Genero Desberdintasunak Hezkuntzan
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,97 KB
Genero Desberdintasunak Eskolan
Hasieran, emakumeak eskolatik baztertu zituzten. Ilustrazioko intelektual garrantzitsuenak, hezkuntzari buruz hitz egitean, goi-mailako gizonezko zuriengan pentsatzen zuten. XIX. mendetik aurrera emakumeak eskolan sartzen hasi ziren, baina "bigarren mailako ikasgai femeninoak" ikastera joaten ziren: diziplina, ohitura onak… Kasu gutxitan ikasten zuten lanbideren bat. Femenino gisa hartzen zen guztia gutxiesten zen. Mutilei eremu publikoan arrakasta izateko gaitasunak erakusten zitzaizkien. Emakumeei, ordea, eremu pribatuetan garatu beharra zegokien; baztertu egiten zituzten. Horrela, "izaki partzialak" izaten erakutsi zieten: eremu batean bakarrik moldatzen erakusten zieten. Eskola segregatuak nagusitu ziren; mutilentzako eskola bat eta neskentzako beste bat. Hortik aurrera, eskola mistoa zabaltzen hasi zen, mutilak eta neskak gela berean biltzen zituena. Azken urteetan, Derrigorrezko Hezkuntzaren ondorengo ikasketak feminizatu egin dira: mutil baino neska gehiago daude batxilergoan eta unibertsitateetan; gainera, mutilek baino emaitza hobeak lortzen dituzte.
Eskolako errendimenduan mutilek gainetik egoteari azalpenak bilatu nahi izan zaizkio. Ikerketa batzuek diote eskolak eskatzen dituen ezaugarriek (arauak betetzea, lasaitasuna...) bat egiten dutela neskek dituztenekin. Baita ere, neskek hizkuntza hobeto menperatzen dute, eta hori eskolan oso garrantzitsua da; haiek dituzten estrategia indibidualak ere garrantzitsuak dira. Mutilek, berriz, kiroletan, borrokan... trebatzen dira. Lehen, neskek lehentasuna familiari eta umeei ematen zieten, eta orain, aldiz, lanpostuari eta ikasketei; hau gertatzen da ekonomian hirugarren sektorea nagusitu delako eta horrek aukera gehiago eman dielako lan-merkatuan (ideia feministak hedatu ahala).
Eskola feminizatzeko prozesuak ez du ekarri hezkuntza-sisteman genero-berdintasuna lortzea. Desberdintasunak mantendu egin dira: neskek ikasketa femeninoak aukeratzeko joera dute (hezkuntza, zaintza). Pertsonekin edo emozioekin lan egiten duten ikasketak aukeratzen dituzte; mutilek, aldiz, gauzekin lan egitea eskatzen duten ikasketak nahiago dituzte.
Eskola-curriculumean topa dezakegu genero-desberdintasuna: eskolan erabiltzen diren irudiek sexuen irudi estereotipatuak erakusten dituzte. Horregatik, emakumeek historian zehar izan duten zeregin garrantzitsua berreskuratzeko ahaleginak agertu dira.
Ezkutuko curriculumari dagokionez, ikertu da neskek eta mutilek eskolan jasotzen duten tratua. Neskek mutilek baino arreta gutxiago jasotzen dute irakasleengandik, eta mutilak ikasgelan nagusi izaten dira. Horrek ez du eraginik emaitzetan, baina bai nesken autokonfiantzan, eta horrek eragina du ikasketa motak aukeratzeko orduan. Hortaz, proposatu da berriz neskak eta mutilak banatzea, helburua nesken konfiantza indartzea izanik.