Fisioa, Fusioa eta Lotura-Energia Nuklearra
Fisio Nuklearra
Nukleo atomiko batzuek energia kantitate handia sor dezakete, baldin eta nukleo arinagoak eratzeko moduan zatitzen badira. Prozesu horri fisio nuklearra deritzo. Fisio nuklearra erreakzio nuklear bat da, non nukleo astun bat neutroiez bonbardatuz gero, nukleoa zatitu eta bi nukleo arinago sortzen diren. Prozesu horretan, zenbait neutroi (n) eta energia kantitate handia askatzen dira.
1938an, Otto Hahn eta Fritz Strassmann fisikari alemaniarrek uranio-235 isotopoaren nukleoa fisionatzea lortu zuten:
U(235, 92) + n(1, 0) → Ba(141, 56) + Kr(92, 36) + 3 n(1, 0)
Neutroia n(1, 0) moduan izendatzen da. Erreakzio nuklear horren produktuen masa-defektua 0,2154 u-koa da; hots, uranio-235 nukleo bat fisionatzean 200 MeV askatzen dira. (Irudia: neutroi 1 + uranio nukleo 1 → neutroiaren irensketa → nukleoaren fisioa → Ba 1 + Kr 1 + 3 neutroi).
Energiaren ikuspegitik hitz eginez, U-235 nukleoa ez da berez fisionatzen; aktibazio-energia bat bereganatu behar du neutroia irentsita. Nukleo baten fisioan askaturiko neutroiek beste nukleo batzuen fisioan parte har dezakete, kate-erreakzio nuklearra sortuz:
- Kontrolatua: Fisioan askatutako neutroi kopurua handiegia denean, gehiegizko neutroiak xurgatzen dituen materiala sartzen da, erreakzioa leherketa bihur ez dadin. Zentral nuklearretan eta urpekoen zein koheteen sorgailu laguntzaileetan burutzen da.
- Ez-kontrolatua: Ez da kontrol-elementurik erabiltzen gehiegizko neutroiak xurgatzeko, eta erreakzioa leherketa bihurtzen da. Bonba atomikoan burutzen da.
Fusio Nuklearra
Zenbait nukleo atomikok energia kantitate handia aska dezakete, baldin eta nukleo astunago bat sortzeko elkarrekin batzen badira. Prozesu horri fusio nuklearra deritzo. Erreakzio nuklear honetan, bi nukleo arin batu eta nukleo astunago bat eratzen da, energia kantitate handia askatuz.
Adibidez, deuterioa eta tritioa (hidrogenoaren isotopoak) elkartzen dira helio-4 motako atomo bakoitzeko:
H(2, 1) + H(3, 1) → He(4, 2) + n(1, 0)
Erreakzio honetan masa-defektua 0,0189 u-koa da, eta hori 17,6 MeV-eko energia-askapenari dagokio. (Irudia: deuterioa 2-1 + tritioa 3-1 → fusio nuklearra → He(4, 2) + n(1, 0)).
Fisioan gertatzen den bezala, fusio nuklear bat abiarazteko ere aktibazio-energia baten premia dago. Fusioaren kasuan, aldarapen elektrostatikoa gainditzeko behar den energia oso handia da, energia termiko izugarria eskatzen baitu (106 K baino gehiago). Modu naturalean izarretan eta Eguzkian bakarrik gertatzen da.
- Kontrolatua: Oraindik ez da lortu era errentagarrian egitea; oso zaila da erreaktiboak konfinatzea, modu horretan mantentzea eta tenperatura altuak lortzea. Gaur egun plasmaren konfinamendu magnetikoaren bidez saiatzen ari dira.
- Ez-kontrolatua: Hidrogeno-bonban (H-bonba) burutu izan da.
Lotura-Energia eta Masa-Defektua
Nukleo isolatu bat apurtzeko, energia-ekarpena egin behar da. Energia hori osagaietatik abiatuz nukleoa eratzean askaturiko energia kantitatearen berdina da, eta lotura-energia deritzo. Nukleo baten lotura-energia bere nukleoi isolatuak nukleoan biltzean askatutako energia da.
Mekanika erlatibistaren arabera, energia-aldakuntzaren (ΔE) eta masa-aldakuntzaren (Δm) artean erlazio zuzena dago. Nukleoaren masaren parte bat galdu egiten da nukleoa eratzean: Z protoiz eta (A - Z) neutroiz eratutako nukleoaren masa (MN) beti da protoi eta neutroi askeen masen batura baino txikiagoa.
Bien arteko diferentziari masa-defektua (Δm) deritzo:
Δm = [Z · m(protoi) + (A - Z) · m(neutroi)] - MN
(non mp protoiaren masa den, mn neutroiaren masa den eta MN nukleoaren masa den).
Masa-defektuari loturiko energia lotura-energia (ΔE) da:
ΔE = Δm · c2
Nukleoi Bakoitzeko Lotura-Energia
Nukleoi bakoitzeko lotura-energia kalkulatzeko, lotura-energiaren eta masa-zenbakiaren arteko zatidura egiten da:
Lotura-energia nukleoiko = ΔE / A