Nolabait esanda, euskal probintzien nortasun fiskalari eta militarrari eutsi zitzaion baina modu anbiguoan.
Liberal moderatuak boterea eskuratzean (1844-54), foruak berrezarri zituzten, baina lehen baino eskumen murriztuagoekin. 1844ko uztaileko Pidal Dekretuak Esparterok aduanak kostaldera eramateari eta foru-baimena kentzeari buruz hartutako neurriak berretsi zituen, baina batzar nagusiak, foru-diputazioak eta udalak berrezarri zituen. Hurrengo hamarkadetan, foruen arazoak eragozpen izaten jarraitu zuen, eta, neurri batean, beste karlistada bat eragin zuen 1872tik aurrera.
Hirugarren Gerra Karlista (1872-1876)
Arrazoiak: Hirugarren gerra 1872an hasi zen, Amadeo Saboiakoaren garaian, I. Errepublika eta Alfonso XII.aren garaietara luzatu zen gatazka. Batez ere Kataluinan, Nafarroan eta Euskal probintzietan izan zuen eragina. Montejurrako garaipen karlista aipatu beharra dago, baina ez zuten hiri garrantzitsurik menperatu. Bilbo konkistatzen saiatu ziren berriro eta oraingoan ere ez zuten lortu. 1833an gertatu zen bezala, karlistek eremu txiki bat kontrolatu zuten baina ez zuten onarpenik izan nazioartean. 1875 aldera, Karlos VII.ak jadanik galdua zuen gerra; armada liberalek Lizarra konkistatu zuten 1876ko otsailean eta ondorioz Karlos VIIak Espainiatik ihes egin zuen.
Ondorioak: Gerrak ondorio garrantzitsuak utzi zituen euskal lurraldeetan (okupazio militarra, deportazioak...). Gainera, Espainian, euskal foruen aurkako iritzia nagusitu zen, gatazkak eragin zituen hildakoengatik, batez ere. Hala, Espainiako probintzietako ordezkariak Gorteetara jo zuten euskal foru-erregimena mantentzearen aurka protesta egiteko. Hirugarren gerra karlistaren porrotaren ondoren, mendeetan indarrean egondako foru sistema (geratzen ziren hondarrak) bertan behera geratu zen. Cánovas Del Castillok, ”foru-konponbidea”- 1839ko legeak proposatua- 1876ko Konstituzio berriaren esparruan gauzatzea erabaki zuen.