Frankismoa: Diktadura, Ezaugarriak eta Bilakaera (1939-1975)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,94 KB
Gerra Zibilaren amaieran, Francok botere guztiak bereganatu zituen, ia 40 urte iraun zuen diktadura bat ezarriz. Garai hau bi etapa nagusitan banatzen da:
- Lehena (1936-1959): Autarkia ekonomikoa helburu izan zen eta nazioarteko isolamendua jasan zen.
- Bigarrena (1959-1975): Nazioarteko aitorpena eta garapen ekonomiko eta soziala gertatu ziren.
Frankismoaren Ezaugarriak
Frankismoa Alemania eta Italiako eredu faxistetan inspiratutako diktadura zen. Francok bere burua Caudillo eta Generalísimo izendatu zuen, botere guztiak bereganatuz. Alderdi bakarra zegoen: Falange Española Tradicionalista y de las JONS.
- Estatuaren kontzepzio unitarista eta zentralista: Frankismoak Errepublikaren garaiko autonomia estatutuak deuseztatu zituen eta espainolizazioa ezarri zuen.
- Katolizismoa: Estatua eta Eliza banaezinak ziren (nazionalkatolizismoa). Elkarri lagundu zioten.
- Oposizioaren zapalketa: Frankismoaren aurka zeudenek jazarpen bortitza jasan zuten.
- Komunikabideen kontrola: Zentsura eta propaganda komunikabideak kontrolatzeko tresna gisa erabili ziren.
- Antikomunismoa: Francok komunismoaren aurkako beldurrari etekina atera zion.
Erregimenaren Zutabe Nagusiak
- Armada: Erregimenaren oinarri nagusia izan zen, lurralde batasunaren bermea eta ordena publikoaren arduraduna, militarren esku baitzegoen.
- FET y de las JONS: Alderdi bakarra zen, eta honen esku geratu zen gizartearen kontrola, besteak beste Sección Femenina erakundearen bidez.
- Eliza Katolikoa: Nahitaezko bihurtu zen, erlijioaren irakaskuntza morala eta ohiturak zainduz, eta nazionalkatolizismoa bultzatuz.
Barne Politika eta Oposizioa
Hasierako Urteak eta Legeak
Hasierako urteetan, aurreko garaiko printzipio demokratikoekin eta adierazpen askatasunarekin amaitu ondoren, botere guztiak bereganatu zituen Francok.
Garai horretan falangistek pisu politiko handia izan zuten. 1942tik aurrera, Francok falangisten eragina murriztea erabaki zuen. Urte hartan Gorteen Legea egin zen, Gorteak berrezarriz, baina ez ziren demokratikoki hautatuak eta aholkularitza zereginak baino ez zituzten.
Mundu Gerra amaitu ondoren, aliatuek irabazi zutenez, nolabaiteko irekitasuna erakusten zuten legeak ezarri ziren. Horien artean, Espainolen Forua (1945) eta Ondorengotza Legea (1947) nabarmentzen dira. Honen arabera, Espainia erresuma zenez, monarkia berrezarriko zen, baina Francoren heriotzaren ondoren gertatuko zen, eta berak izendatuko zuen bere ondorengoa.
Honen bidez, kanpoko herrialdeek erregimena onartzea eta barneko oposizioa konforme uztea lortu nahi zuten. Baina keinu hutsak baino ez ziren izan.
Oposizioa Frankismoan
Erregimen honek estatu mailan eta atzerrian komunisten, monarkikoen eta falangista batzuen oposizioa jasan zuen.
Barne oposizioari dagokionez, Alderdi Komunistako militarrek eta jarraitzaileek maki izeneko gerrillari taldeak osatu zituzten eta Gerra Zibilarekin jarraitzen saiatu ziren.
Atzerriko oposizioari dagokionez, Errepublikaren aldeko buruzagiek erbesteko gobernua osatu zuten errepublika ezartzeko asmoarekin, baina ez zuten lortu.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, atzerriko oposizioa indartu zen, aliatuen garaipenak Francoren gainbehera ekarriko zuela uste baitzuten. Bitartean, barne oposizioan, makien ekintzak ugaritu ziren eta lehen grebak antolatu ziren Katalunian eta Euskal Herrian.
50eko hamarkadan, aurretik aipatutako irekitasuna irudikatzeko egindako aldaketei esker, erregimen frankista nazioartean onartua izan zen eta oposizioa ahuldu zen.
Nazioarteko Harremanak eta Ekonomia
Nazioarteko Isolamendua eta Autarkia (1939-1959)
Erregimen frankistaren sendotzea eta bilakaera oso lotuta egon ziren Bigarren Mundu Gerrako gertakariekin. Hasieran erregimena neutral deklaratu zen, nahiz eta alemaniarren eta italiarren alde egon, ez zuen gerran parte hartu. Ardatzeko estatuek irabaziko zutela zirudienean, ez-beligerantziara aldatu zuten bere jarrera eta Francok Dibisio Urdina (soldaduak eta laguntzak Ardatzeko potentzientzat) bidali zituen 1941ean. Hala ere, AEB gerran sartu zenean eta aliatuek garaipena lortu zutenean, Espainia neutraltasunera itzuli zen berriro.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, nazioartean erregimenaren aurka egin zuten, Espainia isolatuz. 40ko hamarkadako egoera ekonomikoa kaskarra zen, "gosearen hamarkada" izendatuz, herrialdeak lehengai eta ekoizpen gabezia handia jasan baitzuen. Politika ekonomiko autarkiko eta interbentzionista bultzatu zen, zenbait urrats emanez, besteak beste, lehen mailako produktuen salmenta murriztuz eta industria pribatuak babestuz, buruaskia izateko helburuarekin.
Nazioarteko Aitorpena eta Irekitasuna (1950eko hamarkada)
40ko hamarkadaren amaieran, Gerra Hotzaren hasieran, egoera aldatzen joan zen. Espainia isolamendutik irten eta nazioartean onarpena lortu zuen; hitzarmen ekonomikoak sinatu zituen, Marshall Planean sartuz eta Espainia NBEren kide bihurtuz. Bi hitzarmen sinatu ziren 1953an Vatikanoarekin eta Estatu Batuekin: Vatikanoarekin Konkordatua eta AEBrekin aliantza ekonomiko-militarra (Espainiak legitimitatea eta laguntza ekonomikoa lortu zituen, eta AEBk 4 base militar).
Nazioarteko onarpenarekin frankismoak arnasa hartu ahal izan zuen. Horrela, 1957an aldaketa batzuk egin ziren: sektore falangista baztertu eta katolikoak (Opus Deiko teknokratak) kudeaketa ekonomikorako karguetan jarri ziren. Autarkiaren ordez, irekitasunean oinarritutako orientabideari ekin zitzaion, eta horretan AEBko diru laguntzak funtsezkoak izan ziren. Hala ere, orientabide berriek arazo larriak ekarri zituzten: prezio igoerak eta inportazioen gorakadaren ondoriozko merkataritza balantzaren defizitak erregimenaren aurkako grebak eragin zituen.
Garapen Ekonomikoa eta Gizarte Aldaketak (1960ko hamarkada)
Gerra Zibilaren ostean, Francok botere guztiak bereganatu zituen, 40 urteko diktadurari hasiera emanez. Diktadura horretan, Francok erregimen frankistaren oinarriak ezarri zituen, eta haren aurkako oposizioak estatua politikoki nahiz ekonomikoki isolatu zuen. Oposizio horrek errepresio handia jasan zuen. 50eko hamarkadan, erregimenak nazioarteko onarpena lortu zuen, oposizioa oso ahulduta geratu zelarik. Era berean, erregimenak irekitasun politiko eta ekonomikoaren aldeko pausoak eman zituen.
Abian jarritako irekitasun neurriak garapen ekonomikoa sustatzeko nahikoak ez zirenez, politika ekonomikoaren norabidea aldatu zen. Autarkia baztertu zen, eta 1957an teknokrata izeneko ministro berriak izendatu ziren. Hauek, ekonomia eraberritzeko neurri multzo bat atera zuten 1959an: Egonkortze Plana (pezeta debaluatuz, zergak igoz, etab.).
Neurri horiek erregimenak etorkizunean izango zuen garapenaren oinarriak markatu zituzten, eta nahiz eta ondorio negatiboak izan, turismoari eta emigrazioari esker egoera egonkortu zen.
Egonkortze Planekin hasitako hazkunde prozesua osatzeko, Garapen Planak bideratu ziren 1964-1975 bitartean. Une horietan, Frankismoak oparoaldi ekonomiko bat bizi izan zuen.
60ko eta 70eko hamarkadetan emandako oparoaldi ekonomikoak gizarte esparruan aldaketa ugari eragin zituen, gizarte tradizional eta nekazaria gizarte industrial eta moderno bihurtuz.
Besteak beste, emigrazioa gertatu zen nekazaritza guneetatik industria guneetara (Euskal Herria, Katalunia, etab.). Beste herritar askok atzerrira ere emigratu zuten (Europara, batez ere). Gainera, bizi mailaren igoerak gizartea kontsumora eta aisialdira bultzatu zuen. Hezkuntza eta osasun arloan zerbitzu publikoaren hobekuntza eman zen, eta azkenik, pentsamolde aldaketek gizarte irekiagoa eta toleranteagoa sortu zuten. Gainera, emakumeen funtzioa ere aldatzen joan zen.
Oposizioa eta Erregimenaren Krisia (1960ko hamarkadaren amaiera)
Aldaketa sozial hauen ondorioz, gizarte berriaren eta erregimenaren arteko oposizioa handitu zen, protestak ugarituz, bai barnean zein kanpoan. Langileen, unibertsitateko ikasleen eta elizako sektore batzuen diktaduraren aurkako mugimenduak ere izan ziren. Ondorioz, 1962an, kanpoko zein barneko indar guztiak Munichen bildu ziren, sistema antidemokratikoa salatu eta fronte bateratuak osatzeko.
Hala ere, 60ko hamarkadaren amaieran, Espainia herrialde garatua izatera iritsi bazen ere, hazkunde ekonomikoaren oinarriak ahulak ziren. Herrialde guztiak ez ziren neurri berean garatu eta menpekotasun handia zegoen kanpoko potentzia ekonomikoekiko. Ondorioz, 1973an petrolioaren krisia gertatu zen, hazkunde ekonomikoarekin amaituz. Ondorio larriak izan zituen, hala nola turismoaren, emigrazioaren eta kanpoko inbertsioen beherakada.
Barne Politika eta Legeak
Barne politikari dagokionez, 1950eko hamarkadaren amaieran, bi joera politiko bereiztu ziren. Batetik, sektore aperturista, teknokratez osatuta, erregimena berritzeko eta liberalizatzeko ahaleginak egin zituena. Bestetik, sektore inmobilista, goian aipatutako joeren aurka zegoena. Ondorioz, Francok bi sektoreen arteko orekari eusteko zenbait lege sortu zituen:
- Mugimendu Nazionalaren Printzipioei buruzko Legea (1958): erregimenaren balioak indartzen zituena.
- Prentsaren Legea (1966), Manuel Fraga Iribarne ministroak ateratakoa: adierazpen askatasuna zabaldu eta zentsura ezabatzen zuena.
- Estatuaren Lege Organikoa (1967): konstituzio moduko zerbait izan zen, eta erregimena instituzionalizatzeko eta jarraipena bermatzeko prozesua osatzea zuen helburu. Horrez gain, espainiarrek politikan parte hartzeko sistema finkatu zuen: demokrazia organikoa, hiru erakunde hauen bitartez gauzatu behar zena: Familia, Udala eta Sindikatua.
Francoren Ondorengotza eta Azken Urteak
Hala ere, aldaketa garrantzitsuenak 1969an etorri ziren, Francoren osasun egoera txarrak eraginda:
- Batetik, Juan Carlos Borboikoa Francoren ondorengo izendatzea, errege tituluarekin.
- Bestetik, Luis Carrero Blanco, Francoren konfiantzazko gizona eta erregimenaren alderdi kontserbadore eta atzerakoiaren burua, presidenteorde izendatzea.
1969tik aurrera boterea inmobilisten esku geratu zen, Carrero Blancoren buruzagitzapean. Gainera, 1973an, erregimenari jarraipena emateko asmoz, Francok presidente kargua esleitu zion Carrero Blancori. Hala ere, urte bereko abenduaren 20an ETAk hil zuen, eta ondorioz, Carlos Arias Navarro izendatu zuten presidente.
Frankismoaren Amaiera eta Trantsizioa
Frankismoaren amaieran, erregimenaren botere-taldeen barnean hausturak sortzen hasi ziren eta oposizioak funtsezko bi erabaki hartu zituen: alde batetik, herrialdetik bertatik antolatzea eta lan egiten hastea; eta, bestetik, demokrazia ekartzeko elkarren artean zituzten desadostasunak gainditzea. Bi alderdi nagusi nabarmendu ziren:
- Espainiako Alderdi Komunista (PCE): Santiago Carrillok, Parisen, Junta Democrática osatu zuen.
- Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE): Felipe Gonzálezek Plataforma Democrática osatu zuen 1975ean.
Urte horretan bertan, Plataformak eta Juntak Coordinación Democrática (Platajunta) eratu zuten.
Frankismoaren amaiera diktadorearen heriotzaren ondoren etorri zen arren, ordurako erregimena desegiten ari zen. Ordurako, oposizioaren jarduera politikoa eta indarkeria erabiltzen zuten taldeak ugaritu ziren (ETA, FRAP edota GRAPO). Gobernuaren errepresioa gogortu zen 1975eko Lege Antiterroristaren eskutik (Irailaren 20ko fusilamenduak eragin zituenak), eta erregimena erabat isolaturik gelditu zen errepresioaren ondorioz.
Azkenik, 1975eko azaroaren 20an diktadorea hil ondoren, babesik gabe eta nazioartean isolatuta, diktadura frankista desegiten hasi zen. Erregimen aldaketa trantsizioz egin zen, hau da, ez zen diktadurarekin hautsi, baizik eta bere instituzioetatik abiatuz egin zen aldaketa.