Geologiaren Oinarrizko Kontzeptuak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,55 KB

Mineralak

Mineralak osaera kimiko eta egitura espazial zehatzak dituzten elementu (S, Au, Ag...) edo konposatu (SiO2, CaCO3) natural eta ez-organikoak dira.

Harriak

Baldintza fisiko-kimiko jakin batzuetan hainbat mineral pilatu eta trinkotzen direnean eratzen dira harriak. Naturan agertzen diren mineral-agregatu egonkorrak direla onartzen da. Gehienetan, mineral batez baino gehiagoz osatuta daude (granito harria, adibidez).

Diagenesia edo Litifikazioa

Harri sedimentarioak beste harri batzuen higaduraren ondorioz sortutako materialak pilatzen direnean sortzen dira. Sedimentuek harri sedimentario bilakatzeko jasan beharreko aldaketa-prozesuari diagenesia edo litifikazioa esaten zaio.

Harri Igneoak

Magma hoztu eta solidotzen denean sortzen dira harri igneoak. Magma lurrazalaren geruza sakonean edo mantuaren goiko aldean kokatutako harri urtzean sortzen da; fluido likartsua da, eta oso tenperatura altuetan egoten da.

Harri Igneo Bolkanikoak

Lurrazalean edo lurrazaletik oso gertu sortuak. Magmaren hozte-prozesua azkarra denez, oso kristal txikiak eratzen dira.

Harri Igneo Plutonikoak

Sakonera handitan sortuak dira. Hozte-prozesua motela denez, mineral-kristal handiak sortzen dira.

Harri Igneo Filonianoak

Zainetan azaltzen direnak. Zain esatean, arrakala baten tamainako intrusioetan agertzen direla azpimarratzen da. (Ezin dira sakonera handian sortu ezta lurrazalean sortu).

Harri Metamorfikoak

Presio eta tenperatura handitzean, harriek euren egoera solidoa galdu gabe izaten dituzten egitura- eta mineral-aldaketen multzoari metamorfismo esaten zaio.

Ukipenezko Metamorfismoa

Magma-intrusioek harrietan sortzen dituzten tenperatura-igoeraren ondoriozko metamorfismoa. Intrusiotik urruntzean tenperatura-aldaketa txikiagoa denez, metamorfismoa mailaz mailakoa da, hau da, handiagoa da intrusioa ukitzen duten arroketan.

Metamorfismo Dinamotermikoa

Kasu honetan, bai tenperatura bai presioa izango dira metamorfismoaren eragileak. Metamorfismo mota hori oso eremu zabaletan gertatzen da.

Harrien Zikloa

Harrien eraketa-prozesuak ezagutu ondoren, harri batzuk beste harri batzuetatik sortzen direla eta aldaketa-prozesu hori etengabe gertatzen dela ikusten da. Etengabe gertatzen ari diren prozesu eta eraldaketa horien multzoari Harrien Zikloa deitzen zaio.

Harri Konpetenteak

Baldintza zehatzetan deformatu beharrean apurtzeko joera duten harriak (zurrunak). Oro har, ez dira erraz higatzen: kareharriak, granitoak, hareharriak, marmolak.

Harri Inkonpetenteak

Baldintza zehatzetan, apurtu beharrean deformatzeko joera duten harriak (plastikoak). Oro har, erraz higatzen dira: lutitak, margak, ebaporitak.

Tolesa

Tolesa konpresio-indarren eraginez sortutako deformazio plastikoa da. Izan ere, toles geologikoak uhin-itxurako harrien deformazio jarraituak dira.

Diaklasak

Diaklasak indarren presioaren eraginez harria apurtzen denean eta horren ondorioz sortutako blokeak desplazatu edo mugitzen ez direnean sortzen diren arrakalak dira.

Erliebe Konformea

Mendiak tolesen antiklinalekin eta haranak tolesen sinklinalekin egokitzen direnean erliebe konformea da.

Erliebe Alderantzizkoa

Mendiak tolesen sinklinalarekin eta haranak tolesen antiklinalekin egokitzen direnean erliebe alderantzizkoa da.

Entradas relacionadas: