Frankismoaren Garaiko Testu Historikoen Iruzkina (1939-1967)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,86 KB
Testua: Erantzukizun Politikoen Legea (1939)
Testuaren sailkapena
Iruzkindu beharreko testua Erantzukizun Politikoen Legea da. Lehen mailako iturri historikoa da, izaera juridikoa duena eta gai politikoak jorratzen dituena. Egilea kolektiboa da, gobernu frankista hain zuzen ere. Hartzailea publikoa da, Espainiako biztanleei zuzenduta baitago, baina bereziki Errepublikaren aldekoei. Testua Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zen. Kronologikoki, 1939ko otsailean kokatzen da, Francoren tropek Bartzelona okupatu eta gutxira, eta Erresuma Batuak eta Frantziak haren gobernua onartu zutenean, hau da, Gerra Zibila ia amaitzear zegoela.
Analisia
- Lehenengo paragrafoa: Erantzukizun lege bat ezartzeko unea iritsi dela adierazten du, legearen helburua "matxinada gorriaren" erantzukizunak garbitzea dela esanez.
- Bigarren paragrafoa: Zigorrak ezarriko direla aipatzen du, eta horretarako sortutako auzitegiak talde hauetako ordezkariek osatuko dituztela: Armadak, Magistraturak eta Falange Española Tradicionalista y de las JONS-ek.
- Lehen artikulua: Gerra Zibilean bando errepublikanoa osatu zuten partaideez gain, iraultzan parte hartu zutenak ere zigortzen ditu.
- Bigarren artikulua: Gerra Zibilean Fronte Popularraren barruan egondako talde politiko eta sindikal guztiak legez kanpo uzten ditu. Erregimen frankistak alderdi bakarreko sistema ezarri zuen, non Francok botere guztia metatzen zuen.
- Azken artikulua: Legez kanpo utzitako taldeen ondasun guztiak konfiskatzeko asmoa adierazten du.
Testuinguru historikoa
1936ko Fronte Popularraren garaipenaren ostean, Errepublikaren aurkako sektoreek kolpe militarra prestatu zuten. Altxamendua 1936ko uztailean gertatu zen, baina porrot egin zuenez, Gerra Zibila piztu zen. Gerran zehar, Franco boteretsu bihurtu zen, eta gatazka amaitzean bere diktadura ezarri zuen.
1939ko otsaileko testu honek argi erakusten du garaileen eta garaituen arteko banaketa zorrotza ezarri nahi zela. Francoren aurka egon ziren askok erbestera jo behar izan zuten. Errepresioa bi bandoetan gertatu bazen ere, frankismoak modu sistematiko, planifikatu eta bortitzean erabili zuen bere boterea sendotzeko. Errepresio mota ugari erabili ziren:
- Fisikoa: Kartzelaratze masiboak eta lan behartuak (adibidez, Erorien Harana eraikitzeko).
- Profesionala: Batez ere irakasleen aurkako garbiketa.
- Ekonomikoa: Ondasunen konfiskazioa.
- Kulturala: Zentsura zorrotza eta propaganda.
Administrazio publikoa "garbitu" zen, eta Fronte Popularreko alderdi eta sindikatu guztiak legez kanpo utzi zituzten. Oposizioa klandestinitatera behartuta geratu zen. Erantzukizun Politikoen Legea errepresio tresna nagusietako bat izan zen, baina beste lege eta erakunde errepresibo asko sortu ziren ondoren.
Testuaren garrantzia
Testu honek garrantzi handia du, diktadura frankistan errepublikanoen eta ezkertiarren aurka egin zen errepresioaren oinarri juridikoa izan zelako. Milaka pertsona fusilatu, espetxeratu eta zigortu zituzten lege honetan oinarrituta.
Testua: Interes Nazionaleko Industriak Babesteko Legea (1939)
Testuaren sailkapena
Iruzkindu beharreko testua Interes Nazionaleko Industriak Babesteko Legea da. Lehen mailako iturri historikoa da, izaera juridikoa duena eta gai ekonomikoak jorratzen dituena. Egilea Francisco Franco da. Hartzailea publikoa da, herritar guztiei zuzenduta baitago, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zen 1939ko urriaren 25ean. Testua gerra amaitu berritan kokatzen da, diktaduraren hasierako hilabeteetan, autarkia ekonomikoaren testuinguruan. Helburu nagusia industriaren garapena bultzatzea zen, estatuaren interbentzionismoaren bidez.
Analisia
- Lehenengo paragrafoa: Legearen zergatia azaltzen du, adieraziz gerraren ondorioz herrialdeak industria eta lehengai propioak behar zituela kanpoarekiko dependentzia murrizteko.
- Bigarren paragrafoa: Inportazioak saihesteko beharra azpimarratzen du, lurraldean bertan ekoitzi ezin diren produktuetan izan ezik.
- Hirugarren paragrafoa: Nazioak "intereseko" industrietan ekimen pribatuaren laguntza behar duela aipatzen du, baina betiere estatuaren kontrolpean.
- Lehen artikulua: Gobernuak txosten baten bidez zehaztuko zuela zein industria ziren "nazioarentzat interesgarriak".
- Bigarren artikulua: Industria horiek hamabost urtez hainbat onura jasoko zituztela zehazten du:
- Lurrak nahitaez desjabetzeko eskubidea.
- Zergen murrizketa %50eraino.
- Inbertitutako kapitalaren %4ko gutxieneko etekina bermatzea.
- Muga-zergak arintzea makineria eta lehengaiak inportatzeko.
- Hirugarren artikulua: Estatuak enpresen kontrola mantenduko zuela, kontu-hartzaile eta ordezkariak izendatuz.
- Seigarren artikulua: Enpresek onura horiei uko egiteko aukera zutela, eta horrela estatuaren kontroletik libre geratzeko.
Testuinguru historikoa: Autarkia eta 40ko hamarkada
Gerra Zibilak (1936-1939) Espainiako ekonomia suntsitu zuen. Gerraostean, Francoren erregimenak eredu ekonomiko autarkikoa ezarri zuen, kanpoarekiko mendekotasuna murriztu eta autosufizientzia lortzeko helburuarekin. Politika honek porrot egin zuen eta "gosetearen urteak" ekarri zituen, errazionamendu-txartelak orokortuz. Lege hau politika interbentzionista horren adibide garbia da, estatuak ekonomia zuzentzen eta kontrolatzen baitzuen, bereziki sektore estrategikoetan.
Testua: Municheko Kongresuaren Ebazpena (1962)
Testuaren sailkapena
Iruzkindu beharreko testua Municheko Kongresuan (Mugimendu Europarrak antolatua) 118 ordezkari espainiarrek onartutako ebazpena da. Lehen mailako iturri historikoa da, izaera politiko-narratiboa duena. Jorratzen dituen gaiak politikoak eta sozialak dira. Egilea kolektiboa da: Munichen bildutako 118 ordezkari espainiarrak (erbestekoak zein barrualdekoak). Hartzailea publikoa da, espainiarrei eta, bereziki, gobernu frankistari zuzenduta. 1962ko ekainaren 8an sinatu zen, Frankismoaren bigarren etapan (1959-1975), "desarrollismo" garaian. Helburua Espainian demokrazia ezartzeko bide-orri bat proposatzea zen, Europako Ekonomia Erkidegoan sartu ahal izateko.
Analisia
Testuaren ideia nagusia da Espainia Europako kide izateko, herrialde demokratikoa bihurtu behar dela. Horretarako, bost baldintza bete behar dituela dio:
- Erakunde demokratikoak: Herritarrek sufragio unibertsalaren bidez aukeratutako ordezkariak izatea.
- Giza eskubideak bermatzea: Batez ere, pertsonaren askatasuna eta adierazpen-askatasuna.
- Autonomia eskubidea: Erkidego batzuen izaera berezia (kulturala, politikoa...) aitortzea.
- Askatasun sindikalak: Sindikatu bertikal frankistaren aurka, langileen eskubideak eta greba eskubidea onartzea.
- Askatasun politikoa: Alderdi politikoak eta iritzi-korronteak onartzea, oposizioaren eskubideak bermatuz.
Amaieran, itxaropena adierazten da, demokraziarako bilakaera baketsu bat proposatuz, indarkeriari uko eginez eta ahalik eta azkarren gauzatu beharrekoa dela esanez.
Testuinguru historikoa: Oposizioa "desarrollismo" garaian
1960ko hamarkadan, Espainia hazkunde ekonomiko handiko ("desarrollismo") garaian sartu zen. Hala ere, askatasun politiko eta sozialik ez zegoen. Testuinguru horretan, oposizio antifrankista berrantolatzen hasi zen. Municheko Kongresua mugarri bat izan zen, lehen aldiz barrualdeko eta erbestealdiko oposizio moderatua (demokristauak, liberalak, sozialista batzuk...) elkartu baitzuen. Erregimenak "Municheko kontubernioa" deitu zion mespretxuz, eta parte-hartzaileen aurkako errepresioa areagotu zuen.
Testuaren garrantzia
Testu honek garrantzi handia izan zuen bere garaian. Alde batetik, nazioartean agerian utzi zuen Espainiak isolatuta jarraitzen zuela demokratikoa ez zelako. Bestetik, oposizioa zatitu zuen: komunistek eta sektore erradikalagoek ez zuten parte hartu, bilakaera baketsu bat posible ikusten ez zutelako.
Testua: Estatuaren Lege Organikoa (1967)
Testuaren sailkapena
Iruzkindu beharreko testua Estatuaren Lege Organikoa da, erregimenaren Oinarrizko Legeetako bat. Lehen mailako iturri historikoa da, izaera juridikoa eta gai politikoa dituena. Egilea Francisco Franco da, Estatuburu gisa. Hartzailea publikoa da, espainiar guztiei zuzenduta baitago, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1967ko urtarrilaren 11n. Testua Frankismoaren azken etapan kokatzen da, eta bere helburua erregimenaren instituzionalizazio prozesua amaitzea eta Francoren ondorengotza "ondo lotuta" uztea zen.
Analisia
- Lehenengo paragrafoa: Legearen zergatia azaltzen da: erakunde-prozesua amaitzea.
- Lehen artikulua: Espainia erresuma dela definitzen du, eta, beraz, estatu mota monarkia izango dela.
- Bigarren artikulua: Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina dela dio, eta ez dagoela botere-banaketarik, boterearen batasuna baizik. Hau da, botere guztiak (legegilea, betearazlea, judiziala) Estatuburuaren eskuetan kontzentratzen dira.
- Hirugarren artikulua: Estatuaren helburuak zehazten dira, besteak beste, aberriaren defentsa eta justizia bermatzea.
- Seigarren artikulua: Estatuburuaren (Francoren) botere absolutuak zerrendatzen ditu:
- Nazioaren ordezkari gorena izatea.
- Botere politiko eta administratiboa erabiltzea.
- Mugimendu Nazionalaren buruzagitza izatea.
- Legeak berrestea eta aldarrikatzea.
- Justizia bere izenean administratzea.
- Indultu-eskubidea (grazia-eskubidea) izatea.
- Indar Armatuen aginte gorena izatea.
- Goi-kargu politikoak izendatzea.
- Ordezkari diplomatikoak izendatzea.
- Hamalaugarren artikulua: Gobernuburua (lehen aldiz Estatuburuarengandik bereizten den kargua) Estatuburuak izendatuko duela zehazten du, Erresumako Kontseiluak proposatutako hiruko zerrenda batetik.
Testuinguru historikoa
Testua frankismoaren garaiari dagokio, zehazki 1960ko hamarkadako finkapen eta garapen faseari. Frankismoa Franco jeneralak ezarritako diktadura izan zen, Gerra Zibil baten bidez II. Errepublika ordezkatu zuena. Erregimenaren oinarriak hasieratik ezarri eta diktadura osoan zehar mantendu ziren: nazional-katolizismoa, espainiar nazionalismoa, militarismoa, sindikalismo nazionala eta sistema liberalaren aurkakotasuna, besteak beste.
Frankismoak hainbat talde sozialen babesa izan zuen (faxistak, karlistak, militarrak, monarkikoak, katolikoak...). Konstituziorik ez zegoenez, Oinarrizko Legeen sorta batek osatu zuen erregimenaren egitura juridiko-politikoa. Aztertzen den 1967ko lege hau Oinarrizko Legeen azkena izan zen.
60ko hamarkadan, erregimena finkatuta zegoen: AEBekin eta Vatikanoarekin harreman onak zituen, garapen ekonomikorako planak martxan zeuden, eta gizarte segurantza hobetzeko neurriak hartu ziren. Hala ere, oposizioaren hazkundea eta aldaketa politikoen eskaera gero eta nabarmenagoak ziren (Municheko Kongresua, gatazka sozialak, ETAren sorrera...).
Testuaren garrantzia
Lege honen garrantzia handia izan zen. Diktadurak ia 40 urte zeramatzan, eta une horretan Franco bere ondorengotza "ondo lotuta" uzten saiatu zen, boterea betiko jendearen eskuetan gera zedin. Honek Francoren bizitzan zehar funtzionatu zuen, baina bera hil zenean, sistemak zentzua galdu zuen eta Trantsizio Demokratikorako bidea ireki zen.