Filosofiaren Gakoak: Marx eta Nietzsche
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,39 KB
Karl Marx: Alineazioa
Lana da gizakia gizaki egiten duena, animaliengandik bereizi zen, natura eraldatzen hasi zenean. Gizakiak egiten duen produktuan berarena den zerbait uzten du: produktua halakoa da, gizakiaren energia zati baten bidez objektu naturala izateari uzten diolako. Soldatapeko lanean, ordea, produktua beste baten kapitala izatera pasatzen da, bere zapalkuntzaren kausa bihurtuz. Ondorioz, gizatasuna, produktuetan adierazita, beste baten esku gelditzen da.
1. Alineazio ekonomikoa
Langilea alineatuta dago lanaren jardueran: lana ez da jarduera sortzailea, non gizakiak gizakia erreproduzitzen duen, baizik eta soldata baten truke, indarrez, egin behar duen zerbait, bere beharrak asetzearren.
2. Alineazio soziala
Alineazio ekonomikoaren ondorioa litzateke, non jabeek klase bat eta langileek beste bat osatzen duten. Klase horien interesak, desberdinak izateaz gain, aurkakoak eta konponezinak ere badira.
3. Alineazio politikoa
Estatua gizarte zibilaren gainditzea litzateke, bere papera denon zerbitzura egotea izanik. Kapitalismoan, ordea, estatua klase menperatzaileen zerbitzuan dagoen tresna besterik ez da; estatua diktadura da Marxen ustez.
4. Alineazio erlijiosoa
Epikurok beldur izateko kausatzat jo zuen. Hegelek erlijioan agertzen diren jarrerak irudikapenak besterik ez direla uste zuen. Feuerbachek jainkoa gizakiaren irudikapena, asmakizuna, litzatekeela zioen. Hau egiteko, gizakiak bere izaera proiektatzen du ilusio horretan, eta bere izana galtzen du. Marxek hiru pentsalari horien eragina jaso zuen eta garaiko kristautasunaren alineazioa non ematen den azaldu zuen. Marxentzat, erlijioaren existentzia egoera ekonomiko, sozial eta politikoari lotua dago. Erlijioa gizakiak pairatu behar duen egoera penagarriari aurre egiteko baliabidea litzateke. Baina erlijioak eskaintzen diona ez da hoberena: hil eta gero dago; hau lortzeko bidea etsipena da, injustiziaren justifikazioa. Erlijioa askapen bidea izan ordez lilurakeria bat da, gezurrezko askapena.
5. Alineazio filosofikoa
Filosofiaren papera, historian zehar, errealitatea interpretatzea izan da. Idealismoa litzateke jarrera horren gailurra. Idealismoa, benetako errealitatetik aldenduz, kontenplazio hutsean gertatu da, jarduera pentsamendu mailan bakarrik emanez. Jarduera praktikoa da Marxek proposatzen duena.
Jainkoaren Heriotza
Jainkoaren heriotza aldarrikatuz, erabateko kritika egin nahi zaio mendebaldeko kulturaren oinarrietako erlijioari, moralari eta metafisikari. Gizakiari itogarri zaion zama bat kendu nahi zaio: beste mundu baten ideiaren zama. Kristautasunaren jainkoarengan sinisteari uzteak gizakiaren norabidea aldatuko du, naturaz kanpoko mundu transzendentaletik urrundu eta mundu honetan jarriko du arreta. Heriotzaren prozesu hori Errenazimentuan hasi zen; Jainkoaren heriotzak prozesu guztia burutu zuen, kristautasun sekularizatuaren aurka ere egin baitzuen. Jainko monoteista hiltzean, dogmatismoa desagertzen da eta politeismoko jainkoen susperraldia gertatzen da: etengabeko borrokan, errealitatearen eta bizitzaren ikuskera askotarikoen ikur. Jainkoaren heriotzak nihilismoa eta perspektibismoa ekarri zituen, errealitatearen eta gizakiaren beste ikuskera baterako aukera ematen duen pentsamendua. Jainkoaren heriotzari esker, jainkoaren tokia bizitzak eta balio berrien sortzaile den supergizakiak hartuko dute une horretan.
Supergizakia eta Etengabeko Itzulera
Supergizakiak zentzu berria emango dio; bizitzaren balioak beste mundu batean oinarritu gabe sortuko ditu; supergizakia beste mundu bateko ametsak utzi eta lurrera itzuliko da. Etengabeko itzuleraren intuizioak denboraren arazoaren aurrean jartzen gaitu. Itxura batean, gauza beraren itzulera zikloaren ideia eta supergizakiaren ideia kontraesanean daude. Botere nahiak bultzatuta, gizakia gainditu eta supergizaki bihurtu behar da, horrek balio berriak sortzeko. Etengabeko itzulerak, berriz, supergizakiaren etorreraren ezinbestekotasuna erlatibizatzen du, bizitzaren zikloa eta horrekin batera bizitzari uko egiten dion gizakia itzuliko bailirateke. Dena alferrikakoa izan dela emango luke. Supergizakiak bilakabidetzat onartzen du bizitza, etengabeko errepikapenentzat, eta ez du unibertsoaz haragoko izakirik sortzen. Beraz, supergizakiaren ideia ez da sormen prozesu lineal eta errepikatu ezin den baten azken helburua, bizitzarekiko maitasun konpromiso etengabearen adierazpena baizik.