Foruak eta Gerra Karlistak: Euskal Autonomiaren Bilakaera (1839-1878)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,18 KB
Foruak eta Gerra Karlistak: Euskal Autonomiaren Bilakaera
Lehen Gerra Karlistaren Amaiera eta 1839ko Legea
Lehen Gerra Karlista 1839ko Bergarako Hitzarmenarekin amaitu zen. Bertan, Esparterok gobernu liberalari foruak errespetatzea eskatzeko konpromisoa hartu zuen. Gorteek 1839ko Urriaren 25eko Legea eman zuten, zeinak euskal foruak berresten zituen, baina monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe. Gobernuak foruak mantentzeko konpromisoa betetzen zuen, baina, era berean, egoki irizten zituen aldaketak egiteko aukera irekita uzten zuen.
Paktistak eta Ez Paktistak: Nafarroako Hitzartutako Legea (1841)
1840an progresistek agintea hartzearekin batera aldaketa handiak gertatu ziren. 1839ko legea ez zuten berdin interpretatu paktistek eta ez paktistek:
- Foruzale paktistek gobernu zentralarekin negoziatzen jarraitu zuten.
- Foruzale ez paktistek, aldiz, legea foruen abolizioa zela iritzi zioten, batez ere, foruak aldatzeko ahalmena ematen zielako Madrilgo erakundeei. Horregatik, etengabe eskatu zuten bertan behera uztea.
Nafarroan paktistak nagusitu ziren eta gobernu zentralarekin negoziatzera joan ziren. Negoziazio horretatik 1841eko Abuztuaren 16ko Hitzartutako Legea sortu zen, Nafarroari aurrerantzean zorrotz errespetatuko zen autonomia administratibo handia ematen ziona. Lege horrekin foru pribilegio garrantzitsuak kentzen zitzaizkien nafarrei, baina, ordainetan, antzinako foru eskubide zibila mantentzen zen, aldundi probintzial berriari autogobernu administratibo eta ekonomiko handia emateaz gain, udalei kontuak hartzeko ahalmena onartzen zitzaien.
Esparteroren Dekretua eta Aduanen Lekualdaketa (1841)
Nafarroa urrunduta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru lurraldeek beren jarrerak bateratzea eta harremanak estutzea erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, azkenean, gobernu zentralak bere kontura hartu zituen erabakiak. 1841ean, euskal lurretan izandako matxinada moderatu txiki batez baliaturik, Esparterok 1841eko Urriaren 29ko Dekretua atera zuen Gasteizen, gorteetan eztabaidatu gabe eta euskal probintziei kontsultarik egin gabe. Dekretu horrek aldaketa garrantzitsu hauek ekarri zituen:
- Foru baimena indargabetu zuen.
- Aduanak barnealdetik kostaldera eta Pirinioetara eraman zituen.
- Lehen auzialdiko epaitegiak ezarri zituen.
Aldaketa horien aurrean protesta handiak egin ziren, aduanen lekualdaketaren kontra bereziki; nahiz eta batzuk azkar asko jabetu ziren hori oso mesedegarria zela merkataritza eta industria negozioetarako.
Isabel II.aren Erregealdia eta 1844ko Akordioa
Isabel II.aren erregealdian, agintean egon zen alderdiaren arabera egoera aldatuz joan zen:
- Moderatuak gobernatu zutenean, galduta zeuden foruetako hainbat eskumen indarrean jarri zituzten berriz ere.
- Progresistek agindu zutenean, aldundiak aldundi edo diputazio probintzial izatera pasa ziren eta batzar nagusiak kendu egin zituzten.
Espartero 1843an erori ostean, moderatuak igo ziren agintera eta nahiko erraz iritsi ziren euskal ordezkariekin akordio batera: 1844ko Uztailaren 4ko Dekretuaren bidez, batzar nagusiak eta foru aldundiak itzuli ziren eta botere handiagoa eman zitzaien; gainera, udalak modu tradizionalean hautatzea onartu zen. Hala eta guztiz ere, arestian esan bezalaxe, foru baimena eta aduanak ez ziren lehengora itzuli.
Ondorioz, esan daiteke 1839ko legeak ezarri zituen aldaketek, 1848ko Konstituzio moderatuaren zentralismoak eta horren garapenetik sortutako legeek ez zituztela foruak desagerrarazi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldundiek beren eskuduntza administratibo eta fiskalak mantendu zituzten, kontzesio batzuk egin behar izan zituzten arren. 1845 eta 1868 artean hiru lurralde hauetan foru sistemak egoera bitxia bizi izan zuela esan daiteke, izan ere, gobernu zentralaren foruak aldatzeko mehatxua egon arren, autonomia zabal bat bizi izan baitzuten.
Foruen Abolizioa eta Kontzertu Ekonomikoa (1876-1878)
Bigarren Gerra Karlistan karlistek gerra galdu izanak egoera hori aldatu egin zuen. Jada Errestaurazioaren garaian eman zen 1876ko Uztailaren 21eko Legeak foruak formalki abolitu baitzituen. Lege horren lehen artikuluan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara hedatu ziren Espainiako biztanle ororen betebeharrak:
Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzioak espainiar guztiei eta […] Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanle guztiei hedatuko zaizkie, nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.
Badirudi asmo nagusia ez zela hiru probintzien autonomia administratiboa kentzea, baizik eta autonomia hori beste printzipio batzuetan oinarritzea. Hala ere, legea egiten ari zirela espainiarrak eta euskaldunak ez ziren inongo adostasunetara iritsi, ez paktistak gehiengoa zirelako eta ez zeudelako inolako aldaketarik egitearen alde. Gobernuak, ondorioz, batzar nagusiak kendu zituen, eta hori euskaldun gehienek beretzat zeukaten foru erregimenaren desagerpenaren seinaletzat jo zen.
Hala eta guztiz ere, nolabaiteko administrazio autonomia mantendu zuten, karlisten beste altxamendu armatu bat eragoztearren edo. Hori marko ekonomiko eta administratibo berri bati esker lortu zen 1878an: Kontzertu Ekonomikoa. Kontzertua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako zerga erregimen berezia zen. Horren arabera, hiru probintzietako aldundiak arduratuko ziren zerga bilketaz eta estatu zentraleko ogasunari kupo bat eman beharko zioten. Horrek ahalmen handia ematen zien aldundiei eta probintzia horietako administrazioaren ardatz bilakatzen zituen. Zergak ezarri eta udalak kontrolatzeko ahalmena ematen zitzaien heinean autonomia handi samarra lortzen zuten aldundi edo diputazioek; baina, hala eta guztiz ere, autonomia hori Espainiako konstituzioaren mende zegoen. Azken batean, foruen abolizioa gertatu bazen ere, Kontzertu Ekonomikoak Espainiako gainerako probintziek ez zeukaten administrazio autonomia eta foruen ahalmen batzuk mantentzeko aukera eman zuen.