Frankismoa: Garapen Ekonomikoa eta Diktaduraren Krisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,34 KB
Frankismoa: 60ko Hamarkadatik Aurrera
Hirurogeiko hamarkadako garapen ekonomikoak kultura, hezkuntza eta pentsamendu irekiagoa ekarri zuen. Baina sistema politikoa, diktaduraren zapalkuntza, ez zen aldatu.
I. Garapen ekonomikoa eta hiritartze-prozesua
1959ko garapen-planaren arrakasta handia izan zen: Barne Produktu Gordina (BPG) eta biztanleko errenta bikoiztu egin ziren. Hona hemen Espainiako garapen ekonomikoaren zergatiak:
- Nazioarteko egoera ekonomiko oso aldekoa zen.
- Atzerriko kapitalen inbertsioak, lan-esku merkeak erakarrita.
- Lan-esku oso merkea izatea.
- Turismoari esker lortutako diru-sarrerak; Espainiako prezio merkeak turistentzat erakargarriak baitziren.
- Emigranteek bidaltzen zuten dirua.
- Estatuaren inbertsioak lan publikoetan.
Hazkunde "miragarri" hori, ordea, desorekatua eta mugatua zenez, hainbat arazo eragin zituen:
- Sektoreen arteko desorekak; nekazaritzan inbertsio gutxi egin zenez, produktibitatea oso baxua zen.
- Nekazari askok landa-eremutik hirietara joan behar izan zuten eta asko atzerriratu ziren.
- Espainiako eskualdeen arteko desorekak areagotu ziren.
- Estatuaren gizarte-zerbitzuak oso kaxkarrak ziren.
- Sistema fiskal bidegabea: zerga gehienak zeharkakoak ziren eta dirudunek iruzur handia egiten zuten.
- Ingurumenaren hondamendia: ibaietara isurketa kutsakorrak egiten ziren eta kostaldean eraikin zatar eskergak eraiki ziren.
II. Kanpo-harremanak: EEEn sartzeko ahalegina
Europako Elkarte Ekonomikoa (EEE) sortu zenean, Espainiako gobernuak eskaera formala egin zion bertan sartzeko. Europako Parlamentuak, ordea, eskaera baztertu zuen, oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatzen ez zituzten estatuak ez zituztela onartzen adieraziz.
III. Erregimenaren aurkako oposizioa
Gizarte-mugimendu berriak
Hazkunde ekonomikoarekin batera, herritarrak demokrazia eskatzen hasi ziren. Oposizioa alde guztietan agertu zen:
- Espainiak Europako Ekonomia Elkartean sartzeko eskaera egin zuenean, oposizioko ehun bat ordezkarik Municheko hitzarmena sinatu zuten Francoren diktadura salatzeko.
- Unibertsitatean protestak ugaritu ziren.
- Grebak eta langileen protestak ugariak izan ziren; Comisiones Obreras (CCOO) sortu zen, industria handietako sindikatu nagusia.
- Eliza katolikoak ere askatasun-falta salatu zuen.
- Nazionalismoa indartu egin zen eta ETA sortu zen, euskal nazionalismo zaharraren adar iraultzaile berri gisa. Geroztik, ekintza armatuak ugaritu egin ziren.
IV. Francoren erantzuna: Zurruntasun politikoa
Francok Espainiako instituzioak barne- eta nazioarte-egoerara egokitu nahi izan zituen:
- Ordena Publikoaren Legea: Erregimenaren aurkakoak "legez" jazartzeko eman zuen. Ordena Publikoaren Auzitegi berria (TOP) sortu zuen. Ondorioz, buruzagi politiko eta sindikalei zigor handiak ezarri zizkieten, unibertsitateak itxi zituzten, salbuespen-egoera indarrean jarri zuen eta atxiloketak agindu zituzten.
- Demokrazia organikoa: Francok Estatuaren Lege Organikoa eman zuen. Lege horren bidez, eskubide politikoak "organoen" esku utzi zituen (familia, udalerria, sindikatua). Familien ehun ordezkarik Espainiako Gorteetan parte hartu zuten, baina oposizioko alderdiek ez.
Diktaduraren amaiera (1969-1975)
Frankismoaren azken urteetan inoiz baino istilu handiagoak gertatu ziren, garapen ekonomikoak ez zuelako erregimenaren aldeko atxikimendurik ekarri, askatasunez bizitzeko gura baizik. Erregimenaren aldetik lortu zuten erantzun bakarra poliziaren errepresioa izan zen. Francoren ingurukoen ardura nagusia Caudilloa hiltzean erregimenaren jarraipena ziurtatzea zen.
Oposizioaren indartzea eta Elizaren jarrera
- Oposizioa indartu zen: Askatasun sindikala eta politikoa eskatzeko, langileen grebak gero eta maizagoak ziren.
- Elizaren oposizioa: Eliza erregimenetik urruntzen hasi zen: gotzaiek konkordatoaren berritzea eskatu zuten, eta oposizio demokratikoaren aldeko idazkiak sinatzeagatik apaiz katoliko asko atxilotu zituzten. Elizaren zati bat behartsuenen zerbitzura lanean hasi zen, hiri handien auzo pobreetan bereziki.