Francoren Diktadura: Ezaugarriak, Egitura eta Kontrola
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,45 KB
Francok gerra irabazi zuenean, Errepublikaren lan osoa desegin zuen. Francok ezarri zuen erregimena diktadura pertsonala, autoritarioa eta militarra zen, hasierako urteetan faxismo totalitarioaren parekoa izan zelarik.
Erregimenaren Ezaugarri Nagusiak
- Francok botere mugagabea zeukan eta goraipatzen zuten, Jainkoak jarritako lider gisa hartzen baitzuten: “Caudillo de España por la gracia de Dios”.
- Ideologia aldetik, katolikoa eta kontserbadorea zen.
- Franco izan zen lider bakarra, baina desadostasunak ekiditeko boterea familien artean banandu zuen.
Erregimenaren Oinarriak eta Erakundeak
Armada
Armada erregimenaren ardatza zen. Militarrek pribilegioak zituzten eta armada eta ordena publikoko ministerioak kontrolatzen zituzten.
Eliza eta Nazional-katolizismoa
Elizak politikoki lagundu zion erregimenari, eta Nazional-katolizismoa doktrina erlijioso-politiko eragin handikoa izan zen. Opus Deiko kide katolikoek hezkuntza eta ekonomia ministerioak kontrolatzen zituzten.
Falangea
Falangea funtsezkoa izan zen erregimena eratzeko, gizartea kontrolatzeko eta familien boterea orekatzeko. Etxebizitza, gizarte, lan eta sindikatu arloko ministerioak kontrolatzen zituzten. Falangeak eragin handia izan zuen arlo guztietan, eta horren adierazgarri ziren, besteak beste, eskoletan egunero abesten zen Cara al sol ereserkia edo uztarri eta geziekin apaindutako herri eta eraikinak.
Kontrol Soziala eta Ideologikoa
Francok kontrol sozial eta ideologiko zorrotza ezarri zuen hezkuntzan, eta eredu kultural nazional-katolikoa eratu zuen. Espainia berriaren ideiak zabaltzen ziren: ausardia, autoritatea, diziplina, obedientzia… Espiritu Nazionalaren Formakuntza, Etxeko Lanetarako Irakaskuntza eta Gorputz Hezkuntza ikasgaiak erabiltzen zituzten haurrak doktrinatzeko.
Gazteen Frontea
Gazteen Fronteak haur eta gazteei aberriarekiko maitasuna eta arraza, inperioa eta Jainkoa goraipatzea irakasten zien.
Emakumeen Sekzioa
Emakumeen Sekzioak neskato eta neska gazteak emazte eta ama bikain izateko prestatzen zituen.
Unibertsitateko Ikasleen Sindikatua
Unibertsitateko Ikasleen Sindikatua ere sortu zen.
Funtsezko Legeak eta Egitura Juridikoa
Erregimenean ez zegoenez konstituziorik eta alderdi politikoak eta sindikatuak debekatuta zeudenez, funtsezko legeak promulgatu zituzten:
Lanaren Forua
Sindikalismo bertikala sortu zuen bi legeren bidez (Batasun Sindikalarena eta Espainiako Antolakuntza Sindikalaren Oinarriena). Falangeak kontrolatzen zuen sindikatu bakarra zen. Diziplina, batasuna eta espiritu nazionala zabaltzea zuen helburu. Langileak eta ugazabak afiliatzera behartu zituzten eta lanaren inguruko eskubide guztiak kendu zituzten; hala nola, greba. Lan-jarduna kontrolatzen zuten.
Gorteak Eratzeko Legea
Botere legegilerik gabeko gorteak egin zituzten erregimenari aholku emateko.
Espainiarren Forua
Herritarren betebeharrak eta eskubideak jaso zituen, erlijioa eta Francoren ideologia bat eginda.
Beste Lege Garrantzitsu Batzuk
- Erreferendum Nazionalaren Legea
- Ondorengotza Legea
- Mugimendu Nazionalaren Printzipioen Legea
Azkenik, Estatuaren Lege Organikoa erregimena guztiz finkatzeko azken legea izan zen.