Frankismoaren Ekonomia: Autarkia Legea eta Euskadiko Garapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,45 KB
Nazio-intereseko Industriak Babesteko Legea (1939)
Hurrengo testua 1939ko urriaren 25eko Nazio-intereseko Industriak Babesteko Legea da. Bertan, enpresak nazionalizatzeko lege-prozedura ezartzen da, autarkia-politikan aurrera egiteko helburuarekin.
Testuaren Sailkapena
Testu juridikoa da, lege bat delako, eta eduki politiko-ekonomikoa du. Egilea Gobernu frankista da; beraz, kolektiboa da. Espainiako herritar guztiei zuzenduta dagoenez, publikoa da. 1939ko urriaren 25ean argitaratu zen, Gerra Zibila amaitu eta gutxira.
Lehen mailako iturria da, egileak gertaeren garaikideak direlako, eta izaera objektiboa du, lege guztiek bezala.
Testuaren Analisia
Gai nagusia
Enpresak nazionalizatzeko lege-prozedura ezartzea, autarkia-politikan aurrera egiteko.
Bigarren mailako ideiak
- Herrialde batek bere baliabideak izatearen garrantzia nabarmentzen du, Gerra Zibilak utzitako egoera latza zela eta.
- Ekoizpena hobetu eta atzerriko produktuen inportazioa mugatu behar zirela adierazten du.
- Politika autarkikoaren zailtasunak eta industriaren sustapenaren beharra azpimarratzen ditu.
- Enpresen nazionalizazioa justifikatzen du, eta Estatuak kontrolatuko dituela azaltzen du (kontu-hartzaileen eta ordezkarien bidez).
- Ekonomiak hobera egitean, enpresek berriro pribatuak izateko aukera izango zutela aipatzen du.
Testuinguru Historikoa
Gerra Zibilaren ondoren, Espainia kaos eta krisi ekonomiko sakonean murgilduta zegoen: hildako ugari, gosetea, azpiegiturak suntsituta eta ekonomia kolapsatuta. Egoera horren aurrean, Francok autarkia-politika ezarri zuen, estatuak kontrolatutako autosufizientzia ekonomikoa lortzeko asmoz.
Lege hau testuinguru horretan kokatzen da, industria nazionala bultzatu eta sektore estrategikoak kontrolatzeko. Helburu horrekin sortu zen 1941ean INI (Industria Institutu Nazionala). Hainbat enpresa nazionalizatu ziren, hala nola IBERIA edo Telefónica. Erregimenaren lehentasunak gerra-industria, trenbideak eta makineria izan ziren. Hala ere, autarkiak ez zuen espero bezala funtzionatu: hazkundea motela izan zen, produktuen kostuak altuak eta gabeziak ugariak. Ondorioz, 50eko hamarkadaren amaieran, irekiera ekonomikoari ekin zitzaion.
Ondorioak
Testua benetakoa, objektiboa eta garrantzitsua da, 40ko hamarkadako autarkia-politikaren oinarri juridikoetako bat izan baitzen. Dena den, errealitate ekonomikoa espero zena baino askoz okerragoa izan zen, batez ere biztanleriarentzat. Horrek herrialdearen berreskurapena atzeratu eta gerraosteko ondorio latzak luzatu zituen.
Frankismoa Euskadin: Hazkunde Ekonomikoa eta Aldaketa Sozialak
Zergatiak
Hazkunde ekonomikoa
Euskal Herriko ekonomiak hazkunde handia izan zuen autarkiatik irten eta teknokraten agintearekin. Erregimenaren nazioarteko onarpenak eta Egonkortze eta Garapen Planek industriaren modernizazioa eta inbertsio ugari bultzatu zituzten, bai publikoak, bai atzerritik etorritako pribatuak. Gainera, kooperatiba mugimendua sortu zen, ULGOR enpresarekin hasi eta MCCra (Mondragon Corporación Cooperativa) hedatu zena, langileek enpresetan protagonismo handiagoa hartu zutelarik.
Aldaketa sozialak
Hazkunde industrialak etorkinen etorrera masiboa eragin zuen Espainiako beste eskualde batzuetatik (Galizia, Andaluzia, Gaztela...). Ondorioz, euskal langile-klase berri bat eratu zen, eta sindikatuen eta langile-mugimenduen indarra handitu zen (CCOO, PSOE, UGT, ELA).
Ondorioak
Hazkunde ekonomikoa
Euskadiren industrializazioa areagotu egin zen, nahiz eta desoreka batzuk mantendu. Industria dibertsifikatu eta modernizatu zen, eta esportazioak handitu ziren. Hala ere, kanpoko teknologiarekiko mendekotasunak ekonomia ahul bihurtzen zuen kanpoko krisien aurrean (adibidez, Petrolioaren krisia).
Aldaketa sozialak
Hazkundeak, oro har, bizi-maila hobetu zuen, baina, aldi berean, gizarte-arazo larriak sortu zituen: etxebizitza eskasia, auzoen pilaketa, eta eskola zein osasun azpiegituren gabezia. Landa-eremuak hustu egin ziren, jendeak hirietara lan bila emigratu zuelako. Langile-klasea hazi eta gizarte-gatazkak ugaritu egin ziren. Bestalde, kontsumo-gizartea indartu zen (autoa, telefonoa, etxetresna elektrikoak...).