Frankismoa eta Euskal Herria: Legeak eta Errepresioa (1937-1974)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 20,34 KB
1. Bizkaiko eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoa Ezabatzeko Lege-Dekretua (1937)
Sarrera
Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak ezabatzeko lege-dekretua testu juridiko bat da, Euskadin kontzertu ekonomikoak ezabatzeari buruzkoa. Testu hau Burgosen argitaratu zen, 1937ko ekainaren 24an. Garai honetan Gerra Zibila (1936-1939) gertatzen ari zen, baina Euskadin jada amaituta zegoen, Francok Euskadi menperatu baitzuen. Testuaren egilea Francisco Franco da, Espainia Nazionaleko estatu berriaren burua. Herriari zuzenduta dago, bereziki Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei, beraiei eragiten baitie Kontzertu Ekonomikoa kentzen dien lege-dekretu honek.
Ideia Nagusiak
- Lehenengo paragrafoa: Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako egoera ekonomiko berezia izatea pribilegio hutsa da, batetik Aldundiek duten autonomiagatik, eta bestetik gainerako espainiarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dituztelako.
- Bigarren paragrafoa: Erregimen frankistak traiziotzat hartu zuen Gipuzkoa eta Bizkaiaren jarrera Gerra Zibilarekiko, izan ere, bi probintziek Errepublikaren alde egin zuten Francoren estatu-kolpeari aurka eginez.
- Hirugarren paragrafoa: Euskadiko zerga sistema bereziek sentimendu nazionala sendotzeko edo Espainiaren aurkako politika egiteko balio izan dute; beraz, deuseztatu egin behar dira kalte larriak sortu aurretik. Bestalde, Arabak eta Nafarroak zerga sistema berarekin jarraitu zuten, nazionalen alde zeudelako.
- Laugarren paragrafoa (1. art.): Uztailaren 1etik aurrera, Gipuzkoan eta Bizkaian zergen sistema Espainiakoaren berdina izango da.
- Bosgarren paragrafoa: Uztailaren 1etik aurrera Kontzertu Ekonomikoen legea indargabetuko da.
Aurrekariak
1872ko apirilean, hainbat kausa zirela eta (Amadeo Saboiakoaren erregetza, Estatu laikoa, iraultza demokratikoa, karlisten propaganda politikoa prentsan,...) Hirugarren Gerra Karlista hasi zen (1872-1876ko otsaila). Bertan, berriz ere karlisten eta liberalen arteko gatazka izan zen; karlistek Karlos VII.aren alde egiten zuten Espainiako errege izateko. Urte hauetan, Alfontso XII.a politikan esku hartzen hasi zen, errepublikaren kontrako joera zabalduz, eta ondorioz liberal foruzale kontserbadore askok alderdiz aldatu ziren. 1875ean liberalak karlistei gailentzen hasi ziren, baina ez zen 1876ko otsailera arte izan behin betiko garaipena lortu zutena. Urte horretan, zehazki 1875eko abenduaren 2an, Antonio Cánovas del Castillo iritsi zen gobernura. Honek sistema politiko kontserbadorea ezarri zuen, lau oinarri nagusi zituena: 1876ko Konstituzioa, bipartidismoa, txandakatze sistema eta jauntxokeria. 1876ko uztailaren 21ean, karlistek gerra galdu zutenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gai fiskal eta militarretan gainerako probintziekin parekatu ziren, hau da, zuten fiskalitate autonomoa galdu zuten. Hala ere, Cánovasen izaera bakezaleari eta euskal liberal foruzaleen izaera negoziatzaileari esker, foruen ezeztapena ez zen erabatekoa izan eta Kontzertu Ekonomikoak ezarri ziren.
Beranduago, 1931n Bigarren Errepublika (1931-1939) hasi zen. Honetan, Biurteko Erreformistan (1931-1933) ezkertiarrek hainbat erreforma eman zituzten, baina Eskuindarren Biurtekoan (1933-1936) erreforma hauek behera bota ziren. 1936ko otsailean, ezkertiar alderdiak koalizio batean bildu zirela (Fronte Popularra), hauteskundeak irabazi zituzten. Baina urte horretako uztailaren 17-18an altxamendu nazionala gertatu zen, Francisco Franco buru zela, Espainiako Gerra Zibilari (1936-1939) hasiera emanez. Gipuzkoa eta Bizkaia Errepublikaren alde jarri ziren, Araba eta Nafarroa, aldiz, frankisten alde. 1937ko apirilean, Gernika bonbardatu zuten, eta ekainaren 19an Bilbo frankisten esku geratu zen. Francok, Euskadi eskuratu zuenean, Errepublikaren alde jartzeagatik “zigortu” egin zuen, testu honen bitartez aipatutako Kontzertu Ekonomikoak abolituz, 1937ko ekainaren 24an.
Analisia
Francisco Francok ikustean Gipuzkoa eta Bizkaia errepublikazaleen alde zeudela eta bere estatu-kolpearen aurka egin zutela, Nafarroa eta Arabari ez bezala, Kontzertu Ekonomikoak indargabetzeko legea egin zuen zigor moduan, izan ere, berak egindako salbuespenezko mesede hari traizio egin zioten. Testuak dioen bezala, Euskadiko probintziek zerga sistema ezberdinak izatea pribilegio hutsa da, izan ere, aldundiek autonomia dute eta euskaldunek espainiarrek baino zerga gutxiago ordaindu behar dituzte. Lehen esan bezala, erregimen frankistak traiziotzat hartu zuen Gipuzkoak eta Bizkaiak errepublikarren alde egitea. Gainera, zerga sistema bereziek sentimendu nazionala sendotzen zieten, baita Espainiaren sistema politikoari aurka egiten ere. Beraz, kalte handiak eragiten zituenez, uztailaren 1ean Euskadin Espainiako zerga sistema bera ezarri zuten, Kontzertu Ekonomikoak deuseztatuz. Bestalde, Arabak eta Nafarroak zerga sistema berarekin jarraitu zuten, nazionalen alde zeudelako.
Ondorengoak
Espainiako Gerra Zibila bukatuta, nazionalak izan ziren garaile eta Francisco Francoren diktadura militarra (1939-1975) hasi zen. Urte hauetan Gipuzkoa eta Bizkaia oso zapalduak izan ziren. Diktadura nazionalista ezarri zenez, Francok euskal kulturaren eta euskararen zentsura izugarria ezarri zuen. Era honetara, 1969an ETA erakundea esku hartzen hasi zen, zapalkuntza horren aurka egiteko. 1973an, diktaduraren aurkako ekintza gisa, Carrero Blanco gobernuburua hil zuten auto-bonba baten bitartez. Bi urte beranduago, 1975ean Franco hil egin zen, Parkinson gaixotasuna zuela. Horrela, Trantsizio garaia hasi zen, eta 1969ko Lege Organikoak zioen bezala, Joan Karlos I.a izendatu zuten errege. Adolfo Suárez gobernuburu atera zen hauteskundeetan eta erreforma politikoen bidea hasi zen. 1978an, berriz, Konstituzio demokratiko berri bat sinatu zuten Gorteek, gaur egun arte indarrean dirauena. Urte bat beranduago, 1979an Gernikako Estatutua sinatu zen, non Euskadiko Autonomia Erkidegoa aldarrikatzen zen eta Kontzertu Ekonomikoak berrezartzen ziren.
2. Estatuaren Lege Organikoa (1967)
Sarrera
Estatuaren Lege Organikoa testu juridiko bat da, lege gisa osatuta dagoelako. Testu hau Espainiako Gobernuak idatzi zuen Madrilen eta Francisco Francok sinatu zuen. Testua 1967ko urtarrilaren 11n argitaratu zen BOEan (Estatuko Aldizkari Ofizialean). Francoren diktadura militarrean eman zen, hau da, bere erregimen frankistaren hirugarren aldian (1959-1969). Testu hau herriari zuzendua dago eta bere xedea Francoren erregimenaren egitura eta instituzionalizazioa guztiz ezartzea da.
Ideia Nagusiak
Orain arte promulgatutako legeek erakundeen antolamendua arautzen dute, baina iritsi da instituzionalizazioa guztiz osatzeko unea; horretarako, Lege Organikoen Legea ematen da. Lege hau bost artikuluz osatzen da:
- 1. art.: Erresuma gisa osatuta dagoen Espainiar Estatua erkidego nazionalaren erakunderik garrantzitsuena da.
- 2. art.: Subiranotasun nazionala kargu batengan erortzen da, ezin da ez zatitan banatu ezta ordezkatu ere.
- 3. art.: Estatuaren xedeak ondorengoak dira: Herritarren eta lurraldeen arteko batasunaren defentsa bermatzea; horretarako, nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantendu behar dira. Hori lortzea garrantzitsua da, baina ezinbestekoa da Mugimendu Nazionalarekiko leiala izatea.
- 6. art.: Subiranotasun nazionala estatuburuaren gain erortzen da, berak baitu botere politiko eta administratibo gorena. Buruzagiak Mugimenduaren kargu nazionala du; beraz, erresumaren legeen printzipioak betetzen direla bermatzen du, legeak promulgatuz eta berretsiz. Justiziaren administrazioa ere bere esku geratzen da, grazia eskubidearen bidez.
- 14. art.: Gobernuburuak nazionala izan behar du eta estatuburuak hautatua izan behar du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote baten artean.
Aurrekariak
Testu hau bere garaian kokatzeko 1939. urtera egingo dugu atzera. Urte horretan, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu zen, alderdi nazionalak irabazi zuela. Era honetara, Francisco Franco gobernuburu ezarri zen eta bere diktadura militarra hasi zen (1939-1975). Horrez gain, urte horretan Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) ere hasi zen, baina hasieran Espainiak ez zuen parterik hartu, bere egoera larria zela eta. Hala ere, bere neutraltasuna atzean utzi zuen Ardatzeko Indarrei (Alemania eta Italia) laguntza eskaini zienean, adibidez, Sobietar Batasunera bidali zuen Dibisio Urdina, Alemaniaren alde. Halaber, beranduago, Italia behera etorri zenean eta AEB gerran parte hartzen hasi zenean, bere neutraltasun egoerara itzuli zen Espainia. Gerra amaitzear zegoenean, Espainia nazioarteko merkatutik isolatua izan zen Ardatzari eskainitako laguntzengatik. Hori zela eta, Francok autarkia ekonomiko egoera ezarri zuen, hainbat lege onartzeaz aparte: Gorteen Legea (1942), Espainiarren Forua (1945), etab.
Denbora aurrera zihoala eta 1947an Gerra Hotza hasi zela, nazioarteko komunitatearen presioak amore eman zuen eta frankismoa mendebaldeko blokeari hurbildu zen, jarrera antikomunista aurkeztuz. Azkenik, 1948an isolamendu egoera amaitu zen, izan ere, nazioarteko merkatuan parte hartzen hasi zen eta muga frantsesa ireki zen. 50eko hamarkadako lehen urteetan, gobernuak ekonomia egonkortzeko planak abian jarri zituen, adibidez, prezioetan eta merkataritzan askatasuna ezarriz. Hala ere, kalteak ere ekarri zituzten eta erregimenaren kontrako lehen greba probokatu zuen (1951ko martxoan). 60ko hamarkadan ere ekonomia egonkortzeko plan horiek abian jarraitu zuten (pezetaren baliogabetzearekin, soldatak izoztuz, gastu publikoa gutxituz...), baina, oraingoan, ekonomiak aurrerapen bat izan zuen. Nahiz eta ekonomia hobetu, egoera politikoa ez zen egokiena; egia esan, askatasun oso gutxi zegoen politikoki. Politika kontinuista eta immobilista zegoen ezarrita Espainian. Horregatik, Francok, egoera lasaitzeko saiakera batean, testu hau (Estatuaren Lege Organikoa) eta Mugimendu Nazionalaren Printzipioei buruzko Legea (1958) eman zituen, sektore kontserbadoreagokoak “pozik” egoteko beste lege teknokrata bat eman ondoren: Prentsaren Legea (1966).
Analisia
Ondoren, 1967an Estatuaren Lege Organikoa eman zen, hau da, eskuartean dugun testu hau. Lege hau promulgatzearen xede nagusia Francoren erregimenaren egitura eta instituzionalizazioa guztiz ezartzea da. Orain arte promulgatutako legeek erakundeen antolamendua arautzen dute, baina instituzionalizazioa ez dago guztiz osatua; horretarako, hainbat artikuluz osatutako lege organiko hau ematen da.
Erresuma gisa osatuta dagoen Espainiar Estatua erkidego nazionalaren erakunderik garrantzitsuena da, 1. artikuluak dioen bezala. Bestalde, subiranotasun nazionala kargu batengan erortzen da, ezin da ez zatitan banatu ezta ordezkatu ere, 2. artikuluak dion bezala. 3. artikuluak dio Estatuaren xedeak ondorengoak direla: herritarren eta lurraldeen arteko batasunaren defentsa bermatzea; horretarako, nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantendu behar dira. Hori lortzea garrantzitsua da, baina ezinbestekoa da Mugimendu Nazionalarekiko leiala izatea. 6. artikuluaren arabera, subiranotasun nazionala estatuburuaren gain erortzen da, berak baitu botere politiko eta administratibo gorena. Buruzagiak Mugimenduaren kargu nazionala du; beraz, erresumaren legeen printzipioak betetzen direla bermatzen du, legeak promulgatuz eta berretsiz. Justiziaren administrazioa ere bere esku geratzen da, eta grazia eskubidearen bidez enpleguak, kargu politikoak eta ohoreak ematen ditu, legeei leiala izanez. Horrez gain, ordezkari diplomatikoak akreditatzen ditu, beti Erresumako Funtsezko Legeak jarraituz. Azkenik, 14. artikuluak dioen moduan, Gobernuburuak nazionala izan behar du eta estatuburuak hautatua izan behar du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote baten artean.
Ondorengoak
Francoren diktadurak (1939-1975) errepresio bortitza, pobrezia ekonomikoa eta gizarte-kontrol zorrotza ekarri zituen. Francoren alderdia ez ezik, gainerako alderdi guztiak ilegalizatu ziren. Errepublikarrek eta haien jarraitzaileek erbestera ihes egin behar izan zuten, esate baterako, Jose Antonio Agirre Parisera alde egin zuen. Bitartean Espainian, epaiketa militarrak, heriotza zigorra, lan bortxaketak, espetxea, salaketak, zigor ekonomikoak, ondasunak konfiskatzea, etab. gertatu ziren. Bigarren Mundu Gerran, aliatuek irabazi zutenez eta Espainia faxismoarekin lotu zutenez, Espainia isolatu zuten eta autarkia batean murgildu zen, baina ez zuen ongi funtzionatu. Ondoren Gerra Hotza eman zen (1945-1947), eta Espainia antikomunista agertu zenez, bere isolamendua arindu zen eta liberalizazio ekonomikoa eman zen. 50eko hamarkadaren amaieran, AEBek laguntza ekonomikoak eman zizkieten, susperraldi ekonomiko bat emanez, baina desberdintasun sozialek bere horretan jarraitu zuten. 1975ean Franco hil egin zen, Parkinson gaixotasuna zela eta. Horrela, Trantsizio garaia hasi zen, Joan Karlos I.a izendatu zuten errege eta Adolfo Suárez gobernuburu atera zen hauteskundeetan. 1978an, berriz, Konstituzio demokratiko berri bat sinatu zuten Gorteek, gaur egun arte indarrean dirauena.
Ondorioa
Testu hau oso garrantzitsua izan zen, izan ere, Francoren boterea indartu zuen, estatuaren batasuna eta zentralismoa indartuz. Gainera, Mugimendu Nazionala nagusitu zen eta erakundeen erreforma bat eman zen.
3. Antonio Añoverosen Bilboko Sermoia (1974)
Sarrera
Antonio Añoveros Bilboko gotzainaren sermoia gutun pastoral bat da, motari dagokionez politiko-soziala. Sermoi hau 1974ko otsailaren 24an eman zen Bizkaiko elizetan. Bilbon eman zen, Bizkaiko hiriburuan. Frankismoaren hirugarren etapan eman zen, azken urteetan zehazki (1970-1975). Testu honen egilea Antonio Añoveros Bilboko gotzaina da. Ideologiari dagokionez, abertzalea zen eta Bizkaiko herritarrei zuzendua dago, elizara joaten zirenei zehazki. Testu honen xedea Euskal Herriaren zapalkuntza egoera salatzea da frankismo garaian (1939-1975), izan ere, Antonio Añoverosek euskal identitatea defendatzea zuen helburu nagusitzat.
Analisia
Antonio Añoverosen sermoia sei paragrafotan banatzen da:
- 1. paragrafoa: Sarrerak dio euskal gatazkak bertako bizikidetzari eta Elizari eragiten diola.
- 2. paragrafoa: Euskaldunek diotela Euskal Herria zapalduta dagoela, beraz, beren eskubideak aldarrikatzen dituzte. Beste herritar batzuek, aldiz, ez dute salaketa onartzen eta aldarrikapen hauek gizarte sistemaren aurkako eraso larriak direla uste dute.
- 3. paragrafoa: Euskal Herriak berezitasun kultural eta espiritualak ditu, esate baterako Euskara. Ezaugarri hauek berezko nortasuna ematen diete Espainiako gainerako herriekin alderatzerakoan.
- 4. paragrafoa: Euskal Herriak eskubidea duela bere nortasuna bereizteko, inguruko herriekin harreman osasuntsu bat eramanez eta askatasuna emango dion antolamendu soziopolitiko baten barruan.
- 5. paragrafoa: Euskal Herriak arazoak ditu askatasun hori lortzeko: euskararen erabilera mugatuta dago eta kultura adierazpenak kontrolatuta daude.
- 6. paragrafoa: Elizak aholkuak eta adorea eman behar dituela, Kristoren salbazioa iragarri eta herriaren egoera ulertzeko.
Aurrekariak
Frankismoaren hirugarren garaian (1959-1969) estatu mailan eta bigarren garaian (1950-1970) Euskadi mailan, hau da, 60ko hamarkadan, aurrerapen sozioekonomiko ugari gertatu ziren. Teknokraten gobernuak Egonkortze Planari (1957-1959) ekin zion industrializatutako guneetan (Madril, Katalunia eta Euskal Herrian). Ekonomia bultzatzeko helburuarekin Garapen Plana (1964-1973) jarri zuten martxan. Munduko Bankuak esan bezala, hori aurrera eramateko, pezeta baliogabetu, soldatak izoztu, gastu publikoak eta trabak murriztu eta kanpo inbertsioak sustatu ziren. Ekonomiaren garapena orekatu arren, kontsumoak eta erosteko ahalmenak behera egin zuten, enpresei eraginez. Garapen ekonomikoak atzerritarren inbertsioak, teknologia berriak eta industria sustatu zituen. Prezio baxuek atzerriko turistak erakartzea eragin zuten, eta frankismoaren erregimena nazioartean onartu zen. Azkenik, langabeziak gora egin zuen egitasmo politikoarengatik, baina emigrazioak arazoa arindu zuen eta eragina izan zuen atzerritik zetozen dibisetan.
Politikoki askatasun gabezia, kontinuismoa eta immobilismoa ziren nagusi. Erregimenaren barruan falangistek, monarkikoek, katolikook eta militarrek boterea banatzen jarraitu zuten. Teknokraten gobernu sektoreak Prentsaren Legea (1966) sustatu zuen, argitaletxeei askatasuna emanez. Ordainetan, sektore atzerakoienetan susmo txarra ez pizteko, Mugimendu Nazionalaren Printzipioei buruzko Legea (1958) eta Estatuaren Lege Organikoa (1967) onartu zituzten. Horrela, oinarrizko balioak instituzionalizatzen saiatu ziren, baina 1968an Matesa kasua piztu zen, gobernu barruko ika-mikak azalduz. Hala ere, kontinuismoak jarraitu zuen. 1969an, bere osasun egoeragatik, Francok Joan Karlos I.a errege izendatu zuen ondorengo, eta Luis Carrero Blanco erregimeneko gobernuburu.
Erlazioa
Francoren erregimenaren azken urteetan, herrialdearen eta batez ere Euskal Herriaren errepresioa eta askatasun eza kontuan hartuta, Antonio Añoveros gotzainak honako sermoia eman zuen, non Euskal Herriaren zapalkuntza egoera salatzen duen. Sermoiaren puntu nagusiak hauek dira:
- Euskal gatazkak bertako bizikidetzari eta Elizari eragiten diola.
- Euskaldunek zapalkuntza salatzen dutela eta eskubideak aldarrikatzen dituztela, nahiz eta beste batzuek hori gizarte sistemaren aurkako eraso larritzat hartu.
- Euskal Herriak berezitasun kultural eta espiritualak dituela (Euskara, adibidez), eta horrek berezko nortasuna ematen diola.
- Euskal Herriak eskubidea duela bere nortasuna bereizteko eta antolamendu soziopolitiko askea izateko.
- Askatasun hori lortzeko arazoak daudela, euskararen erabilera mugatuta dagoelako eta kultura adierazpenak kontrolatuta daudelako.
- Elizak aholkuak eta adorea eman behar dituela, Kristoren salbazioa iragarri eta herriaren egoera ulertzeko.
Ondorengoak
Testu honetan ikus dezakegun bezala, Elizak frankismoari kritika egiten dio, eragiten duen errepresioa eta askatasun eza salatuz. Baina kontuan hartu behar da urte batzuk atzerago frankismoak Eliza babestu zuela eta honek sutsuki defendatu zuela Francoren erregimena. Izan ere, Errepublika garaian hainbat erreforma erlijioso ezarri zituzten, besteak beste, ezkontza zibila, dibortzioa eta erlijioaren irakaskuntza ez derrigorrezkoa.
1975ean Franco hil zen, haren heriotzak Trantsizio garaia (1975-1982) ekarri zuen. Hainbat faktore egon ziren Trantsizioa bultzatu zutenak, eta hainbat talde sozialek Trantsizio garaian emandako erreformen alde (Eliza) egin zuten, eta beste batzuk, aldiz, erreforma horien kontra. Bi egunen buruan, Joan Karlos I.a errege (1975-2014) izendatu zen, 1967ko Lege Organikoak jasotako oinordekotzaren arabera, eta erreforma politikoaren bidea hasi zen. Adolfo Suárezen lehen erabaki politikoek prozesu demokratikoa azkartu zuten, preso politikoentzako amnistia aginduz eta oposizioarekin elkarrizketak sustatuz. Aurrerago, erregimenaren erreforma bultzatu zuen, sistemaren egituran eta erregearen laguntzan oinarrituz. Lege berriaren bidez, bi ganberako Gorteak hautatzeko aukera ezarri zen. 1978an onartutako Konstituzioak monarkia, erregimen parlamentarioa eta estatu deszentralizatua ezarri zituen. 1979an Gernikako Estatutuaren bitartez, Autonomia Estatutuak berreskuratu ziren Euskal Herriko lau probintzietan, baita Kontzertu Ekonomikoak ere. Gaur egun, indarrean jarraitzen dute lau lurraldetan Kontzertu Ekonomikoek, eta espainiarrek Kontzertu Ekonomikoak euskaldunen pribilegio gisa hartu dituzte.
Iritzia
Euskal Herriaren egoera ondo islatzen duen testua da: errepresioa eta euskal nortasunaren eta kulturaren zapalkuntza ziren Erregimenaren pilaretako bi. Añoverosen sermoiaren kasuan ere argi ikusten da, bereziki, hizkuntzaren egoeran zentratzen delarik. Testua baliagarria da ere ulertzeko euskal elizaren urruntzea frankismotik; urruntze horrek nazional-katolizismoari aurre egitea ekarriko zuen. Erregimenaren erantzunak argi utzi zituen immobilismo politikoa, erregimenak beste behin ere errepresioa eta zapalkuntzaren bidez erantzun baitzuen.