Frankismoaren amaiera Euskal Herrian: Oposizioa eta krisia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,64 KB

Frankismoaren amaiera Euskal Herrian: Oposizioa eta krisia

Barneko oposizioa eta atzerrikoa

Euskal Herrian, barneko oposizioa atzerrikoarekin oso lotuta egon zen, Frantziatik hurbil baitago. Hala ere, oposizioko taldeek ez zuten jarduteko aukerarik 1960ko hamarkadara arte. Hamarkada horretan, garapen ekonomikoak erregimen frankistaren aurkako oposizio berriaren sorrera ekarri zuen, hiru talderen protagonismoarekin:

1. Langile Mugimendua: Indarberritzea eta borroka

Langile mugimendua indarberritu zen, belaunaldi aldaketak estrategia politiko berri bat ekarri baitzuen. Sindikatu ofizial frankistak infiltratzea lortu zuten, 1958ko Lan-Hitzarmen Kolektiboen legea baliatuz. Alderdi Komunistak bultzatutako Langile Komisioek (CCOO) rol garrantzitsua izan zuten. 1962-1967 bitartean lan-gatazka ugari izan ziren, Bizkaiko Etxebarriko Labe Garaietako greba nabarmenduz (Bandas greba). Greba hau 1966ko azarotik 1967ko maiatzera luzatu zen, ugazaben eta erregimenaren aurkako enfrentamendu gogorren adibide izanik. Gatazka hauek langile mugimenduaren garrantzia eta antolakuntza maila erakutsi zuten. Apaizak, intelektualak eta herritarrak ere langileei sostengua ematen hasi ziren. 1967tik aurrera, langile mugimenduak fase berri bat hasi zuen: langile borrokaren politizazioa, nazio eta klase-arazoa elkartzea, sindikatu historikoen (UGT, ELA) finkatzea eta elkarte berrien agerpena (LAB 1974an). Euskal langileria frankismoa gehien deslegitimatzen lagundu zuen gizarte-klasea izan zen. Erregimenaren erantzuna, salbuespen-egoerak eta errepresio gordina izan zen.

2. Eliza: Belaunaldi berriaren jarrera militantea

Euskal Elizaren jarrera erregimenaren aurka gero eta nabarmenagoa zen. Vatikano II. Kontzilioaren (1962) eraginez, haize berritzaileak heldu ziren Elizara, eta elkarte katolikoak sortu ziren, hala nola Juventudes Obreras Católicas (J.O.C.) eta Hermandad de Obreros de Acción Católica (H.O.A.C.). Erakunde hauek fabrika eta tailerretan erregimenaren aurkako oposizioan parte hartu zuten, eta etorkizuneko zuzendari politiko eta sindikalen harrobi izan ziren. Apaiz askok konpromiso soziala hartu zuten, sindikalismo eta nazionalismoaren inguruan. Adibide gisa, 1960an 339 euskal apaizek Euskal Herriko zapalkuntza salatzeko idazkia sinatu zuten; 1968an, 40 apaizek Bilboko gotzaindegia okupatu zuten, eta 60 apaiz Derioko seminarioan entzerratu ziren. Erregimenaren erantzuna gogorra izan zen, eta 1968 eta 1976 artean euskal apaiz asko atxilotu, TOPen epaitu eta Zamorako espetxean sartu zituzten. Eliza hierarkiaren barruan ere erregimenaren kontrako ahotsak agertu ziren, hala nola Jose Maria Zirarda Bilboko apezpikuarena. Bere gutun pastoralek erregimen frankistaren haserrea sortu zuten. “Añoveros Auzia” ere aipatzekoa da (1974), Añoveros apezpikuaren idazkiak krisi larria sortu baitzuen Francoren erregimenaren eta Eliza Katolikoaren artean.

3. Nazionalismoa eta ETAren agerpena

EAJren barruan buruzagien aldaketa egon zen (1960an Jose Antonio Agirre hil zen). Alderdi honen eraginkortasun falta ikusita, 1950eko hamarkadan gazte batzuek EKIN sortu zuten, eta talde horretatik 1959an ETA sortu zen. 1965ean (IV. Asanbladan), ETAk marxismoa bere ideologiara gehitu eta ekintza armatua erabiltzea erabaki zuen. 70eko hamarkadan protagonismo handia hartu zuen (Burgoseko epaiketa 1970ean eta Luis Carrero Blancoren hilketa 1973an).

Diktaduraren krisia Euskal Herrian

1969-1975 bitartean, frankismoaren aurkako oposizioaren sendotasuna agerikoa zen: erakunde sindikal eta politikoak, eliza sektore batzuk, intelektualak, langileak, ikasleak... Euskal Herriko egoeraren bereizgarria, aldarrikapen politikoei estu loturiko gizarte-mugimendu garrantzitsu batzuk gorpuztea izan zen, amnistia, euskara eta askatasun orokorren aldeko borrokan protagonismo berezia izango zutenak. 1970eko Burgoseko epaiketak (ETAko 16 kideren aurkako Gerra Kontseilua) mobilizazio handiak sortu zituen. Protestak Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian ugari izan ziren. Greba eta manifestazio ugari izan zen, eta gobernuak salbuespen-egoera jarri zuen. Francok indultua eman behar izan zien. Hiru urte beranduago, ETAk ekintza ikusgarriena burutu zuen, abenduaren 20an Carrero Blanco hil zuenean. Frankismoaren azken uneetan enfrentamendu giro bortitza bizi izan zen. Erregimenaren bortxakeria gero eta nabariagoa zen. Unerik gogorrena 1975eko irailean izan zen, ETA (Juan Paredes, Txiki eta Angel Otaegi) eta FRAPeko kideen hilketekin. Barne zein nazioarteko protesta-mugimendu handiak egon ziren. Hamairu herrialdek Madrilen zituzten enbaxadoreak kendu zituzten aldi baterako, eta frankismoa bakardade politiko eta moral larrian jarri zuten.

Entradas relacionadas: