Frankismoaren Krisia, Trantsizioa eta Demokrazia Euskal Herrian
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 13,69 KB
Frankismo Berantiarraren Krisia (1960-1975)
Arrazoi Ekonomikoak eta Sozialak
Frankismo berantiarraren krisiak hainbat arlotan izan zituen arrazoiak, eta horien ondorioz erregimena gero eta ahulagoa bihurtu zen. Ekonomikoki, 1960ko hamarkadako hazkundea ez zen sendoa, eta 1973ko petrolio krisiak Espainiako ekonomia kolpatu zuen. Turismoaren beherakadak, emigrazioaren ahultzeak, kanpoko inbertsioen jaitsierak, inflazioak eta langabeziaren igoerak krisi soziala eragin zuten, gatazka laboralak eta protestak areagotuz.
Arrazoi Politikoak eta Erregimenaren Ahultzea
Politikoki, erregimenak demokraziarako irekiera ukatu zuen bitartean, oposizioa antolatzen eta indartzen joan zen inmobilistekin, hala nola, Junta Democrática bezalako erakundeekin. 1973an Joan Karlos Borboikoa oinordeko izendatu zen eta Carrero Blanco presidenteorde. Baina ETAk Carrero Blanco hil zuen, eta horrek erregimenaren barne krisia larriagotu zuen.
Gatazka Soziala eta Nazionalismoen Indartzea
Sozialki, langile eta ikasleen mobilizazioak gero eta ugariagoak eta erradikalagoak izan ziren, eta Katalunian zein Euskal Herrian nazionalismoak indarberritu ziren. Euskal Herrian, bereziki, ETAren sorrerak (1959) eta Burgosko prozesuak erregimenaren kontrako mobilizazio handiak piztu zituzten. Azkenik, Eliza katolikoaren zati batek, Vatikanoko II. Kontzilioaren eraginez, diktaduratik aldentzen hasi zen, eta apaiz batzuek protestetan parte hartu zuten, 1974an Añoveros auzia gertakaria sortuz.
Espainiako Trantsizioa Demokraziara (1975-1986)
Politika Erreformak eta Konstituzioa (1978)
Francoren heriotzaren ondoren, Trantsizioari ekin zitzaion eta Espainia demokraziarantz abiatu zen. Juan Carlos errege izendatu zen, Erreforma Politikorako Legea onartu zen eta 1977an lehen hauteskunde libreak egin ziren. Hauteskunde horiek UCDk irabazi zituen (Unión de Centro Democrático). Alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, Moncloako Ituna eta Amnistia Legea sortu ziren. 1978ko Konstituzioak sistema parlamentarioa ezarri zuen.
Autonomia Prozesua eta Ezegonkortasuna
Konstituzioak autonomia-prozesua ere ekarri zuen, 17 autonomia erkidego eta 2 hiri autonomo sortuz. EAEko Gernikako Estatutua (1979an) eta Nafarroako Foru Hobekuntza (1982an) indarrean jarri ziren. Hala ere, indarkeria politikoak (ETAren ekintzak, Atochako eta Gasteizko sarraskiak) eta 1981eko estatu-kolpe saiakerak Trantsizioa ezegonkortu zuten. Ekonomikoki, isolamendua amaitu zen eta Espainiak nazioartean integratzeko aukera izan zuen, 1986an Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartuz.
Ondorio Sozialak eta Memoria Historikoa
Sozialki, gizarte irekiago bat eratu zen, oinarrizko eskubideak onartu ziren eta gizarte mugimendu berriak agertu ziren. Aldi berean, frankismoaren iraganaren inguruan “ahazturaren politika” eta memoria historikoaren inguruko eztabaidak piztu ziren. Euskal Herrian, kulturaren berpizkundea eta aktibismo soziala nabarmendu ziren.
Frankismoaren Egitura Juridikoa eta 1967ko Lege Organikoa
Erregimenaren Oinarriak eta Botere Kontzentrazioa
Testuinguru historikoari begira jarrita, oso aintzat hartu behar dira Estatu frankistaren zuzenbide-egitura eta politika-sistema. Erregimenaren zuzenbide-egitura Gerra Zibilean hasi zen eta hurrengo urteetan emandako hainbat legeren bitartez gorpuztu zen. Francoren esku geratu ziren botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Altxamendua egin zutenen artean banatu zituen ministerioak (militarren, falangisten, karlisten eta monarkikoen artean).
Gerra garaian Francok lehen pausoak eman zituen bere botere pertsonala sendotzeko eta altxatuen desadostasunak murrizteko. Bide honetatik, 1937an, indar politiko guztiak alderdi bakar batean elkartu zituen, FET y de las JONS (gero Mugimendu Nazionala). 1938an, Lanaren Forua aldarrikatu zuen, eredu faxistari jarraituz: sindikatu bakar bat (Sindikatu Bertikala deitu zena) klase borrokarekin bukatzeko. II. Mundu Gerran eredu faxista garaitua izatearen ondorioz, Francok bere kutsu faxistak ezkutatzeko beste lege batzuk aldarrikatu zituen, hala nola, 1942ko Gorteen Legea edo 1945eko Espainiarren Forua eta Erreferendum Legea. Espainian ere sistema demokratikoa zegoela aldarrikatu nahi zuten, baina demokrazia sui generis: “Demokrazia Organikoa” deiturikoa. Geroxeago, 1947an, Ondorengotza Legeak Espainia erreinu katoliko, sozial eta ordezkagarria aldarrikatzen zuen, baina erregerik gabe.
1967ko Estatuaren Lege Organikoa: Instituzionalizazio Saiakera
1958an, Mugimendu Nazionalaren Oinarrizko Printzipioen Legeak aurreko legeen bilduma egin zuen, eta 1967ko Estatuaren Lege Organikoa printzipio horien jarraitzailea da leialtasun osoz. Lege honekin, 60ko hamarkadako ekonomia- eta gizarte-aldaketei erantzuten saiatu zen Francoren erregimena. Ekonomiak izugarrizko hazkundea bizi izan zuen hamarkada horretan eta oposizioa gero eta handiagoa zen.
Alabaina, 1967ko Estatuaren Lege Organikoa irudi-garbiketa hutsa izan zen, nahiz eta Francok adierazi lege horrekin Espainia modernizatzen eta demokratizatzen ziharduela. Haatik, erregimenaren oinarria tinko jartzea besterik ez zuen buruan, Franco hil ondoren ere erregimenak iraun zezan. Hala, Lege Organikoak konstituzio baten antza izan behar zuen nahitaez, eta jomuga horrekin, aldaketa batzuk egin zituen. Alde batetik, Gorteen osaera aldatu zuen, familia-, udalerri- eta sindikatu-ordezkariak sartu zituen. Bestetik, aldaketa garrantzitsuena, lehen aldiz Estatuburu eta gobernuburu karguak bereizi zirela da. Hauen izendapena Francori zegokion (14. artikulua).
1969an Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen estatuburutzan bere ordezko, Mugimendu Nazionalaren Printzipioekiko leial eta zintzo jokatuko zuela zin egin ostean. 1973. urtean, Francoren gaitasunak eta osasunak okerragora egin zuenez, Carrero Blanco izendatu zuen gobernuburu, Franco bera baino frankistagoa zela. Izendapen horren helburua hauxe izan zen: ziurtatzea frankismoaren ideologiak tinko iraungo zuela Franco hilda gero ere. Plan horiek guztiak zapuztu ziren 1973. urtean ETAk Carrero Blanco almirantea hil zuenean. Orduan, Arias Navarrori eman zion gobernuburu izateko ardura Francok. Ez zen gai izan, ordea. Laburbilduz, lege honek ez zituen printzipio politikoak aldatu. Erregimen frankistaren oinarriak lehenengo urteetan egindako legeetan finkaturik geratu ziren eta ia ez ziren aldatu diktadura osoan: Espainiaren osotasuna, katolizismoaren defentsa, botereen metaketa Francoren eskuetan, zentralismoa, gizartearen kontrola errepresioaren bitartez edo lege “paternalisten” bidez.
1967ko Lege Organikoaren Pasarteak
Orain arte promulgatutako legeek erakunde-antolamendua behar duten gai gehienak hartzen dituzte (...). Iritsi da Estatu nazionalaren erakundetzea burutzeko une egokia (...). Horren kariaz, (...), honako hau xedatzen dut:
1. art. 1. Espainiar estatua, erresuma gisa eratua, erkidego nazionalaren erakunde gorena da.
2. art. 1. Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina da, eta ezin da ez ordezkatu ez laga.
II. Espainiar estatuaren erakunde-sistema botere-batasunaren eta funtzio-koordinazioaren printzipioetan oinarritzen da.
3. art. Honako hauek dira Estatuaren oinarrizko xedeak: Espainiako gizakien arteko eta lurren arteko batasunaren defentsa; Nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea (...). Hori guztia Mugimendu Nazionalaren Printzipioen inspirazioarekin eta haiekiko leialtasun zorrotzenarekin (...), printzipulu horiek, beren izaeragatik beragatik, iraunkorrak eta aldaezinak baitira.
6. art. Estatuburua nazioaren ordezkari gorena da; nazio-subiranotasuna pertsonifikatzen du; botere politiko eta administratibo gorena erabiltzen du; Mugimenduaren Buruzagitza Nazionala du, eta Mugimenduaren eta Erresumako gainerako Funtsezko Legeen printzipioak zorrotz betetzen direla zaintzen du (...); legeak promulgatu eta berresten ditu (...); lurreko, itsasoko eta aireko armaden gaineko aginte gorena du; (...); haren izenean administratzen da justizia; grazia-eskubidea erabiltzen du; enpleguak, kargu publikoak eta ohoreak ematen ditu, legeek xedatutakoaren arabera; ordezkari diplomatikoak akreditatu eta hartzen ditu, eta Erresumako Funtsezko Legeen arabera dagozkion guztiak egiten ditu (...)
14. art. 1. Gobernuburuak espainiarra izan behar du, eta estatuburuak izendatuko du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote batetik hautatuta.
Boletín Oficial del Estado, 1967-01-11.
Frankismoa Nazioartean eta Oposizioaren Antolaketa
Nazioarteko Isolamendutik Irtenbidea
Frankismoak izugarrizko ahalegina egin zuen nazioarteko bakartasun politikoa eta ekonomikoa saihesteko, erregimenaren lehenengo urteak igaro ondoren eta autarkiaren aldiaren ondoren. Mundua bi bloketan bereizi zen berehala (Gerra Hotza) eta etsai amorratu bilakatu ziren, alde batetik, gobernu liberal-kapitalistak eta beste aldetik, gobernu komunistak. Hartara, aukera berria agertu zitzaion Francoren erregimenari. Ameriketako Estatu Batuek, Gerra Hotzaren testuinguruan, laguntzat hartu zuten Franco (eta Espainia frankista) antikomunismoaren borroka horretan eta 1953an hitzarmen ekonomiko militarra sinatu zuten. Estatubatuarren politika-aldaketa horri esker, isolamendu politikotik ateratzen joan zen poliki-poliki Francoren erregimena eta indartu egin zen. Hitzarmen horiei esker, Espainiak 1955ean NBEan sartzeko erraztasunak izan zituen eta lurraldeak behin betiko nazioarteko erkidegoan sartzeko bermea lortu zuen.
1960ko Hamarkadako Krisi Soziala eta Ekonomikoa
Mendebaldeko Europako estatuek askoz ere jarrera kritikoagoa erakutsi zuten frankismoaren aurrean eta hainbat urtez ez zuten onartu Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE). Hala ere, 1962. urtean hasi ziren ahalegintzen eta sartzeko eskaera egin zuten, baina Europako Parlamentuak ezetz esan zion, Espainian jarduera demokratikorik ez zegoelako. Espainian 1960ko hamarkadan hasi zen ekonomiaren hazkundea, aurreko hogei urteetako autarkiak porrot egin eta gero. Horiek horrela, teknokratek abian jarritako Egonkortze eta Garapen Planek ahalbidetu zuten herri garatuen maila lortzea. 60ko hamarkadan emandako ekonomiaren garapenak aldaketa soziokulturalak ekarri zituen, protestak ugaritu ziren eta oposizio zabal bat sortu zen.
Munich-eko Kongresua (1962): Demokraziaren Aldeko Eskakizunak
Espainiako biztanleak gero eta aldarrikapen gehiago egiten hasi ziren, greba ugari egin zen, 1962an gatazka piztu zen lan-arloan Asturiasen (meatze aldean), Euskal Herrian eta Katalunian. Are gehiago, langileen mugimendua gero eta politikoagoa bihurtu zen eta ekintza asko eratu zituzten greba-askatasunaren alde eta sindikatuak sortzearen alde. Unibertsitatean ere antolatzen hasi ziren ikasleak, askatasun demokratikoen alde egiteko. Testuinguru horretan, oposizioko hainbat indarrek (bai barnekoak eta bai kanpokoak) parte hartu zuten Munichen 1962ko ekainaren 5etik 8ra ospatu zen Europar Mugimenduaren Kongresuan. Biltzarrean, Espainiako demokrazia faltsua eta zapalketak salatu zituzten. Besteak beste hauek ziren Munichen elkartu zirenen eskaera: alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatzea eta giza eskubideak eta eskualdeen nortasuna errespetatzea. Bertan, frankismoaren aurka zeuden 118 kideek, aldarrikapen bat egin zuten eta aztertzen ari garen testua onartu zuten.
Francoren diktaduraren jarraipenarentzat ezinezkoak ziren bertan esandako ideiak eta ondorioz Francok ez zituen ideia hauek onartu, are gehiago, bileran parte hartu zutenen aurkako neurriak hartu zituen (atxiloketak, erbesteratzeak...). Baita ere, Ordena Publikoaren Tribunala (TOP) sortu zuen 1962an, delitu politikoak –iritzi politikoa– epaitzeko. Azken batean, Francok ez zuen inolako asmorik demokrazia liberala ezartzeko urratsik egiteko.
Munich-eko Adierazpenaren Testua (1962)
Europar Mugimenduaren Kongresuak, Munichen 1962ko ekainaren 7an eta 8an bilduta, iritzi dio ezen, edozein herrialdek Europan sartu nahi badu, izan atxikita edo izan elkartze bidez, herrialde horrek erakunde demokratikoak izan beharko dituela; horrek, Espainiaren kasuan, Giza Eskubideei buruzko Europako Hitzarmenaren eta Europako Gizarte Gutunaren arabera, hau esan nahi du:
- Benetan ordezkaritza bidezkoak eta demokratikoak diren erakundeak eratzea, zeintzuek bermatzen baitute gobernua herritarren onespenean oinarritzen dela.
- Pertsonen eskubide guztiak egiazki bermatzea; bereziki, norberaren askatasunari eta adierazpen-askatasunari buruzkoak, gobernuaren zentsurarik gabe.
- Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea.
- Askatasun sindikalak oinarri demokratikoen gainean baliatu ahal izatea eta langileek beren oinarrizko eskubideak defendatu ahal izatea; besteak beste, greba-eskubidearen bidez.
- Iritzi-korronteak eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea, oposizioaren eskubideak aitortuta.
Kongresuak itxaropen sendoa du aurreko oinarri horien araberako eboluzioak aukera emango duela Espainia Europan sartzeko, haren funtsezko osagaia baita; eta adierazgarritzat dauka Kongresuan partaide izan diren espainiar ordezkari guztiek adierazi izana seguru daudela espainiar ordezkari gehienek nahi dutela eboluzio hori zuhurtzia politikoaren arauen arabera egitea, egoerak aukera ematen duen bezainbesteko azkartasunarekin, denen zintzotasunarekin eta eboluzio-prozesuaren aurretik, prozesuan bertan nahiz prozesuaren ondoren bortxakeria aktibo nahiz pasiboari uko egiteko konpromisoarekin.
Munich (Alemaniako Errepublika Federala), 1962ko ekainaren 8a.