Foruen Indargabetzea eta Kontzertu Ekonomikoa (1876-1982)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,33 KB
Foruen Indargabetzea eta Haren Zergatiak
Dagoeneko aipatu dugu karlisten porrotaren ostean eman zuela Cánovas del Castillo gobernuburuak foruak indargabetzeko lege agindua, 1876ko uztailaren 21ean. Agerian jarri behar da gorroto handia zegoela Espainiako beste probintzietan Euskal Probintzien foru berezitasunaren aurka. Giro horretan, gobernuak bi xede nagusirekin jokatu zuen: batetik, erregimen liberala eta bateratzailea sendotzea, eta Espainiako beste probintzietako sistema ezartzea Euskal Probintzietan ere; bestetik, bidea ezartzea Euskal Probintzietatik ere estatuko gastuei laguntzeko. Gorteetan eztabaidatu zen auzia, eta 1876ko uztailaren 21eko Lege Agindua onartu zen. Harrezkero, derrigorrezko soldadutza ezarri zen Euskal Probintzietan ere, eta zerga abantailak indargabetu ziren.
Euskal Probintzien Erreakzioa eta Gobernuaren Neurriak
Alabaina, Euskal liberalek eta foruzaleek ez zuten gustura hartu lege hori. Aldundiek ez zuten onartu, eta ez zuten laguntzarik eskaini haien lurretan ezar zedin. Hala, gobernuak esku hartu zuen Bizkaiko Aldundiaren diruan, eta espetxeratu egin zituen gudarostera joateko gazteei dei egin nahi ez zieten alkateak. Cánovasek, era berean, ezeztatu egin zituen foru aldundiak eta foru administrazioa.
Kontzertu Ekonomikoaren Sorkuntza eta Negoziazioak
Horrenbestez, nahigabetu egin ziren Euskal Probintziak, eta oso gogor jarri ziren lege aginduaren kontra. Espainiako gobernuaren presioa ikaragarria izan zen. Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek amore eman zuten, eta azkenean gobernuarekin negoziatzen hasi ziren. Aldundien eta gobernuaren arteko negoziazioaren ondoren, 1878ko Kontzertu Ekonomikoaren Legea adostu zen. Sistema horrek kupo zeritzona ezarri zuen, hau da, Euskal Probintziek urtero estatuari ordaindu behar zioten diru kopurua. Aldundien ardurapean geratu zen dirua biltzea, kupoa ordaintzea eta gelditutako dirua administratzea.
Kontzertu Ekonomikoaren Bilakaera eta Ondorioak
Amaitzeko, 1876ko uztailaren 21eko Foruak Indargabetzeko Lege Aginduaren garrantzia nabarmendu behar da. Alde batetik, esan behar da lege honek foru berezitasunaren amaiera suposatu zuela. Bestetik, 1878ko Kontzertu Ekonomikoaren Legeak arindu egin zuela egoera. Kontzertuak burgesiari emandako abantaila ekonomiko horiek guztiak zirela eta, asko arindu zen foru berezitasunaren galerak Euskal Probintzietan sortu zuen atsekabea. Cánovasek lortu zuen Berrezarkuntza sendotzeko behar zuen bakea, baita Euskal Probintzien egonkortasuna ere sistema horren barruan.
Bukatzeko, aipatu behar da Kontzertu Ekonomikoak Gerra Zibilera arte iraun zuela. Hona hemen bilakaera nagusiak:
- Bizkaiak eta Gipuzkoak 1937an galdu zuten Kontzertua, Errepublikaren alde jartzeagatik.
- Arabak eta Nafarroak, ostera, trantsizio garaian, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua onartu ondoren (1980), berreskuratu egin zuten Kontzertu Ekonomikoa.
- Hala, Kontzertu Ekonomiko bakarra adostu zen hiru probintzientzat. Nafarroan ere helmuga horrekin jardun zuten, eta lege itundua ordezkatzera etorri zen Foru Hobekuntzaren Legea (Ley de Amejoramiento del Fuero) idatzi zen 1982an.