Frankismoa eta haren aurkako oposizioa Euskal Herrian (1960-1975)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 16,5 KB
Frankismoa 60ko hamarkadatik aurrera
Hirurogeiko hamarkadaren garapen ekonomikoak eta borroka sozialek kultura, hezkuntza eta pentsamendu irekiagoa ekarri zuten. Erregimena, aldiz, ez zen aldatu. Beraz, gizartearen baitan diktadurarekiko oposizioa nabarmen indartu zen.
Hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa sozialak
Egonkortze plana, garapen ekonomikoa eta hiritartze prozesua
1957-59an autarkia politikaren porrota ikusirik ministro teknokraten (Opus Dei) gobernu berriak Egonkortze Plana jarri zuen abian. Hartutako neurri ekonomiko gogorrak (pezetaren debaluazioa, gastu-soziala murriztea…) ondorio sozial latzak ekarri bazituen ere, Estatuaren finantzak orekatzea lortu zuen. Hurrengo urteetan Garapen Planak jarriko ziren martxan.
1962-1974 arteko garapen planen arrakasta handia izan zen: BPG-a eta BGE-a bikoiztu ziren. Hona hemen Espainiako garapen ekonomikoaren zergatiak:
- Nazioarteko egoera ekonomikoa oso aldekoa zen.
- Atzerriko kapitalen inbertsioak handitu egin ziren.
- Lan esku oso merkea.
- Turismoarekin lortutako diru-sarrerak.
- Espainiatik migratutakoek dirua bidaltzen zuten.
- Estatuaren inbertsioak lan eta azpiegitura publikoetan.
Hazkunde “miragarri”ak arazoak eragin zituen:
- Sektoreen arteko desorekak.
- Nekazari asko hirietara eta migratu behar izan zuten.
- Eskualdeen arteko desorekak areagotu ziren, eremu industrial (Madril...) eta nekazal eremuen artean. “Garapen Poloak” sortu ziren eta industrializazioa ez zen lurralde guztietara zabaldu.
- Estatuaren gizarte zerbitzuak oso kaskarrak ziren.
- Fiskalitate politika desegokia zen. Zerga gehienak zeharkakoak ziren...
- Ingurumenaren hondatzea. Garapen industriala modu masiboan egin zen.
Eraldaketa sozialak
- “Mirari ekonomikoak” bultzatuta, Espainiako gizarteak aldaketa sakonak jasan zituen, urte gutxitan Espainia nekazaria izatetik industriala izatera igaro baitzen.
- Emigrazioa eta landa exodoa. Egonkortasun planak sorturiko langabeziaren ondorioz, askok Europara (Frantzia...) migratu zuten 50 eta 60 hamarkaden artean. Beraiek bidalitako dirua oso garrantzitsua izango ziren espainiar ekonomiarentzat. Nekazal exodoak hainbat arazo sozial ekarri zituen (lan baldintza berrietara egokitu beharra, soldata baxuak, egonkortasun eza...).
- Bigarren eta hirugarren sektorean lan egiten zutenen portzentaia asko handitu zen industrializazioaren eta turismoaren ondorioz.
- Klase ertaina sortu eta zabaldu zen: langile kualifikatuak...
- Komunikabideen garapenak kultura eskuragarri egin zuen, "europarragoa".
- Erosteko ahalmen handiagoa eta kontsumo gizartea sortu zen.
- Emakumeak lan-munduan txertatu ziren berriz.
- Analfabetismoa desagertzen hasi zen eta unibertsitarien kopurua handitu zen.
Kanpo harremanak
EEEan sartzeko ahalegina: Espainiako gobernuak EEEri eskaera formala egin zion, bat egiteko. Europako Parlamentuak eskaria baztertu zuen oinarrizko eskubideak eta askatasunak ez errespetatzearren.
Afrikar jabetzen deskolonizazio prozesua abian jarri zen: Maroko Espainiarra (56), Ginea-Ekuatoriala (68), Mendebaldeko Sahararen galera Marokoren “Martxa Berdea”ren ondorioz (75)...
Barne politika
Zurruntasun politikoa. Francok Espainiako instituzioak barne eta nazioarteko egoerara egokitu zituen, diktaduraren jokabide errepresiboa aldatu gabe:
- Ordena Publikoaren Legea egin zen. Ordena Publikoaren Auzitegi berria (TOP) sortu zuen. Aurrerantzean, buruzagi politiko eta sindikalei zigor handiak ezarri zizkieten, unibertsitateak itxi zituzten...
- Prentsa Legea. Aldez aurreko zentsura kendu zen, baina zigorrak ezarri ziren.
- Demokrazia organikoa. Francok Estatuaren Lege Organikoa sinatu zuen. Lege horren bidez, eskubide politikoak “organo”en esku utzi zituen (sendia, udalerria, sindikatua). Familien ehun ordezkarik Espainiako Gorteetan parte hartu zuten.
Juan Carlos Borboikoa Francoren ondorengo ezarri zen (1969). Mugimenduaren Printzipioak zin egin beharko zituen. Helburua erregimenaren jarraipena ziurtatzea zen.
Frankismoaren aurkako indarrak
Gizarte mugimendu berriak: Hazkunde ekonomikoarekin batera herritarrek demokrazia eta eskubide gehiago eskatzen hasi ziren. Oposizioa alde guztietan sortzen hasi zen.
- Municheko Bilera: 1962an “Europar Mugimendua”ren biltzarrean Espainiak Europako Ekonomia Elkartean sartzeko bete beharreko baldintza demokratikoak salatu zituzten kanpo eta barne oposizioko 118 ordezkarik. Asko errepresaliatuak izan ziren.
- Unibertsitatean protestak ugaritu ziren, belaunaldi berriek ez zuten diktadura babesten. Hainbat irakasle ere (Aranguren...) beraien katedretatik bota zituzten.
- Grebak eta langileen protestak ugariak izan ziren. Comisiones Obreras (CCOO) sortu zen eta sindikatu bertikalean infiltratze estrategia arrakastatsua egin zuen. Grebatan laneko eskubideen aldeko borrokekin batera eskakizun politikoak txertatzen joan ziren.
- Eliza: Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren (1962-1965) espainiar eliza erregimen frankistatik aldentzen hasi zen.
- PCEren gorakada: Erbestetik Carrillo eta Ibarruriren gidaritzapean alderdia eurokomunismora orientatu zen.
- Nazionalismoa ere indartu zen, bai Katalunian, bai Euskal Herrian ere. 1959an ETA sortu zen, Euskal Herriko nazionalismo zaharraren adar iraultzaile berria. 1968an izan ziren lehen hilketak José Pardines eta Melitón Manzanas. Geroztik ekintza armatuekin hasi ziren.
Tardofrankismoaren krisia (1969-1975)
Frankismoaren azken urteetan inoiz baino istilu handiagoak gertatu ziren, garapen ekonomikoak ez zuelako erregimenaren aldeko atxikimendurik ekarri eta borroka soziala areagotzen joan zelako. Erregimenaren aldetik lortu zuten erantzun bakarra poliziaren errepresioa izan zen. Francoren ingurukoen ardura nagusia erregimenaren jarraipena ziurtatzea zen.
- Oposizioa indartu zen. Petrolioaren krisiaren (1973) ondorioz eta askatasun sindikal eta politikoak eskatuz, grebak gero eta ugariagoak ziren.
- Elizaren oposizioa. Eliza erregimenarengandik urruntzen hasi zen: gotzainek konkordatoaren berriztapena eskatu zuten, apaiz katoliko asko atxilotuz.
- Burgosko epaiketa. ETAko kide batzuk epaituak eta zigortuak izan ziren, baina kale presioari ezker zigorrak bertan behera gelditu ziren.
- Frankismoaren baitako haustura. Frankisten artean ere desadostasunak eta hausturak hasi ziren: gutxi batzuk askatasun politiko minimoak onartzearen alde zeuden bitartean, kontserbadoreenek ez zuten erregimenaren baitan inolako berrikuntzarik onartzen.
- “1001 prozesua”. CCOO-eko kide batzuek kartzela zigor gogorrak jaso zituzten.
- Arias Navarro gobernuburu jarri zen.
- Añoveros kasua dela eta eliza eta frankisten arteko harremanak inoiz baino okerragoak ziren.
- Francoren gaixotasuna: gaixotasun batek Francoren bizitza arriskutan jarri zuenean, Juan Carlos printzea aldi baterako Estatu Buru izendatu zuten. Ustekabean, Franco sendatu zen eta agintea berreskuratu zuen.
Beste aldetik, langileen ondoeza gero eta larriagoa zen, 1973ko krisi ekonomikoaren eragina nabarmentzen hasi baitzen. Gainera, ETAren ekintzaz aparte FRAP izeneko erakundeak ere Diktaduraren aurkako ekintza armatu gero eta ugariagoak egiten hasi zen. Francoren aurkako erakunde guztiak demokraziarako transizioa prestatzen hasi ziren. Gobernuaren erreakzioa errepresioa gogortzea izan zen. 1975eko irailean, zigortutako FRAPeko hiru eta ETAko bi kide fusilatu zituzten.
Petrolioaren krisia (1973): Nazioarteko krisi ekonomikoak gogor eragin zion Espainiari (langabezia…). Hala ere, krisia etapa politiko delikatu batean gertatu zen; Franco gaixorik zegoen eta erregimenaren amaiera gertu ikusten zen. Hau dela eta, 1973-75 bitartean, gobernua krisiaren ondorioak atzeratzen saiatu zen.
1975eko azaroaren 20an hil zen Franco.
Sarrera
Gerraren amaierak irabazle eta galtzaileen artean sakonki banaturiko gizartea ekarri zuen.
Erbestea
Erregimenaren hasierako urteak eta gerra ostea
Gerrak ondorio sakonak utzi zituen Euskal Herrian. Frontean, bonbardaketan eta fusilamenduetan hildakoez gain (denera 20.000 inguru), askok erbestera ihes egin zuten, 30.000 haur. Errepublikaren alde jardun zutenek errepresio bortitza jasan zuten: kartzela, fusilamenduak... Eusko Jaurlaritzak ere, Kataluniara lehenbizi eta ondoren Frantziara lekualdatu beharko zuen, 1939an Frankok Gerra Zibila irabazi ostean. Gauzak horrela, Autonomia Estatutua indargabetu eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Kontzertu ekonomikoak baliogabetuak geratu ziren.
Bigarren Mundu Gerraren eztandak asko zaildu zuen oposizioaren berrantolaketa erbestean. Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, Eusko Jaurlaritzaren bulegoak eta EAJren lokalak itxi egin zituzten. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritzak ezarri zituen Londresen eta New Yorken, Estatu Batuetako gobernuarekin harreman onak ezarriz nazismoaren aurkako borrokan. Aldi berean, euskaldun asko boluntario gisa sartu ziren tropa aliatuetan.
Bigarren Mundu Gerra bukatzean, Eusko Jaurlaritzak eta Errepublikaren gobernuak -biak atzerrian zeudelarik- Aliatuen laguntza espero zuten (Euzko Naia...), Francoren diktadura bertan behera botatzeko. Testuinguru horretan, erbesteko euskal indar politiko eta sindikalek BAIONAKO ITUNA sinatu zuten 1947an. Bertan Eusko Jaurlaritzan zuten konfidantza berresten zuten eta Errepublika eta demokrazia berreskuratzean herriaren borondatea errespetatzea. Baina hiru urte beranduago alderdien arteko adostasuna apurtu zen, komunistak jaurlaritzatik kanporatu zituztelako, Gerra Hotzaren ondorioz.
Erregimenaren egonkortzea eta sendotzea
Gerra Hotzaren testuinguruan, 1953an AEBekin hitzarmen ekonomiko militarra sinatzean, Francoren erregimenak nazioarteko onarpena lortu zuen. Ondorengo urteetan Erbesteko Jaurlaritzaren oposizio-lana propaganda eta ekintza sinbolikotara mugatu zen. 1957an berriz Pariseko Ituna sinatu zuen Errepublika berreskuratzeari uko eginaz eta oposizioko indar moderatuenei gerturatuz. J.A. Agirreren heriotzaren ondoren J.M. Leizaolak hartu zuen lehendakaritza.
Frankismoa Euskal Herrian: Hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa sozialak
Autarkiaren urteak
Euskal Herrian industria garapena handiagoa izan ez bazen, sistema autarkikoak behartutako erregai eta lehengai eskasia eta gabeziagatik izan zen, hein handi batean. Poliziak langileen edozein kexak gogor zalatzen zituen eta herritarrengan kontrol politiko zorrotza mantentzen zuen.
Ekonomiaren egonkortzea eta sendotzea
1959an erregimenak autarkia politikari amaiera ematea erabaki zuenetik, euskal ekonomiak hazkunde biziko aldi bat hasi zuen. Hazkunde horren arrazoiak lehenik eta behin Egonkortze Planak, eta, ondoren, Garapen Planak abian jartzeagatik izan ziren.
Sektore kimikoak eta batez ere metalurgikoak bilakaera itzela izan zuten. Euskal industriaren hazkundea bultzatu zuten arrazoien artean erregimenak inposatutako eredu ekonomikoa, kanpoko lehiarik gabe produktuen irteera eta salmenta ziurtatzen zuena.
Garai hartako finantza beharrek kooperatibismoaren sorrera bultzatu zuten Gipuzkoan. Arrasaten sortu zen mugimendua, eta J.M. Arizmendiarrieta izan zen ideiaren sustatzailea. 1956an, lehen enpresa kooperatiboa sortu zuten: ULGOR. Geroago Fagor, eta geroago Caja Laboral Popular-Euskadiko Kutxa. Sistema kooperatiboa laster hedatu zen.
Petrolioaren krisia eta bere eragina
Ekonomiaren garapenaren lehen arazoak 70eko hamarkada hasieran hasi ziren agertzen, eta batez ere, 1973ko nazioarteko krisi ekonomikoan. 60 eta 70eko hamarkadetako espainiar eredu ekonomiko interbentzionista eta protekzionista, onuragarria izan zen euskal industriarentzat.
Eraldaketa sozialak
Gerra Zibila zela eta, Euskadik geldialdi demografikoa jasan arren, 1950eko hamarkadatik aurrera, populazioa asko hazi zen. Hiriguneak “erakargarri” bihurtu zituen garapen industrialak, eta ondorioz hainbat biztanlek imigratu zuen Espainiako txoko desberdinetatik (Extremadura, Gaztela…). Hiri-garapen handia eta bizkorra eman zen urte gutxian, Bilbo Handia eta Ibaizabal haranean batez ere. Asko eraiki zen eraikuntza-plan garbi bat gabe. Honek txabolismo eta azpiegituren falta handiko auzoen sorrera ekarri zuen.
Euskal gizartean eman ziren aldaketen artean aipatzekoa da eros ahalmenaren gorakada nabarmena. Gizarte-arauak arindu egin ziren, hezkuntza-maila orokorra hobetu eta lan-munduan emakumearen presentzia handitu zen.
Kultur arloan berriz, Euskararen ofizialtasunaren debekua eta eremu publikoan izan zuen jazarpena handia izan bazen ere, euskara indarberritua aterako zen. Honen adibide dira: Elizaren babespean argitaratutako euskarazko aldizkari eta irratiak. Euskara Batuaren sorrera eta Ikastolen Mugimendua. Artea eta literaturaren aldetik ere euskararen eta euskal kultura bultzatzearen alde ibili ziren hainbat: Oteiza, Gabriel Aresti...
Frankismoaren oposizioa
Diktaduraren errepresioa hain bortitza izanik erresistentzia oso zaila izan zen, baina zenbait elementu nabarmendu ziren urte hauetan:
- Kanpo oposizioa: Erbesteko alderdi politikoen eraginkortasuna oso eskasa zen, errepresioaren eraginez.
- Langile mugimendua: 1947an UGT, ELA eta CNT-k, erbesteko indar politikoekin elkarlanean greba orokor baterako deialdia egin zuten (60.000 langile Bizkaian eta Gipuzkoan). Errepresioa gogorra izan zen. 50eko hamarkadan estrategia berri bati ekin zitzaion, PCEko langile eta langile independiente talde batzuek gero “Comisiones Obreras” izango zenaren lehen gunea eratu zuten. 60. hamarkadako garapen ekonomikoak gizarte kontraesanak eta lan-gatazkak areagotu zituen.
- Eliza: Erregimenaren sostenguetako bat Eliza izan bazen ere, ez zen hala izan euskal elizgizonen artean. 1944ean hainbat euskal apaizek Vatikanoari idatzi zioten frankismoa salatuz. Dena den, Francoren erregimenak Konkordatuari esker euskal gotzainak izendatzeko eskubidea zeukan. Vatikanoko II. Kontzilioaren erreformen haize berriekin Elizaren oposizioa indarberrituko zen 60.ko hamarkadan. 1960ean 339 apaizek dokumentu bat idatzi zuten euskal herriaren eskubideen zapalkuntza salatzen. Hauetako asko Zamorako apaiz kartzelan amaituko dute.
- ETA: 50. hamarkadan EAJ-ren kanpo oposizioaren gelditasunaz haserre familia abertzaleetako gazte unibertsitari batzuek EKIN taldea sortu zuten, PNVren gaztediaren barruan. 1959an, alderdiarekin apurtu zuten, ETA sortuz. Hasieran, ETA propaganda, sabotaia eta errebindikazio ekintzetan aritu bazen ere, laister ekintza armatuetan hasi zen. Aurrerago, autodeterminazio eskubidearen defentsari, ideologia sozialista eta iraultzailea gehitu zitzaion. 1968an izan ziren lehen hilketak ( Melitón Manzanas).
Diktaduraren krisia Euskal Herrian
Gatazkek 60ko hamarkadaren erdialdean izan zuten une gorena; izan ere, hainbat eta hainbat greba egin ziren bata bestearen atzetik. Egoera hori zela eta, erregimenak indarkeria eta zapalkuntza gogorrez erantzun zuen, eta, salbuespen egoera izendatuz. Frankismoaren aurkako oposizioko mugimendua berriz indartu zen:
- Euskal Elizak rol militantea eta nazionalista eskuratu zuen berriz ere. Sermoietan erregimenaren aurkako kritikak areagotu zituen, esaterako, Bilboko AÑOVEROS gotzainaren kasua 1974an, non gotzainak bere gain hartu zuen bere elizbarrutiko elizetan irakurritako homilia, Gobernuari euskal hizkuntza eta nortasuna aitortzeko eskatuz.
- Langileen protestak eta grebak ugaritu egin ziren. CCOO eta USO sindikatuek arrakasta izan zuten erregimenaren sindikatu ofizialean infiltratzeko estrategiarekin.
- Erbestetik alderdi politikoak Frankismoaren amaiera aurreikusiz alderdi politikoak koordinadora bitartez indarrak batzen saiatu ziren.
- Burgosko prozesuan (1970) 16 etakide epaitu eta seiri heriotza-zigorra ezarri zienean, baina ez zituzten akabatu. 1968-1975era bitartean, ETAk zenbait industrialari bahitu eta 43 pertsona hil zituen; besteak beste, Carrero Blanco almirantea (1973) eta Madrilgo Rolando kafetegiaren kontrako atentatuan (1974ko iraila) hildako 12 pertsona.
Franco hilzorian zegoela, gobernuak, ETAko ekintzei erantzuteko, bi etakide (Txiki eta Otaegi) fusilatu zituen 1975eko irailean FRAPeko beste 3 kideekin batera. Giro horretan, frankismoaren aurkako manifestazioak geroz eta ugariagoak izan ziren. Sistema demokratikoa, preso politikoentzako amnistia osoa... eskatzen zuen aho batez euskal gizarteak.
Franco 1975eko azaroaren 20 hil zen, diktadurari amaiera emanaz.