Geografia Fisikoaren Kontzeptu Nagusiak eta Erliebea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,71 KB

Modelatu edo erliebe karstikoa

Erliebe karstikoa kareharriz eratuta dauden lurraldeetan uraren higadurak sortzen duen erliebe mota da. Harri-pitzaduretatik eta lurpeko urek sortzen dute erliebe hau, Aro Tertziarioan tolestutako Aro Sekundarioko harriek osatua.

Erliebe honen formak hauexek dira:

  • Lapiazak, zintzurrak eta poljeak.
  • Dolinak eta ubalak.
  • Estalaktitak eta estalagmitak.

Penintsulan ondoko alde hauetan aurki daiteke: Pirinio aurreko mendietan, Euskal Mendietan, Kantabriar mendikatearen ekialdeko zatian, Iberiar mendikatean, Kataluniako kostaldeko mendikatearen zati batean eta Mendikate Subbetikoan.

Desertifikazioa edo basamortutzea

Inguru lehorretako, erdi-lehorretako eta azpi-hezeetako lurrak degradatzea da; lurzoruaren geruza emankorra suntsitzean datza. Basamortutzearen hainbat faktore aurki daitezke: naturalak eta gizakiaren eragina.

Espainian arazorik handiena duten inguruak honako hauek dira:

  • Mediterraneoaren kostaldea.
  • Guadalquivir eta Ebro ibaien haranetako inguru lehorrenak.
  • Ur-baliabideen gehiegizko ustiapena duten eremuak: bi Gaztelak, Extremadura eta Kanariar Uharteak.

Arro hidrografikoa

Lurraldearen atal bat da, non bertako urak ibai nagusi batera eta horren ibaiadarretara iristen diren. Ezaugarri hauek dituzte:

  • Uren banalerroen bidez bananduta daude. Banalerroak mendi-tontorrek osatzen dituzte.
  • Arroan, ibaiak ohe batetik mugitzen dira eta modu hierarkikoan antolatutako sarea osatzen dute, azpi-ibaiadarretatik eta ibaiadarretatik hasi eta ibai nagusira iritsi arte.

Iberiar Penintsulan hauek dira arro nagusiak: Miño, Duero, Tajo, Guadiana, Guadalquivir, Ekialdeko Pirinioak, Ebro, Turia, Júcar eta Segura.

Uren muga-lerroa edo uren banalerroa

Isurialdeak banatzen dituen mendi-tontorrek eratzen duten lerroa da. Isurialde bakoitzean, itsaso berera isurtzen dute lurralde horren ibaiek, beren arroak eratuz. Iberiar Penintsulan bi banalerro daude eta Kantauri mendikatearen erdialdean dute elkargunea. Horrela, hiru isurialde sortzen dira: Kantaurikoa, Atlantikoa eta Mediterraneokoa.

Euskal Herrian uren banalerro bat dago mendebaldetik ekialdera: Urduñako tontorretatik Hiru Erregeen Mahaira.

Landaredi potentziala

Eremu jakin batean, gizakiaren jarduerak ekosistema naturala aldatuko ez balu, izango litzatekeen landaredi egonkorra da. Lurralde batean berez sortzen den landaredia da, lurraren, klimaren, higaduraren eta abarreko egoerak ezartzen duen etapa ekologikoaren arabera, gizakion eraginik gabe.

Inguru bateko landaredia gizakion esku-hartzearen ondorioa denean, bigarren mailako landaredia deritzogu. Iberiar Penintsulan hiru motatako landaredi potentzialak azaltzen dira: boreal-alpetarra, eurosiberiarra eta mediterraneoa.

Ekintza-gune edo ekintza-zentroa

Goi- eta behe-presioko airearen inguruak dira lurrazaleko zirkulazioan. Beraz, bi motatakoak dira:

A) Goi-presioa edo antizikloia

1.016 milibarretik gorako presio atmosferikoa duen aire-eremua da. Haizeak horren inguruan mugitzen dira erloju-orratzen norabidean. Eguraldi egonkorra sortzen du. Iberiar Penintsulako eragileak: Polar Atlantikokoa, Eskandinaviakoa, Europar kontinentekoa eta Iberiar Penintsularen barrualdekoa.

B) Behe-presioa, depresioa edo borraska

1.016 milibarretik beherako presioa duen aire-eremua da. Haizeak horren inguruan mugitzen dira erloju-orratzen kontrako norabidean. Eguraldi ezegonkorra sortzen du, askotan euritsua. Penintsulako eragileak: Islandiakoa, Genoako Golkokoa, Europa kontinentekoa, Ipar Afrikakoa eta Penintsularen barruko aldekoa.

Entradas relacionadas: