Filosofiaren Gakoak: Enpirismoa eta Pentsamendu Kritikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,09 KB
Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian bereziki garatu zen filosofia-korrontea izan zen, eta Locke, Hume eta Berkeley dira egile aipagarrienak.
Enpirismoa: Ezaugarriak eta Filosofo Nagusiak
Enpirismoaren ezaugarri garrantzitsuenak honako hauek dira:
- Esperientzia da ezagutzaren iturria: Adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den arbel huts bat da, «tabula rasa», eta horregatik ukatzen ditu enpirismoak arrazionalismoak onartzen dituen jatorrizko ideiak.
- Esperientzia bera da giza adimenaren muga: Esperientziatik haratago joanez gero, probablea edo zalantzakorra denaren esparruan sartzen gara.
- Arrazoia arrazoi kritikoa da (bere mugak eta posibilitateak aztertzen ditu), eta eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira.
Locke eta Hume: Enpirismoaren Zutabeak
Locke eta Hume, biak filosofo ingelesak ziren. Locke enpirismo modernoaren sortzailea da. Bere ustez, ezagutza osoa a posteriori oinarritzen da; ideiak esperientziako datuetatik abiatuz eraikitzen dira, baita abstraktu eta konplexuenak ere. Horregatik dio adimena jaiotzean ohol lau moduko bat dela, tabula rasa.
Bestalde, Lockeren ideia politikoak (askatasuna, demokrazia eta kontratu sozialean oinarrituak) erabakigarriak izan ziren Ingalaterrako Parlamentua sortzeko, eta baita 1776ko AEBetako Independentzia Deklarazioan ere (T. Jeffersonena).
David Humek «amets dogmatikotik» esnatu omen zuen Kant. Arrazoiaren mugetaz jabetuz, metodo induktiboaren arazoa jarri zuen mahai gainean. Giza arrazoia bi eremutan erabili ohi dugu: gertakariak erlazionatzerakoan (indukzioa) eta ideiak erlazionatzerakoan (dedukzioa). Sarritan, gure arrazoimenak inferentzia induktiboak egiten ditu, eta naturala da hori. Baina ikusi izan ditudan beltxarga guztiak zuriak izanak ez du ziurtatzen beltxarga beltzik egon ezin daitekeenik. Gertakariei buruzko indukzioak, beraz, ziurgabeak izango dira beti. Humeren ustez, gogamenaren eduki guztiak («pertzepzioak» deituko die), hala nola inpresioak eta ideiak, esperientziatik eratortzen dira.
Hannah Arendt: Pentsamendu Kritikoa eta Erantzukizuna
Hannah Arendt XX. mendeko filosofo judu-alemaniarra zen, eta totalitarismoaren eta erantzukizun indibidualaren inguruko hausnarketa egin zuen nazismoaren gorakada bizi ondoren.
Adolf Eichmann naziaren epaiketaren inguruan idatzi zuen, eta bere ustez: «Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta nabarmenagoa zen bere hitz egiteko ezintasuna pentsatzeko ezintasunarekin, batez ere beste pertsona baten ikuspuntutik pentsatzeko ezintasunarekin, hertsiki lotuta zegoela».
Esaldi honek bere ideia nagusienetako bat laburbiltzen du: pentsamendu kritikoaren eta ekintzen hausnarketa egitearen garrantzia. Baina, zein da pentsamendu kritiko horren balioa gaur egungo munduan?
Lehen esan bezala, Arendtentzat kritikoki pentsatzeak berebiziko garrantzia dauka, eta bere iritziz, bestearen ikuspegitik pentsatzeko ezintasunak, judizio morala deuseztatzeaz gain, ekintza ankerretan parte hartzea «justifikatzen» du, bere larritasunaren kontzientziarik izan gabe.
Zentzuzko ideia da honakoa; izan ere, nork bere kabuz pentsatzeko eta bestearen lekuan jartzeko gaitasunik gabe, obedientzia itsua eta deshumanizazioa bermatzen dira.
Kant eta Agustin: Pentsamendu Kritikoaren Ikuspegiak
Immanuel Kant filosofoak ere bat egiten du Arendtekin zenbait puntutan. Nahiz eta Kantek arrazoiaren erabilera pribatuan aditu rola obeditu behar dela defenditzen duen, lan horren inguruan hausnartu eta arrazoiaren erabilera publikoaz baliatuz haren kritika egitearen garrantzia aitortzen du.
Gaur egun ere, Interneten albiste eta informazio faltsuak zabaltzen dira; horregatik da hain garrantzitsua edozer gauza onartu baino lehen kritika bat egitea eta hausnartzea.
Agustin Hiponakoak guztiz aurkako ikuspuntua defendatzen zuen. Bere iritziz, Jainkoa zerbitzatzea eta obeditzea da zoriontasunaren iturria; beraz, pentsamendu kritiko autonomoa baztertzen du, egia absolutua eta bakarra Jainkoarena baita.
Ikuspuntu hau ere kontuan hartzekoa da; izan ere, Jainkoaren gidaritzarik gabe, gizakia erraz desbideratu daiteke interes propioek edo harrotasunak bultzatuta. Horregatik, arriskutsua izan daiteke nork bere kabuz pentsatzea, ez badio fedearen oinarriari eusten, egia absolutua Jainkoak soilik baitu.
Horrenbestez, Kantek eta Arendtek bat egiten dute pentsamendu kritikoak duen garrantzia aitortzean, eta Agustinentzat, aldiz, kritikotasun hori arriskutsua izan daiteke Jainkoaren eraginik ez badu.
Ondorioa: Pentsamendu Kritikoaren Beharra Gaur Egun
Nire ustez, gaurkotasunera ekarrita, ezinbestekoa da pentsamendu kritikoaren erabilera, arlo moralerako eta batez ere praktikorako.
Lehen aipatu bezala, Internetek eta, nagusiki, adimen artifizialaren kasuan, jende askok nork bere kabuz pentsatzeko eta lan egiteko gaitasuna galdu du tresna honen gehiegizko erabileragatik. Beraz, deshumanizatu ez gaitezen, garrantzitsua da gure kabuz pentsatzea eta gure ekintzak zalantzan jartzea.