Filosofiaren Gakoak: Agustin, Nietzsche, Marx eta Pentsamendu Kritikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 15,35 KB
San Agustin: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Historiaren filosofia Agustinekin hasten da, Grekoen ikuspuntu ziklikoaren aurka eginez. Agustinek historia linealaren kontzeptua sortu zuen, historia modu lineal batean ulertzeko. Gertaera bakoitzak bere arrazoia du prozesu historikoan, eta bakoitzaren zergatia historiaren helburuaren arabera ulertu behar da.
Alarikoen tropak Erroman sartu ziren eta Inperioa suntsitu zuten. Honek krisi handia ekarri zuen Mendebaldean. Jentileek Erromatar Inperioaren erorketa eragin zutela zioten, kristauek indarkeriarik ez erabiltzea defendatzen zutelako Erroma suntsitu zela, eta horren arduraduna Jainko kristaua zela. Agustin Hiponakoak De Civitate Dei (Jainkoaren Hiria) idatzi zuen jentilen eraso horiei aurre egiteko eta Eliza kristaua babesteko.
Historia honetan, Erromatar Inperioaren amaierak ez zuen munduaren amaiera adierazten, etapa baten amaiera baizik. Horren kausa ez zen izan erromatar asko kristau bihurtzea, erromatar guztiak kristau ez izatea baizik.
Jainkoaren Hiritarrak vs. Lurreko Hiritarrak
Agustinen historia unibertsalaren filosofia honetan, bi hirien arteko borroka agertzen da. Agustinek munduko gizakiak bi taldetan banatzen ditu:
- Lurreko Hiritarrak: Hauek bere burua Jainkoa baino gehiago maite dute, ez dute Jainkoan sinesten eta zigortuak izango dira. Gainera, munduko errealitateak helburu bihurtzen dituzte.
- Jainkoaren Hiritarrak: Jainkoa gauza guztien gainetik maite dutenak dira. Ez zuten beren autonomia nahi, Jainkoa aukeratzen zuten eta sarituak ziren.
Historiaren Amaiera
Bi hirien arteko borroka denbora amaitu arte iraungo du, Jainkoaren Hiriak behin betiko irabazi arte.
Nietzsche: Mendebaldeko Zibilizazioari Kritika eta Bitalismoa
Nietzschek bizitzari buruzko ikuspegi bitalista zuen: bizitzak berez balio du, eta ez da beste zentzurik bilatu behar. Horregatik, mailuaren filosofia egiten du, mundu arrazional, erlijioso eta moralaren aurka eginez. Mendebaldeko joeraren aurrean —bizitza printzipio abstraktuen menpe jartzea—, Nietzschek esperientzia zuzena, indarra eta borondatea aldarrikatzen ditu existentziaren motor gisa.
Nietzschek uste zuen Sokrates bizitzaren etsai nagusia zela, bere moral intelektualistak arrazoiaren nagusitasuna ezartzen zuelako (arrazoiak bertutea ematen du, eta horrek zoriontasuna dakar). Ideia hori izan zen mendebaldeko filosofia osoaren oinarria: arrazoiaren nagusitasuna pasioaren aurretik, eta bizitzaren izaera aldakorra mespretxatzea. Metafisika klasikoa ere kritikatu zuen, kontzeptu estatikoak orokortzen dituelako. Benetan existitzen den bakarra etengabeko interpretazio modua da, ikuspegi anitzetatik ikustea ahalbidetzen duena, eta egia absolutuak ukatzen dituena.
Judeo-kristau morala ere gogor kritikatu zuen, filosofia platonikoan eta Ideien Munduan oinarritzen delako. Nietzschek dio ez direla ez pobreak ez boteretsuak “onak”, eta pentsamendu hori gizakiaren izaeraren aurkakoa dela. Uste du Jainkoa desagerrarazi behar dela eta moralaren balioak birbaloratu, Gain-Gizona (Supergizakia) lortzeko. Bizitza bakarra dago, eta inor ez da zerura joango.
Ilustrazioak erlijioaren dogmak soilik kritikatu zituen, baina Jainkoa, bizitzaren zentzua eta ordena ematen zuen ideia gisa, arrazoiarekin ordezkatu zuten. Gainera, Nietzschek dio Ilustrazioa Estatuaren interesak babesten amaitu zuela. Azkenik, positibismoaren saiakera kritikatu zuen, gizakiaren konplexutasuna azaltzeko ez delako egokia.
Apolo eta Dioniso: Kontrako Printzipioak (Nietzsche)
Nietzschek bere lan batean, tragedia grekoari buruzko balorazioa egiten du. Horretarako, bi printzipio kontrajarri deskribatzen ditu, greziar jainkoen bidez adieraziak:
- Apolinearra (Ethos): Lasaitasuna, harmonia eta edertasuna ordezkatzen ditu. Arte-forma gogokoenak eskultura eta arkitektura dira: forma mugatuak eta ordenatuak.
- Dionisiakoa (Pathos): Kaosa, neurrigabekeria eta zentzugabekeria irudikatzen ditu. Zehaztugabetasuna maite du eta dantzan, kantuetan eta tragedian agertzen da.
Antzinako Greziatik bertatik bi jainko horiek agertzen ziren artelanetan, baina Apolinearraren nagusitasuna erakusten zen. Nietzschek, berriz, Dionisiakoaren garrantzia azpimarratzen du, eta Apolinearraren nagusitasuna bizitzaren aurkako erasotzat hartzen du. Nietzschek uste du bizitza sufrimendua eta poza dela aldi berean, eta artean horren adierazpena aldarrikatzen du.
Bere ustez, gizakiak bizi nahi du eta ezin da Apolinearraren itxurapean ezkutatu. Artea da Apolinearra eta Dionisiakoa batzen diren unea: itxura apolinearraren bidez aurkezten da, baina barnean alderdi irrazionala dago.
Tragedia grekoan, gizakiaren alderdi dionisiakoa eta erreala erakusten da, baina forma eta egitura apolinearraren bidez. Horregatik defendatzen du Nietzschek arte bitalista, existentziaren handitasuna berreskuratzeko bide gisa. Wagner konpositoreak ikuspegi hau partekatzen zuen eta uste zuen musika zela egia ezagutzeko biderik onena.
Sokratesek, bere arrazionalismoarekin, Apolinearraren nagusitasuna ezarri zuen, Dionisiakoa baztertuz eta arrazoian eta moralitatean oinarritutako mundu-ikuspegia sustatuz. Ikuspegi hori kristautasunean ere zabaldu zen, bizitza ukatuz eta existentzia transzendente baten alde eginez. Nietzschek oreka berreskuratzea proposatzen du: bizitza bere osotasunean onartu behar dela, poztasuna ez ezik mina eta heriotza ere bai.
Gaitzaren Arazoa eta Askatasuna (San Agustin)
Jainkoak gizakia bere irudira egin zuen. Gizakia izaki konposatua da, arima hilezkorraz eta gorputz hilkorraz osatua dago. Gizakia bi substantziez osatua dago: gorputza eta arima. Arimaren sorrerari buruz, Agustinen pentsamenduak bi etapa igarotzen ditu:
- Lehenengoan tradukzionismoa onartzen du (gurasoek seme-alaben arima sortzen dute).
- Bigarrenean kreazionismoa onartzen du (Jainkoak sortzen ditu banan-banan gorputz bakoitzeko arimak).
Bekatua eta Askatasuna
Agustinentzat gizakia bekataria da, eta bekatua askatasuna gaizki erabiltzearen ondorioa da. Kristau-pentsamenduan, Agustinek erakusten digu Jatorrizko Bekatuagatik, gorputzak arima menperatuta duela.
Agustin bizitza osoan egon zen kezkatuta gaitzaren arazoengatik, gaitza munduan etengabe ikus daitekeen zerbait da.
Gaitz Fisikoa
Gaitz fisikoa beharrezkoa da. Ikuspuntu horretatik, izaki guztiak zahartzen eta hiltzen direla ikusten da. Gauza ustelkorrak onak dira (Jainkoak sortzen duen guztia ona da). Onak izango ez balira, ez lirateke existituko. Orduan, existitzen diren gauza guztiak onak dira. Gaitza ongi bat falta denean esaten duguna da.
Gaitz Morala
Beste aldetik, gaitz morala borondatearen erabilera okerretik dator. Gizakia da arduraduna, ez Jainkoa. Gizakiaren helburua zoriontsua izatea da; hori lortzeko, Ongira itzuli behar da eta maitatu. Jainkoa maite eta entzuten duenean, zuzen jokatzen du. Jainkoak nahi duena egiten ez duenean, gaizki jokatzen du eta gaitz morala sortzen du.
Jainkoaren Nahia eta Borondatea
Jainkoak nahi duena egiten badu, harengana hurbiltzen da. Zoriontsu izango da, benetako zoriona beste inon ez duelako aurkituko, soilik Jainkoan. Beste aldetik, Jainkoak nahi duena betetzen ez badu, Jainkotik aldentzen da, bekatuan erortzen da eta ez da inoiz zoriontsu biziko.
Ondorioa
Agustin Hiponakoak uste du ontasuna borondatearen menpe dagoela. Borondatea kaltetuta dago, nahi duena egin ezin duenean.
Alienazio Erlijiosoa (Karl Marx)
Marx eta Alienazioa: Testuingurua
Karl Marx 1818an jaio zen, Treverisen, Prusiako herrialdean. Zuzenbide ikasketak Bonnen eta Berlinen egin zituen. Gero, ikasketak utzi eta filosofiari lotu zitzaion. Azkenik, Londresen hil zen. Marxen ustez, gizakiak alienatuta daude, hau da, gizakiak bere esentzia galdu du. Horrek arrazoi ekonomikoak ditu eta deshumanizazioaren alde negatiboa hartzen du. Marxek hiru alienazio mota ikusten ditu: erlijio, ideologia eta ekonomia alienazioak.
Erlijio Alienazioa
Marxek gizakien alienazio modu guztien eredu gisa hartzen du erlijio-alienazioa. Marxek esaten du erlijioa kontzientzia ideologiko konplexu baten egitura garrantzitsu bat dela eta gizartearen errealitate kontraesankorra ezkutatzen duela ere. Erlijioari egindako kritika guztien premisa da, erlijioak mundu errealetik ateratzen duelako eta fikziozko mundu batera eramaten duelako.
Helburuak eta Funtzioak
Modu honetan, erlijioak gizakia alienatu egiten du, bi munduen arteko banaketa egiten duelako, edozein alienazio bezala.
Gainera, erlijioa klase altuek erabiltzen duten tresna da, beren menpe daudenak zapaltzeko. Beraz, erlijio alienazioak funtzio sozial bat betetzen du: “herriaren opioa da”. Gizakiak bere erlijioa zoritxarrean oinarritzen badu, ez da inoiz iritsiko bere buruaren jabe izatera.
Apaltasun osoa, men-egite obedientea eta erlijiozko sentimendu gorena sustatzen ditu. Sentimendu horrek gizakia bere izatetik bereizten du, grinak eta haragia bere etsai bihurtuz.
Erabilgarritasuna
Eliza alienazio honen elementu bideratzailea da; gizakien nahiak errealitatetik kanpo dagoen justizia bat bilatzera bideratzen ditu, errealitatea aldatu ordez. Haientzat, zerua da injustiziak ordaintzen edo konpentsatzen diren lekua.
Ondorioa
Beraz, erlijioa ez da gizakiaren arazoak konpontzeko gai; horregatik, gizakiak ezin du bere askapenik espero.
Nihilismoa eta Gain-Gizona (Nietzsche)
Nietzschek Jainkoaren heriotza aldarrikatzen du, eta horrek mendebaldeko filosofo tradizionalaren eta metafisika platonikoaren amaiera markatzen du. Jainkorik gabe, ez dago zentzurik eta ez dago kanpotik ezarritako behar etikorik; horrek gizakia existentziaren hutsunearen aurrean uzten du. Hau da nihilismoa, eta gizartea dekadentzian dagoela adierazten du.
Nietzscheren ustez, bi etapa daude:
- Jarrera Pasiboa: Gizakia Jainkoaren heriotzaz konturatzen da eta desorientatuta geratzen da. Sentimendu horrek ekintza falta ekarriko du, bizitzari eta bere buruari uko eginez (Dionisiakoa ukatuz).
- Jarrera Aktiboa: Gizakiak Jainkoaren heriotza onartzen du eta balio berriak sortzen ditu, bere balio bitalak. Hau da Botere Borondatea, gizakiak bere balio eta arau moralak sortzeko duen instintuzko eta beharrezko indarra. Gizakia behartuta dago bere arauak ezartzera, Ona eta Gaiztoa bereizteaz haratago.
Horrela iristen gara Supergizonera (edo Gain-Gizonera), tradiziozko morala hautsi eta balio berriak sortzen dituen pertsonara. Jarrera hau hiru transformaziotan islatzen da:
- Gamelua (Zu egin behar duzu): Balio kargatu eta betetze zintzoaren karga ordezkatzen du.
- Lehoia (Nik nahi dut): Askatasunaren bila Dionisiakoaren errebelioa eta ukapena sinbolizatzen ditu.
- Haurra (Sortu): Aurreiritzirik gabe balio berriak sortzen dituen sormena adierazten du, bizitzarekin harmonian eginez.
Mendebaldean, gainera, esklaboen iraultza gertatu da: moral nagusia esklaboarena da, ahula eta betetze zintzokoa. Horren aurka, bizitzari baiezkoa ematen dioten balio berriak sortzen dira. Gainera, gizakiaren espirituaren transformazioak daude: piztia (instintua), gizakia (logika), azken gizakia (pasibotasuna) eta azkenean Supergizona (sortzailea eta Botere Borondateduna).
Platonen Laburpenak: Legea eta Ongiaren Ideia
1. Legearen Helburua (Platon)
“Adiskide maitea, berriro ahaztu duzu —esan nuen— legeari ez zaiola interesatzen egundoko zoriontasunaz gozatzen duen gizatalderik egotea; osterantzean, hiri osoan zoriona zabaltzen ahaleginduko da, eta konbentzituta edo behartuta hirikideen artean bizikidetasuna ere sartzen, bakoitzak taldearen mesedetan eman ditzakeen laguntzak emanaraziz. Legeak berak tankerako gizon-emakumeak hezten ditu, ez baina norberak nahi duen eran jarduteko, baizik eta estatuaren batasuna lortzeko asmotan.”
Legeak ez du nahi pertsona gutxi zoriontsu izatea. Garrantzitsuena da guztiok elkarrekin ondo bizitzea eta elkarri laguntzea. Horregatik, legeak jendea prestatzen du taldean bizitzen ikasteko, ez bakoitzak nahi duena egiteko.
2. Ongiaren Ideia (Platon)
“Ulergarriaren munduan atzematen den azkena ongiaren ideia da, nekez atzeman ere. Behin susmatuz gero, gauzetan den alderdi zuzen eta eder guztien zergatia dela ebatzi behar da; beste aldetik, mundu ikusgaian argia eta argiaren emailea sortu dituen eran, mundu ulergarrian egiaren eta ezagumenaren sortzailea dugu ongia, eta berau atzeman behar du bizitza pribatuan zein publikoan zentzunez jokatu nahi duenak.”
Ongia da egia eta ulermena sortzen duena. Gauza polit eta on guztiak Ongiari esker ulertzen dira. Ondo jokatu nahi badugu, Ongiaren ideia ulertu behar dugu gure bizitza pribatuan eta jendaurrean ere.
Pentsamendu Kritikoa Postmodernitatean: Arendt eta Platon
Postmodernitatearen ezaugarri nagusia egia tradizional eta absolutuak baztertzea eta eremu guztietako perspektiben aniztasuna positiboki baloratzea da. Zein da pentsamendu kritikoaren balioa gaur egungo munduan?
Hannah Arendt XX. mendeko filosofo garrantzitsua izan zen. Bere bizitzan, gerrak, diktadurak eta zapalkuntza bizi izan zituen. Horregatik, Totalitarismoa aztertu zuen, hau da, herrialde batean gobernu bakar batek dena kontrolatzen duenean eta jendeari pentsatzen uzten ez diotenean. Arendtentzat oso arriskutsua da jendeak pentsatzeari uztea eta besteek esaten duten guztia egitea. Hori da totalitarismoaren oinarria: beldurra, isiltasuna eta obedientzia itsua.
Gainera, Arendtek emakumeen rola ere aztertu zuen, eta feminismoari buruzko ideiak ere izan zituen. Ez zen feminista klasikoa, baina uste zuen emakumeek pentsatzeko eta parte hartzeko aukera berdinak eduki behar zituztela. Gizarteak emakumeak etxean bakarrik egon zitezen nahi zuen, baina Arendtek esan zuen emakumeek ere politikan eta bizitza publikoan parte hartu behar zutela. Hori feminismoaren oinarria da: berdintasuna.
Platon, berriz, Antzinako Greziako filosofoa izan zen. Bere garaian, ez zen totalitarismoa existitzen, baina berak “Ideia Onen” eta “Egia Absolutuen” bila egiten zuen. Platonen ustez, egia bakarra existitzen da, eta horretara iritsi behar dugu arrazoiaren bidez. Arendtek ez zuen hori guztiz onartzen. Postmodernitatean, Arendtek esan zuen ez dagoela egia bakarrik, baizik eta ikuspegi asko eta aniztasuna. Beraz, bi pentsalariek pentsamendu kritikoaren inguruan aritu ziren, baina ikuspegi ezberdinetatik.
Nire ustez, Hannah Arendten ideiak oso garrantzitsuak dira gaur egungo mundua ulertzeko. Gaur egun desinformazioa, kontrol soziala eta berdintasunik eza oraindik existitzen dira. Horregatik, behar dugu pentsamendu kritikoa, bakoitzak bere kabuz pentsatzeko eta injustiziak ikusteko. Arendtek eta Platónek bi ikuspegi desberdin erakusten dizkigute, baina biek pentsatzearen garrantzia azpimarratzen dute. Horregatik, uste dut Arendten mezua gaur egun oso erabilgarria dela: ez dugu isilik egon behar, ezta pentsatzeari utzi ere.