Frankismoaren Oinarriak: Legeak, Ekonomia eta Nazioarteko Harremanak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,86 KB
Oinarri Juridiko-Politikoak: Erreinuko Oinarrizko Legeak (1938-1967)
Politikoki, bere helburua diktadura ezartzea da; Gobernuko eta Estatuko buruzagitza bere gain hartuko zituen. 1938-1967 bitartean instituzionalizazioa ezartzen da, prozesu luzea izan zen Frankismoaren jarraipena ziurtatzeko. Horren bidez normaltasun-itxura azaldu nahi zen atzerrian, eta horretarako "Estatuko Oinarrizko Legeak" ezartzen dira (konstituzio gisa).
Estatu berriaren boterea antolatzen zuten oinarrizko legeak hauek izan ziren:
Lanaren Forua (1938ko martxoa)
Lana eta bizitza ekonomikoa antolatzen zituen. Eredu kapitalista onartzea suposatzen zuen, baina sistema liberalaren "akatsik gabe"; jabetza pribatua onartu zen Estatuaren parte-hartzearekin. Klaseen arteko borroka desagertutzat ematen zen eta sindikatuak debekatu ziren. Horrela sortu zen Sindikalismo Bertikala, bakarra eta ofiziala.
Gorteak Eratzeko Legea (1942ko uztaila)
Gorteak sortu ziren, baina hauek ez zuten legegintza-gaitasunik ezta Gobernua kontrolatzeko ahalmenik; kontsultatua izatera mugatzen zen bere eginkizuna, Gobernua baitzen legeak egiten zituena, botere-banaketarik gabe. Gorteetako partaideak, "prokuradoreak", hiru sailetan banatuta zeuden, denak frankistak, Estatuburuak izendatuak eta hautatuak; haien artean militar eta apaiz ugari zegoen. Hemendik atera zen Demokrazia Organikoaren kontzeptua, erregimenari itxura liberala emateko.
Espainiarren Forua (1945eko uztaila)
Eskubide Aldarrikapenen papera bete nahi zuen, baina testuak eskubide-deklarazioak baino gehiago espainiarren betebeharrak eta Estatuaren egitura autoritarioa eta konfesionala azpimarratzen zituen.
Erreferendum Nazionalerako Legea (1945eko urria)
Oinarrizko legeak edo lege garrantzitsuenei buruzko herri-kontsulta onartzen zen, sufragio unibertsalaren itxura eginez.
Estatuburutzarako Ondorengotza Legea (1947ko uztaila)
Espainia erreinu gisa eratua aldarrikatzen zen, Estatuburua bizitza osorako Franco zelarik (ez errege bat), eta ondorengotza arautzen zuen. Horrela, frankismoak Franco gabe iraungo zuen, eta haren esku utzi zen etorkizuneko erregea izendatzeko ahalmena, 1969an egingo zuena, Mugimendu Nazionalaren ondorengo ofiziala Juan Carlos Borboikoa izendatuz.
Mugimendu Nazionalaren Oinarrizko Printzipioen Legea (1958ko maiatza)
Gorteetan eztabaidarik gabe aldarrikatu zuen Francok lege hau. Falangearen doktrina eta alderdi bakarra zela onartzen zen. Edozein kargu publiko zin egin aurretik onartu behar ziren "Principios del Movimiento" hauek, administrazioan eta politikan aritzeko bide bakarra zena.
Estatuaren Lege Organikoa (1966ko urtarrila)
Erregimenaren instituzionalizazio-prozesuaren itxiera izan zen, erregimenari modernizazio-itxura eman eta totalitarismoaren irudia kentzen saiatu zirelarik. Demokrazia Organikoa kontsagratu zuen sindikalismo ofizialean, udal botere frankistan eta familian oinarriturik (hiru herenak). Estatuburu eta Gobernuburu karguak banatu ziren (berak izendatuko zituen), hala ere, 1973ra arte ez zen burutu.
Franco hil eta gero (1975), Gorte Frankistek beste Oinarrizko Lege bat onartu zuten: 1977ko Erreforma Politikorako Legea.
Politika Ekonomikoa: Autarkia eta Geldialdia
Gerra osteko ezaugarririk nagusienak goseteak, bizi-kalitate eskasa, urritasuna eta lehen mailako beharren errazionamendua ziren. Dendara erosketak egitera joaten zirenek gobernuak banatutako kartilla batzuk eramaten zituzten. Bertan erosi ahal zutena markatzen zen eta hainbat egunerako estimatua zegoen, pertsona kopurua kontuan hartuta.
Erregimena finkatu zeneko hasierako urte horietan autarkia izaerako ekonomia-politika ezarri zen. Gerra Zibilean industria, azpiegiturak eta nekazaritza-soroak suntsituta geratu ziren, eta sistema faxisten eredua jarraituz, berreraikitzeko prozesuari ekin zioten, autarkia aplikatuz; hau da, autohornikuntza-ekonomiari bide eman zion.
Autosufizientzia ekonomikoa bilatzen zen. Inportazioak eta kanpoko kapitalak alde batera utzita, eredu ekonomiko propioa sortzeko asmoz (baliabide propioekin). Estatuak talde ekonomiko handiei mesede egiten zien (dirulaguntzak, zergarik ez...) eta zuzen-zuzenean parte hartzen zuen ekonomian, Espainiak behar zituen oinarrizko produktu guztiak bertan ekoizteko asmoz. Eredu horren arabera, jarduera ekonomiko guztia araututa geratu zen burokrazia-sistema indartsu baten bidez, ekoizpena, merkataritza eta prezioak kontrolatuz.
1941ean INI sortu zen, Industria Institutu Nazionala. Bere helburua aberriaren industrializazioa bultzatzea zen enpresa publiko batzuen bidez (kapitala eta gestioa Estatuaren eskuetan): Ensidesa (siderurgia), Endesa (energia), Bazán eta Astilleros de Cádiz (ontziola), Iberia eta Aviaco (komunikazioak), Pegaso, Seat eta Casa (garraio-elementuak). Urte berean, trenbide-sare guztia nazionalizatzean RENFE eratu zen.
Autarkiaren Eragina
Politika horren ondorio nagusiak hauek izan ziren:
- Ekonomiak porrot egin zuen, besteak beste, nazioarteko ekonomiaren dependentziagatik eta barneko merkatuaren ahuleziagatik.
- Hazkunde industriala Europan baino txikiagoa zen, lehengai, kapital, makineria eta teknologia falta zela eta.
- Inflazioa oso altua zen, moneta asko jaulki baitzuten Estatuko zorra txikitzeko asmoz.
- Bizi-mailak eta soldatek izugarrizko beheraldia izan zuten. Ondorioz, goseteak gertatu ziren.
- Oinarrizko beharrizanen eskasiak errazionamendu-banaketa, La cartilla de racionamiento delakoa, indarrean jartzera behartu zuen. Ondorioz, elikagai eta medikamentuak oso garesti saldu ziren, eta horrek ezkutuko merkatua edo merkatu beltza sortzea ekarri zuen, estraperlo izenarekin ezagutu zena.
Nazioarteko Politika: Isolamendua eta Irekitzea
Estatu frankista Bigarren Mundu Gerran ez zen zuzenean inplikatu, jarrera neutrala mantenduz. Hala ere, gerra amaituta eta Aliatuak garaile izanik, Nazio Batuen Erakundeak ez zuen Espainiaren eskaera onartu erakundean sartzeko, erregimena faxista eta antidemokratikoa zela aldarrikatuz. Horrela, erregimenak nazioarteko isolamendua bizi izan zuen.
1950etik aurrera, aldiz, egoera erabat aldatu zen, Gerra Hotzaren ondorioz. NBEk Francoren Gobernua onartu zuen eta AEBekin lehenengo harremanak hasi ziren. 1953ko irailean Espainia AEBekin akordio batera iritsi zen: Espainiak AEBri penintsulan base militar batzuk ezartzea utzi behar zion hamar urterako (berritzeko aukerarekin), trukean Marshall Planaren hondarrak jasotzeko, dirua eta janaria. Errazionamendua ezabatu zuten, merkatu beltza desegiten hasi zen eta prezioak egonkortu egin ziren.
Urte berean, Santa Sedearekin Konkordatua sinatu zen. Estatuak Elizaren gastuei aurre egiteko konpromisoa hartzen zuen, eta Francok esku hartzeko gaitasuna lortu zuen apezpikuen izendapenean.