Genero Estratifikazioa EAEn: Desberdintasun Historikoak eta Gaurkoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,25 KB
Sarrera
Gaiaren mugaketa
Lan honetan, EAE mailan gaur egun eta historikoki generoak gizarte estratifikazioarekin izan duen lotura aztertuko dugu. Konkretuki, emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasun eremuak jorratuko ditugu, gaur egungo eta historikoki izandako datuak aurrez aurre erakutsiz.
Gaiaren interesa eta garrantzia
Gaur egungo errealitatearekin bat dator hautatu dugun gaia. Genero desberdintasunek bilakaera historiko izugarria izan dute, eta gizarteak aurrera egin ahala, honen inguruan aurrerapauso asko eman direla aitortu beharra dago. Hori geroz eta gehiago indartzen ari den mugimendu feministari esker izan da. Mugimendu honek auzi hau erdigunean jarri du, eta horri esker, gatazka hau instituzioetara iritsi eta beraien gaien parte izatera igaro da. Hala ere, ultraeskuineko politikak lortutako aurrerapena atzera botatzeko nahia edo joera du.
Kontzeptu nagusiak
Aldez aurretik, generoa eta estratifikazioa zer diren azalduko dugu:
- Estratifikazioa: Belaunaldiz belaunaldi iraunarazten den gizartean emandako klasifikazio edo hierarkizazioa da, gizartea mailaka antolatzeko modua, non aukera, baliabide eta boterearen banaketa desberdina den. Klase soziala, generoa, adina edo etnia dira erabiltzen diren aldagai nagusiak.
- Generoa: Gizonak eta emakumeak desberdintzen dituen sinesmen, ezaugarri pertsonal, jarrera, sentimendu, balio, jokaera eta jardueren multzoa da. Ematen den desberdintze hori gizartea eraikitzen den heinean sortzen da.
Problematika eta galderak
Esan bezala, estratifikazioak eta generoak gizon eta emakumeen arteko banaketa dakar, eta esparru askotan banaketa hori desorekatua da. Baina, zein esparru zehatzetan ematen da emakume eta gizonezkoen estratifikazio hori? Zeintzuk dira gaur egun aurki ditzakegun desoreka nabarmenak generoari dagokionez?
Hipotesia
Sinesmen ideologiko askoren arabera, desberdintasun hori jada ez da existitzen, berdintasun osoan bizi garelakoan. Argi dago, ordea, auzi hau oraindik ez dela desagertu eta bizirik jarraitzen duela. Izan ere, gizarteko esparru eta sektore guztietan ematen den problematika baita, eta txosten honetan ikusiko ditugu zeintzuk diren ezberdintasun eta zailtasun nagusiak generoaren esparruan.
Garapena: Genero Desberdintasunen Eremuak
Atal honetan aztertuko ditugu gaur egun emakumeek dituzten zailtasun eta desberdintasun nagusiak. Hauek dira zentratuko garen arloak: genero-indarkeria, lan munduko desberdintasunak, hezkuntza eta zaintza.
Genero-indarkeria EAEn
Genero-indarkeriaren gaia jorratuz, esan dezakegu gaur egun oraindik gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak nabariak direla, eta horrek hainbat esparrutan bereizketa bat ematea eragiten duela. Genero-indarkeria «emakume izate hutsagatik emakumeen aurka ematen den indarkeria» bezala definitzen da, eta gaur egungo sistema patriarkalaren ondorio da. Horrek botere-harreman desorekatuak sortzen ditu. Genero-indarkeriak generoaren desberdintasunean, boterearen abusuan eta arau kaltegarrien existentzian du jatorria.
Emakumeen aurkako indarkeria motak:
- Indarkeria fisikoa: Bortxazko elementuak eta sexu-indarkeria barne.
- Indarkeria psikologikoa: Min eta lotura emozionalarekin erlazionatzen dena.
- Indarkeria ekonomikoa eta soziala.
EAEko datuei erreparatuz, argi geratzen da alor honetan desberdintasun nabaria dagoela; izan ere, emakumezkoek askoz ere intzidentzia altuagoa dute gai honetan, hau da, biktima emakume askoz ere gehiago daude. Emakumeak eta gizonak genero-indarkeriaren biktima izan daitezkeen arren, alde nabarmenak daude intzidentziari, ereduei, inpaktuari eta baliabideak eta laguntza eskuratzeari dagokienez. Garrantzitsua da desberdintasun horiei modu integralean eta generoarekiko heltzea, Euskadin eta beste edozein lekutan genero-indarkeriari erantzun eraginkorra eta bidezkoa emango zaiola bermatzeko. Izan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ondorio larriak eta iraunkorrak izan ditzakete beren osasun fisiko, mental eta emozionalean, bai eta zailtasun ekonomiko eta sozialak ere.
Generoa eta enplegua: Soldata-Arrakala eta Prekarietatea
Agerikoa da gaur egun generoen arteko desberdintasun nabariak daudela; desberdintasun horren eragina nabarmena da lan munduan eta emakumeek lan egiteagatik jasotzen duten soldatan, gizonekin alderatuta. Emakumeen eta gizonen enplegu-jardueraren aldea handia izan da beti, baina azkenaldian txikitzen joan da, hau da, aurrerapenak egon dira.
Genero desberdintasun honek eragin handia dauka, baita ere, EAEko langabezia-tasan. Langabezia-tasarik handiena emakumeek dute, adin, sektore eta lurralde historiko guztietan. Urteak pasa ostean aldaketa handiak egon diren arren, emakumeen langabezia-tasa ia beti izan da gizonezkoena baino altuagoa.
Prekarietateak eragin handia dauka, bereziki, feminizatutako lan-sektoreetan, batez ere honako lanetan:
- Pertsonen zaintza
- Garbiketa eta mantentze-lanak
- Merkataritza eta ostalaritza
Esparru horietan emakume etorkinen presentzia nabarmena dela azpimarratu behar da. Enplegu prekarioa oztopo objektiboa da kontziliazio-neurrietara heltzeko. Lan egonkorrik ez izateak, behin-behinekotasunak, soldata prekarioak eta enpleguaren kalitate eskasak ahultasun soziolaboral handiko testuingurua sortzen dute. Testuinguru horretan, lanpostuari eusteak eta enplegu normalizatuaren bila aurrera egiteak du lehentasuna. Horregatik, bai amatasuna, bai kontziliazio-neurriak eskatzea lekuz kanpo dago. Arrazoiak hauek izan daitezkeela hautematen da: lan-merkatutik bota ditzaketela edo prekarietatearen kronifikazioa ekar dezaketela.
Emakumeen eta gizonen soldaten artean dagoen aldeari soldata-arrakala deritzo. Emakumeek egindako lanari balio sozial eta ekonomiko txikiagoa ematen zaio, bereziki kualifikazio apaleko lanbide-kategorietan. Hau da, gizonek eta emakumeek ez dute balio bereko lanaren truke lansari berdina jasotzen. Horrez gain, balioespen-irizpideak ez dira eguneratzen, ez eta soldata-osagarriak ere. Emakumeak lan-munduan masiboki sartu zirenean, familiako ardurak ez ziren ekitatiboki banatu emakumeen eta gizonen artean, gehienbat emakumeen esku gelditu baitziren. Ondorioz, emakumeak lan-munduan sartu baziren ere, behartuta egon ziren soldata-igoerei uko egitera.
Desberdintasunak hezkuntzan
Hezkuntzaren arloan, desberdintasun handienetakoak adina eta generoa dira. Ikasiko diren ikasketen arabera, emakume edo gizon kopuru gehiago egongo da. Hezkuntzak eragin handia dauka etorkizunean jasoko diren soldatetan. Hala eta guztiz ere, emakumeek eta gizonek ez dituzte aukera-berdintasunik, emakumeek oso zaila dutelako goi-kargu batera heltzea, gizonezkoek beste ikasketa eta esperientzia maila bera izan arren. Hortaz, genero eta enpleguaren atalean aipatzen den moduan, emakumeak soldata baxuagoak edukitzera ohituta daude, eta gizonezkoek kargu altuetara iristeko erraztasunak dituzte.
Adibidez, Euskal Herrian lanbide heziketa zikloak ikastea zabalduagoa dago gizonezkoetan, emakumezkoetan baino. Bestalde, batxilergoa bezalako zikloak emakumezkoek gehiago egiten dituzte. Hala nola, emakumeak gehiago nabarmentzen dira osasun zientzietan, arteetan eta humanitateetan, eta gizonezkoak, aldiz, gehiago ingeniaritzan eta arkitekturan.
Joera hau nagusiki gertatzen da gazteek aukeratzen dituzten ikasketek atzean genero-rolen eragina dutelako. Rolak betetzera behartzen gaituzte umeak garenetik. Horren ondorioz, genero bakoitzari lotutako rol jakin batzuk bereganatzen dituzte, propioak edo zuzenak izan daitezkeenak.
Desberdintasunak zaintzan
Gaur egun, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialaren adibide argia zaintzaren esparruan aurki dezakegu. Zaintzarekin zerikusia duten lanak (ordainduak eta ordaindu gabeak) emakumearekin lotzen dira, eta erantzukizun hori guztia emakumeengan erortzen da. Ziurtzat jo da zaintza emakumearen betebeharra dela. Aipatzekoa da ohiko zaintzan genero-desberdintasun argiak dauden bitartean, ia ez ditugula desberdintasunik aurkitzen zaintza interaktiboan. Horrenbestez, emakumeek ahalegin eta denbora gehien eskatzen duten guraso-zaintzako zeregin gehienak betetzen dituzte.
Orobat, Emakunderen arabera, emakumeen %30ek ezin dute enplegu bat izatea planteatu, zaintzan dituzten ardurekin bateraezina delako; hau da, soldata bat sakrifikatzen dute ingurukoak zaintzeko duten betebeharragatik. Ikustekoa da alde argia dagoela gizonen eta emakumeen arteko zaintza-inplikazioaren artean.
Ondorioak
Lehen aipatu dugun bezala, lan honetan generoaren eta estratifikazioaren/desberdintasunen arteko lotura ikertu dugu. Kontzeptu hauen arteko harremanak bi generoen banaketa dakar, hots, gizon eta emakumeena, baina banaketa horren desorekak arazo sozial nagusi bat eragin dezake. Nahiz eta sinesmen ideologikoek hori deuseztatu, auzi hau oraindik ez da desagertu eta bizirik jarraitzen du, gizarteko esparru eta sektore guztietan ematen den problematika izanez.
Esparru desberdinetan ematen den generoen arteko banaketa desorekatua ikertu ostean, egiaztatu dezakegu desberdintasuna handia eta nabaria dela. Hasteko, historian izan den genero-desberdintasunak gaur egungo demografian eragin zuzena izan duela suma dezakegu, adibidez, emakumeek bizi-itxaropen handiagoa izateko joera dutela ikusita. Hori gerta daiteke, batez ere iraganean gizonek beren osasuna gutxiago zaintzen zutelako lanera irtetean emakumeak etxean geratzen ziren bitartean, edo edaten eta erretzen (izan ere, antzinan oker ikusia zegoen emakume batek edatea edo erretzea).
Gainera, korrelazio argiak ikus ditzakegu genero-desorekaren eta gizarte-arazoen artean. Esate baterako, enpleguari dagokionez, emakumeen okupazio-tasa gizonena baino dezente baxuagoa dela ikertzen dugu, eta langabezia-tasa askoz ere altuagoa. Gainera, emakumeen soldata baxuagoa dela eta lan prekarioagoak izateko joera dutela kontuan hartuta, emakumeak gizonarekiko mendekotasun ekonomikoa garatu dezakeela ikus dezakegu. Emakumea gizonaren menpe dagoenez, eta gizonak bizi-itxaropen laburragoa duenez, emakumearentzat gabezia-arazo handia sortzea da arriskua.
Generoen arteko desberdintasun horrek gizartean eragiten dituen arazo nagusiak hauek dira:
- Genero-indarkeria (emakumeen botere eza eta gizonen nagusitasuna dela-eta pairatzen duten indarkeria).
- Desoreka enpleguan eta soldata-arrakala.
- Hezkuntzan dauden aukera-desberdintasunak.
- Emakumeari egozten zaizkion zainketen erantzukizuna.
Ukaezina da arazo horiek eragin zuzena izango dutela gizarte osoan, modu negatiboan, eta beste arazo asko sortuko dituztela. Beraz, emakumea aukera eta balio inferioritatean mantentzen den bitartean, gizartearen bilakaera moteldu egingo da.
Hau guztia ikusita, jakin badakigu gizartea eraldatzen hasi dela emakumeentzako berdintasuna lortzearen alde, eta, zalantzarik gabe, aldaketa handia egon da denboran, antzinan zegoen genero-desoreka dezente handiagoa baitzen. Lortu denaren ia dena historian zehar eta gaur egun borrokan jarraitzen duen mugimendu feministari esker izan da. Dena den, kontuan hartu behar da, era berean, generoen arteko berdintasunaren aldeko borrokak aurrera jarraitzen duela, eta gizarteari lan handia geratzen zaiola helburu hau lortzeko.