Frankismoaren Hamarkadak Espainian: Ekonomia, Politika eta Gizartea (1940-1960)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,65 KB
1940ko Hamarkada
Ekonomia
1940ko hamarkada Espainiaren garairik gogorrenetakoa izan zen, batez ere ekonomia arloan. Gerra Zibilaren ostean, frankismoaren lehen urteek autarkia ekonomikoan oinarritutako politika ekarri zuten. Autarkiaren helburua herrialdea ekonomikoki autosufiziente bihurtzea zen, kanpoko merkatuen eta nazioarteko harremanen beharrik gabe. Hala ere, errealitatean, neurri horrek miseria, gosea eta oinarrizko ondasunen eskasia ekarri zituen.
Gobernuak interbentzionismo ekonomikoa ezarri zuen: ekoizpena, banaketa eta prezioak Estatuak kontrolatzen zituen. Elikagaien eskasia zela eta, errazionamendu-sistema ezarri zen, non herritarrek txartel berezien bidez jasotzen zituzten oinarrizko produktuak. Sistema hori, ordea, ez zen nahikoa, eta horrek merkatu beltzaren (estraperloaren) gorakada ekarri zuen. Estraperloan legez kanpoko ondasunak saltzen ziren, prezio altuetan, eta horrek ustelkeria eta iruzurra areagotu zituen agintarien eta herritarren artean.
Horretaz gain, industria suspertzeko helburuarekin sortu zen INI (Instituto Nacional de Industria), Estatuko industria estrategikoak garatzeko tresna modura. Hala ere, garapen hori motela izan zen, eta herrialdeak txabolismoaren fenomenoa bizi izan zuen, gainpopulazioaren eta landa-exodoaren ondorio zuzena izan zen; landa-eremuetatik hirietara joandako jendea bizileku egokirik gabe aurkitu zen, eta horrek hiri handietan txabola-auzoak sortzea eta haztea ekarri zuen, non bizitegi-baldintzak kaskarrak ziren eta etxebizitza eskasia nabarmena zen.
Espainia nazioarteko eszenatokitik ia erabat isolatuta geratu zen, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo testuinguruan. Bere politika diktatorialek eta faxismoarekiko hurbiltasunak bloke ekonomiko eta diplomatikoak ekarri zituzten, eta horrek are gehiago zaildu zuen egoera.
Kanpo Politika
Espainia ofizialki neutrala izan zen Bigarren Mundu Gerran, baina Francoren diktadurak Ardatzeko Potentziei modu ezberdinetan lagundu zien. Hasieran, "neutraltasun zorrotza" aldarrikatu zuen, baina 1940 eta 1943 artean, Alemaniaren aldeko jarrera garbia erakutsi zuen. 1940an Franco eta Hitler Hendaian bildu ziren, baina Espainiak ez zituen onartu gerran sartzeko eskatutako baldintzak. Hala eta guztiz ere, Francok 1941ean Dibisio Urdina bidali zuen, Espainiako boluntarioen unitate militarra, Sobietar Batasunaren aurka borrokatzeko, eta Espainiako portuak eta azpiegiturak nazien aldeko garraiorako erabil zitezkeen, horregatik Espainia ez-beligerante bihurtu zen.
1943tik aurrera, Aliatuak nagusitzen hasi zirenean, Francok jarrera aldatu zuen eta neutraltasun zorrotzera itzuli zen, gerora errepresaliak saihesteko. 1945ean gerra amaitzean, Espainia nazioartean isolatua geratu zen. Nazio Batuen Erakundeak Francoren erregimena gaitzetsi eta baztertu egin zuen, faxismoarekin zuen loturagatik, hala nola Italia faxistarekin izandako harremanagatik. Horrez gain, Espainiak ez zuen Marshall Planaren laguntza ekonomikoa jaso, eta horrek beste herrialdeekin alderatuta atzerapen ekonomiko nabarmena ekarri zuen. Beste herrialdeek garapen ekonomiko bizia izan zuten bitartean, Espainia pobrezian, gabezian eta gosetean murgilduta jarraitu zuen, bizi-maila baxua pairatuz eta Europako garapenetik at geratuz.
Barne Politika
Nazioarteko egoerak barne-politikan izan zuen isla. Kanpoaldeko tentsioak lagungarriak izan ziren Francoren lidergoa sendotzeko. Lau talde desberdin sortu ziren oposizioan:
- Monarkikoek: Juan Borboiaren asmoen porrotaren ondoren, Francoren erregimenak Borboiak erbesteratu zituen. Monarkikoek, Lausanako Manifestuan (1945), monarkia “adiskidetzaile, justiziagile eta tolerantearen berrezarpena” eskaini zuten.
- Fronte Popularra (PSOE, PCE…): Frankismoaren ideologiaren aurkakoak ziren, alderdi sozialistak eta ezkertiarrak baitziren. PSOEk, monarkiaren arloan, zalantzak zituen Errepublika berrezartzearen edo monarkiarekin aritzearen artean.
- Langileak: Erbesteko oposizioak indarra lortu zuen eta Bizkaiko industrietako langileek greba antolatu zuten (1947). Hemen sortu zen lehen belaunaldi antifrankista, langile gazteak edo erregimen barruan desengainatuta zegoen jendez osatua zegoena.
- Makiak: Espainian erregimen frankistaren aurka agertu ziren gerrilla taldeak izan ziren, Gerra Zibiletik 1960ko hamarkadara arte. Errepublikarrak ziren, erbestera joateari uko egin eta mendian babestu zirenak. Mendilerroetan eta Espainiako leku ezkutuetan ezkutatzen ziren.
Espainian, unibertsitarioak, institutuko ikasleak eta, bereziki, maisuak garbiketa-prozesu latzen biktimak izan ziren erregimenaren hasieran.
Herrialdeko intelektualak, 27ko Belaunaldia batez ere, erregimen frankistak kaltetuak izan ziren. Horietako gehienek (% 90 inguru) herrialdea utzi eta atzerrian erbesteratu behar izan zuten, espainiarrak maisurik gabe utziz.
Gizartea
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, frankismoaren lehen urteetan gizartea kontrolpean egon zen modu zorrotz eta bortitzean. Francoren diktadurak errepresio sistematikoa ezarri zuen: milaka lagun espetxeratu, exekutatu edo erbesteratu zituzten ideologia desberdina izateagatik. Beldurra eta isiltasuna nagusitu ziren, eta jendeak bere ideiak gordeta eduki behar zituen ondorio larriak ekiditeko. Erregimenak ideologia frankista eta katolikoa inposatu zuen, eta horretarako zentsura ezarri zuen prentsan, zineman eta literaturan. Propagandak ikuspegi ofiziala zabaltzen zuen, eta bestelako iritziak isilarazi egiten ziren. Hezkuntza sistemak Espainia batu, handi eta katolikoaren ideia sustatzen zuen, eta frankismoaren garaipena justifikatzeko historia manipulatzen zen.
Eliza Katolikoak rol garrantzitsua izan zuen kontrol ideologikoan: erlijioa derrigorrezkoa zen eskoletan, eta elizak moraltasuna eta eguneroko bizitza arautzen zituen. Sindikatu askeak eta mugimendu sozialak debekatuta zeuden, eta langileek Francoren sindikatu bertikaletan parte hartu behar zuten. Grebak, protestak eta oposizio jarduera oro gogor zapaltzen ziren, eta alderdi politiko guztiak legez kanpo zeuden.
1950eko Hamarkada
Ekonomia
Frankismoaren garaian, Espainiak autarkia ekonomikoa ezarri zuen, hau da, bere burua ekonomikoki hornitzeko saiakera egin zuen, atzerriko merkataritza murriztuz. Sistema honek arazo larriak ekarri zituen, bereziki 1950eko hamarkadatik aurrera. 1940ko hamarkadan, Gerra Zibilaren ondorengo hondamendi ekonomikoa eta Bigarren Mundu Gerraren eraginak zirela eta, Espainia oso egoera zail batean zegoen: produkzioa oso txikia zen, hornidura-sareak hondatuta zeuden eta elikagaiak lortzea oso zaila zen. Garai hartan, kartila bidezko errazionamendua ezarri zen eta estatuak prezioak eta banaketa kontrolatzen zituen.
1951n, ordea, aldaketa batzuk hasi ziren nabaritzen. Merkataritza ministro berria, Manuel Arburúa, eta Nekazaritza ministroa, Rafael Cabestany, autarkia-sistemaren berrikuspen partzial bat abiatu zuten. Horren ondorioz, elikagaien errazionamendua kendu zen, eta produktuen prezioak, merkataritza eta zirkulazioa askatu ziren. Horrek bizimoduaren nolabaiteko normalizazioa ekarri zuen, nahiz eta egoera ez zen oraindik guztiz konpondu.
Soldatak izoztuta jarraitzen bazuten ere, industriak eskatzen zuen lan gehiago zela eta, langileek diru-sarrera gehigarriak lortzen hasi ziren. Diru horiek aparteko ordutegien, jai egunetan egindako lanaren eta oporrik gabeko lanaldiaren bidez eskuratzen zituzten. Horrek familia askoren egoera ekonomikoa pixka bat arintzea ahalbidetu zuen, eta eguneroko bizimodua apur bat errazagoa bihurtu zen.
Kanpo Politika
1950eko hamarkadan, Espainia, Francoren diktadurapean, Gerra Hotzaren testuinguruan kokatu zen, Estatu Batuek gidatutako bloke kapitalistarekin lerrokatuz. Aldi hori nazioarteko isolamendu batek markatu zuen, erregimenaren izaera autoritarioagatik, baina Espainiak egoera hori gainditu nahi izan zuen, eta, horretarako, kanpoko laguntza behar zuen. Gobernu frankistak Estatu Batuek laguntza eskatu zuen, eta Espainian base militarrak baimentzearen truke, Marshall Planaren bidez laguntza ekonomikoa eskaini zuen, herrialdearen ekonomia hobetzea eta erregimen diktatoriala egonkortzea ahalbidetuz. 1953an, Espainiak Vatikanoarekin Konkordatua sinatu zuen, Estatuaren izaera konfesionala sendotuz, non Eliza Katolikoak herrialdeko bizitza politikoan zein sozialean funtsezko rola hartu zuen. Akordio horrek hezkuntza katolikoa sustatu zuen eskoletan, eta Elizak hainbat erakunderen gainean zuen boterea bermatu zuen, erregimenaren kontrol ideologikoa indartuz. Gainera, Espainiak irekitasun-politika bat hartu zuen, nazioarteko harremanak hobetzeko eta isolamendua gainditzeko. Testuinguru horretan, Marokoko protektoratuari buruzko akordio bat lortu zuen Frantziarekin, eta eskualdean zuen eraginaren zati bat Frantziaren lankidetzaren truke laga zuen hainbat alderditan. Akordio horiek egonkortasun ekonomikoa eta politikoa ekarri zuten herrialdera, baina erregimen frankistak autoritarioa izaten jarraitu zuen, gizartearen kontrol zorrotzarekin, kontserbadorismoan eta katolizismoan oinarrituta, demokratizazio-prozesuei tarterik ireki gabe.
Barne Politika
1950eko hamarkadan, Espainiako barne-politikan erregimen frankista finkatu zen, Francisco Franco buru zuen diktadura autoritario gisa mantendu zena. Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Espainia nazioartean isolatuta geratu zen, Ardatzaren potentziekiko hurbiltasun ideologikoa zela eta. Barruan, erregimenak kontrol zorrotza ezarri zuen gizartearen gainean, zentsuraren, edozein oposizio politikoren errepresioaren eta askatasun demokratikorik ezaren bidez. Alderdi politikoak debekatu ziren, Mugimendu Nazionala izan ezik, eta sistema sindikal bakarra ezarri zen, estatuaren kontrolpean.
Hamarkadaren lehen erdian, Espainiak krisi ekonomiko larria bizi izan zuen, Estatuaren interbentzionismoak eta autarkiak markatuta. Hala ere, 1953tik aurrera, aldaketa esanguratsuak gertatu ziren Estatu Batuekin akordioak sinatu zirenean, eta horiei esker base militarrak ezarri ahal izan ziren Espainiako lurraldean, laguntza ekonomikoaren truke. Urte berean, Vatikanoarekiko Konkordatuak erregimenaren legitimitatea indartu zuen. Akordio horiek nazioarteko isolamenduaren amaieraren hasiera ekarri zuten, eta etorkizuneko liberalizazio ekonomikorako eremua prestatu zuten. Hala ere, esparru politikoan, sistemak zurruna eta errepresiboa izaten jarraitu zuen, demokraziarantz aurrerapausorik eman gabe.
Gizartea
1950eko hamarkadan Espainiak defizit ekonomiko handia pairatu zuen, batez ere frankismoaren autarkia politikek eraginda. Kanpo-merkataritzaren murrizketek eta produktibitate baxuak ondorio latzak izan zituzten: dibisen eskasiak funtsezko produktuak inportatzea zaildu zuen eta horrek elikagaien krisia areagotu zuen. Ondorioz, errazionamendua luzatu eta inflazioa eta defizit fiskala handitu ziren. Aldi berean, landa-eremuetan atzerapen ekonomikoa eta pobrezia nagusitu ziren, eta jende askok hirietara alde egin zuen lan aukeren bila. 1960ko hamarkadako industrializazioarekin, herri txiki asko hustu egin ziren.
Bestalde, 1950eko hamarkadan emigrazio masiboa gertatu zen. Milaka espainiarrek beren bizilekua utzi zuten bizi-baldintza hobeen bila. Herrialde nagusiak Alemania, Frantzia, Suitza eta Belgika izan ziren, langile falta zutenez espainiarrak kontratatu zituzten. Emigranteek industria, eraikuntza eta zerbitzuetan lan egin zuten. Aldi berean, Espainiako hegoaldeko eta barnealdeko landa-eremuetako biztanle asko Madril, Katalunia eta Euskal Herria bezalako industria-guneetara joan ziren. Horrela, hiri handiek biztanleria irabazi zuten, eta landa-eremuak hustu egin ziren.
1960ko Hamarkada
Ekonomia
Frankismoaren garaian, 1959tik aurrera, Espainiako erregimenak ekonomia modernizatzeko helburua izan zuen. Horretarako, Garapen Planak sortu ziren: teknokratek gidatutako hiru plan, 1962 eta 1975 artean, industrializazioari eta inbertsioei bultzada emateko diseinatuak.
Helburua zen per capita errenta handitzea eta Espainia nazioarteko mailan industria potentzia bihurtzea. Garai honetan, automobilgintza (SEAT, Renault) eta etxetresna elektrikoen sektoreek hazkunde handia izan zuten, industria-produkzioa %10 handituz.
Finantzaketari dagokionez, turismoaren eta emigranteen diru-sarrerek, baita atzerriko inbertsioek (batez ere Alemaniatik eta AEBetatik) rol garrantzitsua izan zuten.
Planek arrakasta batzuk izan zituzten, baina hutsuneak ere egon ziren: ez ziren desorekak murriztu eta lurralde-plangintzaren faltak desberdintasunak areagotu zituen. Hala ere, Espainia munduko 10. industria-potentzien artean sartu zen. Irabazle nagusiak enpresa handi eta banku nazionalak izan ziren, estatuaren babesarekin. Frankismoaren diktadura ekonomia ireki eta modernorantz eraman zen arren, askatasun politikorik gabe.