Geologia: Erliebea, Deformazioak eta Arriskuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 30,59 KB
Forma eta Altitudea
- Ordokiak edo lautadak: Lur-eremu zelaiak dira, gorabehera gutxiko lurralde zabalak. Goi-ordoki edo goi-lautadak ere tartean dira.
- Goraguneak: Altitude-alde handia eta malda pikoak dituzten lur-eremuak dira, eta itsas maila baino gorago egon ohi dira; adibidez, muinoak, mendixkak, mendiak eta mendikateak.
- Sakonuneak: Normalean lur-eremu zelaiak dira, eta itsas maila edo inguruko erliebea baino beherago egon ohi dira; esaterako, haranak eta arroilak.
Australiako erdialdea oso kratoi egonkorra da, eta oso higatuta dauden antzina-antzinako arrokaz osatuta dago.
Hedadura eta Adina
- Mazizoak, ezkutuak edo kratoiak: Lur-eremu zabalak dira, oso antzinakoak, oso higatuak eta oso egonkorrak, nagusiki arroka magmatikoz eta metamorfikoz osatuak.
- Arro sedimentarioak: Lur-eremu beheratuak dira, hedadura mugatukoak. Horrelakoetan, sedimentuak metatu ohi dira, eta arroka sedimentarioak eratzen dira. Adinaren aldetik askotarikoak dira, eta prozesu geologikoek gutxi-asko eraldatuta egon daitezke.
- Orogenoak: Mendikateak edo eremu menditsuak dira, eta berriki samar arro sedimentarioetako materialak goratzearen eta deformatzearen ondorioz sortuak dira gehienak.
Orogenesia
Prozesu geologiko endogenoen eraginez erliebeak goratzea eta berraktibatzea da (sumendien aktibitatearen eta lurrikaren ondorioz, adibidez), edota indar tektonikoen eraginez litosfera deformatzea. Prozesu horiek lur-eremu handiak goratzen eta deformatzen dituzte, eta lurralde azaleratu berriak sortzea ere eragin dezakete.
Gliptogenesia
Prozesu geologiko exogenoen eraginez lehendik dagoen erliebea edo eratzen ari dena modelatzea da; beraz, meteorizazioak, higadurak, garraioak eta sedimentazioak erliebea aldatzea. Prozesu horiek arrokak gastatzen dituzte, eta lurralde menditsuak biribildu, mazeletan ildaskak eginez eta sedimentu-metaketak sortuz.
Ziklo Geologikoa
- Hasierako lur-eremu batean, prozesu geologiko endogenoak eta exogenoak eragiten hasten dira, aldi berean.
- Indar tektonikoek lurra tolesten eta hausten dute, eta goratu egiten da (orogenesia). Aldi berean, prozesu exogenoek beren eragina dute.
- Prozesu geologiko exogenoek lurra gastatzen dute (gliptogenesia), eta prozesu endogenoek, bitartean, eragiten eta lurra goratzen jarraitzen dute.
- Prozesu geologikoen jardun jarraituaren eraginez, lurrek forma bereizgarriak hartzen dituzte, baina ez behin betikoak, prozesuek etenik ez baitute.
Erliebe Bolkanikoak
- Eraikin bolkanikoak: Sumendietatik irtendako materialak irteera-zuloaren inguruan metatzen dira, eta, hala, forma koniko gutxi-asko nabarmeneko mendiak eratzen dira; goialdean kraterra izaten dute.
- Uharte bolkanikoak: Itsaspeko sumendiek jaurtitako materialak metatu egiten dira, eta, urgaineratutakoan, uharteak eratzen dituzte, batzuetan zabal eta garaiak.
- Koladak: Laba solidotu ondoren sumendiaren oinean geratzen diren geruza zabalak dira. Kostaldeko sumendietatik irten eta itsasora iristen direnek lur-eremu berriak sortzen dituzte.
- Piroklasto-eremuak edo malpaisak: Lapilli- edo errauts-metaketa handiak dira.
- Galdarak: Horma oso bertikalez inguratutako sakonune handiak dira, eta eraikin bolkanikoak kolapsatu eta eraitsi ostean higatuak direnean eratzen dira.
- Pitoiak: Arroka bolkanikoko forma bertikalak dira, tximinien barruan eratuak, higadurak inguruko material solteak kendutakoan kanpoan geratu direnak.
Kokapen Plutonikoak eta Erliebea
Granitoen, dioriten eta abarren kokapenak, batzuetan, azaleratu egiten dira, prozesu exogenoek haien inguruko materialak kentzen dituztenean. Horrelakoetan, beraz, prozesu plutonikoek erliebean eragiten dute:
- Higaduraren eraginez gainazal kurbatuko plutoi handiak azaleratzen direnean, horiek ere higatu egiten dira gero, eta forma biribilduak hartzen dituzte (forma biribilduko harritzak edo bola-kaosak), edo domo deritzen kupula itxurako masa handiak eratzen dira.
- Gainazal lauko plutoiak azaleratzen direnean, harrizko eremu lauak eratzen dira, lauza edo xafla modukoak.
Litosfera Deformatzen Duten Indarrak
Plaka litosferikoen mugimenduen ondorioz, lurreko arroken gainean hiru indar-mota eragiten dute:
- Konpresio-indarrak: Indar konbergenteak dira. Lurra estutu eta loditu egiten dute.
- Distentsio-indarrak: Indar dibergenteak dira. Lurra mehestu egiten dute.
- Zizaila-indarrak: Noranzko kontrako indar paraleloak dira. Lurra bihurritzen dute.
Indar horiek arroken gainean denboran zehar eragiten dutenean, materialaren ezaugarrien arabera, hainbat deformazio-mota sor daitezke:
- Deformazio plastikoak: Materialak ez du bere jatorrizko forma berreskuratzen eta betiko deformatuta geratzen da. Normalean, konpresio-esfortzu geldo eta luzaroek eragiten dute. Ohiko egitura geologikoak tolesturak dira.
- Deformazio elastikoak: Materialak bere forma eta kokapena berreskuratzen du, esfortzua amaitzean edo tentsioa bat-batean askatzen denean. Horri errebote elastikoa esaten zaio, eta horrek lurrikarak eragin ditzake.
- Hausturak: Esfortzuaren ondorioz, materialak bere plastikotasun-muga gainditzen du eta apurtu egiten da, energia bat-batean askatuz. Energia askatze horrek ere lurrikarak sortzen ditu. Hausturak mota guztietako esfortzuekin (konpresio, distentsio eta zizaila) lotuta egon daitezke. Horrela sortzen diren egitura geologikoak diaklasak eta failak dira.
Lurrikarak
Lurrikarak, edo seismoak, lurraren astinaldiak dira, esfortzu tektonikoen ondorioz lurrean metatu den energia, hausturagatik edo errebote elastikoagatik, bat-batean askatzeak eraginak. Bibrazioak hipozentroan sortzen dira eta uhin sismiko moduan litosferan zehar hedatzen dira. Hipozentrotik gainazalerako puntu zuzenari epizentroa esaten zaio, eta hor da kalte gehienak gertatzen diren tokia.
Tolesturak
Tolesturak deformazio plastiko eta iraunkorrak dira. Estratutan jarrita dauden arroketan gertatzen dira, konpresio-esfortzu geldo eta jarraituen pean egotearen ondorioz.
- Ardatz-planoa: Tolestura bi erdi simetrikotan ebakitzen duen plano irudikaria da.
- Alpeak: Ardatz-planoaren bi aldeetara dauden tolesaren bi erdiak dira.
- Gontza edo ardatza: Tolesturaren kurbadura handieneko puntuak lotzen dituen lerroa da; bat etorri ohi da ardatz-planoak tolestura ebakitzen duen lerroarekin.
- Bergentzia: Tolesturaren ardatz-planoak plano bertikalarekiko osatzen duen angelua da.
- Okerdura: Alpeek plano horizontalarekiko osatzen duten angelua da.
- Norabidea: Gontzaren ardatzak iparra-hegoa norabidearekiko osatzen duen angelua da.
Hausturak
Formazio geologikoetan esfortzu tektonikoen pean egotearen ondorioz gertatzen diren apurketak dira. Bi eratakoak izan daitezke: diaklasak eta failak.
Diaklasak
Haustura txikiak dira, arroka-masetan nekez ageri ohi dira bakanka, eta hautsitako blokeen arteko mugimendu erlatiborik ez dute.
Esfortzu tektonikoen eraginez sor daitezke, baina baita arroka batek gainean zituen materialak higatu direla-eta jasaten duen deskonpresioagatik ere, edo kanpoko tenperaturaren eraginpean geratutakoan arroka uzkurtzearen eta dilatatzearen ondorioz…
Failak
Diaklasak baino haustura handiagoak dira, esfortzu tektonikoen eraginez gertatzen dira, eta hautsitako blokeen arteko desplazamendu erlatiboa dute.
Failak ere zenbait elementuk definitzen dituzte:
- Faila-planoa: Haustura-gainazala definitzen duen planoa da. Plano horren gainean desplazatzen dira blokeak.
- Blokeak: Haustura-lerroak bereizten dituen arroka-masaren bi zatiak dira. Blokeek desplazamendu bertikala izan badute, bloke bat goratua eta bestea hondoratua ageriko dira.
- Faila-jauzia: Failan gertatu den desplazamendua da. Bi modutara neur daiteke: faila-planoan zehar edo bertikalean. Lehena jauzi garbia da, eta bigarrena, malkarra.
- Okerdura: Faila-planoak plano horizontalarekiko osatzen duen angelua da.
- Norabidea: Faila-planoak iparra-hegoa norabidearekiko osatzen duen angelua da.
Zenbait faila mota bereizten dira, kontuan hartuz blokeen arteko mugimendu erlatiborik badagoen, faila-planoak zer kokapen duen eta zer esfortzuren ondorio diren:
- Normala: Faila-planoa bloke hondoraturantz okertuta dago. Bloke hori faila-planoan zehar grabitatearen alde desplazatu da, distentsio-esfortzuen ondorioz.
- Alderantzizkoa: Faila-planoa bloke goraturantz okertuta dago. Bloke hori grabitatearen kontra desplazatu da, konpresio-esfortzuen ondorioz.
- Urratze-faila: Faila-planoa horizontala da, blokeak ez baitira bertikalean desplazatu, horizontalean bakarrik baizik, eta ez dute okerdurarik. Zizaila-esfortzuen eraginez eratzen dira horrelako failak.
Meteorizazioa
Meteorizazio Fisiko edo Mekanikoa
Meteorizazio fisiko edo mekanikoak arrokak zatitzen ditu, haien konposizio kimikoan aldaketarik eragin gabe.
- Gelifrakzioa: Izotzaren eraginez arrokak haustea da. Ura arrailetan sartu, izoztu eta bolumenez handitzen da, eta, falka gisa indarra eginez, arroka hautsi eta zatiak askatzen dira. Mendietan gertatzen bada, harritzak sortzen dira (zati-metaketak mazeletan). Leku heze eta hotzetan da ohikoa.
- Termoklastia: Egunez eta gauez tenperatura-alde handia izatearen ondorioz arrokak disgregatzea da. Tenperatura-alde horrek arroken azalean eta barruan dilatazio- eta uzkurtze-ziklo desberdinak sortzea eragiten du, eta, horrek dakartzan tentsioen ondorioz, arroken azala altxatu egiten da. Mineralen artean dilatazio diferentziala badago, prozesua are bortitzagoa da. Termoklastia anplitude termiko handiko lekuetan da ohikoa; adibidez, basamortuetan.
- Urradura eolikoa: Haizeak arrastatutako partikulen inpaktuagatik arrokak zatitzea da. Lurzorua babesten duen landaretzarik gabeko lekuetan da ohikoa; adibidez, basamortuetan.
- Haloklastia: Gatzen eraginez arrokak birrintzea da. Arrailak ur oso gaziz beteta badaude, eta ura lurrundu eta gatzak kristaltzen badira, gatzek presioa egin, eta arrokak txikitu egiten dira. Leku idor eta kostaldekoetan da ohikoa.
- Deskonpresioa: Arroken gaineko materialek, higatuak izan direla-eta, zama-presioa egiteari uzteagatik arrokak pitzatzea eta haustea da.
- Izaki bizidunek eragindako meteorizazio fisikoa: Landareen sustraiak arroken arrailetan lodieran edo luzeran haztean arrokak haustea da.
Meteorizazio Kimikoa
Meteorizazio kimikoak arroken mineralak kimikoki alteratuz disgregatzen ditu arrokak. Meteorizazio mota hau klima bero eta hezeko lekuetan gertatzen da nagusiki, tenperatura altuek eta ura ugari izateak erraztu egiten baitituzte erreakzio kimikoak.
- Hidratazioa: Ura zenbait arrokaren egitura molekularraren parte bihurtzen denean gertatzen da (adibidez, buztin hedakorrarena). Arroka horiek hidratatzen direnean, bolumenez handitu egiten dira, eta deshidratatzen direnean, uzkurtu. Horrek tentsioak sortzen ditu, eta, mineralak banandu, eta arrokak disgregatu dira.
- Hidrolisia: Uraren ioiek (H+ eta OH-), mineral baten kristal-sarean sartu ostean, sareko atomoren bat desplazatzen dutenean gertatzen da.
- Disoluzioa: Halita, igeltsua eta beste mineral batzuk dauzkaten arroketan euri-urak gatzak disolbatzen dituenean gertatzen da. Ura ibili den lekuetan, mineralak disolbatzeagatik, arrokari ildaskak sortzen zaizkio.
- Karbonatazioa: Euri-urak karbonato arrokak disolbatzen ditu azido karbonikoa sortuz, eta horrela paisaia karstikoko formak eratzen dira, hala nola lapiazak, dolinak eta kobazuloak.
- Oxidazioa: Prozesu hau euri-uretan disolbatuta dagoen O2-ak eragiten du katioi metalikoak dauzkaten mineralez osatutako arroketan (burdina eta kobrea, adibidez). Euri-urak oxido disolbagarriak sortzen ditu, eta arroka, apurka-apurka, desegin egiten da. Formazioek burdin oxidoen kolore gorri eta arrea hartzen dituzte.
- Izaki bizidunek eragindako meteorizazio kimikoa: Hegaztien gorozkiek, likenek eta beste organismo batzuek askatzen dituzten substantziek arroketako mineralekin erreakzionatzen dute, eta meteorizazio kimikoa eragiten dute.
Lurzoruaren Konposizioa
Lurzoruaren konposizioa: Lurzorua arroka amaren gaineko material kontsolidatu gabea da, arrokak desintegratzeagatik sortua eta jarduera biologikoak eraldatua. Materia mineralez, materia organikoz, airez eta urez osatuta dago.
Lurzoruaren osagaiak hiru multzotan sailkatu daitezke:
- Solidoak: Alterazio-mantuko arroka zatiak dira, bai eta zenbait osagai organiko ere, hala nola humusa, landareen eta beste izaki batzuen hondakinen deskonposiziotik sortua.
- Fluidoak: Osagai solidoen arteko tarteetan dauden likidoak eta gasak dira: ura (substantziak ditu disolbatuta), aire atmosferikoa, eta lurzoruan bizi diren izakien metabolismoan sortutako gasak.
- Izaki bizidunak: Lurzoruan izaki bizidun ugari daude, baina batez ere mikroorganismo saprofitoek nabarmentzen dira, hondakin organikoak deskonposatu eta lurzoruari alkoholak eta azido organikoak gehitzen dizkiotelako.
Lurzoruaren Egitura
Lurzoruaren egitura jarduera biologikoaren eta uraren infiltrazioaren ondorioz eratzen da, eta hiru oinarrizko horizonte ditu:
- A horizontea, garbiketakoa edo lixibiaziokoa: Azalekoena da. Materia organikoan oso aberatsa da; adibidez, azido huminiko asko izaten du. Horizonte honetako geruza azalekoenean deskonposatu gabeko landare-hondakinak metatzen dira, eta 0 edo A0 horizontea deritzo.
- B horizontea, metaketakoa edo prezipitaziokoa: Aurrekoaren azpian dago, eta oso aberatsa da A horizontetik etorritako mineraletan eta mineral eratu berritan, hala nola burdin oxidotan eta hidroxidotan eta aluminioan edo kaltzitan.
- C horizontea edo erregolitoa: Lurzoruaren azpiko arroka ama zatitzean eta alteratzean sortutako materialez osatuta dago. Gero eta lodiagoa egiten da, lurzorua eratzean sortzen diren substantziak honaino infiltratzen direlako eta arroka ama disgregatzeko prozesua bizkortzen dutelako.
Lurzoruaren Eraketan Eragina Duten Faktoreak
Lurrazalean non dauden, lurzoruak ez dira berdinak, lurzoruaren eraketan eragina duten faktoreak aldatu egiten baitira eskualdetik eskualdera.
- Arroka ama mota: Lurzoruak zer testura eta zer konposizio mineralogiko izango dituen definitzen du.
- Malda: Malda handiko erliebeetan askoz zailagoa da alterazio-mantuak metatu eta lurzoruak eratzea, materialak mazelan behera erortzen dira eta. Aldiz, erliebe lauetan geruza askoko lurzoru sakonak eratzen dira.
- Landaretza: Gainazala landarez estalita badago, errazagoa da ura infiltratzea eta lurzorua garbitzea, eta, gainera, sustraiek lurzoruari eustea eta euri-urak arrasta dezan eragoztea.
- Klima: Zer klima mota dagoen, horren araberakoak izango dira prezipitazioen ugaritasuna eta erregimena, uraren lurrunketa eta tenperatura, eta horiek eragin zuzena dute materia organikoaren degradazioan, lurzoruaren garbiketan eta landaretza kantitatean.
- Jarduera biologikoa: Zenbat eta bakterio eta bestelako organismo gehiago egon, orduan eta errazago deskonposatzen da materia organikoa.
Multzo handitan sailkatzen dira, alboko laukian ikus daitekeen bezala: zonalak eta azonalak.
Lurzoruaren Erabilera eta Kontserbazioa
- Lurzoruaren higadura: Euriteek edo haizeteek, deforestazioaren ondoren, lur emankorra arrastatzen dutenean lurzoruaren higadura eta basamortutzea gertatzen da, eta hori saihesteko, landare-estalkia mantendu, sestra-kurbak errespetatu, laboreak txandakatu eta babes-neurriak ezarri behar dira.
- Lurzoruaren kutsadura: Nekazaritzako ongarriak, pestizidak eta herbizidak erabiltzeak eragiten du, bai eta hondakinak eta zaborrak botatzeak eta euri azidoak ere. Lurzorua kutsatuta egoteak bertako ekosistemak suntsitzea eta osasun-arriskuak agertzea dakartza.
Higadura, Garraioa eta Sedimentazioa
Arroken meteorizazioaren ondorioz sortutako material solteak mugiarazi egiten dituzte kanpoko agente geologikoek, horretarako nahikoa energia zinetiko baldin badute. Orduan, hiru prozesu gertatzen dira:
- Higadura: Material meteorizatuak kentzean arrokak apurka-apurka gastatzea da.
- Garraioa: Materialak beste leku batzuetara eramatea da. Garraioko prozesuan, material horiek gastatu egiten dira, edo biribildu, edo leundu.
- Sedimentazioa: Garraiatutako materialak arro sedimentarioetan jalkitzea da. Disolbatu ez diren zatiak, zer masa duten, jalki egiten dira garraio-agenteek abiadura galtzen dutenean eta energia zinetikoa gutxitzen zaienean. Uretan disolbatutako materialak, berriz, disolbagarritasuna aldarazten duen aldaketa termiko edo kimiko bat gertatutakoan hauspeatzen eta jalkitzen dira.
Hiru prozesu horiek, aldi berean eta batera, erliebeak modelatzen dituzte. Hauek dira agenteak: grabitatea, glaziarrak, ur kontinentalak, itsasoa eta haizea.
Grabitatearen Eragina
Grabitatearen eraginez, materialak mazeletan edo isurialdeetan maldan behera desplazatzen dira. Zenbat eta pikoagoa izan malda, eta zenbat eta landare-estalki gutxiago izan lurzoruak, orduan eta bortitzagoa da mugimendua.
Hiru mugimendu bereizten dira: arroka zatiak erortzea, material solteen masak irristatzea, eta lokatz-fluxuak.
Batzuetan arroka-bolumen handiei eragiten die, eta azkar batean mazelak oso-osorik desegiten dira. Mazelen oinetan arroka zatien metaketak sortzen dira.
Glaziarren Eragina
Glaziarrak izotz trinkoko masa handiak dira. Oso eskualde hotzetan eratzen dira, eta, izotzezko mihiak balira bezala, maldan behera mugitzen dira, oso mantso. Mugitze horretan, materialak arrastatzen dituzte, bai gertuko mazeletatik eroritakoak, bai glaziarren azpian dagoen arrokari erauzitakoak.
Glaziarrak bidean aurrera egite horretan, izugarri gastatzen du igarotako lekua. Sorburuan katilu formako egitura eratzen du, zirkua; mihian, U formako harana; eta bien hondoa ildaskaz eta arroka laiatuz betea geratzen da.
Gainera, arrastatutako material larrien metaketak edo morrenak sortzen dituzte, bai eta material finagoenak ere, tillita-eremuak, glaziarraren mutur-muturrean.
Ur Kontinentalen Eragina
Ur kontinentalak zenbait eratakoak izan daitezke:
- Ur basatiak: Maldan behera ezein ibilguri jarraitu gabe doazen prezipitazio-urak dira. Landaretzaz estali gabeko lurzoruetan, gainean material solteak izaten dituztela-eta, ildoak eta karkabak egiten dituzte, eta badland deritzen erliebeak sortzen dira.
- Uharrak: Ur-laster irregularrak dira, ez-iraunkorrak (prezipitazioak daudenean bakarrik aktibatzen dira). Ibilgu edo gainezkabide bati jarraitzen diote, eta, lurzorua zulatuz, sakanak eratzen dituzte. Higatutako materialak ibilguaren bukaeraraino arrastatzen dituzte, eta, hala, deiekzio-konoak eratzen dira.
- Ibaiak: Ur-laster iraunkorrak dira, uharrak baino handiagoak, eta ibilgu bati jarraitzen diote, menditik itsasoraino.
- Goi-ibilguan: Ur-lasterrek arroka zati handiak mugiarazten eta biribiltzen dituzte, eta, denboraren joanean, lurzorua zulatuz, zintzurrak, arroilak eta V formako haranak eratzen dituzte.
- Erdiko ibilguan: Ur-lasterrek zati xeheagoak garraiatzen dituzte (hareak eta lohiak), eta, lurzorua zulatuz, azpil formako haranak sortzen dituzte, zabalak eta ahurrak. Ibaiak meandroak egiten ditu, eta batzuetan uholde-lautadak eta ibai-terrazak ere eratzen dira.
- Behe-ibilguan: Harana oso zabala eta laua da, uholde-lautada handi batez eta meandro ugariz osatua. Sedimentazioa da nagusi, bokalean, batik bat; han, deltak eratzen dira batzuetan.
Itsasoaren Eragina
Itsasoak kostako arroken modelatuan eragiten du, olatuak, itsasertzeko lasterrak eta itsasaldiak tarteko direla.
Olatuek arroka zati xeheak arrastatu eta indar handiz jaurtitzen dituzte. Horrek kostan urradura eragiten du, eta, hala, labarrak eta urradura-plataformak eratzen dira.
Bestalde, olatu, itsasaldi eta itsaslasterrek material solteak leundu eta jalkitzen dituzte, eta, hala, hondartzak, tonboloak, barrak, geziak, padurak eta albuferak eratzen dira.
Haizearen Eragina
Haizeak erliebean eragina du, arroken gainean dauden material solte xeheenak mugiarazten baititu (deflazioa). Hala, arroka biluziko eremuak uzten ditu, eta arroka zati handiko eremuak edo basamortu harritsuak. Material xeheak (hareak) airean esekita doaz, eta arrokak jotzen dituzte. Horrek urratu egiten ditu, eta forma bitxiak eratzen dira (arkuak eta perretxiko formako harriak). Azkenik, hareak jalki egiten dira, eta duna-eremuak eratzen dira.
Modelaketan Eragina Duten Faktoreak
Erliebearen modelaketan zenbait faktorek dute eragina (klima, arroka mota eta lehendik zer erliebe dauden), eta faktore horiek baldintzatzen dute lekuan-lekuan zer agente geologiko dauden eta nola eragiten duten.
Hori dela-eta, hiru erliebe mota bereizi ohi dira, faktore nagusia zein den kontuan izanda: klimatikoak, litologikoak eta estrukturalak.
Erliebe Klimatikoak
Erliebearen modelaketan eragin handiena duen faktorea klima da, klimak baldintzatzen baitu eremu jakin bakoitzean agente batzuk izatea, eta ez beste batzuk. Klimak duen eraginagatik, zenbait modelaketa-zona bereizi ohi dira:
- Zona glaziarrak eta periglaziarrak: Hiru agente dira nagusi: gelifrakzio bidezko meteorizazio mekanikoa, glaziarrak eta grabitatea. Erliebe-formak, berriz, hauek dira: zirkuak eta U formako haranak, harri laiatuak, morrenak, tillita-eremuak eta harritzak.
- Zona epelak eta hezeak: Agente nagusiak meteorizazio kimikoa, lurzoruen eraketa eta ur kontinentalak dira, eta ibaiek eratutako forma tipikoak ohikoak dira.
- Zona desertikoak eta subdesertikoak: Ura urria dela-eta, agente nagusiak termoklastia, haizea eta grabitatea dira. Erliebe-formei dagokienez, berriz, badira basamortu harritsuak (eta, haietan, perretxiko formako eta arrakalaz jositako harriak) eta badira hareazko basamortuak (eta, haietan, dunak).
- Zona tropikalak eta ekuatorialak: Tenperatura altuak, hezetasuna eta izaki bizidun ugari direla eta, meteorizazio kimiko bizia gertatzen da, eta horren ondorioz bizkar biribilduak, arroila sakonak eta lurzoru lateritiko aberatsak eratzen dira.
Erliebe Litologikoak
Erliebeak zer arroka motaz osatuta dauden garrantzi handikoa da, asko baldintzatzen baitu prozesu exogenoen eragina: arrokek zer konposizio kimiko eta testura dituzten, higadurarekiko erresistentzia txiki edo handia izango dute.
- Buztinek uraren iragazkortasun txikia dutenez, klima epeleko lekuetan erliebe leunak eta ibaien formak sortzen dituzte, eta klima idorretan, aldiz, ur basatien eraginez badlandak eratzen dira.
- Kareharriak: Karbonatazioz disolbatu egiten dira, eta paisaia karstikoko higadura-formak eratzen dituzte. Bestalde, karbonato horiek kobazuloen barruan hauspeatuz gero, metaketa bertikalak eratu daitezke.
- Granitoak: Oso erresistenteak diren arren, arrakalak dituzte (diaklasak), eta, horietan zehar ura infiltratzen denez eta urak hidrolisia eragiten duenez, bloketan zatitzen dira. Horrela eratzen dira bola-kaos deritzenetan ohikoak diren ertz biribilduko blokeak.
Erliebe Estrukturalak
Arroken kokapenak ere eragina du modelaketan, arrokek higadurarekiko duten erresistentziarekin batera. Konbinazio horren arabera, zenbait egoera gerta daitezke:
- Estratu horizontaleko lekuetan: Ur kontinentalen eraginez, harmaila moduko erliebeak eratzen dira. Estratu gogorretan pareta bertikalak sortzen dira, eta bigunetan, berriz, malda leunak. Estratu gogor bakarrak zenbait estratu bigun babesten baditu, mesa deritzen lautadak sortzen dira.
- Estratuak inklinatuta edo bertikalean daudenean: Geruza gogorrak gailentzen dira, eta aldapak eta gandorrak sortzen dira.
- Failak izan dituzten lekuetan: Higadurak askoz eragin handiagoa du agerien dauden lekuetan edo leku ahulenetan: failako blokeen arteko aldea areagotzen du, eta bloke goratuak eta hondoratuak sortzen dira.
Arrisku Geologikoa
Arrisku geologikoa gizakiei, ondasun materialei edo inguruneari kalte egin diezaiekeen edozein egoera, prozesu edo gertaera geologiko da.
Arrisku Bolkanikoa
Sumendien inguruan lur emankorrak eta baliabide ugari daudenez, jendeak bertan finkatu ohi du bizilekua. Hala ere, erupzioek arrisku handiak dakartzate: heriotzak eta kalte materialak.
- Zuzeneko arriskuak: Leherketak, gas toxikoak, errautsak, piroklastoak eta laba-koladak.
- Zeharkako arriskuak: Laharrak, eraikinaren kolapsoak, tsunamiak eta klimaren hoztea.
Arrisku Sismikoa
Lurrikarek azpiegituretan kalte larriak eragiten dituzte, baita heriotzak ere.
- Zuzeneko arriskuak: Bibrazioak, eraikinen haustura, likidotzea eta mazelen ezegonkortasuna.
- Zeharkakoak: Suteak, uholdeak, akuiferoen desagerpena eta tsunamiak.
Diapiroek Eragindako Arriskuak
Gatz-diapiroak deformazio plastikoak sortzen dituzten egiturak dira. Gainazalerantz igotzean edo domoak eratzean, azpiegituretan eta eraikinetan desorekak sor ditzakete.
Prozesu Exogenoekin Lotutako Arriskuak
- Masa-mugimenduak: Harri-jausiak, luiziak eta lokatz-fluxuak mazelaren oinean kalte handiak sor ditzakete, eraikinak estaliz.
- Lurra hondoratzeko arriskua: Karstifikazioak lur azpian zuloak sortzen ditu eta hondoratzeak eragin ditzake.
- Lurzoru hedakorrak: Buztin edo igeltsu ugari duten lurretan, uraren eraginez bolumena aldatzen da eta horrek eraikinetan pitzadurak eta egonkortasun galera sortzen du.
- Uholdeen arriskua: Ibaiak, lur iragazgaitzak edo itsasoko uraren igoera direla eta gertatzen dira. Uholdeek kalte handiak eta hildakoak eragin ditzakete.
Arrisku-faktoreak
- Esposizioa: Zenbat jende eta ondasun dauden arriskupean.
- Arriskugarritasuna: Prozesu geologiko arriskutsua gertatzeko probabilitatea eta indarra.
- Kalteberatasuna: Kalteak zenbaterainokoak izango diren.
Faktore horiek aztertuta, arrisku-mapak egiten dira.
Arriskuak Planifikatzea
Arriskuei aurrea hartzeko eta kalteak gutxitzeko neurriak hartu behar dira:
Gertaerak Aurreikusteko Neurriak
- Kokapena: Iraganeko gertaerak mapetan kokatzea.
- Denbora: Epe luzeko estatistikak eta epe laburreko zaintza-sareak erabiltzea (gasak, tenperatura, meteorologia…).
Gertaerei Aurrea Hartzeko eta Zuzentzeko Neurriak
- Estrukturalak: Eraikuntza egokiak, dikeak, kanalizazioak, drainatzeak, lur egonkortzeak...
- Ez-estrukturalak:
- Lurralde-antolamendua: Etxeak eta azpiegiturak arrisku txikiko eremuetan jartzea, ebakuazio-bideak eta alarma sistemak prestatzea.
- Herritarren prestakuntza: Heziketa, informazioa eta babes zibileko protokoloak.
Geologia Ariketa: Deformazioak eta Gertaerak
Zer Deformazio Mota Ikusten Da?
Ikusten den deformazio mota da:
- Faila (fault): Estratu zaharragoetan (1-6) faila bat ikusten da. Estratuak desplazatuta daude eta haustura bat dago, batez ere 2 eta 3. geruzen artean nabarmena. Faila horrek antzinako estratuak moztu eta desplazatu ditu.
Zonan Izandako Gertaerak Azaldu
Gertaeren hurrenkera geologikoa hauxe da:
- Sedimentazioa: Estratu zaharrenak (1-6) jarraian metatu ziren. Fosilak dituztenak dira 3. geruzan, beraz, baliteke horiek itsas ingurune batean metatzea.
- Deformazioa eta faila: Estratu horiek inklinatuak daude eta faila batek desplazatu ditu. Horrek tektonikoki aktibo izan den fase bat adierazten du.
- Higadura: Failaren ondoren, azaleko zatiak higatu egin ziren, eta higadura-azalera bat sortu zen.
- Geruza horizontal berriak: Horren gainean 7, 8 eta 9. geruzak metatu ziren, horizontalak, eta ez dute deformaziorik; horrek adierazten du hauek geroago metatu zirela, deformazioaren ondoren.
- Higadura eta modelaketa: Azkenik, erliebe moderno bat garatu da (9. geruza).