Gerra Hotza: Jatorria, Blokeak eta Mundu Bipolarra
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,57 KB
Gerra Hotza: Jatorria eta Potentzia Nagusiak
Bigarren Mundu Gerrak suntsituta utzi zuen mundua, eta hildako asko eta galera material izugarriak eragin zituen. Bi potentzia nagusi nagusitu ziren: Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Sobietar Batasuna (SESB). Horrenbestez, Gerra Hotzeko tentsio-garaia hasi zen. Nazioarteko agertokiaren ezaugarri nagusia bi blokeen arteko tirabira iraunkorra izan zen.
Tentsio militarra izan zen nagusi; blokeek armamentu konbentzionala eta nuklearra etengabe ugaritu zituzten. Tentsio politikoa eta ekonomikoa ere izan ziren, oso desberdinak ziren bakoitzaren eraginkortasuna erakusteko: erregimen demokratikoa eta totalitarioa. Gatazka ideologiko honek eragin sakona izan zuen gizartearen kulturan eta pentsaeran, XX. mendeko bigarren erdian.
Blokeen Eraketa eta Tentsioen Hasiera
Herri aliatuetako buruzagiek zenbait bilkuratan hartutako erabakien arabera berreraiki zen mundua: Teheran, Yalta eta Potsdam. Garrantzitsuenak azken biak izan ziren, horietan Alemania okupatzea, zatitzea eta desmilitarizatzea erabaki baitzen, baita buruzagi naziak atxilotzea ere. Antzinako aliatuen artean elkarrekiko beldurra sortzen joan zen.
1947an, W. Lippmann kazetari estatubatuarrak lagundu zuen "Gerra Hotza" adierazpidea sortzen eta zabaltzen, bi blokeen arteko tirabirak adierazteko. Gerra Hotza 1947an hasi zen, Ameriketako Estatu Batuetako H.S. Truman presidenteak Kongresuari Greziari eta Turkiari laguntzeko baimena eskatu zionean; ezinbestekoa zen espantsionismo sobietarra geldiaraztea. Greziako Gerrak eragin handia izan zuen Gerra Hotzaren hasieran. Sobietar buruzagiek eta ideologoek estatubatuarren espantsionismoaz ohartarazten zuten. Sobietar Batasuna, une horretan, mundu komunistako ordezkari bakarra zen.
Gerra amaitu eta berehala, Sobietar Batasunak lagundu zuen Europako Ekialdeko herri gehienetan gobernu komunistak ezartzen. Lehenengo tirabirak Iranen eta Grezian sortu ziren. Iranek petrolio asko zuen. Grezian, gerra amaitu baino lehen, gerrillari komunisten eta talde monarkikoen arteko gatazka zibila egon zen.
Mundu Bipolarraren Finkapena
Bi gertaerek agerian jarri zuten mundua bi bloketan banatuta geratzen zela: mendebaldeko blokea, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) kontrolpean, eta ekialdeko blokea, SESBk kontrolatuta.
Marshall Plana eta Europaren Berreraikuntza
Marshall Plana: 1947tik aurrera, Ameriketako Estatu Batuek diru-laguntza handia eman zieten Europari, errazago suspertu eta sobietarren hedapena geldiarazteko. Estatubatuarren laguntzaren helburu nagusia oso argia zen: komunismoaren mehatxua Europatik urruntzea eta gobernu-sistema demokratikoen aldeko erdiko klaseak finkatzen laguntzea. Mendebaldeko Europa berreraikitzen laguntzeko, Marshall Planaren onurak hartu zituzten 17 herrialdek, 1948an, Ekonomia Lankidetzako Europako Erakundea (ELÉE) sortu zuten. SESBk eta haren aliatuek, 1949an, COMECON (Elkarrekiko Laguntza Ekonomikorako Kontseilua) sortu zuten, erantzun gisa.
Alemaniaren Zatiketa eta Berlingo Blokeoa
Alemaniaren Zatiketa: Berlingo blokeoa mundua elkarren aurkako bi bloketan zatitzea eragin zuen bigarren gatazka izan zen. 1945ean, Alemania eta Berlin hiria lau okupazio-zonatan banatuta geratu ziren.
Berlin sobietar zonaren barruan geratu zen, estatubatuar zonatik 160 km-ra. Blokeoak ia urtebete iraun zuen, eta hiriko zati horrek estatubatuarrek ezarritako aire-zubi iraunkorrari esker iraun zuen bizirik. 1949an bi estatu aleman sortu ziren: Alemaniako Errepublika Federala (AEF) eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED).
Blokeen Militarizazioa: NATO eta Varsoviako Ituna
Blokeen Militarizazioa: 1949an, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO) sortu zen. NATOren helburua herrialde sinatzaileen defentsa antolatzea zen. Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Kanada, Italia, Belgika, Luxenburgo, Portugal, Norvegia, Danimarka eta Islandia izan ziren hasierako kideak. Geroago, beste herrialde batzuk sartu ziren: Grezia eta Turkia (1952an), Alemaniako Errepublika Federala (1954an), besteak beste.
Ekialdeko blokeak, 1955ean, Varsoviako Ituna sortu zuen. 1961ean, Berlinen berriro ere gatazka sortu zen Berlingo Harresia eraiki zenean. Berlingo Harresia alanbre arantzadun eta elektrifikatuz beteta zegoen, eta "Burdinazko Hesiaren" ikur nagusia izan zen.