Foruak eta Karlistadak: Bilakaera Historikoa eta Kontzertu Ekonomikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,1 KB

Foruak Karlistaden Artean

Isabel II.aren erregealdian, hiru Euskal Foru Probintzien egoera momentuko gobernuaren joeraren arabera aldatuz joango da. Gobernu moderatuek, Isabelen erregealdiko urte gehienetan nagusi, galdutako foruen zati bat itzuliko diete: Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak berrezarri zituzten, baina eduki politikorik gabe; ez zuten berreskuratu ez foru baimena ezta aduanen kokapena barnealdean ere. 1845eko Konstituzio moderatua eta berau garatu zuten legeak zentralistak baziren ere, Euskal Foruak ez ziren desagertu.

Euskal Aldundien ordezkariek Foru eta Konstituzioaren arteko bateragarritasunari buruz eztabaidatu zuten sarritan Madrilgo Gobernuarekin. Honela jaio zen "fuerismo" edo "posibilismo foral" delakoa, foru erregimena konstituzionalismo moderatuaren eredutzat jotzen zuena. Hiru Probintzietako Aldundien administrazio eta zerga konpetentziak arlo batzuetan handiagotu egin ziren, baina beste arlo batzuetan uniformetasuna handiagotu zen: Guardia Zibila, esate baterako.

Foru Aldundien Aginpidearen Handitzea

1860ko hamarkadan, Foru Aldundiek euren aginpideak handiagotu zituzten desamortizazio prozesuaren kontrola, estatistika batzordeak eta herri heziketa batzarrak jasotzean. Bestalde, 1862an, aspalditik eskatutako Euskal Apezpikutza lortu zen, egoitza Gasteizen zuela; honela, aurretik elizbarruti ezberdinetan sakabanaturiko euskal kleroa bateraturik gelditu zen. Foruen iraupenaren trukean, noble lurjabe eta foruzaleek babesa eman zieten moderatuei Parlamentuan, liberalismo aurrerakoiaren aurka. Barneko ikuspuntuari dagokionez, foruzaletasunak ("fuerismo" delakoak) Lehen Karlistadaren ondorioz galdutako gizarte batasuna berreraikitzeari ekin zion, baina foru-eskaintza murriztuz.

Azken Karlistada eta Foruen Indargabetzea

Seiurteko Demokratikoko (1868-1874) espainiar politikaren gertaerek karlisten erantzun berria sortuko dute. Hiru euskal probintzietan eta Nafarroan, politika liberalek (Amadeo I.aren Monarkia eta Errepublikaren bidez) tradiziozko idealak sendotu zituzten: "Jainkoa, Erregea eta Foruak". Hauteskundeetan emaitza onak izan arren, karlistek altxamendu berria prestatu zuten, 1872an lehertuko zena.

Amorebietako Ituna eta Gerraren Jarraipena

Karlistek, gerrilla taktika erabili behar izan zuten eta hondamen batzuen ostean, errendizioa aurkeztu zioten Serrano jeneralari. Honek Amorebietako Ituna (1872) sinatu zuen Bizkaiko Aldundi Karlistarekin: Foruak errespetatu eta armak utziko zituzten karlistentzako indultua aurreikusten zen. Ituna Gorteek berretsi zuten. Baina urtearen amaieran karlistek berriro ekin zioten gerrari. 1873an arrakasta handiak izan zituzten, ia euskal lurralde osoa menperatzera helduz, lau hiriburuak eta setiatutako eta bonbardatutako beste hiri batzuk izan ezik. Lehen Karlistadako egoera errepikatzen zen. Armada karlistarekin batera, gerrilla taldeek protagonismoa ere izan zuten (Santa Kruz apaizarena, adibidez). Don Karlosek (VII) adierazpen ospetsua egin zuen Gernikako Arbolaren azpian, Foruen erabateko berrezarpena baieztatuz eta berauen zina egingo zuela zirkunstantziak hobeak zirenean (honela egin zuen bi urte beranduago). Karlos VII.ak bere Gortea Lizarran ezarri eta bere Estatua antolatzen hasi zen: armada erregularra, probintzia-zergak, kode penala, hezkuntza, moneta, ekonomia ekoizpenari emandako bultzada...

Bilboko Setioa eta Gerraren Amaiera

1873ko abenduan karlistek, Lehen Karlistadan bezala, Bilboko setioari ekin zioten. Baina liberalek, artilleria berriari esker, Somorrostroko batailaren ondoren, setioa altxatzea lortu zuten. Gainera, Borboien berrezarpenak eta altxamendu kantonalistaren amaierak Iparreko frontera soldadu eta arma gehiago bidaltzea ekarri zuen. Azken gerra ekintza esanguratsua liberalek Lizarra hartu zutenean gertatu zen (1876ko otsaila). Egun gutxi batzuen buruan, Don Karlosek muga zeharkatu zuen.

Gerraren Ondorioak eta Foruen Abolizioa

Burgesia liberala garaile izanda, Canovasek ohizko Foruen abolizioa eta Kontzertu Ekonomikoa asmatu zuen. 1876ko uztailean, Foruak deuseztatzeko Legea argitaratu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako: zerga-salbuespenei amaiera eman, derrigorrezko soldadutza ezarri eta Probintzien administrazioan aldaketak ezartzeko ahalmena ematen zion Gobernuari.

Kontzertu Ekonomikoa: Sorrera eta Bilakaera

Foruak indargabetzeko Legeak bere aurkako erreakzio gogorrak sortu zituen Euskal Herrian. Batzar eta Aldundien erresistentzia handia izan zen, Bizkaian bereziki, non Fidel Sagarminagak defendatutako jarrera gogorra ("dena ala ezer ez") nagusitzen zen. Geroago, adierazpen askatasuna erabat murriztuta, jarrerak moteltzen hasi ziren, eta Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek Gobernuarekin negoziatzea erabaki zuten, eta emaitza Kontzertu Ekonomikoa izan zen.

Kontzertu Ekonomikoaren Ezaugarriak

Kontzertu honek honako ahalmen hauek onartzen zituen Probintzietarako:

  1. Zerga-autonomia. Hiru euskal Probintzietako Aldundi bakoitzak bere probintzia eremuko zergak ezarri eta jaso egiten zituen, Estatuaren bestelako zerga-sistema ezartzeko ahalmena izanik. Honen truke, "kupo" izeneko urteroko kopuru orokorra ordaindu behar zion Estatuari.
  2. Administrazio-autonomia. Zergak jaso eta kudeatzeko ahalmenak Aldundiak administrazio konpetentzi zabalez hornitzea ekarri zuen derrigorrez.

Kontzertuaren Ondorioak eta Aldundien Boterea

Kontzertuarekin, hiru Probintzietako zerga presioa Estatuarena baino txikiagoa zen, are gehiago epe luzerako kupo egonkorrak hitzartu baitziren. Zerga bereizgarri hauek kontzertuaren alde jokatzera eraman zuten burgesia, abantaila ekonomikoak ematen zizkion eta; honela, Foruen ezabapenak sortutako frustrazioa gainditu zen. Erregimen honek autogobernu maila altua suposatzen zuen Euskal Probintzietarako. Aldundiek botere handia zeukaten, baina aurrekoekin alderatuta ezberdinak: euren kideak ez zituzten Batzar Nagusiek aukeratzen Foru garaian bezala, Estatuaren hauteskunde sistema orokorraren arabera baizik; honela, euren kontrola nekazal aristokraziaren eskuetatik hiri burgesia handiaren eskuetara igaro zen. Euskal buru talde berri honek, zerga autonomiari esker, bere interesen araberako zerga sistema ezarri zuen, zeharkako zergei (kontsumoaren gainekoei) lehentasuna emanez, errenta eta ondarearen gaineko zerga zuzenak (burgesiarentzat astunagoak zirenak) murrizten zituen bitartean.

Entradas relacionadas: