Frankismoaren Ekonomia: Autarkiatik Liberalizaziora (1939-1960)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,92 KB
1. Frankismoaren Lehen Urteetako Ekonomia (1939-1950)
Testua garai historiko batekin erlazionatzen da, hain zuzen ere, frankismoaren lehenengo garaiarekin (1939-1950). Garai horretan hainbat ezaugarri elkartu ziren: Gerra Zibilaren ondorioz suntsitutako herria eraberritu behar zen, diktadura politikoa egonkortu, eta nazioarteko politika nahasia (Bigarren Mundu Gerra) bideratu. Bigarren Mundu Gerra bitartean eta 1947. urtera arte, Espainia isolatua egon zen, eta horrek eragin zuzena izan zuen politika ekonomikoan.
Erregimenaren hasierako urteetan, frankismoak estatu-politika diktatoriala eta autarkia-izaerako ekonomia-politika ezarri zituen. Horretarako, ahalik eta gehien murriztu zituen kanpo-harremanak, eta auto-hornikuntza ekonomiari bide eman zion. Estatuak sektore eta prozesu ekonomiko guztietan hartzen zuen esku, eta ekoizpen guztia kontrolatzen zuen: produktuen banaketa, prezioa eta salmenta, baita lehen mailako premiakoak ere, hala nola elikagaiak eta arropak.
1.1. INI eta Enpresa Publikoak
1941ean INI (Industria Institutu Nazionala) sortu zuten. Hainbat helburu zituen: Espainiako enpresak indartzea eta sustatzea, buruaskitasun ekonomikoa lortzea, eta kanpo-harremanak eta trukeak ahalik eta gehien saihestea. Hala, Espainiako tren-sarea nazionalizatu zen, eta RENFE sortu zuten, Espainiako trenbide-konpainia publikoa.
Gainera, hainbat enpresa sortu zituzten zenbait esparrutan:
- ENSIDESA: siderurgian
- ENDESA: energia elektrikoan
- BAZAN: ontzigintzan
- AVIACO: aire-komunikazioetan
- PEGASO eta SEAT: autoen sektorean
- HUNOSA: meatzaritzan, etab.
1.2. Autarkiaren Ondorioak eta Porrota
Baina politika ekonomiko horren ondorioak ez ziren uste bezalakoak izan; izan ere, lehengai-gabezia zegoenez, ekoizpenak ez zuen laguntza handirik jaso. Era berean, prezioen kontrolak eta errazionamendu-liburuxkek merkatu beltza sortzea ekarri zuten. Kanpoko produktuei muga-zergak jarri zizkietenez, ekonomia geldirik geratu zen. Geldialdi ekonomikoa 50eko hamarkada iritsi arte gertatu zen.
2. Ekonomiaren Bira eta Liberalizazioa (1950-1960)
AEBekin sinatutako itunek (1953) poliki-poliki aldatu zuten Espainiako ekonomia. Gero eta handiagoa zen liberalizaziorako pausoa eman zen. Hala, kanpora irekitzeari begira jarri ziren. Gobernuak Estatuko enpresetan zuen parte-hartzea murriztu zuenez, atzerriko lehen inbertsioak eta inportazioak egin ziren. Hala ere, liberalizazioak merkataritza-balantzan defizita ekarri zuen. 60ko hamarkada arte itxaron beharko da ekonomiaren garapen-aldia gertatu arte.
3. Ondorioak eta Egonkortze Plana
Testuaren garrantzia handia da, ondo islatzen duelako Espainiak bizi zuen egoera ekonomiko larriaren aurrean frankismoak ez zuela beste irtenbiderik. Emaitzak, esan bezala, negatiboak izan ziren, eta horregatik, 50eko hamarkadaren hasieran, politika ekonomikoan bira eman zen autarkiaren porrotaren ondorioz. Prezioen eta produktuen zirkulazioaren liberalizazioa eman zen. 1952an errazionamenduari amaiera eman zitzaion.
Neurri hauek hedapen ekonomiko txikia ekarri zuten, batez ere Estatu Batuetatik iritsitako laguntzari esker. Hala ere, hasiberri zen aurrerakada honek inflazioa ekarri zuen, eta ondorioz, ezegonkortasun soziala. Horrela, behar-beharrezkoa egin zen egitura ekonomikoen eraldaketa sakona.
Azkenik, Francok gobernu berria eratu zuen, non teknokratak nagusi ziren. Ministro berri hauek behin betiko bira eman zioten politika ekonomikoari: 1959ko Egonkortze Plana. Plan honen arabera, ekonomia liberalizatu behar zen, aldi autarkikoa eta interbentzionistarekin amaituz. Gastu publikoa murriztu zen eta Estatuaren parte-hartzea ekonomian gutxitu zen.