Genero Berdintasunerako Aurrerapausoak eta Erronkak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,44 KB
Genero eta sexuaren arteko desberdintasuna
Generoa ikuspegi soziokulturaletik ulertu behar da: sexu bakoitza sailkatzeko sistema, non pertsona bakoitzari sexuaren arabera sozializazio bat ematen zaion, hainbat ezaugarri barneratuz izaeraren parte bihurtu arte. Hau da, eraikuntza soziala da, kultura bakoitzean egokitzat hartzen den jarrera sozial edo kulturala. Sexua, aldiz, ezaugarri fisiko eta fisiologikoei dagokie, hots, organo genitalak adibidez. Ondorioz, genero ezberdintasuna gizonen eta emakumeen arteko aldeari dagokio, non gizartean aukera, posizio edota eskubide ezberdinak dituzten.
Amatasun eta aitatasun baimenak eta lan prekarioa
Aitatasun eta amatasun baimenak luzatzea eta berdintzea onuragarria izan da umearen zaintza eta behar duen arreta modu orekatu eta berdintsu batean aurre egiteko. Era berean, emakumeek egiten duten ordaindu gabeko lana aitortzea eta horiei estatu bat aitortzea eta ordainsaria ematea ere garrantzitsua da. Mendekotasun Legea sortzean, neurriak ezarri ziren emakumeek burututako lanari aitorpena emateko eta profesionalen gain hartzeko; horretarako, funtsezkoa da erakundeak sortzea. Hala ere, arazoak hor jarraitzen du, profesional horiek ere emakumeak direlako.
Adibidez, adineko pertsonak zaintzen dituztenak, dependentzia zaintzaileak. Lan ordutegien eta soldataren murrizketak eskaintzea kaltegarria izan da, batzuetan lan murrizketarekin batera soldata ere murrizten baita. Neurri hau eskatzen dutenen gehiengoa emakumea da. Honen barruan, soldata arrakala nabarmentzen da; emakumeek gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dute eta honek diferentziak areagotzen ditu, ez murrizten. Azkenik, aitaren parte-hartzea areagotzea emakumearen karga eta inplikazioa gutxitzeko onuragarria izan da, bien artean ardurak orekatuta egon daitezen.
Soldata arrakala eta lan mundua
2022an, soldata arrakalaren media 6.000 €-koa izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoan, soldata-arrakala % 22,6koa izan zen gizonen eta emakumeen artean. Lan munduan ematen da gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun handiena, soldata arrakala faktore nagusienetarikoa izanik. Arrazoi nagusia emakumeek lan egiteko zailtasun handiagoa izatea da, haurren zaintzaz arduratzen direlako. Ezberdintasun hauek aldatzeko, lan-munduan ordutegiaren aldaketa funtsezkoa da.
Emakumeen presentzia hezkuntzan eta politikan
Emakumeen presentzia ikasketa eremuan areagotu egin da; emakumeen eskolarizazioa handiagoa eta hobeagoa da iraganarekin alderatuta. Emakumeek, orokorrean, gizonezkoek baino nota altuagoak lortzen dituzte eta gehiago ikasten dute. Karrera asko feminizatuak daude; emakume gehiago daude gizonezkoak baino. Honek hainbat ondorio ekarri ditu: lanpostu maila altuagoa, ikusgarritasuna eta familia ereduan aldaketak. Politika esparruan, emakumeen presentzia handitu egin da. Emakumeen lan munduan sartzeko inplikazioa eta parte-hartzea igo egin da, eta honekin batera, ikasketak direla eta, emakumeen enplegu tasa ere igo egin da. Gaur egun, familia ereduak aldatu dira: haur gutxiago izaten dira, eta seme-alabak izateko adina luzatu da (lehenengo seme-alaba izateko batez besteko adina 34 urte da, eta gehienez bi seme-alaba izaten dituzte).
Ondorioak eta erronkak
Nahiz eta ikasketa eremuan emakumeen presentzia gero eta handiagoa izan eta hauek gizonezkoek baino ikasketa gehiago izan, oraindik ere desberdintasuna agerikoa da. Ikasketa desberdintasunak daude; sektore batzuk emakumezkoentzat dira (hezkuntza, erizaintza…) eta beste batzuk gizonezkoentzat (ingeniaritza, mekanika…). Emakumeak errentagarritasun eta soldata baxuagoa duten lanbideetan sartzeko ikasten dute. Politika eremuan berdin gertatzen da; nahiz eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa izan, kargu nagusienak (lehendakaritza, diputatuak…) gizonezkoen esku daude. Lan-merkatuan, nahiz eta emakumeen presentzia handitu, oraindik ere baldintza apalagoak dituzte: prekarietate tasa altua, lan ordutegi apalagoak, soldata baxuak, etab. Arazoa ez da emakumeak lan egiten duten edo ez, baizik eta sektore feminizatuak daudela. Lanbide feminizatuak gutxietsi egiten dira gizonezkoekin alderatuta, soldata eta prestigio baxuagoa dute, ordutegi kaxkarrak eta lan prekarioak dituzte, eremu pribatuko sektoreetan (adibidez, zainketa) lanean arituz. Sektore maskulinizatuetan, aldiz, soldata eta prestigioa handiagoa da. Ondorioz, emakumeak pobrezia egoeran bukatzeko arrisku handiagoa dute, batez ere lan eremuan dituzten zailtasunengatik.