Generoa eta Gizarte-Estratifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoan: Azterketa Sakona

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,65 KB

1.1. Gaiaren Delimitazioa

Lan honetan, generoaren eta gizarte-estratifikazioaren arteko harremana aztertuko dugu, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Bi kontzeptu horien arteko elkarreragina sakonduko dugu, nola bata bestean eragiten duen ikusiz eta gizarteko egituraketetan nola islatu eta errepikatzen den aztertuz.

1.2. Gaiaren Garrantzia eta Interesa

Genero eta gizarte-estratifikazioaren arteko harremanak izaera egiturazkoa du, ez anekdotikoa. Gaur egungo gizartearen antolamendua ulertzeko ezinbestekoa da bi fenomeno horiek nola elkarri eragiten dioten aztertzea. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere, garapen sozial eta ekonomiko maila handia izan arren, generoaren araberako desberdintasun estrukturatuak bizi-bizi dira.

Adibideak:

  • Genero-soldata-arrakala: Emakumeek, gizonek baino prestakuntza akademiko handiagoa izan arren, lan prekarietatean eta soldata txikiagoetan kokatzen dira. Honek erakusten du generoak lan-merkatuan eragin zuzen eta sistemikoa duela.
  • Zaintza-lanaren banaketa desorekatu eta ez-ordaintua: Emakumeek, lanean aritu arren, etxeko lanen eta zaintza arduren pisua eramaten jarraitzen dute. Egoera honek "jornada bikoitza" eragiten du, emakumeak gainkargaz bizi dira eta horrek beren ongizate fisiko eta psikologikoa kaltetzen du.
  • Genero-indarkeria: Emakumeen kontrako indarkeria sistemikoa da eta, askotan, instituzioek modu eraginkorrean erantzun ez duten arazo bat da. Indarkeria honek emakumeen autonomia pertsonala mugatzen du eta, ondorioz, mugikortasun soziala zailtzen du.
  • Hezkuntza-esparruak: Genero-estereotipoek ikasleen orientazio akademiko eta profesionaletan eragina dute. Horrek, epe luzera, emakumeak sektore feminizatu eta gutxiago baloratuetara mugatzen ditu.

Gai honek interesa du, ez bakarrik fenomeno soziologiko gisa, baizik eta gizarte-berdintasunaren aldeko politika eraginkorrak diseinatzeko tresna gisa ere bai. Gai hau jorratzea funtsezkoa da gizarte justu, inklusibo eta berdinzale bat eraiki nahi badugu.

1.3. Kontzeptu Nagusien Definizioa

Lan honetan bi kontzeptu nagusi izango dira aztergai: generoa eta estratifikazio soziala.

Generoa

Ez da soilik sexu biologikoarekin lotutako kontzeptua, baizik eta gizarteak eta kulturak pertsonen gainean ezartzen dituzten rol, jokaera, itxaropen eta identitate multzoa da. Generoa, horrela ulertuta, konstruktu soziala da eta testuinguru historiko, kultural eta sozial jakin batean eraikitzen da. Generoaren araberako esleipen sozialek ezaugarri maskulinoei balio handiagoa ematen diete, eta horrek hierarkizazio soziala sortzen du. Adibidez, lan maskulinizatuak baloratuagoak eta hobeto ordainduak dira, lan feminizatuen aldean.

Estratifikazio soziala

Gizartea maila sozialetan egituratzeko modua da, non pertsonek eta taldeek posizio jakin bat betetzen duten baliabideetara sarbidearen, boterearen, prestigioaren edo kapital ekonomiko eta kulturalaren arabera. Estratifikazio hori ez da neutrala, eta generoa faktore zehatz eta determinatzaile bat da egituratze horretan. Horren ondorioz, emakumeek sarritan posizio baxuagoetan kokatzen dira, eta horrek beren bizi-aukeretan murrizketak dakarzkie.

Kontzeptu hauek ulertzea ezinbestekoa da gizartean ematen diren desberdintasunak eta botere-harremanak identifikatzeko eta horiek nola erreproduzitzen diren aztertzeko.

1.4. Problematikaren Zehaztapena

Gaur egungo gizartean, generoaren araberako diskriminazioa eta gizarte-estratifikazioa ez dira fenomeno isolatuak, baizik eta elkarrekin lotutako egitura sozialak dira, zeinak desberdintasunak sortu eta mantentzen dituzten hainbat esparrutan. Generoaren eta estratifikazio sozialaren arteko harremanak errealitate sozial eta ekonomiko asko azaltzen ditu, eta problematika hau eguneroko bizitzako alor guztietan islatzen da: hezkuntzan, lan-merkatuan, etxeko eginkizunetan, harreman pertsonaletan eta baita politika publikoetan ere.

Gizarte-estratifikazioa pertsonak maila sozial ezberdinetan kokatzen dituen sistema bat da, eta sistema hori ez da neutroa: hainbat irizpide kontuan hartzen ditu, hala nola klase soziala, hezkuntza-maila, jatorria, eta, bereziki, generoa. Horrek esan nahi du emakumeak —eta are gehiago genero-aniztasuna duten pertsonak— maiz posizio subordinatuetan daudela, eta aukera berdintasunik gabe bizitzen dutela egunerokoa.

Ondorio zehatzak:

  • Lan-munduan: Emakumeak sektore feminizatuetan (zaintza, garbiketa, hezkuntza) kontzentratzen dira, eta lan horiek normalean prestigio eta soldata baxuagokoak izaten dira. Horrez gain, kristalezko sabaiak emakumeen sustapen profesionala oztopatzen du, eta zuzendaritza karguetara heltzeko aukera mugatzen.
  • Etxeko esparruan: Zaintza-lanak eta eguneroko etxeko ardura gehienak emakumeen gain daude, eta lan horiek ez dira ordaintzen, ezta sozialki baloratzen ere. Horrek ez du soilik eragin ekonomikoa: denbora librearen murrizketa eta autozaintzaren falta ere eragiten du.
  • Genero-indarkeria eta diskriminazio instituzionala: Oraindik ere oso presente daude, eta horrek emakume askoren segurtasuna eta askatasuna murrizten ditu. Eguneroko erasoek eta mehatxuek emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa baldintzatzen dute.
  • Hezkuntza-esparruan: Genero-estereotipoek haurren eta nerabeen etorkizun profesionalak baldintzatzen dituzte, batez ere emakumeak zientzia, teknologia eta lidergoaren bezalako arloetatik aldentzen dituztenean.

Egitura horiek guztiak elkarrekin lotuta daude eta elkar elikatzen dute, generoa gizarte-estratifikazioaren ardatz funtsezko bihurtuz. Ezberdintasun horiek sistematikoki normalizatu egiten dira, eta ondorioz, gizartean emakumeek jasaten dituzten desberdintasunak justifikatuta daudela irudikatzen da, askotan oharkabean.

Horregatik, generoaren eta estratifikazio sozialaren arteko harremana arazo sozial larri gisa ulertu behar da. Arazo hau ez da pertsonala, ezta kasu isolatuen emaitza ere: egiturazkoa eta kolektiboa da, eta erantzun instituzional eta sozial koordinatua behar du. Horretan ari da, neurri batean, mugimendu feminista, auzia gizartearen eta politikaren agendan jartzen eta desberdintasun estrukturalei aurre egiteko tresnak eskatzen. Beraz, elkarreragina al dute generoak eta gizarte estratifikazioak?

1.5. Hipotesia

Lan honen abiapuntua hauxe da: Generoari lotutako egiturazko desberdintasunek gizarte-estratifikazioaren sistemak indartu eta betikotzen dituzte, eta horren ondorioz, emakumeek eta genero-aniztasuna duten pertsonek aukera berdintasuna eta gizarte-mugikortasuna lortzeko oztopoak dituzte. Hipotesi hau hainbat arlotan egiaztatu daiteke:

  • Lan-munduan, emakumeek pairatzen duten soldata-arrakala, lan prekarietatea eta lan feminizatuen kontzentrazioa.
  • Etxeko esparruan, zaintza eta etxeko lanaren karga ez-ordaintua emakumeen gain dagoela.
  • Genero-indarkeriaren eta diskriminazio instituzionalaren ondorioz emakume askok askatasun falta eta segurtasun eza bizi dute.
  • Hezkuntza eta sozializazio prozesuak, zeinetan genero estereotipoek haurren eta gazteen etorkizun profesionala eta auto-perzepzioa baldintzatzen duten.

Ondorioz, genero-dimentsioa gizarte-estratifikazioaren funtsezko osagai bat da. Ez da soilik faktore bat gehiago: gizarte-egituraren oinarrian dagoen elementu sistemikoa da, zeinak desberdintasun sozialak elikatzen, iraunarazten eta justifikatzen dituen. Beraz, hipotesi hau ezagutza teorikoan ez ezik, eguneroko bizitzan eta egitura sozialetan ere oinarritzen da.

Entradas relacionadas: