Gerra Hotza: Blokeen Arteko Gatazka eta Mundu Ordena Berria
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,65 KB
Bake-konferentziak: Yalta eta Potsdam
Aliatuek Versaillesko Itunaren hutsegiteetatik ikasi zuten. Hasieratik eztabaidatu zuten zer baliabide erabiliko zuten bake iraunkorra lortzeko. Gerrak agerian utzi zuen bi potentzia nagusi zeudela, eta munduko ordena berriak gertaera hori islatu behar zuen.
Yaltako Konferentzia (1945eko otsaila)
Yaltako Konferentzian, Stalin, Roosevelt eta Churchillen mintzagaia naziengandik askatu ondorengo Europako egoera izan zen. SESBeko armadak ordurako Ekialdeko Europa osoa askatu baitzuen. Ekialdeko Europan hauteskunde libre eta demokratikoak egiteko konpromisoa hartu zuen Stalinek, baina mendebaldeko ikuskapenik onartu ez zuenez, agindutakoa ezerezean gelditu zen.
- Alemania armadarik gabe geldituko zen eta lau zatitan banatuko zuten.
- Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortzea proposatu zen, nazioarteko erakunde bat, bakeari eusteko helburua izango zuena.
Potsdamgo Konferentzia (1945eko uztaila-abuztua)
Potsdamgo Konferentzian, aliatuen arteko desadostasun handiak agerian jartzen hasi ziren. Stalinen jokaera gogorra izan zen, hasieran itundutako mugak gainditzen zituzten lurralde-hedapenak proposatu baitzituen. Gauza bakarrean etorri ziren bat: naziek egindako gerrako krimenen arduradunen aurkako epaiketak hastea.
Nazio Batuen Erakundea (NBE)
Nazioen Elkarteak bakea zaintzeko eraginkortasunik ez zuela egiaztatu zenez, herrialde garaileek beste foro bat sortzea erabaki zuten: San Franciscoko Konferentzia. Bilera horretan, NBEren fundazio-gutuna idatzi zuten, eta bertan erakundearen lau helburuak zehaztu zituzten:
- Pertsonen eskubideak babestea, adina, sexua, arraza eta erlijioagatiko bereizketarik egin gabe.
- Bakeari eustea. Kide berriek uko egin behar diote indarra erabiltzeari, eta konpromisoa hartu behar dute herrialdeen arteko gatazkak era baketsuan konponduko dituztela.
- Herrien determinazio librea. Inperioak deskolonizatzeko ateak ireki ziren.
- Herrien arteko lankidetza. NBEk hainbat erakunde espezializatu sortu zituen, estatu kideek elkarri laguntza emateko gai garrantzitsuenetan.
Erabaki garrantzitsuenak Segurtasun Kontseiluak hartzen ditu.
Mendebaldeko Blokea
Estatu Batuen estrategia globala
Estatu Batuen kanpo-politikaren helburua: komunismoa ezartzearen aurka egitea sobietarrek Europan zuten eragin-eremutik kanpo. Aliantza militarren sarea sortu zuten mundu osoan. Aliantza asko indarrean daude. Ekonomia-laguntzak eman zituzten eta erakunde militar bat sortu zuten: Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO).
Beste aliantza batzuk:
- Rio de Janeiroko Ituna (Latinoamerikarekin)
- SEATO (Asiako hego-ekialdeko estatuekin)
- Bagdadeko Ituna (Ekialde Erdiko herrialdeekin)
Estatu Batuek aldebiko itunak sinatu zituzten zenbait herrialderekin, eta base militarren sarea izan zuten mundu osoan zehar.
Mendebaldeko blokeko politika-sistemak
Gerran aritutako mendebaldeko Europako herrialdeetan demokrazia ezarri zen, bai eta beste eskualde batzuetan ere. Gaur egungo demokraziaren oinarriak:
- Herri-subiranotasuna hauteskunde libreetan gauzatzen da.
- Botere politikoaren banaketa.
- Legeak hauteskundeen bidez hautaturiko parlamentuetan egiten dira.
- Gobernuak du botere betearazlea, eta kontuak eman behar dizkio parlamentuari.
- Herritarrei eskubideak eta betebeharrak aitortzen zaizkie.
- Politika-aniztasuna elkartzeko askatasunaren bidez gauzatzen da, eta berekin dakar alderdi politikoak sortzeko aukera, gobernura iristeko.
Ekonomia-sistema
Mendebaldeko blokeak ekonomia kapitalistari eutsi zion, Industria Iraultzatik garaturiko sistemari. Sistema horrek bi printzipio ditu: jabetza pribatua aitortzea eta merkatu librea egotea. Ekonomian estatuaren esku-hartzea areagotzea izan zen gerraren osteko berrikuntza nagusia.
Bloke Komunista
Bloke komunistaren eraketa
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, sobietarrek onartu zuten beren eragin-eremuan indar politiko guztien koaliziozko gobernuak eratzea: Polonian, Hungarian, Txekoslovakian, Errumanian eta Bulgarian. Alderdi komunistek ministerio nagusiak kontrolatzen zituzten, Stalinek bultzatuta.
Estatu Batuen ekimenen aurka egiteko, erakunde hauek sortu zituzten:
- Kominform (alderdi komunisten koordinaziorako)
- COMECON (Marshall Planari erantzuteko, herrialde komunisten ekonomiak koordinatzeko)
- Varsoviako Ituna (NATOri erantzuteko, aliantza militarra SESB eta bere sateliteekin)
Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) sortu zuten, sobietarren eraginpeko Alemaniako zatian.
Herri-demokrazien sorrera
SESBen babespean Europan ezarritako erregimenek "herri-demokraziak" esan zieten beren buruari. Alderdi bakarreko sistemak ziren. Komunistek gainerako alderdiak debekatu baitzituzten boterea bereganatu ondoren. Nahiz eta sufragio unibertsala izan, boto-emaileek ez zuten zenbait hautagairen artean aukeratzerik. Sistema horietan, botere politikoa ez zegoen banatuta zenbait erakunderen artean; alderdi komunistak botere guztiak bere eskuetan zituen. Ez zegoen batere askatasunik; herritarrek ez zuten adierazteko edo elkartzeko askatasunik.
Ekonomia planifikatua
Ekonomia kapitalista zuten Bigarren Mundu Gerra aurretik. Komunistek boterea bereganatu ondoren, ekonomia estalinista ezarri zuten, printzipio marxistetan oinarritutako ekonomia. Boterea bereganatzean, komunistek industria, merkataritza eta finantza-enpresak desjabetu egin zituzten, estatuaren jabetza bihurtzeko. Bost urteko planak jarri zituzten martxan, eta planetan industria- eta nekazaritza-ekoizpena finkatu zuten, monetaren balioa dekretu bidez zehaztu zuten, eta kanpo-merkataritza kontrolatu zuten.
Berlingo Harresiaren Eraikuntza (1961)
Alemania Gerra Hotzaren protagonista izan zen. Berlin bi sektoretan banatuta zegoen: mendebaldekoa AEB, Erresuma Batua eta Frantziarena zen (AEF), eta ekialdekoa, Ekialdeko Alemaniaren hiriburua. Bi eremuen artean alde handia zegoen: mendebaldeko sektorea askoz aberatsagoa zen ekialdekoa baino, eta bertako biztanleek, ekialdeko berlindarrek ez bezala, askatasun-erregimen zabala zuten. Agintari komunistek beren sektorea hiriko mendebaldeko sektoretik banantzea erabaki zuten, emigrazioa geldiarazteko. Hormigoizko harresia eraiki zuten, Berlin eta berlindarrak 30 urtez bananduko zituena. Harresia Gerra Hotzaren sinbolo bihurtu zen.
Misilen Krisia (1962)
Fidel Castrok Batista diktadorea kargutik kendu zuen, baina Estatu Batuek erregimen berriaren aurka egin zuten, eta kubatarrak SESBen blokera hurbildu ziren. Kuba misilak instalatzen hasi zen. Misilek AEBetara heltzeko ahalmena zuten. John F. Kennedy presidenteak Kubaren itsas blokeoa agindu zuen, sobietarren material militarra irits ez zedin. Beldur handia izan zen munduan, bi superpotentzien artean borroka zuzena gertatzeko aukera zegoelako. Khrustxev-ek Kubako sobietar baseak deuseztatzea onartu zuenez, tentsioa gutxitu zen.
Vietnamgo Gerra (1964-1975)
Urte horietako gatazkarik odoltsuena izan zen. Vietnam bi estatutan banatuta zegoen: Ipar Vietnam (gobernu komunistakoa) eta Hego Vietnam (komunisten aurkako erregimenekoa). Komunisten aldeko gerrilla sortu zen (Vietcong), herrialdea Ipar Vietnamentzat bereganatzeko. Kennedyk aholkulari militarrak bidali zituen Hego Vietnamera, erregimenaren porrota eragozteko. Beldur ziren: Vietnam erregimen komunista baten mendean bateratuz gero, sobietar blokeak beste herrialde asko bereganatuko zituela. Johnson presidenteak soldadu asko bidali zituen. Estatu Batuetan oso gutxik onartzen zuten gerra, luze jo zuelako, estatubatuar asko hil zirelako eta Vietcong-a garaitzen ez zutelako, nahiz eta Estatu Batuek nagusitasun militarra izan. Nixonek Estatu Batuen apurka-apurkako erretreta hasi zuen. Hego Vietnamek porrot egin zuen, eta herrialdea bateratu egin zen.
Bigarren Gerra Hotza (1979-1991)
Bakezko bizikidetza amaitu eta Gerra Hotza berpiztu zen. SESB misil nuklearrak kokatzen hasi zen (Euromisilen Krisia). Zenbait herrialdetako mugimendu gerrillarientzako laguntzak eta Afganistanen esku hartu zuen, herrialde horretako gobernuari laguntzeko (sobietarren aldekoa baitzen). Estatu Batuek misilak instalatu zituzten NATOren Europako zenbait basetan. Reagan presidentearen Defentsa Estrategikoko Proiektua (SDI, "Star Wars") jarri zuten martxan. Superpotentzien gastu militarrak handitu egin ziren, eta sobietarren ekonomia ahulduak ezin zien aurre egin. Mikhail Gorbatxov sobietarren lider berriak boterea eskuratzean, Gerra Hotzaren amaiera bizkortu egin zen: Maltako Gailurrean aldarrikatu zuten amaiera, eta Varsoviako Ituna desegitean berretsi zen.