Frankismoaren bilakaera ekonomikoa eta soziala (1950-1975): Egonkortze Planetik krisira
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,59 KB
1950eko hamarkadako irekitasun ekonomikoa eta Egonkortze Plana
1950eko hamarkadan, autarkia baztertu eta politika ekonomikoa aldatzeko beharra zegoen. 1957an ministro teknokratak izendatu ziren, eta 1959an Egonkortze Plana aurkeztu zuten: pezetaren debaluazioa, soldaten izoztea, kanpoko inbertsioei trabak kentzea eta zergen igoera. Planak oinarria jarri zuen etorkizuneko garapen ekonomikorako, baina kontsumoa jaitsi eta langabezia igo zen. Turismoak eta emigrazioak egoera orekatzen lagundu zuten.
Garapen Planak eta hazkunde ekonomikoa (1964-1975)
Egonkortze Planari jarraiki, 1964 eta 1975 artean Garapen Planak bideratu ziren. Espainia herrialde garatua bihurtu zen 60ko hamarkadaren amaieran, baina hazkundearen oinarriak ahulak ziren: desoreka industriala eta kanpoko potentziekiko menpekotasuna. 1973ko petrolioaren krisiak eta Europako krisiak egoera larritu zuten: turismoa eta emigrazioa jaitsi ziren, eta kanpoko inbertsioak ere bai. Oparoaldi ekonomikoa amaitu zen, eta sistemaren akatsak agerian geratu ziren.
Aldaketa sozialak 60ko eta 70eko hamarkadetan
Hazkunde ekonomikoak aldaketa handiak ekarri zituen gizartera:
- Emigrazioa nekazaritza guneetatik industria guneetara.
- Bizi-mailaren igoera eta kontsumo-gizartean sartzea (hozkailuak, garbigailuak, telebistak, autoak...).
- Zerbitzu publikoen hobekuntza, batez ere hezkuntzan eta osasunean.
- Pentsamolde-aldaketak: gizarte irekiagoa, toleranteagoa eta laikoagoa.
Teknokratak politika eta erregimena berritzen saiatu ziren, baina sektore inmobilistek aurka egin zuten. Franco bi sektoreen arteko oreka mantentzen saiatu zen lege hauekin:
- Mugimendu Nazionalaren Printzipioei buruzko Legea (1958).
- Prentsaren Legea (1966): adierazpen askatasuna zertxobait zabaldu zuen.
- Estatuaren Lege Organikoa (1967).
1969an aldaketa garrantzitsuak izan ziren: Juan Carlos Borboikoa Francoren ondorengo izendatu zuten, eta Luis Carrero Blanco presidenteorde. Hala ere, 1969tik aurrera boterea inmobilisten esku geratu zen Carrero Blancoren gidaritzapean. ETAk Carrero Blanco hil zuen 1973an, eta Carlos Arias Navarro izendatu zuten presidente, ildo kontserbadoreari jarraituz.
Erregimenaren aurkako oposizioa eta krisiaren areagotzea
1960ko hamarkadan, gizartearen eta erregimenaren arteko kontraesana areagotu zen. Erregimenaren aurkako protestak eta oposizioa indartu ziren: langile mugimendua, grebak, manifestazioak, unibertsitateak eta eliza katolikoaren sektore bat. 1969tik aurrera, erregimenaren barneko hausturak areagotu ziren, eta diktaduraren krisia larriagotu.
Oposizioaren antolaketa eta frankismoaren amaiera
Frankismoaren amaieran, oposizioa indartu zen:
- Espainiako Alderdi Komunista (PCE): Santiago Carrillok Junta Democrática osatu zuen 1974an.
- Alderdi Sozialista Langile Espainiarra (PSOE): Felipe Gonzálezek Plataforma de Convergencia Democrática osatu zuen 1975ean.
- Bi plataformek Platajunta osatu zuten 1975ean.
Diktaduraren azken urteak eta trantsizioa
Diktadorearen heriotza hurbil zegoen, eta erregimena desegiten ari zen. Oposizioaren jarduera politikoa indartu zen, eta indarkeria taldeak ugaritu (ETA, FRAP, GRAPO). Gobernuak errepresioa gogortu zuen (1975eko Lege Antiterrorista). 1975eko irailean ETA eta FRAPeko kideak fusilatu zituzten, eta erregimena erabat isolatuta geratu zen. Azkenik, Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, eta diktadura frankista desegiten hasi zen.