Filosofiaren Ikuspegiak: Gizakia, Zoriona eta Erlijioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,64 KB

Sofistek eta Sokratesek hasitako norabide antropologikoarekin, filosofiak naturari begira egoteari utzi zion, eta arreta gizakian eta gizartean duen bizitzan jarri zuen. Platon, aldaketa horren aldeko filosofo nagusietako bat, uste zuen "Ongi gorena" badagoela, betikoa eta denontzat berdina, eta gure jokabidea horri jarraituz bideratu behar dugula, bai bizitza pribatuan eta baita politikan ere.

Platonen ideiaren alde, historian zehar saiatu izan dira printzipio unibertsal batzuk definitzen. Adibidez, giza eskubideak gaur egungo adibide bat dira ideia horren barruan. Bestalde, Kant filosofoak ere uste zuen arau moral objektiboak behar direla, eta horretarako sortu zuen “agindu kategorikoa” deitzen duen ideia, zeinak dio gure jokabidea beste guztientzat ere balio duen modukoa izan behar dela.

Baina badira aurkako iritzi sendoak ere. Sofistek beraiek esaten zuten arauak aldatzen direla kultura batetik bestera: toki batean zuzen ikusten dena, beste batean ez da horrela ikusten. Nietzschek eta filosofia postmodernoak ere zalantzan jartzen dute egia moral absolutuak existitzen direnik. Horren ordez, esaten dute ongia eta justizia historiarekin eta testuinguruarekin lotutako kontzeptuak direla, eta botere-harremanek eta ikuspegi desberdinek baldintzatzen dituztela.

Nire ustez, nahiz eta zaila izan giza duintasun bezalako oinarrizko balioetan unibertsaltasun pixka bat ukatzea, ongia zer den eta nola aplikatu behar den, horrek ez du beti berdin funtzionatzen. Etika egokia, nire ustez, balio komunak bilatzea da, baina betiere beste ikuspegi eta iritzi desberdinekiko errespetua mantenduz.

Zorionaren bilaketa filosofikoan

Helenismo garaitik aurrera, zoriona gai nagusi bihurtu zen, bai filosofian eta baita erlijioetan ere. Epikurok uste zuen zoriona plazer lasai batekin lotuta dagoela, eta estoikoek, Seneka bezalakoek, patuari aurrez aurre modu arrazionalean eta bertutetsuan aurre egitearekin. Geroago, Agustin Hiponakoak ikuspegi hori kristautasunean sartu zuen: zorion benetakoa Jainkoak bakarrik eman dezakeela uste zuen, munduko ondasunak iragankorrak eta hauskorregiak direlako.

Tesi horren alde, filosofiaren historian askotan erakutsi da zorion materiala ez dela betikoa: diruak, plazerrek edo boteredunak izateak ez dute gure barruko hutsunea betetzen. Agustinoren ikuspegiak dio zoriona ondasun handi eta betiereko batean oinarritu behar dela, eta horrek zentzu eta egonkortasun handiagoa ematen diola gizakiari. Gainera, gaur egungo psikologiak ere esaten du epe laburreko plazerrek baino gehiago laguntzen digutela ongizatean bizitzari zentzua ematen dioten helburu sakonagoek edo zerbait handiagorekin konektatuta egoteak.

Hala ere, zoriona Jainkoarekin lotzeak arazo bat izan dezake: sinesmen erlijiosoa dutenek bakarrik izango lukete horretarako sarbidea. Horrez gain, Sartre eta Camus bezalako filosofoek (existentzialistak) uste dute zoriontasuna ez dela Jainkoak ematen duen zerbait, baizik eta pertsonak bere kabuz eraikitzen duen zerbait dela, ez dagoela goiko indarren menpe. Bestalde, Ekialdeko filosofiak, budismoak adibidez, irakasten du zoriona barruko bakean eta ulermenean dagoela, ez derrigorrez izaki gorenen batekin dugun harremanean.

Beraz, uste dut zoriontasuna posible dela, baina ez dela denontzat berdina, ezta modu bakar batean lortzen den zerbait ere. Batzuentzat Jainkoarekin konektatzea izango da, beste batzuentzat barne-betetasuna edo norberaren helburuak lortzea. Garrantzitsuena, agian, ez da zoriona edukitzea, baizik eta egunero lantzea eta gure balioekin eta mugekin harreman sanoa izatea.

Erlijioa eta boterea: Marxen eta Nietzscheren ikuspegiak

Karl Marxen ustez, erlijioa boterearen tresna bat da. Hau da, jendea kontrolatzeko balio du. Erlijioak esaten du bizitza gogorra dela, baina sufrimenduaren ondoren zeruko bizitza hobea etorriko dela. Horregatik, jendeak ez du borrokatzen injustiziaren aurka. Marxen ustez, erlijioak langileei sufrimendua onartzen laguntzen die, eta horrela ez dira altxatzen sistema zapaltzailearen aurka. Hori dela eta, esan zuen: “erlijioa herriaren opioa da”, hau da, jendea lo mantentzen duen zerbait da.

Marxen tesiarekin bat datozen beste filosofo batzuk ere badaude, adibidez Freud eta Darwin. Freudek esaten zuen erlijioa gure beldurretatik sortzen dela, batez ere aitaren figurarekin lotuta. Erlijioa gure buruak sortutako zerbait dela uste zuen. Darwin, berriz, eboluzioaren teoriarekin, erakutsi zuen gizakia ez dela Jainkoak sortua, baizik eta naturaren parte bat dela. Hau guztia bat dator Marxen ideiekin: erlijioa ez da egia absolutua, baizik eta gizartearen eta gizakiaren sorkuntza.

Aldiz, Nietzsche ez dago guztiz ados Marxekin. Haren ustez, erlijioa ez da bakarrik boterea mantentzeko tresna, baizik eta ahulen sentimendutik sortzen da. Nietzschek esaten zuen kristautasunak bizitza ukatzen duela eta jendea ahul bihurtzen duela. Gainera, kritikatzen zuen Marxek oraindik “errukian” oinarritzen zela. Nietzscherentzat, garrantzitsuena da gizakiak bere balioak sortzea eta ausarta izatea. Horregatik sortu zuen “Übermensch” edo “gain-gizona” kontzeptua, bere bizitzaren jabe den pertsona.

Nire ustez, Marxek parte handi batean arrazoia du. Erlijioa askotan erabili da jendea kontrolatzeko. Baina egia da ere jende askorentzat erlijioa lagungarria izan dela: itxaropena eman die, eta komunitate bat aurkitu dute. Gaur egun, agian jende askok ez du erlijiorik, baina beste “opio” batzuk sortu dira, adibidez sare sozialak edo kontsumismoa. Garrantzitsuena da pentsatzea zertarako balio duen erlijioak gaur egun, eta ea beste zerbaitek ordezkatu duen bere lekua.

Entradas relacionadas: